Danimarkako inbasioa
Danimarkako inbasioa | |||
---|---|---|---|
Bigarren Mundu Gerra, Weserübung operazioa | |||
Daniar soldaduak inbasio egunean | |||
Data | 1940ko apirilaren 9a | ||
Lekua | Danimarka | ||
Emaitza | Alemaniak garaipen ikaragarria lortu zuen | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Danimarkako inbasioa (danieraz: Invasionen af Danmark) Bigarren Mundu Gerran gertatu zen. 1940ko apirilaren 9an, alemaniarrek Danimarka indarrez hartu zuten, daniar muga zeharkatu eta herrialdearen neutraltasuna bortxatuz. Ekintza hau, Weserübung operazioaren parte izan zen (Danimarka eta Norvegia erasotzeko operazioaren izen kodetua). Alferrikako odol isurtze bati ekiditeko, daniar gobernua berehala errenditu zen eta, horren truke, bere autonomia errespetatu zitzaion eta juduen komunitateari ihes egiteko aukera eman zitzaion. Alemaniarrek Danimarkaren kontra egin zuten okupazioa izandako kanpaina laburrenetakoa izan zen.
Alemaniar okupazioan elkarren arteko arerio bilakatu ziren 1942ko udan, daniarrek sabotaje ekintzetan hasi zirenean. 1945eko maiatzaren 5a arte iraun zuen, Alemania aliatuen aurrean errenditu zen arte, hain zuzen.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Danimarkak I. Mundu Gerran erabili zuen neutraltasun politika ondo atera zitzaion eta gobernuak II. Mundu Gerran ere aurera hori mantentzea erabaki zuen. Ez zioten Alemaniari probokaziorik egin nahi eta, horregatik, 30.000 soldaduz osatuta zegoen daniar armada erdira jaitsi zuten.
Alemania Danimarka inbaditzeko beharra, Norvegia inbaditzeko beharretik etorri zen. Leku aproposa zen Erresuma Batuaren aurkako erasoak egiteko eta Suediako burdinaz jabetzeko. Danimarkak kokapen estrategiko bikaina zuen Norvegiako bidean. Britainiar bonbardaketei oztopo sendoa jarri nahian, alemaniarren interes handiena Aalborgeko aerodromoak kontrolatzea zen, Jutlandian. Gainera, ingelesek alemaniar ontzi bat harrapatu zuten norvegiar uretan eta Hitlerrek, Erresuma Batuak Norvegiaren neutraltasuna errespetatzeko asmorik ez zuela ikusita, okupatzeko erabakia hartu zuen eta horrek Danimarka ere okupatzera eramango zituen.
Inbasioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Armadak elkarren aurka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inbasioaren egunean, daniarrek 14.500 bat soldadu zituzten, haietako 8.000 erreklutak. Zeeland eta Jutland dibisioak osatzen zituzten eta infanteriako 8 erregimentu, zalditeriako 2 eta artilleriako beste 3 zituzten. Jutlandia hegoaldean, 2.000 gizon besterik ez zegoen koarteleratuta. Zeeland dibisioak, berriz, Suediari erositako Landsverk tanketa pare bat zuen, baina hori ez zen ezer asko alemaniarren panzerren aurka.
Nikolaus von Falkenhorst jeneral alemaniarra zegoen Wehrmachteko infanteriaren 170. eta 198. dibisioen agintari. 198. dibisioak Sjælland eta hegoaldeko uharteak okupatuko zituen, Kopenhage barne, paraxutistek Masnesø gotorlekua eta inguruko zubi bat hartzen zuten bitartean. 170.ak, berriz, 2 panzer konpainiekin batera, 36 karro guztira, Jutlandia ekialdea hegoaldetik iparralderantz zeharkatuko zuten. Beste gorputz batzuk ere aurreratuko ziren, Jutlandia iparraldean, aerodromoak hartzen ari ziren paraxutistei laguntzeko xedean. 70 panzer joango ziren aurrerantz, metrailadore batailoi batzuk, artilleria astuna eta, tren blindatuez gain, hegazkinen aurkako bateriak ere bai. Luftwaffek 10 ehiz-eskuadroi eta beste 10 bonbaketari eskaini zituen horretarako, 527 gailu guztira.
