Tragedia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu


Dionisioen maskara. Grezia, Myrina, K. a. bigarren mendea.

Tragedia antzerkiaren generoa da, Antzinako Greziatik datorrena. Halaber, literatura eta zinemaren generoa ere bada.

Tragediak gai goibel edo latzez dihardu eta halabeharrez dohakabeki amaitzen da. Estilo dotore eta arranditsua erabiltzen duen antzezlana da, pertsonaia nagusia heroi bat duena, halabeharrak bultzatuta, gertaera ikaragarri eta penagarriak jasaten dituena. Tragediaren amaieran, heroiak aldatu ezin duen patua betetzen da, heriotza gehienetan.

Tragediaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tragediaren jatorria Grezian dado. Greziar hitzak ahuntz-kantua esan nahi zuen, eta Dioniso jainkoari eskaintzen zitzaizkion oparotasun-errituko ahuntzekin izan dezake zerikusia, jainko haren ohorez egiten baitziren tragediak (greziar ditiranboak).

Greziar tragedian, heriotzaren eta hondamenaren mende dagoen heroiaren gaia, koru batek bertsotan aurkeztu eta kantatzen zuen; ondoren, pertsonaia bat korutik kanpora ateratzen zen, eta harekin hasten zen hizketan. Eskiloren tragedietan bigarren pertsonaia ere irteten zen korutik eta, era horretan, bi pertsonaren arteko elkarrizketa ere sortzen zen. Euripides eta Sofoklesen garaiko tragedietan ohitura zen hiru pertsonaia ere agertzekoa. Homeroren eta beste zenbaiten lanetan oinarri hartuta aztertu dira antzinako greziar tragediaren aztarnak, eta esan daiteke gertaerak berak baino garrantzi handiagoa zuela pertsonaien (korua barne) kontzientzia aldakorrak eta erantzunak. Gertaera nagusiak antzezlekutik kanpo gertatzen ziren gehienetan, eta hartan haietaz hitz egiten zen.

Erromatarrek tragedia greziarrengandik hartu zuten, eta haien lanak itzuli eta egokitu zituzten K.o. II. mendean (Nevio, Ennio). Erromatarrek bortxazko sentipenak eta deklamazio erretorikoak landu zituzten, batez ere. Handik aurrera, behera egin zuen antzerki-mota horrek, Senekak idatzi zuena, adibidez, arrakastatsua izan bazen ere.

Europako Erdi Aroko tragediaren gaia gizon ospetsu baten zori-aldaketa izaten zen: hasieran aberatsa eta zoriontsua zena amaieran zoritxarrekoa zen. Ingalaterran, Elisabet erreginaren garaian, abenturazko eta lilurazko bidaiak, abenturazaleen altxorrak eta arriskuak gaitzat hartuta, tragedia-mota berri bat azaldu zen (Thomas Kid, The Spanish Tragedie, 1589, "Tragedia espainiarra"). Mende horretan bertan heroi handinahia sortzen da, ospe handikoa zena beti, baita erortzen zenean ere (1588, Doctor Faustus). Shakespeareren tragediak beste zenbait berrikuntza ekarri zituen; pertsonaia ospetsuak baina akatsak zituztenak (''Lear Erregea'', ''Hamlet'') erabili zituen heroiarena egiteko, eta gizartea eta politika nahasi zituen pertsonaia nagusiaren zoritxarrekin. Bestalde, formari zegokionez, haren tragedietan ez zituen hiru batasun klasikoak beti errespetatu (denbora-batasuna, leku-batasuna, ekintza-batasuna).

XVII. mendean Frantziako tragedia klasikoa berriro itzuli zen antzinako greziarren eredura; antzinako gai berberak eta hiru batasun klasikoak erabili zituzten, Racineren eta Corneilleren tragedietan adibidez. XIX. mendean, Europako iparraldean tragedia mota berri bat sortu zen. Izan ere, Henrik Ibsen, August Strindberg eta Anton Txekhoven tragedietan lehen aldiz erabili zen prosa eta beren garaiko gertaera tamalgarriak zituzten gaitzat.

XX. mendean, oro har, tragedia ez zen asko landu, E. O'Neill Estatu Batuetako antzerki-idazlearen lanek arrakasta handia lortu bazuten ere. Tragediaren gaia eleberrira aldatu zen (Fiodor Dostoievski, Joseph Conrad, William Faulkner), eta Bigarren Mundu Gerraren amaieran egin ziren drama tragikoez kanpo, ia beste adibiderik ez du utzi.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tragedia Aldatu lotura Wikidatan