Edmundo Langleykoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Edmundo Langleykoa
Edmund of Langley 2C Duke of York.jpg
governor of Brittany

Bizitza
Jaiotza Kings Langley1341eko ekainaren 5a
Heriotza Hertfordshire1402ko abuztuaren 1a (61 urte)
Familia
Aita Eduardo III.a Ingalaterrakoa
Ama Philippa of Hainault
Ezkontidea(k) Isabella of Castile, Duchess of York
Joan Holland
Seme-alabak
Anai-arrebak
Leinua Plantagenet
Jarduerak
Jarduerak politikaria
Zerbitzu militarra
Gatazka Ehun Urteko Gerra

Edmundo Langleykoa, Yorkeko I. dukea (Kings Langley, Hertfordshire, 1341eko ekainaren 5a - Kings Langley, Hertfordshire, 1402ko abuztuaren 1a) York etxearen sortzailea izan zen.

Ingalaterrako Eduardo III.aren eta Henaoko Feliparen 5. seme-alaba zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edmundo Langleykoa Hertfordshiren jaio zen, Ingalaterrako erdialdean dagoen konderrian, 1341eko ekainaren 5ean. Aita Eduardo III.a Ingalaterrakoa izan zuen eta ama, berriz, Philippa Hainaultekoa. Garaian egin ohi zen bezala, Edmundori jaioterriaren izena eman zioten ezizen, Kings Langley Palace.

Eduardo III.a Ingalaterrakoaren laugarren semea zen. 1385ean Yorkeko duke izendatu zuten eta York etxearen sortzailea izan zen, baina bere seme gazteena zen Richard Conisburghekoa Anne de Mortimerrekin ezkondu zenean ikusi zuten Ingalaterrako tronua erreklamatzeko aukera. Anne de Mortimer Anberesko Edmund Lionelen anaia zaharrenaren biloba zen, Clarenceko lehen dukea, alegia, Bi Arrosen Gerran. Egungo Lancaster etxea Edmunden anaia zaharrena zen Joanes Gantekoaren ondorengoek egin zuten.

Surreyko kontea zuen aitapontekoa eta, hau hil zenean, Trento iparraldeko lurrak jaso zituen, Yorkshire bereziki.

1399an, Rikardo II.a Irlandara gerra egitera joana zela, erregeordetza haren gain geratu zen. Henrike Lancasterkoa, gero Henrike IV.a izango zena, Ingalaterran sartu zelarik, erresistentzia antolatzen saiatu zen, baina laster harekin bat egin zuen.

Eduardo III.a Ingalaterrakoak semea Margarita Flandriakoarekin ezkontzen saiatu zen, Flandriako kondesa eta Brabante eta Limburgeko dukaten oinordekoa zena. Filipe I.a Borgoinakoaren alarguna zen eta Europako printzesa aberatsena zen. Frantziako erresumaren aurka borroka egin ahal izateko lagunak behar zituen Eduardo III.a Ingalaterrakoak, baina plana ez zitzaion ondo atera, ahaideak baitziren elkarren artean eta Urbano VI.a aitasantuak ez baitzien ezkontza burutu ahal izateko dispentsa eman.

Azkenean, Edmundo Hertfordeko gazteluan ezkondu zen 1372ko martxoaren 1ean. Emaztea Elisabet Gaztelakoa izango zuen, anaia Joanes Gantekoaren emaztea zen Konstantzaren ahizpa. Petri I.a Gaztelakoaren alabak ziren biak.

Bikoteak 3 seme-alaba izan zituen:

  • Eduardo Yorkekoa (1373-1415), bera izango zen aitaren ondorengo York etxean; Filipa Bohunekoarekin ezkondu zen eta Agincourteko guduan hilko zen.
  • Konstantza (1374-1416), Gloucesterko kondea zen Tomas Le Despencerrekin ezkonduko zena; alaba natural bat izan zuen Kenteko kondea eta Woodstockeko baroia zen Edmundo Hollandekin.
  • Richard (1376-1415); Cambridgeko kondea izango zen eta burua moztuta hil zen.

Hala ere, beti izan ziren zurrumurruak senar-emazteen inguruan eta azken seme hau Edmundorena ote zen ez zegoen garbi. Ez Edmundo Langleykoak, ezta anaia zaharrena zuen Eduardok ez zioten ezer utzi testamentuetan eta historialari batek baino gehiagok uste du John Hollanden semea zelako dela hori eta ez Edmundorena. Hala ere, Richarden semea izango zen Ricardo Plantagenetek jasoko zuen Yorkeko dukerriaren titulua. Hori gutxi balitz, Ricardo Plantagenet Yorkeko dukeak emango zion hasiera York eta Lancaster etxeen arteko dinastia-arazoari, Bi Arrosen Gerrari, alegia. Eta, horren ondorioz, Ricardo Plantageneten semeetako bik jasoko zuten Ingalaterrako koroa: Eduardo IV.a Ingalaterrakoak eta Rikardo III.a Ingalaterrakoak[1].

« ...Garbi dagoena Elisabet Gaztelakoaren bi bilobak Ingalaterrako errege izan zirela da. Beste kontu bat da Edmundo Langleykoaren bilobak ere ba ote ziren...[2]  »

1392ko azaroaren 23an, Elisabet Gaztelakoa hil egin zen eta, 1393ko azaroaren 24an, Edmundo Langleykoa berriro ezkondu zen, oraingoan, 13 urte besterik ez zituen Juana Hollandekin. Joana Edmundo Hollanden arreba zen, alaba Konstantzaren amorantea, alegia. Ezkontza honek ez zuen ondorengorik izan.

1402ko abuztuaren 1ean, Edmundo Langleykoa hil egin zen jaio zen toki berean, Hertfordshireko King's Langleyn. 61 urte zituen eta hantxe bertan eman zioten lur.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]