Dalek

Wikipedia, Entziklopedia askea
Dalek
Whoniverse (en) Itzuli
Argitalpena
Ageri den obrak
Datu biografikoak
Bestelakoak
EtsaiakDoktorea, Second Doctor (en) Itzuli, Sixth Doctor (en) Itzuli, Twelfth Doctor (en) Itzuli eta War Doctor (en) Itzuli

Dalek Doctor Who zientzia fikziozko telesail britainiarreko fikziozko arraza estralurtarra da, Doktorearen etsai nagusia[1]. 1963an agertu zen aurreneko aldiz, telesailaren lehenengo denboraldian, eta berehala bihurtu zen britainiar pop ikonoetako bat. Oxford English Dictionary hiztegiak ere jasotzen du "dalek" kontzeptua[2].

Nazien itxura eta izaeran oinarritu zen Terry Nation idazlea dalekak sortzeko. Ziborg bortitz, zital eta errukigabeak dira, gorrotoa ezik beste sentimendurik ez dutenak, eta unibertsoa konkistatu eta gainerako arrazak suntsitu nahi dituztenak. Horregatik erasora doazenean ex-ter-mi-na-te ("suntsitu") esan ohi dute behin eta berriz.

Istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dalekak ziborg arraza mutantea dira. Skaro planetako Kaled izakietan dute jatorria. Mila urte zeramaten gerran kaledek eta thalek eta Davros zientzilariak kaledak genetikoki eraldatu zituen mutante bihurtuz eta babesteko tanke itxurako estalkia ezarri zien[3]. Kaled berri hauek dira Dalek-ak, izen bera da baina hizkiak aldatuta. Lehenengo doktoreak gerra horretan thalen alde parte hartzea erabaki zuen eta dalek guztiak suntsitu zituen. Gerora ikusi zen dalek batzuek bizirik iraun zutela eta ordutik Doktorea suntsitzea dute helburu.

Thal izakiek telepatia gaitasuna zuten eta kaledek zituzten emozioetaz baliatzen ziren haien kontra egiteko. Hori ikusita dalekek emoziorik batere gabeak izatea erabaki zuten, ez errukirik ez damurik, gorrotoa baino ez. Doktorea suntsitzeaz gain unibertsoa konkistatzea dute helburu eta horretarako gainerako arraza guztiak suntsitu nahi dituzte, baita dalek ez-puruak ere[4]. Denboraren Jaunen aurka egitearen poderioz gerran sortzen diren denbora asimetriak baliatzen dituzte indartzeko.

Doctor Who telesailean zehar aro zaharrean tarteka azaldu ziren, beti ere kopuru txikitan eta doktoreak garaitu egiten zituen. 2010eko Victory of the Daleks atalean hainbat dalek agertzen dira. Jatorrizko dalek baten DNA lortzen dute eta arraza berri bat sortzea lortzen dute, estalkiaren kolorearen arabera izaera desbedina dutenak; alferrak, zientzilariak, estrategak, goi mailakoak eta betierekoak. Doktoreari ihes egiten diote denboran atzera eginez eta dalek inperioa berreraikitzen dute.

2012ko Asylum of the Daleks (Daleken eroetxea) atalean ikusten da dalekak izugarri ugaldu direla. Parlamentua dute eta Lehen Ministroa, eta dalek guztiak telepatikoki elkarturik daude sare zabala konpartitzen baitute. Dalek eroak gordetzeko planeta bat dute eta atal honetan ikusten da dalekak gai direla gizakiak asimilatu eta dalek bihurtzeko nanoteknologia erabiliz.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dalek baten ikusmena.
Dalek baten barruko izakia ikusi zen lehen aldia. Doctor Who Experience erakusketako daleka.

Horrela deskribatzen ditu doktoreak Remembrance of the Daleks atalean: "gauza likatsu berde txikiak polikarbonatozko armadura bati itsasiak".

