Inprimatze

Inprimatzea da marka edo aztarna bat zerbaiten gainean uztearen ekintza eta efektua. Inprimaketaren euskarria papera izan ohi da, baina beste material batzuk ere inprima daitezke, hala nola plastikoak, ehunak (serigrafia) eta abar. Inprimatzea da paper, pergamino eta abarren gainean idazki baten, marrazki baten eta abarren tintazko marka erreproduzitzearen artea, xafla metaliko edo konposatu baten gainean grabatua, metalezko edo zurezko piezak elkartuta, pieza bakoitzak letra bat, irudi bat eta abar grabatuta dituela. Euskaltzaindiaren hiztegiak honela definitzen du: «paperean edo kideko gairen batean testu edo irudi baten aldakiak egin, hartarako makina edo tresnen bidez».[1]
Historian zehar inprimatze sistema ugari garatu izan dira. Batzuk, serigrafia edo litografia, adibidez, teknikaren bilakaerara egokitzen joan dira, eta oraindik ere irauten dute; beste batzuk, berriz, asko erabilitako xilografiak, adibidez, indarra galdu du, eta gaur egun artelanak erreproduzitzeko baino ez da erabiltzen. Inprimaketa digitala agertu arte, metodo guztiek ezaugarri bat izan dute: matrize negatibo bat erabiltzea, behin tintaz bustita, paperean transferitzeko aukera ematen zuena. Inprimatze teknikak azkar garatu ziren, eta behar berriak asetzen zituzten edo aukera tekniko berriei erantzuten zieten prozedura berriak agertu ziren. Akuafortea, litografia, fotograbatua (argazkian oinarrituta) edo offseta nabarmendu behar dira. Xerografiaren eta tintazko inprimagailuen teknika modernoek lotura estua dute inprimatu beharreko datuen tratamendu informatikoarekin, inprimatzeko makinara zuzenean bidaliak. Horren karietara, ordenagailuz lagundutako argitalpen software espezifikoa sortu da, autoedizio izenaz ezagutzen dena.[2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinan, VII. mendetik aurrera, inprimatzeko teknologia zaharrenetan molde finkoak erabiltzen zituzten, eta askoz lehenago zurezko letra moldeak (xilografia), haiekin estanpa nahiz liburu ikusgarriak inprimatzen baitziren, oso tirada laburrekin. XV. mendean, letra molde mugikorrak eta inprimatzeko makinak agertu ziren. Halakoei esker, lan idatziak argitaratzea asko erraztu eta merkatu zen. Ondorengo garapen teknologikoa beti joan izan da eskulanaren beharra murriztera eta ekoizpen kostuak murriztera.
Zurezko blokeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Testua edo irudiak inprimatzeko zurezko blokeak antzinatean erabiltzen hasi ziren Txinan; gerora, Ekialdeko Asia osora zabaldu zen teknika hori. Lehenik, ehunen gainean inprimatzeko teknika bat izan zen, eta, geroago, paperaren gainean ere. Txinan gordetzen dira ehunetan inprimatutako alerik zaharrenak, 220. urtearen aurrekoak, eta Egipton IV. mendekoak.[3]
Ekialdeko Asia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]593. urte inguruan inprimatze prentsa asmatu zelarik, lehen egunkaria kaleratu zen Pekinen 713an, zurezko blokeekin inprimatua. Gordetzen den inprimatutako libururik zaharrena Txinan inprimatu zen, 868. urte inguruan, zurezko blokeen teknika erabiliz, bai testuan, bai ilustrazioetan ere, Diamantezko sutra testu budistaren txinerazko itzulpena.[4]
Ekialde Hurbila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zurezko blokez egindako ehunen gaineko inprimaketa Egipton agertu zen IV. mendean; ez dago ziurtatzerik txinatarren teknikak ikasi ote zituzten edo modu independentean garatu ote zen. Arabierazko testu blokeen inprimaketa Egipton garatu zen IX. eta X. mendeetan; ez dago argi blokeak zurez edo beste material batez eginak ote ziren.[5] Badirudi teknika erabiltzeari utzi ziotela Txinatik letra molde mugikorrak sartu zirenean.[6]
