Edukira joan

Clemente Bernad

Wikipedia, Entziklopedia askea
Clemente Bernad
Bizitza
JaiotzaIruñea1963ko maiatzaren 7a (61 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaBartzelonako Unibertsitatea lizentzia : fine arts (en) Itzuli
Nafarroako Unibertsitate Publikoa Q123777823 Itzuli : soziologia
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakargazkilaria eta dokumentalista

Clemente Bernad (Iruñea, Nafarroa, 1963ko maiatzaren 7a) argazkilari eta zinegile dokumentala da[1]

1985ean Arte Ederretan lizentziatu zen Argazkigintza, Zinema eta Bideo espezialitatean Bartzelonako Unibertsitatean (UCB), eta Soziologiako Ikasketa Aurreratuetan diplomaduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). 1986an Koldo Chamorro argazkilariaren laguntzaile izateari utzi eta bere ibilbide propioa argazkilari independente gisa hastea erabaki zuen. 1986tik aurrera argazkilari eta zinegile dokumentala da, interes handia du bere kultura-testuinguru hurbileneko gai sozial eta politikoekiko[2]​.

Donde habita el recuerdo obraren argazkia. Nafarroako Museoko erakusketan aurkitzen da.

Bere argazki-serieen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Jornaleros (1987-1992), Mujeres sin tierra (1994), Pobres de nosotros (1995), Canopus (2001), El sueño de Malika (2004) liburua eta film dokumentala, Basque chronicles (1987-2015) Euskal Herriko gatazka politikoaren ingurukoa, Donde habita el recuerdo proiektua y Morir de sueño dokumentala (2003-), Ante el umbral (2020), Do you remember Franco? librua eta gaur egun bere lanak Cerca de aquí eta blog pertsonalean Clemente Bernad igotzen ditu[3]​.

Clemente Bernad dokumentalgileari, A sus muertos egiteagatik, urtebeteko kartzela-zigorra eta 2.880 euroko isuna ezarri zioten 2019an. Zinemagileak kamera bat eta mikrofono bat jarri zituen Iruñeko Erorien Monumentuko kriptan, Gurutze Santuaren Zaldun Boluntarioen Ermandadeko kideak grabatzeko, 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpea goraipatzeko asmoz toki horretan egiten ari ziren mezetako batean[4]​.

Bizitza eta lanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira Clemente Bernadek egindako lan esanguratsuenak[1]​:

Hasierako urteak (1987-2000)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1987tik 2001. urtera arte, Crónicas del País Vasco seriea garatu zuen, Euskal Herriko gatazka politikoaren zenbait gertaera historikori buruzko ibilbidea eskaintzen zuen lana. Bitartean, Jornaleros telesaila burutu zuen, Andaluziako jornalari talde baten nomadismoa, prekarietatea eta borroka sindikala ilustratuz.

1994an Giza Eskubideen FotoPress saria lortu zuen Mujeres sin tierra (1994) erreportajeagatik, Aljeriako hegoaldeko errefuxiatu-eremuetako emakume sahararrei buruzkoa. 1994 eta 1996 artean Chiapasen lan egin zuen iraultza zapatistaren alde.

1996an bere lana Frantziako Les Petits Frères des Pauvres elkartearen berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko Pauvres de nous erakusketan egon zen ikusgai. Beste argazkilari ezagun batzuekin batera, bere argazkiek National Geographic eta RBA Editores-ek argitaratutako Conocer España ilustratzen zuten.

2001ean A tumba abierta erreportajea egin zuen, ezker muturreko preso turkiarren senideek espetxeetako baldintzen aurka protesta egiteko egin zuten gose-grebari buruzkoa.

2002an Canopus argitaratu zuen, Argentinako azken krisi ekonomikoa ilustratzen zuena.

Donde habita el recuerdo obraren argazki bat, Clemente Bernadek egina. Nafarroako Museoan erakusekta batean aurkitzen da.

