Edukira joan

Donostiako Aste Nagusia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Donostiako Aste Nagusia
Donostiako Aste Nagusian su artifizialak dira jende gehien biltzen duen ekitaldia. Irudian, su artifizialak Kontxako badiaren gainean.
TokiaDonostia
Euskal Herria Gipuzkoa, Euskal Herria
AntolatzaileaDonostiako Udala
EsanahiaDonostiako udako jaiak
HasieraAbuztuaren 15eko aurreko larunbata
AmaieraAbuztuaren 15eko ondorengo larunbata
Data
Data1876
Webguneahttp://www.donostiakultura.com

Aste Nagusia, Gipuzkoako Donostia hiriburuko jaialdi nagusietako bat da, larunbatetik larunbatera astebete irauten duena barnean abuztuaren 15a (Jasokundea) hartzen duena. Egun horietan, hainbat ekitaldi ospatzen dira, hala nola su artifizialen nazioarteko lehiaketa, Alderdi Ederren eta Kontxa guztian ikusgai.

Beste ekitaldien artean daude Urrezko Kopa zaldi-lasterketak, erraldoi eta buruhandiak, kontzertuak, barrakak eta piratek antolatutako gunea portuan. Tradizionalki, hilaren 14an Koruko Andre Mariaren basilikan salbe zeremonia garrantzitsua ere bada.

1876an Hirugarren Karlistaldiaren ondoren Donostiak erakargarritasun turistikoa berreskuratzeko beharra zuen. 1879an Jose Arana eskoriatzarrak, jaialdia sortu eta Aste monumentala edo Aste Handia sortu zuen, 1879tik aurrera Aste Nagusia izendapena izan zuena[1]. Arana, loterian lortutako diruarekin, enpresaburu bihurtu zen eta hainbat janari-denda zituen. Zezenketen enpresaburu bihurtu zen halaber, Madrilen egon zenetik zezenketak oso gogoko baitzituen. Horretarako, Atotxa zezen plaza eraikiarazi zuen 1876an, geroago Atotxa futbol zelaia egongo zen tokian. Aste Nagusia izenarekin publizitate ugari egin zen eta berehalako oihartzuna izan; izan ere, afixak Euskal Herriko izkina guztietan itsatsi ziren, Iparraldean ere bai, eta baita ere Aragoi eta Errioxa mugakideetan[2].

Geroago, Donostiako Udalak bat egin zuen jaialdiarekin eta ekitaldi osagarriak antolatu zituen, hala nola musika, dantzak, su artifizialak eta abar. Pixkanaka, Donostiako Aste Nagusia gero eta garrantzitsuagoa bihurtu zen.

Ospakizun eta ekitaldiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ospakizun eta ekitaldi ugari antilatzen dira aste osoan zehar: ikuskizunak, desfileak, kontzertuak eta lehiaketak.

Su artifizialen lehiaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aste Nagusian ospatzen diren ospakizunen artean, nabarmenena, su artifizialen nazioarteko lehiaketa da. Donostiako su artifizialen tradizioa askoz lehenagokoa bada ere, lehiaketa 1964an ezarri zen ofizialki. Donostiako Udalak antolatzen du. Suak Alderdi Ederretik jaurtitzen dira, Kontxako hondartzaren ondoan, eta ikuskizun bisual bat sortzen dute, itsasoan eta badiako akustikan duten islagatik. Lehiaketak 8 egun irauten du, eta gauero 20 minutuko iraupena izaten du.

Herrialde Katalanak, Italia eta beste toki askotako enpresa piroteknikoak ia urtero etortzen dira Donostiara, Aste Nagusiko su artifizialen lehiaketan parte hartzera. Su artifizialak izaten dira herritar gehien biltzen dituen ekitaldia, adibidez 2025an 665.000 ikusle izan ziren guztira[3].

Zezensuzkoak Hernani kalean (2025)

Suen ondoren, berezko entzierro bat hasten da: sei zezensuzko irteten dira Miramar kaletik[4], argi eta bolboraz beteriko lasterketa batean. Egiturak beira-zuntzez eginak dira, eta bizkarraldean daramatzate suziri eta bestelako piroteknia gailuak. Mutil talde batek sorbaldetan eramaten ditu, zezenmutilen laguntzaz. Horrela zeharkatzen dituzte hiriko kaleak, karga piroteknikoak agortu arte.

Lehen zezensuzkoaren irteera suziri baten bidez iragartzen da, eta ondorengoak pixkanaka ateratzen dira. Azkena Boulevarrera iristen denean, bigarren suziri batek amaiera adierazten du, eta zezenak euren zezendegira itzultzen.

Erraldoi eta buruhandiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Donostiako erraldoien konpartsa Alde Zaharrean auzoan.

Donostiako erraldoi eta buruhandiek ibilbide bat egiten dute egunero, batez ere Alde Zahar, Antigua eta Zentro aldean, arratsalde partean. Musikariz lagundurik egiten dute ibilbidea jaigiroan.

Kontzertu eta bestelako ikuskizunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzertuak auzo askotan antolatzen badira ere, jendetsuenak Saguesen (Grosen) gauero egin ohi direnak dira.

Artikulu nagusia: «Abordatzera!»
Abordatzera!: Donostiako kaitik Kontxa hondartzara bidean, jai giroan.

Donostiako Piratak martxan ipini ziren 2003an, modu alternatiboan bestelako proposamenak helarazteko hiritarrei, batez ere gazte jendeari. Azken urteotan lortu dute Aste Nagusia piztea, gune berriak eskuratzea (Donostiako portuaren aldean "La Flamenka" txosnagunea. Eta ekitaldi nagusi moduan, piraten "Abordatzera!" egiten dute kaialdetik Kontxaraino, modu informalean egindako txalupen bidez.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Javier Sada. (2011-12-4). Un personaje singular. El Diario Vasco (kontsulta data: 2020-8-19).
  2. (Gaztelaniaz) Yolanda Montero. (2001-8-11). Los toros y el origen de Semana Grande. El País ISSN 1134-6582. (kontsulta data: 2020-8-19).
  3. Eneko Goia: "Aste Nagusi borobila izan dugu". Orain (EITB) 2025-8-17 (kontsulta data: 2025-8-18).
  4. Alba Zabala. (2026-8-16). Beldurra eta maitasuna bide beretik. Berria (kontsulta data: 2025-08-17).