Europa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Blokeen bitartez inprimatzeko teknika musulmanen eskutik iritsi zen Europara; 1300ean, ehunetan inprimatzeko ohiko metodoa zen, batez ere gai erlijiosoak inprimatzeko. Papera eskueran izatea aiseago izan zenean, 1400 inguruan, irudi erlijiosoekin eta joko kartekin estanpak egiten hasi ziren eskala handian.[7]

XV. mendearen erdialdera, liburuak zurezko blokeekin inprimatzea, bloke berean grabatutako testu eta irudiekin, aukera merkeagoa bihurtu zen, eskuizkribuen eta tipo mugikorrez inprimatutako liburuen aldean. Inpresio mota hau, ilustrazio ugariko eta tirada handiko lan laburretan aplikatu zen, garaiko supersalmentak eta bertsio ezberdin askorekin; adibide izan ziren Ars Moriendi[8][oh 1] eta Biblia Pauperum[9][oh 2] liburuxkak. 1440 eta 1460 artean, oraindik bada eztabaida bat adituen artean, ea tipo mugikorrak lehenago edo geroago hedatu ote ziren.[10]
Tipo mugikorren inprimatzeko makina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Letra molde edo tipo mugikorrak inprimatze eta tipografia sistema bat dira, erabiltzen dituzten pieza mugikorrak dira.[11] Teknika horri esker, testu edo irudi baten erreprodukzioa errazagoa eta malguagoa izan zen, eskuzko kopia edo blokeen bidezko inprimaketarekin alderatuta.
1040 inguruan, Bi Shengek (txinera tradizionalez: 畢昇) buztinez egindako tipo mugikorren lehen sistema ezaguna sortu zuen Txinan, nahiz oso hauskorrak ziren. 1298 inguruan, Wang Zhenek (txinera tradizionalez: 王禎; pinyinez: Wáng Zhēn) zurez egindako tipo iraunkorragoak erabili zituen, baina garai hartan metodorik erabiliena zurezko blokeena zen.[12]
Gutenbergen inprimatzeko makina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1450 aldera, Johannes Gutenberg urregileak bere inprimatze sistema aurkeztu zuen, tipo mugikorrekin eraikia, Europan modu independentean egindako asmakuntza.[13] Gutenbergek berun, eztainu eta antimoniozko aleazio batez egin zituen lehenengo tipoak, gaur egun ere erabiltzen diren osagai berak.[14]
Gutenberg 1436. urte inguruan hasi zen inprimatzeko makinarekin lanean, Andreas Dritzehen[oh 3] eta Andreas Heilmann paper fabrikatzailearekin elkartu zenean.[16] 1439an, Gutenbergen aurkako lege eskaera baten ondorioz, erregistro ofizial bat sortu zen; dokumentu horretan, inprimatzeko makinari buruzko xehetasunak agertzen dira, metalen inbentario batekin (beruna barne) eta tipo motak azalduta.[16]
Zurezko blokeekin egindako inprimaketaren aldean, inprimatzeko makinaren sistema mugikorrari esker orria azkarrago egokitu zitekeen eta denbora gehiago irauten zuen. Metalezko tipo edo moldeek denbora gehiago irauten zuten eta letrak askoz uniformeagoak ziren: horrek zabalduko zien bidea letra tipoei eta, orobat, tipografiari.[17] Gutenbergek argitaratutako Biblia (1455) bertsioaren kalitate handiak eta prezio apalak argi nabarmendu zuen inprimatzeko makina mugikorren nagusitasuna; aise uler daitekeenez, berehala hedatu ziren Europa osora lehenik, Pizkundearen faktore garatzaile gisa, mundu osora geroago. Ipar Amerikan, lehen inprimatze kania Cambrigden ezarri zen, 1639an.[18] Gaur egun, inprimatzeko makina mugikorren sistema guztiak, azken batean, Gutenbergen hastapeneko makinatik datoz; hura izan baitzen, ziurrenik, bigarren milurtekoko asmakizunik garrantzitsuena.[oh 4]