2003an  Arco Iris Solidario GKEak Kiev 12 telesaila enkargatu zion, Kieveko 12.zenbakidun umezurtz-etxean ikasteko arazoak dituzten ume abandonatuei buruzko erreportajea.

2004ean El sueño de Malika argitaratu zuen, bere lehen film dokumentala egitera eraman zuena eta patera bidaia baten ondoren hildako marokoar gazte honen gorpuaren aberriratzea kontatzen zuena. Urte berean, Los olvidados de Tubmanburg dokumentala aurkeztu zuen, Liberiako hiri bat, non 35.000 pertsona isolatuta egon ziren elikagairik eta hornidurarik gabe gerra zibilaren ondorioz, laguntza humanitarioa iritsi zen arte.

2006ean bukatuko zuen Donde habita el recuerdo, Gerra Zibilaren oriomen historikoaren berreskurapena kontatzen duen lana.

2009an bere obra Mercado hambre: abierto 24 horas erakusketetan sartu zen Antropologia Museo Nazionalean, Madrilen, eta CARTA MEDITERRÁNEAk antolatutako La crueldad sin sentido a través de miradas valientes erakusketetan, Giza Eskubideen Adierazpenaren 60. urteurrenaren oroitzapenarengatik.

2020an, pandemia garaian, Clemente Bernadek Madrilgo kaleen argazkiak atera zituen. Argazkietan, hutsik zeuden kaleak, elkartzen zen bakanen aurpegiak, eskularru eta maskara hondarrak ageri ziren, birus horrek eragindako mina, galera eta tristura erakusten zutenak. Egindako argazkiekin Ante el umbral erakusketa bat aukeztu zuen Reina Sofiako museoan[5].

2021an Do you remember Franco? liburua kaleratu zuen. Argazkiak erabiliz, frankismoaren pisu sinboliko guztia gure hirietan iraunarazten duten monumentuak erakusten ditu[6]​.

Ante el umbral

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2020an, pandemia larri zebilen denboraldian, Clemente Bernadek Madrilgo kaleen argazkiak atera zituen. Argazkietan, hutsik zeuden kaleak, elkartzen zen pertsona gutxien aurpegiak, eskularru eta maskara hondarrak ageri ziren, birus horrek eragindako mina, galera eta tristura erakusten zutena. Haren hitzetan, argazki horien bitartez kaleak beldurgarriak bihurtu zirela erakutsi nahi zuen[5]​.

Reina Sofia Museoko lehen erakusketa birtualean parte hartu zuen. Bernaden irudiek hiribide hutsen etsaigoa islatzen dute, ibiltzaileen bakardadea eta estatu alarma egoerarekin desagertzen ez den miseria. Argazki guztiak martxoaren 14tik apirilarte egin zituen.  Egindako argazkietatik, 30 agertzen dira Ante el umbral erakusketan, Reina Sofia Museoak antolatutako lehen erakusketa birtualean.

Irudiak bere webgunean zintzilikatzen zituen, inolako asmo zehatzik gabe, Ana Longoni Reina Sofiako Jarduera Publikoen zuzendaria berarekin harremanetan jarri zen arte. Hortik aurrera, Jorge Moreno Andrés antropologo eta argazkilaria komisario gisa sartu zenean, lan hori proiketu kolektiboa bihurtu zen.

Lan honen bitartez, Bernadek lehen ezaguna zena orain bitxia ikusten dugula ikusarazi nahi zuen. Hau da, autorearen arabera, mesfidantzazko giro bat gauzatu zela azaldu zuen. Haren hitzetan: "Mundu guztia da zerbaiten susmagarria, ez dakit birusa edukitzeaz edo zerez". Ezezagun horien artean, aurpegi ezagun bat besterik ez: berea ispiluan”[7]​.

Dónde habita el recuerdo eta Morir de sueños

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Donde habita el recuerdo obraren argazkia. Nafarroako Museoko erakusketan agertzen da.