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiaren altuera dute gutxi gorabehera eta kanpotik ikusita gatzontzi baten itxura dute[5]. Kupula itxurako buruak 360º-tako errotazio gaitasuna du eta ikusmen beso bat ateratzen zaio, bai eta argiztatzen diren bi bonbila ere, hitzegiten dutenean pizten direnak.

Dalekaren erdiko atalean bi beso asimetriko agertzen dira. Beso bat energia izpiak botatzen dituen arma da. Beste besoak butxadurak libratzeko tresna baten itxura du eta hainbat funtzio ditu: aparatu teknologikoak manipulatzea, izaki baten inteligentzia maila neurtzea, izaki baten burmuineko informazioa eskuratzea... Azpialdean esferaz jositako gorputza du, gona baten itxurakoa.

Daleken estalkia "dalekanium" izeneko polikarburoaz egina dago[6] eta indar eremu batek babesten du, balak ebaporatuz eta energia izpiak deseginez.

Bestalde daleken ikusmen gaitasuna oso mugatua da eta ez da zaila haien aurrean ezkutatzea. Hori gutxi balitz dalekaren begia zaurgarria da eta itsu gelditzen bada izutu egiten da eta armarekin izpiak edonora botatzeari ekiten dio, gehienetan inguruko dalekak suntsituz.

Barneko izakia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpoko estalki metalikoaren barnean dagoen izakia likatsua eta nazkagarria da. Barneko izakiak oso gutxitan ikusten dira eta horregatik sarritan pentsatzen da errobotak baino ez direla dalekak[7]. Aro berriko denboraldietan agertu izan direnetan molusku itxurakoak dira, hanibat garro dituzte, begi bat edo bi eta garuna bistan dute.

Bestelako ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Daleken ahotsa elektronikoa da. Ez dute esaldirik osatzen, hitz solteak baino ez[4]. Gehien errepikatzen duten hitza ex-ter-mi-na-te ("suntsitu")[8]. Hasierako denboraldietan barruko izakiak estalkia galtzen zuenean ez zuen hitzik esaten baina azken denboraldietan ahots elektronikoaz hitzak esateko gaitasuna mantentzen dute.

Mugimendu berezia dute, zoruaren gainean irristatu egiten dira. Aro berriko denboraldietan hegan egiteko gaitasuna ere badute[9].

Pertsonaiaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belaunaldi berriko dalekak.

Terry Nation idazleak eta Raymond Cusick diseinatzaileak sortu zuten[5]. Zomorro itxurako munstroak ohikoak ziren garaian bestelako etsai bat sortu nahi izan zuten[10].

Ikusleek uste zuten urrutiko kontrol bidez mugitzen zirela, baina barruan sartutako pertsona baxuek mugitzen zituzten benetan, daleka bera, beso artikulatuak eta buruko argiak piztu eta itzali ere bai[11].

Terry Nationek argi utzi zuen gidoian dalekek ez zutela hankarik izango eta horregatik mugimendu berezi bat garatu zuten, Georgiako gona luze eta zabaleko dantzarien mugimendu jarraituetan oinarritu zena[12][13].

Izena asmatzea ere bitxia izan zen. 1964an Terry Nationek Daily Mirror egunkarian azaldu zuenez entziklopedia baten liburukitik atera zen izena, "Dal-Lek" jartzen baitzuen haren ertzean. Beste bertsio baten arabera "Dal-Eks"[14]. Gerora jakin zuen serbokroazieraz dalek hitzak "urrunekoa" esan nahi duela[15].

Terry Nationek Bigarren Mundu Gerrako Londresen bizi izan zuen haurtzaroa eta nazien bonbaketak gogoratzen zituen. Oroitzapen haiek eragiten zioten izuan oinarritu zituen dalekak. Aurpegirik gabeko figura autoritarioak dira, guztia konkistatu eta uniforme bihurtu nahi dutenak.

Arrakasta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lastozko daleka, Snugburyn.

