Basurde-arrain

Wikipedia, Entziklopedia askea
Capros aper» orritik birbideratua)
Basurde-arrain
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaCaproiformes
FamiliaCaproidae
GeneroaCapros (en) Capros
Espeziea Capros aper
(Linnaeus, 1758)[1]

Basurde-arraina (Capros aper) Caproidae familiako itsasoko arraina, bere generoan bakarra dena.[2] Ekialdeko Atlantikoan, mendebaldeko Norvegiatik Senegaleraino, eta Mediterraneoan bizi da.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lineok deskribatu zuen 1758. urtean Systema Naturae liburuan[3].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basurde-arrain emeak 30 cm-tako luzera har dezake gehienez eta 85 gramotako pisua. Sexu dimorfismoa duen espeziea da, arrak normalean 13 cm ingurukoak izaten baitira[4].

Buruan begi handiak ditu eta mutur luze xamarra, begien diametroaren tamainakoa. Barnean aho luzagarri bat gordetzen du, zabaltzen denean hodi itxura hartzen duena[5]. Erronbo itxurako gorputza du eta ezkata txikiek estaltzen dute. Bizkarrean hegats bakarra du 9-10 arantza eta 23-25 erradio bigun dituena. Buztaneko hegatsa ahurra da eta 3 arantza eta 22-24 erradio ditu[4]. Sabeleko hegatsak oso luzeak dira, bularraldekoak ordea nahiko txikiak, baina aurreneko arantza luzea da eta ertz horzkatua du[6]. Ezaugarri guzti horiek itxura trinkoa ematen diote arrainari eta hortik datorkio "basurde" izena.

Hiru banda ilunak nabarmen dituen basurde-arraina.

Kolore arroxa edo laranja du[5]. Sarritan hiru banda ilun izaten ditu, lehena begien atzealdean, bigarrena gorputzaren erdialdean eta azkena buztaneko hegatsa txertatzen den atalean. Sexu dimorfismoa nabarmenagoa egiten da ugalketa garaian, koloreak ere desberdindu egiten baitira. Arrari lerro laranja bihurriak azaltzen zaizkio eta hegatsak gorriak bihurtzen zaizkio. Emeari aldiz gorputzaren erdialdean banda marroixka bat azaltzen zaio eta sabelaldea zilar kolorekoa, ia zuria, bihurtzen zaio, eta sabelaldeko hegatsak laranja ilunak jartzen zaizkio.

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basurde-arraina espezie demertsala da eta hondo arrokatsuetan eta koral artean bizi den arren hareazko hondoetan aurkitzea ere ohikoa izaten da[6]. Espezie gregarioa da, talde handiak osatzen ditu, baita "eskolak" ere. Krustazeo txikietaz elikatzen da, kopepodotaz esate baterako, moluskuak eta zizareak ere jaten ditu[4].

Gauez sakonera handiagotara jaisten da, 700 metrotara ere iritsi daiteke.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mediterraneoan apirila eta ekaina artean ugaltzen da, Ozeano Atlantikoaren iparraldean bi hilabete beranduago izaten da. Arrautzek 2 mm-ko diametroa dute eta uretan flotatzen dute, zooplanktona osatuz. Larba egoera pasatzean helduen itxura dute dagoeneko, txikiagoak diren arren[7].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano atlantikoaren ekialdean bizi da, Norvegia, Ipar itsasoa eta Eskoziatik hasi eta Bizkaiko golkoan barrena Senegal alderaino. Mediterraneoan ere aurkitzen da, Joniar itsasotik mendebaldera batez ere[4].

Arrantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez du balio gastronomikorik ez ekonomikorik eta sareetan harrapatuta jasotzen denean itsasora itzultzen da. Arrantzaleek ez dute atsegin, harrapatzea gertatzen denean talde handiak jasotzen baitira, ia alferrikako sarekada bihurtuz[8].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. WoRMS taxon details—Capros aper (Linnaeus, 1758). in: World Register of Marine Species..
  2. Capros aper (Linnaeus, 1758). in: FishBase..
  3. «WoRMS - World Register of Marine Species - Capros aper (Linnaeus, 1758)» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  4. a b c d «Capros aper, Boarfish» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  5. a b (Gaztelaniaz) «Capros aper • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  6. a b (Gaztelaniaz) Capros aper. (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  7. (Gaztelaniaz) Mazza, Giuseppe. (2008-08-09). «Capros aper» Monaco Nature Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  8. Capros aper (Linnaeus, 1758). Ictioterm.es.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]