Clemente Bernad zortzi urtez lan egon zen argazkigintza dokumentalean. 2003an Azqueta inguruko hobi komun baten bilaketa dokumentatu zuen, gai horrekin zuen lotura gero eta estuagoa egin zen familietatik jasotzen zuen historia berri bakoitzarekin. Lan honen argazki dokumentalaren bidez, Espainako Gerra Zibileko fusilamenduei buruzko egia kontatu beharra adierazi zuen. Hobien aurkikuntzaren ezkutukoa eta pribatua publiko egitea nahi zuen.

Donde habita el recuerdo obraren argazkia. Fusilatu zuten Maria Alonsoren ahizaparen eraztuna da, lehen belarritakoa izandakoa. Nafarroako Museoko erakusketan batean aurkitzen da.

Isiltasunean egon diren gertaerak jakinarazi nahi ditu, hainbat urtez hobietan egon diren gorputzak exhumazioen eta zeremonia publikoaren bidez. Biktimen eta familia horien istorioak gizartearen zerbitzura jarri nahi ditu.  Clemente Bernadek Desveleados liburura eratu zuen zuri-beltzeko 125 argazkiekin. Irudi esplizituak, gordinak, antropologoen, soziologoen, literatura-adituen, irudi-teorikoen, kazetarien, arkeologoen, auzitegiko medikuen, poeten, biktimen... testuekin batera. Haren aburuz, irudiek eta hitzek kontakizun kolektiboa eraikitzea lortzen dute, bertsio ofizialetatik ihes egiten duena, eta diskurtso plural baten alde egiten duena, irekia eta argia aldi berean. Argitaratutako liburuak zati akademiko bat du, Paco Ferrándizek koordinatua, eta bestea ez hain teorikoa, Manuel Rivasek, Christian Caujollek, Emilio Silvak eta Bernadek berak idazten dutena.

Liburuaren ondoren dokumentala sortu zuen. Morir de Sueños du izena eta idei nagusi batzuetan oinarritzen da. Lehenengoa,  belarritako baten istorioa da, María Alonsok 1936ko uztaileko egun batean belarritakoa kendu zuena min egiten ziolako. La Bañezako (Leon) Batasun Errepublikanoko presidentea zen, eta uda hartan hil egin zuten, bere familiako kide batzuekin batera. Josefina, ahizpa txikia, salbatu zen, erbestera abiatu eta 2008ra arte. Hilobia aurkitu zutenei belarritakoa bila ez jarraitzeko ohartarazi zien berak eraztun itxuran zeramalako. Espainian oraindik bizirik dirauen sinbologia frankista ere jorratzen du dokumentalak. Azkenik, lanak zenbait deshobiratzeri begiratzen die, hala nola Urzanten egindakoak[8]​.

2020an Nafarroako artelan garaikidea erosteko programan parte hartu zuen Donde habita el recuerdo obraren sei argazkiekin. Argazki horiek Nafarroako Museoan aurki daitezke. Lan honetan oroimen historikoak pisu handia dauka, 1936ko estatu kolpearen ondoren fusilatutako pertsonak ikusarazi nahi ditu. Berak aipatzen du 2000.uretaren hasieran konturatu zela nola pertsona talde batzuk landa eremura eta herri eta hirietako hobietara joaten zirela, 1936ko estatu-kolpearen ondoren erail zituzten pertsonen gorpuak aurkitu eta induskatzera. Berak adierazten du toki bat zuela hobi komunetan lan egiten zuten profesional guztien ondoan, haren lana egiten zutena argazkiaren bidez kontatzea zen[9].

