Donostiako Piratak
Donostiako Piratak Donostiako Aste Nagusi ofizialaren kontrapuntu moduan 2003an sortutako herri mugimendua da, eta egun hiriko kultur eragilerik garrantzitsuenetako bat. Auzolanean antolatzen duten festaren bitartez balio batzuk transmititzen saiatzen dira. Boluntario lan egiten duten ekintzailez osatuta dago mugimendua, eta beren ekimen ikusgarriena Donostiaren abordatzea da, urtero, Aste Nagusiko astelehenean, «Dono$tia abordatu» lemapean.
Antolaketa eredu horizontala du mugimenduak eta kofradia eta lantaldeka antolatzen dira. Kofradia eta lantalde bakoitzak bere lan erritmoa daukan arren, urtean gutxienez bitan egiten dituzten Flamenkada irekietan hartzen dituzte mugimenduari dagozkion erabakirik garrantzitsuenak.
Donostiako Piraten sinboloa Ezkila kapitaina da, eta urtero kofradia bat arduratzen da bera eramateaz.
2013tik Matti pertsonaia sortu zuten, mugimenduko kideek omendu nahi duen eragile batek hartzen du eta bera arduratzen da txupinazoa botatzeaz.
Kofradiak sortu zirenetik, Flamenka guneaz eta Parte Zaharraz gain, jaia Donostiako hainbat auzotara ere eraman dute, hala nola, Amara Berrira, Antiguara, Grosera eta Intxaurrondora.
Balioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mugimendua sortu zutenean hiru balioren inguruan artikulatu zuten mugimendua: jai herrikoiak antolatzen zituzten, jai parte hartzaile, parekide eta euskaldunak.
Urteek aurrera egin hala, balioetan sakontzen joan da mugimendua. Auzolana, jasangarritasuna, autogestioa, feminismoa, irudimena, elkartasuna eta euskaltzaletasuna[Betiko hautsitako esteka], besteak beste.
Kofradiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Donostiako Piratak kofradia bidez antolatzen dira. Gutxiengo batzuk betez gero, edonork sor dezake kofradia bat. Gutxiengoa da 30 pertsona biltzea, mugimenduaren balioak bere egitea, erabakiak hartzen diren Ontziolara ordezkaritza bidaltzea eta Aste Nagusi Piratan egitarau propioa antolatzea. Kofradia bakoitza komunitate txiki bat da eta bere izaera du, balio edo arrazoi ezberdin bat erdigunean jarrita.
Egun bederatzi kofradia ari dira mugimenduan lanean.
- Aingura
- Eskifaia
- Eskandalosa
- Jaraneroak
- Kalepoza
- Pirata Bihurriak
- Sardiñerak
- Ubarroiak
- Traganarrua
- Xibaroak
Mugimenduaren historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Donostiako Aste Nagusia XIX. mende erdialdean jaio zen turismoa helburu zuela. Orduko Espainiako Errege Gorteak eraginda jaio zen udako jai hau. Erregeak, Gobernuko kideak, goiko aristokrazia eta antzeko pertsona pribilegiodunak etorri ohi ziren Donostiara euren oporraldia egitera. Planteamendu hau eraldatzeko helburua dute Piratek, kanpotarrentzat egindako jaiak abordatu eta herritar guztientzat izango diren jaiak konkistatzeko lan egiten dute.
Donostiako Piratak mugimenduak, sortu zen unetik bertatik instituzioekin tentsioan izan da. Odon Elorza hiriko alkate zen garaietan, baimenik gabe abiatu zuten abordatzearen ekimena. Lehen urteetan Alde Zaharrean antolatzen zituzten ekimenak eta abordatzea egiteko baimenik ez zuten.
2007tik aurrera, Parte Zaharreko Trinitate plazan kontzertuak egiten hasi ziren.
2010ean, Abordatzea programa ofizialean sartzearen ordainetan, Kaian gerora Flamenka izenez bataiatu zuten gunea eskuratu zuten.
2014ean publiko egin zuten kaia kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzarekin arazoak izan zituztela abordatzea antolatzeko eta gunean jaiak antolatzeko.
Abordatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2003an egin zuten lehen aldiz 20 ontzik, inongo baimenik gabe. Donostiako kaitik atera eta Kontxako hondartzara joan ziren jai giroan eta aldarrikapen artean. Hondartzan udaltzaingoa zain zutela eta identifikatzeko eskatuta, honi uko egin eta ontziak udaletxearen aurrera eraman zituzten jai herrikoiak antolatzeko Udalak jartzen zituen zailtasunak salatzeko.
Urtez urte indartzen joan zen ekimena izan zen eta 2008an 3.000 lagunetik gorak hartu zuten parte.
Egun, milaka lagun birziklatutako materialarekin egunean bertan eraikitako ontziekin.
Donostiako suhiltzaile eta urpekariekin elkarlanean lan egiten dute, eta segurtasuna bermatzeko egun horretan 200 bolondresetik gora aritzen dira lanean, gozieko 5:30etatik ilunabarrean dena jaso bitartean.
Ezkila kapitaina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Piraten buru Ezkila Kapitaina da. Pertsonai hau benetan existitu zen XVI. mendeko kortsario donostiar batean oinarritzen da: Pedro Agirre, "Campanario" ezizenez ezagunagoa.[1][2]
Txupineroak urtez urte
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2013az geroztik, txupina botatzen du mugimenduko kideek omendu nahi duten eragileren batek. Matti figura sortu zuten horretarako.
- 2013an Martuteneko auzo elkartea
- 2014an abortoaren aldeko mugimendua.
- 2015ean Irutxuloko Hitza.
- 2016an errefuxiatuak.
- 2017an Sara Majarenas presoa eta Izar alaba.
- 2018an Altsasuko preso gazteen gurasoak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Donostiako Piratak webgunea
- Donostiako Piraten argazki artxiboa Flickr-en.
- Donostiako Piraten Twitter kontua.
- Donostiako Piraten Facebook orria.
- Donostiako Piraten Youtube kanala.
- Donostiako piratak, altxorraren bila artikulua Berria egunkarian