Alemaniarren erasoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goizeko 04:00ak ziren Danimarkako alemaniar enbaxadore zen von Renthe-Finkek daniar kanpo harremanetako ministroa zen Munchi elkarrizketa bat egiteko premia adierazi zionean. 20 minutuko bilera baten ondoren, Munchek bazekien, jada, alemaniar tropak bere herrian sartzen ari zirela. Danimarka babesteko egiten ari zirela hori esan zioten, inbasio anglo-frantses bati ekidin ahal izateko, eta erresistentziarik ez jartzeko eskatu zitzaion eta alemaniarrekin bat etortzeko, bestela Kopenhage bonbardatuko zutelarik[1].
Eta horrela izan zen: goizeko 04:15ean, alemaniarren inbasioa hasita zegoen, jada. Paraxutistek arrakasta izan zuten haien xedean, Masnesø gotorlekua hartzeko aukera izan zutelarik. Aldi berean, herrialdearen uharteetan, lehorreratzeak burutzen ari ziren.
04:20an, Hansestadt Danzig alemaniar ontziak Kopenhagen utzi zuen Wehrmachteko 308. Infanteria Erregimentua eta, ezustekoaz baliaturik, hiriko toki ezberdinak hartu zituzten kontrakotasun handirik gabe. Amalienborg jauregia hartu nahi zuten, baina Kristian X.aren egoitzara hurbildu zirenean, errefortzuak iritsi ziren eta talka handia izan zen daniar eta alemaniarren artean. Alemaniarrak erretiratu beharrean izan ziren eta, jauregi barruan, egoeraz eztabaidatzen jardun zuten, baina bonbardaketak hiriraino iritsita zeuden eta presio galanta egiten ari ziren. Horren aurrean, jauregian zeudenek William Wain Prior komandante gorena izan ezik, erresistentzia alferrikakoa izango zela uste zuten eta, 06:00etan, mezularia bidali zioten alemaniar enbaxadoreari horretaz informatzeko.
Bitartean, 05:25ean, alemaniar Messerschmitt Bf 110ak Værløseko aerodromora iritsita zeuden, daniar indar guztiak zeuden tokira, alegia. Indar eskasak ziren eta berotzen ari ziren une hartan bertan; erraza izan zen haiek neutralizatzea.
Errenditzeko agindua eman zutenean, Roskilden zegoen Infanteriako 4. erregimentuaren komandante zen Bennike daniarra bere tropekin Helsingorrerantz abiatu zen, ferrya hartu eta harantz alde egiteko xedean, han borrokan jarraitzeko aukera izango zuelakoan. Ordubetera, Suedian ziren, baina alemaniarrek trata ona eskaintzen ziela ikusi zutenean, askok Danimarkara itzuli ziren berriz. III. Reichak arraza purua ikusten zuten herri hauetan, beraien parekoa, eta horregatik nahi zituzten modu baketsuan atxiki eta ez indarra erabiliz[1].
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondorio garrantzitsuena Alemania naziak Danimarka okupatu zuela da. 1945eko maiatzera arte iraungo zuen okupazioak, herrialdean zeuden azken tropek amore eman zutenean britainiarren tropen aurrean.
Aurrez esan bezala, Alemaniak hasieran eskainitako tratua ona izan zen eta Hitlerrek babesletza eredu kontsideratu zuen Danimarka. Legebiltzarrari utzi zion bere ekinarekin jarraitzen eta Kristian X.a erregea aske utzi zuen, hori bai, naziek prentsa-zentsura gogorra mantendu zuten eta herrialdeko politika eta ekonomia zorrotz kontrolatu zuten.
1943tik aurrera, alemaniarrek errepresio gehiago erabili zuten, haiek erresistentzia klandestinoari ekin zioten-eta[2].