A sus muertos

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñeko Erorien Monumentuari buruzko dokumental bat egitea zuten helburu Clemente Bernadek eta Carolina Martinezek. Urtero, uztailaren 19an, Gurutzeko Zaldun Boluntarioen Ermandadeak, 1939an errekete borrokalari ohiek sortutako erakundeak, Mola eta Sanjurjo jeneral kolpisten gorpuzkiak zeuden hilobien aurreko Erorien Monumentuan ospatzen zuten mezan zer gertatzen zen ikertzen saiatzea zuten xede[10]​.

Clemente Bernad eta Carolina Martinez 2016ko martxoaren 18an sartu ziren Erorien monumentuaren barruan, udaletxean dokumentazioa egiteko eskaera bete ondoren. Zaintzako mikrokamera bat, bideo-grabagailu bat, grabazio-mikrofono bat eta grabagailu digital bat jarri zituen aireztapen-saretaren barruan, kriptaren barruan eta aldarearen eskuinaldean​[11].

Gatazka hau 2017ko urtarrilean hasi zen, ¿Qué hacemos con el Monumento a los Caídos? jardunaldiak prestatu zirenean ZER Dilemas Urbanos y Derivas Ciudadanas elkarte memorialistaren eskutik. Jardunaldi horietan A sus Muertos dokumentala aurkeztu zuten. Zinta monumentuari buruzko sei galderaren inguruan egituratuta dago. Bertan, egileek herritarrek lekuaren esanahiari buruz duten ezjakintasuna, Nafarroako 3.500 biktima errepublikanoak eta Sanjurjo eta Molaren papera errepresioan salatzen dute. Helburua, hain zuzen ere, hilero 1936ko estatu-kolpea eta diktadura Eliza katolikoaren babespean goraipatzeko ekitaldi bat hartzen zuen monumentu bati eta haren balizko etorkizunari buruzko gogoeta egitea zen[10]​.

Dokumentala egin ondoren, egileek salaketa bat jaso zuten Gurutzeko Zaldun Boluntarioen Ermandadearen eskutik. Salaketa tramitera onartu zen eta Clemente Bernad dokumentalgileari, urtebeteko kartzela-zigorra eta 2.880 euroko isuna ezarri zioten 2019an. Zinegileen eta hainbat elkarte memorialistaren susmoa zen kriptaren barruan Ermandadeko kideek 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen protagonistei omenaldia egin zietela, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako herritar nafarren errekonozimendu eta erreparazio moralari buruzko Nafarroako Legea urratuz. Horregatik, Clemente Bernandek kamarak ezarri zituen kriptaren barruak ekintza horiek egia ziren probatzearren[12].​

Do you remember Franco?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Do you remember Franco? liburuan agertzen diren argazkiak erabiliz, frankismoaren pisu sinboliko guztia gure hirietan iraunarazten duten monumentuak suntsitzen eta berreraikitzen saiatzen da​[13].

Autoreak salatu nahi du ezin dela onargarria izan monumentu, eraikin edo sinbologia frankisten umiliaziopean bizi behar izatea, horiek etengabeko erasoa baitira eta gizartean izugarrizko sufrimendua eragiten izan dutelako. Hark umiliazio-tokiak deitzen ditu. Era berean, egileak salatu nahi du leku horien funtzio bakarra biktimak umiliatzea eta kriminalak goratzea dela. Bernadek lan honen bidez adierazi nahi du gizarte osasuntsu eta demokratiko batek ezin duela jasan indarkeria-maila hori. Irudiak zauriak eraldatzeko, argitzeko, molestatzeko, laguntzeko... baliagarritzat hartzen ditu.

Liburuan hiru monumentu eta eraikin frankista sendoenen argazkiak agertzen dira, hala nola: Erorien Harana, Madrilgo Garaipenaren Arkua eta Iruñeko Erorien Monumentua.

Lehenik eta behin, irudiek modu indibidualean monumentuei ikusmen-tratu txarrak ematea nahi izan du, segmentatuz, burua moztuz, testuinguru partikularretan pobretuz, kolonizatu nahi duten gizarte-paisaiarekin duten harreman korapilatsu eta pozoitsua erakutsiz.

