Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Ene laztan gozo ederra...

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ene laztan gozo ederra...
Ene laztan gozo ederra.jpg
Jatorria
Egilea ezezaguna
Argitaratze-data XVI. mendea
Aurkikuntza lekua Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa
Aurkikuntza data 2020
Ezaugarriak
Genero artistikoa olerkigintza
Hizkuntza euskara

Ene laztan gozo ederra... XVI. mendeko euskara arkaikoan idatzitako olerki bat da, 2020an Oñatiko Gipuzkoako Probintziaren Artxibo Historikoan aurkitua[1]. Testua bera idazketa proba moduko bat da, eta euskarazko esaldiak gaztelaniazko testu batek uzten dituen zirrikituen artean idatzita daude, orrialde baten ertzetan eta hitz artean[1]. Testua datatzea zaila bada ere, 1515 inguruan idatzi zela proposatu dute[2].

Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rosa Aierbe doktoreak aurkitu zuen eskuizkribua 2020an, hain zuzen ere, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan, Oñatin, ikerketa bat egiten ari zela, eta baita artxibategiko arduradunei jakinarazi ere. Hortik aurrera, eta Ramon Martin zuzendaria buru zutela, artxibategiko lantalde osoa murgildu zen agiriaren prestaketan eta azterketan, Iago Irijoa historialariaren laguntzarekin —berak egin zuen testuaren behin-behineko lehen transkripzioa—[1].

Izkribua erakusgai Koldo Mitxelena Kulturunean, 2020ko abenduan.

Publiko egin aurretik, Foru Aldundiak ikerlariekin kontaktatu eta aurkikuntza ebaluatu zuten hauek. Jose Valderrey argazkilariak definizio handiko irudiak egin zituen, eta Gordailua instituzioan digitalizazio gehigarriak egin zituzten euskarazko testua hobeto berezi eta irakurtzeko[3]. Aurkikuntza 2020ko Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, egin zen publiko, eta idazkia bera publikoan erakutsi zuten Koldo Mitxelena Liburutegian bi astez[1].

Oinarria eta datazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miguel Ibañez Insausti eskribauaren protokolo batean aurkitu zituen hitzok Aierbek; zehazki, 1503 eta 1522 bitarteko notario eskrituretan, eta uste da testuaren egilea Insaustirenean lan egin zuen eskribautzarako ikasle bat izan daitekeela. Azkoitiko notario-protokolo edo testamentu bat da azpiko erdarazko testua. Insausti eskribaua, Azkotiko alkate ere izan zen[4]. Euskarazko olerkia idatzi zuenak testu horrek zituen hutsuneak (goialdean, eta ezker eskuin) erabili zituen berea idazteko, baina erdarazko testuaren erditik ere pasatzen da beheko partea, lauki baten forma hartzen duelarik euskarazko testuak gainerakotik askatuz gero.

Euskarazko testua, jatorrizkoan digitalki nabarmendua.

Datari dagokionez, idazketa motak eta letra berarekin datatu eta idatzitako beste dokumentu askoren presentzia ikusita, 1508 eta 1521 artean idatzi zela ondorioztatu dute ikerlariek, behin-behinean[1].

Testuaren garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko testua, gainerakoa garbituta.

Testuak munta handia dauka, oro har, oraindik ere garai hartako euskal testuak oso urriak direlako[5]. Heldu zaizkigun gehienak mikrotestuak dira, gehienetan esaldi solteren baten edo kopla txiki baten tamaina gainditzen ez dutenak. Ugarixeagoak diren ezkontza fedeak kenduta, oso gutxi dira euskara arkaikoaren muga gainditzen duten testuak, 1600az aurretikoak alegia[6].

Oñatin agerturiko bi poesiak euskararen historia osoko (gutxieneko luzerako) hirugarren edo laugarren testu zaharrenak ditugu, 1416ko Matxin Zalbaren gutun elebidunaren eta beranduenik 1425ekoa izan daitekeen Pater Noster txikiaren atzetik, 1509ko Uitziko ezkontza fedearen garai bertsukoa. Testu nafarren atzetik, zaharrena, beraz, eta haiek baino luzeagoa. Historia urri horretan, lehendabiziko testu lirikoa ere badugu; izan ere, Nafarroako kondestablearen kanta jartzen da aurretikotzat, 1494an sortua izan baitaiteke, baina egiari zor, Moretek 1715ean transmitituriko koplatxo bat da[5].

Bestalde, erdialdeko euskararen aurrekariak ziratekeen Gipuzkoako hizkera zaharretan idatziriko testu bakanetakoa dugu. Zazpi testu esanguratsu genituen aurretik: alde batetik, ekialderagoko 1557ko Tolosako ezkontza fedea eta 1620ko Isastiren errefrauak, eta bestetik, Azkoitiko poemen eremutik gertuagokoak diren Debako seroraren gutuna (1596), Estibalitz Sasiolakoaren poemak (Lazarragaren eskuizkribuan gordeak), 1614ko Azkoitiko Sumario brebea, 1622ko Azpeitiko gutuneria eta Bretainiako kanta, 1489-1491. urteetan gertaturiko pasadizo historiko baten berri ematen duena (azken hori, 1491-1510 bitartean sor zitekeen,[7] baina 1590an hildako Diego Velez Idiakezek papereratutakoaren 1626ko kopia batean iritsi zaigu)[5]. Azkoitikoa bertakoa delako (eta zahartasunagatik) besterik ez bada, aipatzekoa da 1566ko Domingo Arangurenen ziri-bertsoa ere.

Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testuaren transkripzio paleografikoa honako hau da[8]:

«

Ene laztan gozo ederra penaz penaçen naçu
orreyn culez ninduçula / nola amora nençaçun ori escuan ezpata
çeure escuoz naraçu andicoz eta ebeticoz /
barçaçio diqueçut ezcutaria usatu eztet arma guiza erayten lecobidi guiçon gaztea /
Amore minez penaçen olloa lumaz estari ni amorez yçerdi ene barco negarre/tan çal/diac […]ue/ri leyara /
Niri […]uan / çatan ne/ure amo/rea le(o)/na […] ez/quero / oy […]adu/cat neu/re vioçean barruna
[…] bat/ean ni/joeala
Goyçean / goy/çic jaqui / ninçan / astean / egun / vatean / astean e/gun vatean / da astele/en goy/çean ne/ure laztan / velagay / au[…] çequidan / arrean / Neurc / nay ene/ban / vian, çe/onçan aldean / colpe andi/ac jo nen/guian Vio/ç onen e/erdian /
Eliçara va/niejoean / colpea(u) / arr neçane/an Velau/rico jarri ninçan, Alderean aurrean. Neure pecatuaz confesatu eguin e/ba[…] bequela, penetençia eman çidan, Vide nevan bequela.
Vitarteco ema[...] ni[...]gon...[oh 1]

»


Testuaren interpretazioari dagokionez, Ander Ros Cubasek eta Iago Irijoa Cortesek behin-behineko proposamen hau plazaratu dute[8]:

«

Ene laztan gozo ederra
penaz penaçen naçu

- Orreyn culez[oh 2] ninduçula
Nola amora nençaçun
ori escuan ezpata?

Çeure escuoz naraçu
andicoz eta ebeticoz

- Barcaçio diqueçut[oh 3] ezcutaria,
usatu eztet arma guiza erayten
lecobidi[9][oh 4] guiçon gaztea

Amore minez penaçen
olloa lumaz estari
ni amorez yçerdi
ene barco[oh 5] negarretan
çaldiac [ag]ueri leyara

- Niri [j]uan çatan neure amorea
leena [on]ezquero
oy [d]aducat neure vioçean barruna.

[Egun] bat/ean ni/joeala

Goyçean goyçic jagui ninçan, astean egun batean, astean egun batean, da asteleen goyçean neure laztan velagay au[si] çequidan arrean neurc nay eneban vian, çeonçan aldean colpe andiac jo nenguian, vioçonen erdian.

Elizara vanijoean, colpea[u] ar neçanean Velaurico jarri ninçan, alderean aurrean neure vecatuaz confesatu, eguin [n]eba[n] bequela penetençia eman çidan, vide nevan bequela.

Vitarteco em[en] ni[a]gon[oh 6]

»


Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Irakurtezina.
  2. Hapax bat, esanahia ere ezezaguna duena.
  3. 'emango dizut'
  4. 'salbu eta'. Ikus Lekobide.
  5. 'malko'
  6. 'nagon' (noka)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Gurrutxaga Uranga, Amagoia. «Duela 500 urteko maitasun hitzak» Berria Noiz kontsultatua: 2020-12-04.
  2. cc-by-sa-3.0 lizentziapean: Ros Cubas, Ander. «Ene laztan gozo ederra..., dokumentu testuinguruaren eta paleografiaren analisia» Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa Noiz kontsultatua: 2020-12-04.
  3. «'Ene laztan gozo ederra...', argazkiak» oinati.gipuzkoakultura.net Noiz kontsultatua: 2020-12-05.
  4. «Azkoitiko notario-protokoloan agertu dira euskaraz idatzitako eta gordetako maitasun olerki zaharrenak» azkoitia.eus Noiz kontsultatua: 2020-12-08.
  5. a b c cc-by-sa-3.0 lizentziapean: Ros Cubas, Ander. «Ene laztan gozo ederra... filologia azterketa» Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa Noiz kontsultatua: 2020-12-04.
  6. Lakarra, Joseba Andoni. «Euskararen historia eta filologia: arazo zahar, bide berri» ASJU Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" ISSN 0582-6152. Noiz kontsultatua: 2020-12-04.
  7. (Gaztelaniaz) Otazu, Alfonso. «El cantar de Bretaña: un poema inédito de fines del siglo XV en la lengua vasca» Fontes Linguae Vasconum, nº 19 (1975), pags. 43-70 Noiz kontsultatua: 2020-12-04.
  8. a b cc-by-sa-3.0 lizentziapean: Ros Cubas, Ander; Iago Irijoa Cortes; Ramon Martin Suquia. «Ene laztan gozo ederra... lehen transkripzioa eta interpretazioa» Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa Noiz kontsultatua: 2020-12-04.
  9. (Gaztelaniaz) Mitxelena, Koldo. (1986). "Contra Lekobide". ASJU, 291-313 or. ISBN e-ISSN: 2444-2992|ISSN: 0582-6152 | e-ISSN: 2444-2992..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]