Enpedokles (sumendia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Enpedokles
Empedocle
Datu orokorrak
Garaiera -8 m
Mota Itsaspeko sumendia
Geografia
Koordenatuak 37° 09′ 49″ N, 12° 43′ 07″ E / 37.16361111°N,12.71861111°E / 37.16361111; 12.71861111Koordenatuak: 37° 09′ 49″ N, 12° 43′ 07″ E / 37.16361111°N,12.71861111°E / 37.16361111; 12.71861111
Honen parte da Campi Flegrei Mar Sicilia Itzuli
Herrialdea Italia
Mendizaletasuna

Enpedokles (italieraz: Empedocle) Siziliaren hego-mendebaldean dagoen ur azpiko sumendia da. Mediterraneo itsasoan, 1831ko uztailean Siziliako hegoaldeko kostaldetik hogei bat miliara dagoen Enpedokles urpeko sumendiak eztanda egin zuen. Erupzioaren ondorioz 1,6 kilometro koadroko uhartetxoa sortu zen, barruan bi aintzira zituena[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen aipamenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1831koa ez zen sumendiak irla bat sortzen zuen lehen aldia; Enpedoklesen erupzioen aipamenik zaharrena Lehen Gerra Punikoaren garaikoa da, K.a. III. mendekoa. Baina fenomenoak ez zuen ordura arte 1831ko uda hartan piztutako interesik sortu[1].

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irlatxo berria uztailaren 12an ikusi zuten lehenengoz. Abuztuaren 2an, labari hozteko denborarik ia eman gabe, Humphrey Fleming Senhouse kapitain ingelesa Maltatik abiatu zen, lur zati berria konkistatzeko. Graham Island izena jarri zion irlari eta britainiar bandera ipini zuen sumendiak botatako material gogortuan. Abuztuaren 17an Bi Sizilietako errege Fernando II.aren ontzi bat iritsi zen uharte koxkorrera. Senhousek jarritako bandera kendu eta Bi Sizilietako erresumako armarri korapilatsua utzi zuten haren ordez. Izena ere aldatu zioten; Ferdinandea ipini zioten monarkaren omenez[1].

Hurbiltasun geografikoa kontuan hartuta behintzat, logikoa zirudien uhartea siziliarren eskutan uzteak, baina denek ez zuten berdin pentsatzen. Irailaren 29an frantziar espedizio zientifiko batek bere bandera ipini zuen eta hirugarren izena eman zion lur zatiari : Île Julia[1].

Europako potentziek lurralde zati txikienak ere metatzeko obsesioa muturrera eraman zuten, eta ia-ia nazioarteko gatazka piztu zuten irlatxoaren subiranotasuna medio. Baina laba solidotuak erraz higatzen ziren arroka porotsuak eratu zituen eta olatuen eraginez uhartea desegiten joan zen. Abenduaren 17rako irlaren arrastorik ez zen geratzen ur mailaren gainetik. Bost hilabetean hiru izen eta hiru jabe izan zituen lur zatitxoa urpean geratu zen[1].

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orduz geroztik Enpedoklesen beste erupziorik izan ez den arren, oraingoz behintzat AEBetako armadak izan du azken hitza aferan. 1986an AEBetako aireko indarrek Libia bonbardatu zuten El Dorado Canyon operazioan. Libiarako bidean, bonba hegazkinek itzal susmagarria detektatu zuten itsasoan, eta etsaien itsaspekoa zelakoan, bonbardatu egin zuten.[2] Airetik ikusten zena Graham, Ferdinandea eta Julia izandakoaren arrastoa besterik ez zen[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]