Edukira joan

Erregeren adbokatu bidezko eta nobleari

Wikipedia, Entziklopedia askea

Erregueren aduocatu videzco eta nobleari virthute eta hon guciez complituyari...

Hitz horiekin hasten da Linguae vasconum primitiae, Bernart Etxeparek, Eiheralarreko erretoreak, 1545ean Bordelen inprimatzera eraman eta euskaraz inprimaturik ezagutzen den testurik zaharrena. LVP liburuko eskaintza edo sarrera bezala izendatu ohi da.

Pasarte hau da, liburu osoan, prosan dagoen testu bakarra.

Linguae vasconum primitiae Hasierako eskaintza
Facsimile Transkripzioa (Komak gehitu ditugu, hitz batzuk berezitu...)
ERregueren aduocatu videzco eta noblea-
ri, virthute eta hon guciez complituyari
bere iaun eta iabe Bernard Leheteri, ber-
nard echeparecoac, haren cerbitzari chi
piac, gogo honez goraynci, baque eta os-
sagarri. Ceren bascoac baitira abil, animos eta gentil,
eta hetan içan baita, eta baita, scienzia gucietan lettratu
handiric, miraz nago, iauna, nola batere ezten asayatu
bere lengoage propriaren fauoretan heuscaraz cerbait
obra eguitera eta scributan imeitera, ceren ladin publi-
ca mundu gucietara berce lengoagiac beçala hayn scri
batzeco hon dela. Eta causa honegatic guelditzen da a-
bataturic, ezeyn reputacione vague, eta berce nacione
oroc vste dute ezin deus ere scriba daiteyela lengoage
hartan, nola berce oroc baitute scribatzen beryan. Eta
zeren oray çuc, iauna, noble eta naturazcoac beçala, bay
tuçu estimatzen, goratzen eta ohoratzen heuscara, çu-
ri, neure iaun eta iabia beçala, igorten darauritzut heu-
scarazco copla batzu ene ignoranciaren araura eguin
ac. Ceren, iauna, hayec iqhussiric eta corregituric pla-
zer duçun beçala, irudi baçautzu, imprimi erazi diça-
çun eta çure escutic oroc dugun ioya ederra. Impri-
mituric heuscara, orano içan eztena, eta çure hatse ho-
netic dadin aitzinerat augmenta, continua eta publica
mundu gucietara eta bascoec, bercec beçala, duten be-
re lengoagian scribuz cerbait doctrina, eta plazer har-
ceco, solaz eguiteco, cantatzeco eta denbora igaraiteco
materia, eta ginen direnec guero duten causa oboro ha-
ren abançatzeco eta obligatu guiren guciac geyncoari
Hurrengo orrialdea
Facsimile Transkripzioa
othoyz eguitera, dizum mundu honeten prosperoqui
vicia eta bercian parabiçuya, Amen.

Jendarteratzeko bertsioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Patxi Salaberri Muñoak, Linguae vasconum primitiae testua jendarteratzeko Booktegin bertsio egokitu pare bat eskaini zuen, 2008an.[1]

Linguae Vasconum Primitiae liburuaren hasierako eskaintza XXI. mendeko doinuarekin, Imanol Epeldek 2016an abestua.
Erregueren aduocatu videzco eta nobleari...

(gaur egungo grafiara ekarria)

Erregeren adbokatu bidezko eta nobleari, birthute eta hon guziez konplituiari bere iaun eta iabe Bernard Leheteri bernard exeparekoak, haren zerbitzari xipiak, gogo honez goraintzi bake eta osagarri.

Zeren baskoak baitira abil, animos eta jentil, eta hetan izan baita eta baita zientzia guzietan letratu handirik, miraz nago, jauna, nola batere ezten asaiatu bere lengoaje propriaren faboretan heuskaraz zerbait obra egitera eta eskributan imeitera, zeren ladin publika mundu guzietara bertze lengoajiak bezala hain eskribatzeko hon dela. Eta kausa honegatik gelditzen da abataturik, ezein reputazione bage; eta bertze nazione orok uste dute ezin deusere eskriba daiteiela lengoaje hartan nola bertze orok baitute eskribatzen berian.

Eta zeren orai zuk, jauna, noble eta naturazkoak bezala baituzu estimatzen, goratzen eta ohoratzen heuskara, zuri, neure jaun eta jabia bezala, igorten darauritzut heuskarazko kopla batzu ene ignorantziaren araura eginak. Zeren, jauna, haiek ikhusirik eta korregiturik plazer duzun bezala, irudi bazautzu inprimi erazi ditzazun eta zure eskutik orok dugun joia ederra, inprimiturik heuskara, orano izan eztena; eta zure hatse honetik dadin aitzinerat augmenta, kontinua eta publika mundu guzietara; eta baskoek bertzek bezala duten bere lengoajian, eskribuz, zerbait doktrina eta plazer hartzeko, solas egiteko, kantatzeko eta denbora igaraiteko materia; eta jinen direnek gero duten kausa oboro haren abantzatzeko, eta obligatu giren guziak Jeinkoari othoiz egitera, dizun mundu honetan prosperoki bizia eta bertzian parabizuia. Amen

Erregeren adbokatu bidezko eta nobleari...
(gaur egungo euskara estandarrera ekarria)

Erregeren abokatu zuzen eta nobleari,
bertute eta ontasun guztiez jantziari,
bere jaun eta jabe Bernard Leheteri
Bernard Etxeparekoak, haren zerbitzari txipiak,
gogo onez goraintziak, bakea eta osasuna!

Euskaldunak jende trebe, kementsu eta jentilak direnez, eta haien artean betidanik izan denez eta badenez zientzia guztietan letratu handirik, harriturik nago, jauna, nola ez den bat bera ere ahalegindu bere hizkuntza propioaren mesedetan obraren bat euskaraz egiten eta idazten, mundu guztian nabarmen gera zedin beste hizkuntzak bezain egokia dela idatziz erabiltzeko. Eta arrazoi honengatik gelditzen da euskara abaildurik, inolako ohorerik gabe. Eta beste nazio guztiek uste dute hizkuntza honetan ezin deus ere idatzi daitekeela, gainerako guztiek berean idazten duten eran.

Eta orain zuk, jauna, noble eta naturazkoak bezala, euskara estimatzen, goratzen eta ohoratzen duzunez gero, zuri, neure jaun eta jabe bezala, bidaltzen dizkizut euskarazko bertso batzuk, ene ezjakintasunaren arabera onduak; hain zuzen ere, jauna, haiek ikusirik eta zuzendurik nahi duzun bezala, ondo baderitzozu, inprimarazi ditzazun, eta zure eskutik izan dezagun guztiok harribitxi ederra, hots, euskara, orain arte ez bezala, behingoz inprimatua; eta zure hasiera honetatik aurrera areagotu, jarraitu eta argira atera dadin mundu guztian; eta besteek bezala, euskaldunek ere izan dezaten bere hizkuntzan idatzirik dotrinaren bat eta plazer hartzeko, solas egiteko, kantatzeko eta denbora iragateko materia; eta geroago etortzen direnek arrazoi gehiago izan dezaten huraxe hobetzeko; eta beharturik gera gaitezen guztiok Jainkoari otoitz egitera, eman diezazkizun mundu honetan oparoa bizitza eta bestean paradisua. Hala bedi.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Linguae vasconum primitiae / Euskaldunon hizkuntzaren hasikinak (Patxi Salaberri Muñoak testua jendarteratzeko paratutako bertsioa)» Booktegi (Noiz kontsultatua: 2022-08-10).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskara
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Linguae vasconum primitiae