Cintio Vitier

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Cintio Vitier (Cayo Hueso, Florida, AEB, 1921eko irailaren 25a - Habana, Kuba, 2009ko urriaren 1a) kubatar poeta izan zen, jatorriz estatubatuarra.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1935ean Habanara joan zen eta Zuzenbideko ikasketak egin zituen han (1947). Orígenes taldeko kide izan zen, Lezama Lima eta Elliseo Diegorekin batera, besteak beste. 1947-1961 bitartean frantseseko eskolak eman zituen Habanako Irakasle Eskolan, eta 1959-1960 urteetan Kubako eta Hispanoamerikako literatura-irakasle izan zen, eta Hispaniar Ikasketen Saileko zuzendari, Las Villasko Unibertsitate Zentralean (Universidad Central). Liburutegi Nazionaleko ikertzaile gisa lan egin zuen eta Revista de la Biblioteca Nacional «José Martí» aldizkariaren zuzendari izan zen, besteak beste. Kubako eta atzerriko argitalpen askotan parte hartu zuen. Paul Valéry, Stéphane Mallarmé, Paul Claudel eta Arthur Rimbauden obren gaztelaniarako itzulpenak egin zituen.

Bere poesian eguneroko gauzez hitz egiten du, eta hitzaz kezkaturik agertzen da eta estutasun metafisiko nabarmena agerian uzten du.

Obra nagusiak: Vísperas (1938-1953) (1953, "Bezperak [1938-1953]"); Testimonio (1953-1968) (1968, "Lekukotasuna [1953-1968]"); La fecha al pie (1981, "Data oinean"); Hojas perdidizas (1988, "Hosto galkorrak"); Poemas de mayo y junio (1990, "Maiatz-ekaineko poemak").

Aipagarriak ditu Kubako literaturaz egindako lanak: Diez poetas cubanos. 1937-1947 (1948, "Hamar poeta kubatar. 1937-1947"); Cincuenta años de poesía cubana. 1902-1952 (1952, "Kubatar poesiako berrogeita hamar urte. 1902-1952"); Las mejores poesías cubanas (1959, "Kubatar poesiarik onenak"); Los grandes románticos cubanos (1960, "Kubatar erromantiko handiak"); La crítica literaria y estética en el siglo XX cubano (1968-1974, "Kubako XX. mendeko kritika literarioa eta estetikoa"). José Martíri buruzko zenbait saiakeraren egilea ere bada: Estudios Críticos (1964, "Azterketa kritikoak"); Temas Martianos (1969, "Martiren inguruko gaiak").

Hainbat sari jaso zituen; besteak beste, Literaturako Sari Nazionala, 1988an, Juan Rulfo saria 2002an, eta Kubako Zientzia Akademiaren domina. Aurrekoez gain, Habanako Unibertsitateak, Las Villasko Unibertsitate Zentralak eta Japongo Soka Unibertsitateak emandako Honoris causa doktoregoak jaso zituen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]