Bigarrenik, liburuaren barruan hiru monumentuen irudien arteko erlazio bat planteatuz, gure espazio publikoan duten presentzia itsaskor eta nahasia esplizituki azalduz, non modu inozentean kamuflatzen diren, haren berezko parte balira bezala. Horregatik, irudi bakoitza kontzienteki zatikatzen da liburuaren barruan, hasiera batean beste irudi batekin bikote-harreman bat sortuz, elkarren ondoan jariozko harreman bat, non ustekabeko loturak agertzen diren, baina baita tentsio bisualak ere, talkak eta deskonexio nabariak ere.

Liburua ez dago josita, ezta grapatuta ere, dinamikoa da. Beraz, irudiak elkarren artean trukatzeko modukoak dira, haien arteko konbinazioak modu esponentzialean areagotuz, frankismoaren sinbologia osoak proposatzen duen sare trinkoa elkarren artean erabat trukagarria eta toxikoa dela erakutsiz.

Lan honen bidez, Espainian tabu diren hainbat gai salatu nahi ditu, hala nola arduradun zuzenen ezkutatzea, faxismoaren aurka baliabide guztiekin borrokatu zirenen ikusezintasuna, Eliza katolikoaren erantzukizun isila, Franco eta Hitlerren arteko odol-itunaren isiltzea, herri honetako lehen esperientzia erabat demokratikoa Franco hil ondoren ez zela hasi, 1931an baizik[13]​.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) «Biografía y obras: Bernad, Clemente | Guggenheim Bilbao Museoa» Guggenheim Bilbao (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  2. (Gaztelaniaz) «Clemente Bernad | Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía» www.museoreinasofia.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-11).
  3. (Gaztelaniaz) «Clemente Bernad | Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía» www.museoreinasofia.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  4. «Un año de cárcel para el documentalista que grabó en la Cripta de los Caídos de Pamplona: "Me condenan por hacer mi trabajo"» www.publico.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  5. a b (Gaztelaniaz) «Clemente Bernad | Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía» www.museoreinasofia.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  6. Txantiloi:Local autoria. «Clemente Bernad: “Trabajar como fotoperiodista supone estar prácticamente en todo momento vulnerando alguna regla o alguna ley”» www.elsaltodiario.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-14).
  7. (Gaztelaniaz) Morales, Clara. (2020-04-18). «Clemente Bernad, un fotógrafo en la pandemia: "La calle se ha convertido en un espacio siniestro"» infoLibre (Noiz kontsultatua: 2022-02-13).
  8. (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Clemente Bernad documenta el horror de las fosas comunes de la Guerra Civil» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  9. Museo de Navarra - Clemente Bernard - Nafarroako Museoa. (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
  10. a b «"Nos sentimos como si fuéramos de camino a un matadero. Es injusto, no damos crédito"» www.publico.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  11. (Gaztelaniaz) Junquera, Natalia. (2019-04-11). «Condenado a un año de cárcel por grabar con cámara oculta en el monumento a los caídos de Pamplona» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  12. «Un año de cárcel para el documentalista que grabó en la Cripta de los Caídos de Pamplona: "Me condenan por hacer mi trabajo"» www.publico.es (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  13. a b Txantiloi:Local autoria. «Clemente Bernad: “Trabajar como fotoperiodista supone estar prácticamente en todo momento vulnerando alguna regla o alguna ley”» www.elsaltodiario.com (Noiz kontsultatua: 2022-02-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Blog bat du non sarrera desberdinak egiten dituen, bere lan eta obrak plasmatuak daude sarrera bakoitzean. Cerca de aquí du izena bloga.
  • Beste blog bat dauka, Clemente Bernad izenekoa, bere lanak jasotzen dituena. Orrialde horretako eduki guztia Creative Commons BY-NC-ND lizentzia baten pean dago: "Aitorpena - Ez komertziala - Obra eratorririk gabe"