Denboraren Jaun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Denboraren Jaun
Whoniverse (en) Itzuli
Argitalpena
SortzaileaDerrick Sherwin (en) Itzuli
Ageri den obrak
Datu biografikoak

Denboraren Jauna (ingelesez: Time Lord) Doctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarreko fikziozko arraza estralurtarra da. Protagonista den Doktorea bera arraza horretako kidea da.

Denboraren Jaunek ez dute ohiko denbora lerroa ulertzen ez eta errespetatzen ere, eta denboran eta espazioan bidaiatzen dute TARDIS izeneko espaziontziak erabiliz[1]. Hiltzera doazela sumatzen dutenean eraberritu egiten dira itxura eta izaera erabat aldatuz[2].

Istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denboraren Jaunen sorrera Gallifrey planetan bizi zen arrazako Omega zientzialariaren esperimentu batean oinarritzen da. Omega zientzilariak energia nukleo bat garatu zuen denboran zehar bidaiatzeko. Horretarako "Omegaren eskua" izeneko tresna bat asmatu zuen, eta horrek Gallifrey planetatik hurbil zegoen izar baten energia erabiltzen zuen nukleoa elikatzeko. Izar horrek ordea eztanda egin zuen, hasieran supernoba eta ondoren zulo beltza bihurtuz. Bazirudien Omega leherketa hartan hil zela baina gerora ikusi zen zulo beltzaren grabitate eremuan harrapaturik gelditu zela eta denboraren zurrunbiloak ehundaka urte etorkizunera bidali zuela[3].

Leherketa hark uhin morfofermionikoa sorrarazi zuen, fermioien spinen momentu angeluarra eraldatuko zuena, eta ondorioz asinkronia bat eratu zuen Gallifreyko biztanleak arraza boteretsu eta jakintsu bihurtuz. Denboran bidaiatzeko teknologia garatu eta hobetu zuten eta euren buruari Denboraren Jaun izena eman zioten. Rassilon izan zen Denboraren Jaunen gizartea sortu zuena eta ordutik Denboraren Jaunen Presidente Gorena[4]. Denbora eta espazioan bidaiatzeko TARDIS izeneko espaziontzia erabiltzen dute.

Denboraren arrakala konpontzen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eztandak beste arraza batzuengan ere eragin zuen eta haiek ere denboran bidaiatzeko gaitasuna eskuratu zuten, baina baldarragoak izanik denbora arrakalak uzten zituzten espazio-denbora jarraitunean eta Denboraren Jaunek arrakala horiek ixtea erabaki zuten. Izan ere arrakala horiek sorturiko paradoxa asimetrikoek denbora lerroen kolapsoa ekar lezakete eta unibertso eraldatuak sortarazi, paradoxa horretan harrapaturik gelditzen diren arrazak betirako iraungiz.

Denboraren Jaunek gainerako arrazak psikologikoki manipulatzen hasi ziren denboraren bidaiak era seguruan egin zitzaten, baina harrotzen hasi ziren gainerako arrazak baino indartsuagoak zirela ustez. Horrela hainbat gerratan sartu ziren gainerakoekin. Doktoreak gerra horietatik alde egin eta denboraren arrakalak konpontzen jarraitu zuen eta Denboraren Jaunek mespretxatu egin zuten.

Halako batean gerra handi bat sortu zen Denboraren Jaunen eta dalek arrazaren artean, "Denboraren Gerra" izenaz ezagutu zena. Garai ezberdinetan eta denbora lerro ezberdinetan aldi berean gertatu zena[5]. Doktoreak orduan Gallifrey suntsitu eta espazio-denbora gartzela batera bidali zituen Denboraren Jaun eta dalek guztiak eta horrekin gerra amaitu zen. Doktoreak ihes egitea lortu zuen konpontzen ari ziren TARDIS bat lapurtuta, baina ordutik bera da unibertso honetan gelditzen den Denboraren Jaun bakarra. Sarritan esaten dio bere buruari espezie baten ale bakarra dela eta bere baitan daramala bi arraza erabat suntsitzearen karga.

Itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telesailaren aro berrian Boeren aurpegiak esango dio Doktoreari bakarrik ez dagoela, "You are not alone". Halako batean Yana irakaslea ezagutuko du ("You are not alone") eta gerora ikusiko da The Master dela, beste Denboraren Jaun bat, Doktorearen antagonista[6]. Hura saiatuko da Denboraren Jaunak askatu eta unibertso honetara itzultzen baina Doktoreak lortuko du hori ez gertatzea. Ordurako dalek batzuek ere aurkitu ditu, Gerra hartatik zauriturik preso gelditu ez zirenak, eta lortuko dute dalek arraza berri bat eratzea.

Hamaikagarren doktorea denboraren arrakalak konpontzen ari dela Trenzalore planetara joango da eta Denboraren Jaunen tentazioari eutsiz mendeetan zehar lortuko du haien itzulera ekiditea, bere esanetan Denboraren Gerra barri bat ekarriko bait luke.

Denboraren Jaun aipagarrien zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Doktorea: Telesailaren protagonista da. Inork ez daki zein den haren benetako izena, hortik telesailak Doctor Who (Nor? doktorea) izena izatea.
  • The Master: Doktorearen antagonista da. Biek elkarrekin ikasi zuten Gallifreyko akademian baina The Master erotu egin zen eta Doktorearen etsai nagusia da.
  • Rassilon: Denboraren Jaunen nagusia da. Doktorea harrapatu nahi du, traizioa egin zielakoan.
  • Susan Foreman: Lehenengo doktorearen iloba eta laguntzailea izan zen.
  • Romana: Laugarren doktorearen laguntzailea izan zen.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezaugarri fisiologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizaki itxura duten arren badituzte berezkoak diren hainbat ezaugarri fisiologiko:

  • Zirkulazio sistema bitarra dute, bi bihotz eta 170 taupada minutuko[7]. Gai dira haien bihotzak gerarazteko, adibidez Romanak amarru hori erabili zuen dalekei iruzur egiteko.
  • DNAren egitura helize laukoitza da, haietako batek eraberritzea kodetzen du[8].
  • Soinu grabeekiko erresistentzia handia dute.
  • Zero absolutuan biziraun dezakete denbora labur batez.
  • Istripurik ez badute betirako bizi daitezke.
  • Telepatia gaitasuna dute, beste izaki batzuekin informazioa trukatzeko edo TARDISa aktibatzeko.
  • Energia edo erradiazio kopuru handiak xurga ditzakete.

Eraberritzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denboraren Jaunen ezaugarri nagusietako bat eraberritzeko duten gaitasuna da[2]. Heriotza gertu sumatzen dutenean beren burua eraberritzen dute energia kopuru izugarria jaurtiz. Haien gorputzeko zelula guztiak berrizten dira, eta oroitzapenak mantentzen dituzten arren haien itxura eta izaera guztiz aldatzen da. Eraberritzeko prozesua oso gogorra da eta batzuetan eromen fase bat izaten dute (6. doktoreak esate baterako) edo atseden hartu beharra dute (10. doktorea). Eraberritzearen ondoren hartuko duten itxura erabat ausazkoa da, Romanaren kasuan ezik, hark aukeratu egin dezake.

Doktorea hamabi aldiz eraberritu zitekeela esan zen, baina Denboraren Jaunek Trenzalore planetan eraberritze gehiago izateko baimena eman zioten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Donaghy, Craig. (2014). Doctor Who: How to Be a Time Lord: Official Guide. London: BBC Children's Books ISBN 978-0-723-29436-8..
  2. a b (Ingelesez) «Regeneration» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-10-24).
  3. (Ingelesez) «Omega» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-10-24).
  4. Parkin, Lance & Pearson, Lars. (2012). A History: An Unauthorised History of the Doctor Who Universe (3. edizioa). Mad Norwegian Press, Des Moines, 697 or. ISBN 978-193523411-1..
  5. (Ingelesez) «Last Great Time War» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-10-24).
  6. (Ingelesez) «Yana» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-10-24).
  7. (Ingelesez) «Binary vascular system» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-10-24).
  8. (Ingelesez) «DNA» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-10-24).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]