Bidaurre baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Koordenatuak: 43° 6′ 12.24″ N, 2° 23′ 36.5994″ W / 43.1034000°N,2.393499833°W / 43.1034000; -2.393499833 Bidaurre baserria Antzuolan dagoen baserria da, Deskarga errekaren arroaren gaineko muino batean, 255 eta 265 m koten artean. Bidaurre XVI. mendeko eraikin ederra da. Baserria, nolanahi ere, XIV. mendeko oinetxe zaharrago baten gainean dago eraikita. Bolumen nagusia egin ondoren, ataripe bat duen eraikin atxikia gehitu zitzaion. Gaur egun, nolanahi ere, aipatu eraikina ordezkatua izan da. Hala eta guztiz ere, bolumen nagusiak zurezko egitura aparta du oraindik orain. Aipatu egitura balio handikoa da, izan ere, sekzio bikainak baititu eta kalitate handiz eraiki baitzen.

2008ko urriaren 2an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikinak lau isuriko teilatua eta oinplano ia karratua: 22,00 x 21,00 metro ditu. Beheko solairua, lehenengo solairua eta teilatupea du. Erantsitako bi gorputz dauzka: bata, hego-ekialdeko aurrealdean eta bestea ipar-mendebaldeko fatxadaren iparraldean. Bietan lehena etxebizitza da, eta eraikin nagusiaren isurkiaren luzapenaz dago estalirik. Bigarrenak, aldiz, isuri bakarreko teilatua du eta garaje-biltegi gisa erabili ohi da. Baserriaren itxitura-horma guztiak harlangaitz agerikoz eginak dira. Izkinetan, aldiz, hareharrizko harlandu kateak ditu.

Sarbidetik ikus daitekeen ipar-ekialdeko fatxadaren lehenengo solairuan, harlanduz inguratutako hiru bao daude. Oinetxeko armarria jarriz, aipatu baoetan erdikoa estali egin zen. Aipatu fatxadan, teilatupean, aireztatzeko hiru leiho-zulo daude. Leiho-zulook harlanduzko laukiak dituzte, eta lehenengo solairuko hutsarteek osatutako ardatz bertikaletan daude.

Beheko solairuan, iparraldeko erdialdean, garaje-biltegia dago atxiki. Aipatu gorputzak solairu bakarra du eta teilatu bakar batez estalita dago. Fatxadaren eskuinaldean, lehenengo solairuko hutsarteek zedarriztatutako ardatzen gainean, jatorrizko bi zulo daude, egun itsu.

Hego-mendebaldeko fatxadaren lehenengo solairuan, eraikinaren albo batean, jatorrizko hiru leiho-zulo daude. Harlanduz inguratutako hiru zulo horietako bat itsututa dago. Fatxada horretan, halaber, leihoetarako bi bao daude, leihoburudunak eta estalitako leihoaren bi aldeetara. Teilatupean, beheko solairuaren jatorrizko hiru zuloek zehaztutako ardatzen gainean, mintzagai dugun fatxadak harlanduz inguratutako beste hiru zulo ditu. Aipatu zuloen egitekoa teilatupea aireztatzea da.

Beheko solairuan, arestian aipatutako ardatzen gainean, ate nagusia dago. Ateak harlanduzko laukia du eta harrizko sarbide goratua dauka. Bertara igotzeko, halaber, sei koskadun harrizko eskailera dago. Ateaz gain, solairu horretan leiho bat ere badago. Biak ala biak eraikina egin zirenekoak dira. Aurrerago, leihoentzako bi bao egin ziren mintzagai dugun fatxadaren bi ertzetan. Hego-mendebaldeko fatxadan, ikus daitekeen moduan, berriki eraikitako bolumena dago luzetara. Aipatu bolumen berria bolumen nagusiari atxiki dago. Beheko solairuan, lehenengo solairuan eta teilatupeko horma pikoan leiho bana du.

Hego-ekialdeko fatxadan baserrirako sarbide nagusia dago. Fatxada osoa luzetarako eranskina da, berriki eraiki izan dena. Txertatutako bolumen horrek eraikinaren jatorrizko beste bloke baten lekua hartu du. Bertan dago, hain zuzen, baserriaren egungo etxebizitza.

Gorputz horren beheko solairuan, bost bao daude simetrikoki jarrita. Bao horietako bi etxean sartzeko ate handiak dira; gainontzekoak, aldiz, modu erregularrean sakabanatutako leihoak. Eraikin atxikiak leihoetarako bost bao ditu lehenengo solairuan. Horma, aldiz, zarpiatuta eta margotuta dago. Baoak tarte erregularretan jarrita daude eta harrizko plakez estalitako leiho-laukiak dituzte.

Ipar-ekialdeko fatxadaren lehenengo solairuan, eraikinaren atzeko aldean, harlanduzko laukia duten bi leiho-bao daude. Solairu horretara sartzeko, halaber, ate handia dago. Atera heltzeko, zubi bat dago lurretik fatxadara. Teilatupean, azkenik, aireztatzeko hiru bao daude tarte erregularretan sakabanaturik. Bao horiek lehenengo solairuko baoek osatutako ardatzen gainean daude. Beheko solairuan, aireztatzeko kuku-leihoren bat du fatxadak. Horiez gain, badira hiru bao irregular eta burudun ere, beheko solairurako sarbidea artean.

Eraikiaren barruko egiturari dagokionean, zeharkako hiru horma-arte eta luzetarako beste hiru daude. Zutabeak pieza bakarrekoak dira, 55 x 50 zentimetroko sekziotakoak. Aipatu habeak harrizko plintoen gainean bermaturik daude, eta 30 x 30 zentimetrora arteko sekzioko nahiz 13 metro luzeko habeei loturik daude. Aipatu elementuak lotzeko, aho-zirikako eta miru-buztana mihiztadurak baliatu dira, baita beso indargarria ere. Egitura horren gainean, lau isurkiko teilatua datza. Estalkian, halaber, ondoko elementuak aurki ditzakegu: petralak, nabak, korbak, gapirioak, taulak eta, azken horien gainean, teila arabiarrezko estaldura. Kanpo-perimetroko hormez gain, karga-horma bat du barruko aldean, mendebaldean, hain zuzen. Azken horrek estalkira arteko harlangaitzezko horma-atalak ditu.

Eraikiaren goihabea puntzoi bikoitzeko zertxan amaitzen da. Zertxa, batetik, barneko karga-horman bermatzen da eta, bestetik, alderik aldeko beso bikoitza duen uztatutako zurezko bi haberen gainean.

Hego-ekialdeko fatxadaren kontra eraikitako eraikin atxikiari dagokionean, hasiera batean eraikin nagusiari atxiki zitzaion ataripe-eranskinaren lekua hartu du. Eraikin horretan, baserriaren egungo bizilekua dago. Bertara sartzeko, bidenabar, ataripe txikia duen atea dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]