Edukira joan

Bide baltikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Parte hartzaile batzuk, Lituaniako zatian.

Bide baltikoa (estonieraz, Balti kett; letonieraz; Baltijas ceļš; eta lituanieraz, Baltijos kelias) 1989ko abuztuaren 23an osatu zen giza kate erraldoi baten izena zen, 650 kilometro luze zena. Ia bi milioi pertsonak parte hartu zuten, eskuak elkar hartuta, hiru errepublika baltikoak (Estonia, Letonia eta Lituania, garai hartan Sobietar Batasunaren menpe) zeharkatu zituena.

Bide baltikoak errepublika baltikoen independentzia eskatu nahi zuen, eta sobietar okupazioaren bukaera. Nazioarteko arreta ere erakarri nahi zuen, eta Molotov-Ribbentrop itunaren 50. urtemugan antolatu zen (itun horren bitartez, SESBak 1940ean errepublika baltikoak bereganatu eta okupatu zituen).

Mikhail Gorbatxov 1985ean SESBeko presidentziara iritsi zenean, nolabaiteko irekitze politikoa egon zen, perestroika izenaz ezaguna. Errepublika baltikoetan (1940ean SESBera anexionatuak) irekitze eta distentsio politiko horrek lehen protesta independentista jendetsuak ekarri zituen: 1987an manifestazio handiak egon ziren, eta agintari sobietarrek atxiloketa ugari agindu. Urte hartan Sajudis herri-mugimendu independentista lituaniarrak Lituaniako Kontseilu Gorenerako hauteskundeak alde handiz irabazi zituen, eta horretaz baliatuta, Lituaniako independentzia osoa eskatu zuen [1]

Lituaniako txanpona, Bide baltikoaren hamargarren urtemugaren omenez

Bide baltikoak hiru hiriburu baltikoak (Vilnius, Riga eta Tallinn) lotu zituen. Parte hartzaileek 1989ko abuztuaren 23ko arratsaldeko 19:00etan eskuak elkarri eman zizkioten, 15 minutuan [2]. Horietako askok euren bandera nazionalak eramaten zituzten, batzuetan xingola beltzez apainduak, sobietarren biktimen (fusilatuak eta deportatuak) omenez. Estonia eta Letoniaren arteko mugan buruzagi abertzaleek hileta-zeremonia bat egin zuten, eta hor, gurutze beltz erraldoia piztu[3].

Giza katea onartua izan zen, eta agintari sobietarrek ez zuten debeku berezirik ezarri.

1989ko abuztuaren 23a asteazkena zenez, lantegi askok itxi egin zuten. Milaka autobus antolatu ziren, horietako asko doan. Estoniak jai-eguna izendatu zuen abuztuaren 23a hura [4].

Bide baltikoaren arrakastak Letonia, Estonia eta Lituaniaren independentzia prozesuak azkartu zituen. Protesta baketsu horien irudiak mundu osora iritsi ziren, eta nazioarteko komunitateak aldeko jarrera bat hartu zuen kausa independentistarekiko. 1991n, hots, bi urte geroago, hiru errepublika baltikoek burujabetza osoa lortu zuten.

Ekitaldiia Errekorren Guinness Liburuan agertzen da, inoizko giza katerik luzeena baita. Ideia horretan oinarrituta, Kataluniako mugimendu independentistak Bide baltikoaren antzeko giza katea antolatu zuen 2013ko irailaren 11n. Gurean, Gure Esku Dago erakundeak antzeko giza kateak antolatu zituen 2014an eta 2018an.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Lithuania's Independence Movement (1988 - 1991)
  2. Conradi, Peter (18 August 1989). "Hundreds of Thousands to Demonstrate in Soviet Baltics", Reuter News
  3. Lodge, Robin (23 August 1989). "More than Two Million Join Human Chain in Soviet Baltics", Reuter News
  4. Lodge, Robin «More than Two Million Join Human Chain in Soviet Baltics» Reuter News, 1989-08-23an

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]