Dalek izakiek BBC kateak espero ez zuen berehalako arrakasta izan zuten. Doctor Who telesaila haurrentzako arunbatetan tearen orduan saio edukatiboa izateko asmoarekin sortu zen baina daleken agerpenak adin guztietako ikusleak erakarri zituen. Haurrak liluratu eta izutu egiten ziren dalekekin eta BBCko ekoizpen bulegoak milaka eskutitz eta dei jaso zituen izaki zital hauen inguruko informazioa eskatuz. Egunkariek ere idatzi zuten daleken inguruan eta arrakasta areagotu egin zen.

BBCk Walter Tuckwell enpresari zeelandaberritarrarekin elkarlanean merchandising zabala egin zuten. Tuckwell sortu zuen katalogoak "Dalekmania" izenaz ezagutu zen fenomenoa eragin zuen 1963an[16], arrakasta gorenera 1965ean iritsiz. Garai hartan The Go-Go's taldeak "I'm Gonna Spend My Christmas With a Dalek" abestia kaleratu zuen[17] eta hainbat taldek aipatu zituzten haien abestietan, esate baterako The Clash taldeak "Remote Control" abestian (...Repression - gonna be a Dalek...)[18].

2008an egindako ikerketa batek erakutsi zuen 10 haur britainiarretatik bederatzik dalek bat identifikatzen zutela. 2010an zientzia fikziozko SFX aldizkariko irakurleek garai guztietako munstrorik onena zela bozkatu zuten, Godzilla eta Gollum munstroen aurretik[19].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Doctor Who: The Daleks First Appearance - The Dead Planet. (Noiz kontsultatua: 2023-06-22).
  2. (Ingelesez) «Oxford English Dictionary» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-06-22).
  3. (Gaztelaniaz) «Davros» Doctor Who Wiki (Noiz kontsultatua: 2023-06-22).
  4. a b (SFM Doctor Who) Daleks Conquer and Destroy. (Noiz kontsultatua: 2023-06-22).
  5. a b (Ingelesez) Briggs, Asa. (1995-03-23). The History of Broadcasting in the United Kingdom: Volume V: Competition. OUP Oxford ISBN 978-0-19-215964-9. (Noiz kontsultatua: 2023-06-22).
  6. (Gaztelaniaz) «Dalekanium» Doctor Who Wiki (Noiz kontsultatua: 2023-06-22).
  7. Dicks, Terrance. (1974-12-20). Letters to the Editor – Inside a Dalek. The Times (UK), 13 or..
  8. Dalek - EXTERMINATE!. (Noiz kontsultatua: 2023-06-22).
  9. Daleks Invade Earth | Doomsday | Doctor Who. (Noiz kontsultatua: 2023-06-22).
  10. Howe, David J.; Stammers, Mark; Walker, Stephen James. (1992). Doctor Who: The Sixties. London: Virgin Publishing ISBN 0-86369-707-0..
  11. Howe, David J.; Walker, Stephen James. (2004). The Television Companion: The Unofficial and Unauthorised Guide to Doctor Who (2nd ed.). Tolworth, Surrey: Telos Publishing ISBN 1-903889-51-0..
  12. Howe, David J.. (1997). Doctor Who: A Book of Monsters. London: BBC Books ISBN 0-563-40562-7..
  13. (Ingelesez) Anderson, Zoe. (2013-11-22). «Dance and Doctor Who» Dancing Times (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
  14. Peel, John; Terry Nation. (1988). The Official Doctor Who & the Daleks Book. New York: St. Martin's Press ISBN 0-312-02264-6..
  15. Davies, Kevin (zuzendaria) (1993). More than 30 Years in the TARDIS London, UK: BBC Video
  16. (Ingelesez) «Dalekmania» Tardis (Noiz kontsultatua: 2023-06-22).
  17. I'm Gonna Spend My Christmas With A Dalek - The Go Go's. (Noiz kontsultatua: 2023-06-22).
  18. The Clash - Remote Control (lyrics). (Noiz kontsultatua: 2023-06-22).
  19. «Daleks named greatest monsters by sci-fi fans» www.telegraph.co.uk (Noiz kontsultatua: 2023-06-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]