Enterobirus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Enterobirus
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaOrthornavirae
FilumaPisuviricota
KlaseaPisoniviricetes
OrdenaPicornavirales
FamiliaPicornaviridae
Generoa Enterovirus
[[|]]

Enterobirusak (grezieratik: ἔντερον, "hestea") Pikornabirus familiako genero bat da. Birus hauek giza patogenoak dira eta gorputzeko hainbat ataletan (ez soilik hesteetan) infekzioak sortzen dituzte. Gehienak azido-erresistenteak dira, eta horregatik urdaileko pH azidoak ez ditu deuseztatzen.

Duela gutxi arte lau taldetan sailkatzen ziren: poliobirusak, A Coxsackie birusak, B Coxsackie birusak eta ekobirusak. Gaur egun, aldiz, identifikatzen diren enterobirus berriak ondoz ondoko zenbaki sistema batekin izendatzen dira: EV68, EV69, EV70... [1]

Infekzioa sortzen dutenean, enterobirusek kutsatutako pertsona baten arnas-jariaketan (listuan, sudur-mukietan...) eta gorozkietan daude. Hortik beste pertsona bat infekta dezakete, bigarren horrek jariakin horiekin kontaktua egiten badu. Birusen transmisio bideak, beraz, gorozki-ahoa eta arnas bidea dira [2].

Enterobirus guztiek harizpi bakarreko RNA dute, polaritate positibokoa. RNA horrek 7500 base ditu, eta mutazio asko pairatzen ditu, errekonbinazio tasa handia duelako.

Poliobirusek tropismo murriztua dute, eta zelula batzuetako errezeptoreak besterik ez dituzte ezagutzen (hezur-muinekoak, neurona batzuetakoak, muskulu eskeletikokoak...). Coxsackie birusek eta Ekobirusek ezagutzen dituzten errezeptoreak zelula eta ehun mota askotan daude, horregatik gaixotasun mota gehiago eragin dezakete [3].

Umeak dira sentikorrenak enterobirusek sortutako infekzioak harrapatzeko. Ugariak dira infekzio horiek eragiten dituzten gaitzak: arnas-aparatuko infekzio arinak, aho-esku-oin gaixotasuna, meningitisa, miokarditisa, konjuntibitis hemorragikoa, poliomielitisa, entzefalitisa....Infekzio asko ere asintomatikoak dira [4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Oberste MS, Maher K, Kilpatrick DR, Pallansch MA (1999ko martxoa) Molecular Evolution of the Human Enteroviruses: Correlation of Serotype with VP1 Sequence and Application to Picornavirus Classification Journal of Virology. 73 (3): 1941–8
  2. Basaras, Miren eta Umaran, Adelaida: Mikrobiologia Medikoa EHUak argitaratuta (2007) 478 orr. ISBN: 84-8373-658-6
  3. Basaras, Miren eta Umaran, Adelaida: Mikrobiologia Medikoa EHUak argitaratuta (2007) 478-479 orr. ISBN: 84-8373-658-6
  4. Tesini, Brenda L. Introducción a las infecciones por enterovirus Manual MSD

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]