Gutenberg ondorengo bilakaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gutenbergen asmakizunetik XIX. mendera arte, inprimatze teknologiak berrikuntza apalak izan zituen, eraginkortasuna eta eragimena hobetzera bideratuak. Letra tipoak egiteko aleazioa berdina zen. XVIII. mendearen amaieran, Charles Stanhope (1753-1816) britainiar zientzialariak lehen inprimategi guztiz metalikoa eraiki zuen, aurrez Christophe Plantin frantses editoreak egindakoa nabarmenki hobetu zuena.[20] Inprimatzeko behar zen indarra % 90 murrizteaz gain, inprima zitekeen azalera bikoizteko aukera ematen zuen,[21] eta 480 orrialdera arteko ekoizpena aurrekoaren bikoitza zen.[22]
Prentsa birakari edo errotatiba 1847an eraiki zuen lehenengoz Richard March Hoe (1812-1886) estatubatuar asmatzaileak. Inprimatzeko makina horretan, inprimatzekoak diren irudiak eta testuak zilindro birakari baten inguruan ipintzen dira, biratzekoan paperaren gainean kontaktua egiten duelarik. Lehenengo makina orduko 12.000 inpresio egiteko gai zen. Danbor birakariaren sistema nabarmenki hobetu zuen geroago William Bullock (1813-1867) asmatzaileak. Inprimaketa substratu ugaritan egin daiteke, papera, kartoia eta plastikoa, orriak banan bana elikatuta edo haril jarraitu baten bidez. Inprimatzeaz gain, Errotatibak aldi berean substratua bera alda dezake zuloak, gaininprimaketa bernizadura edo erliebea eraginez. XIX. eta XX. mendean egunkari handiek denbora laburrean tirada gero eta luzeagoak ekoizteko beharren arabera, errotatibak azkar garatu ziren, urtez urte hobekuntzak eginez.[23]

Inprimaketa guztiz irauli zen 1880ko hamarkadan, Ottmar Mergenthaler (1854-1899) asmatzaile alemanak linotipoa eraiki zuenean. Inprimatzeko makina honek hobekuntza handia ekarri zuen testu bat osatzeko behar den denboran, letra tipo mugikorren eskuzko manipulazioaren ordez testu lerro bakoitza[oh 5] teklatu baten bidez eratzeko aukera ematen baitzuen. Teklatuaren bidez testu bat idazten zenean, lerroaren matrize bat sortzen zen, berunezko eta eztainuzko aleazio urtua jasotzen zuena, lerro bakoitzeko pieza bakarra osatuz. Bloke hori erabiltzen zen, beste manipulaziorik gabe, benetako inprimaketa egiteko. Hala, Monotype Corporation etxeak bere tipo propioak sortu zituen urteetan zehar, letra tipo historikoetan inspirazioa hartuta, horietako gehienak egile eskubideen bidez babestuta baitaude oraindik. Makina honek inprenta tradizionalak ordeztu zituen eta liburuen inprimaketaren nahiz idatzizko prentsaren alorrean 1900etik 1970era arte nagusi izan zen zalantzarik gabe.[24]
1940ko hamarkadan, lerro moldeen ordezko bat asmatu zen: xafla bat zen, testu bat nahiz irudi bat erreproduzitzeko erabil zitekeena. Tinta nahi ziren posizioetan finkatzen zen karga elektrostatiko baten bidez; horregatik esaten zaio xafla elektrografiko. Geroago, karga elektrostatikoaren ordez laser bat erabiltzen hasi zen. Xerox konpainiak lehenengoz erabili zuenez, «xerografia» izeneko teknika oinarri bat izan zen lehen fotokopiagailuak sortzeko, gaur egungo laser inprimagailuen aurrekariak, eta argazki motako offset plakak diseinatzeko bidea ireki zuen.[25]

1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970eko hamarkadaren hasieran, fotokonposizio metodoak agertu ziren. Ispilu sistema bat zegoen, karaktereak moztuta zituena eta txantiloi gisa balio zuena, argiak gainazal hunkibera batean eragin zezan, eta argazki paper arrunta bezala errebelatu eta finkatzen zena. Horrela osaturiko testuak euskarri batean muntatu ziren, orriaren diseinua eskuz eginik. Orrialdearen muntaketa amaitutakoan, multzoarekin klixe bat egiten zen, inprimatzeko erabiliko zen plaka sortzeko. Fotokonposizioak eta offsetak ia hogei urte iraungo zuten, baina laserrak erabiltzen hasi zirenean filma zuzenean hunkitzen hasi ziren, ispilu sistemaren beharrik gabe. Geroztik, inprimatzea ez zen karaktereak paper gainean sakatuz egiten, baizik tinta offset plakan finkatuta zegoen paperak xurgatzen zuen.
XX. mendean inprimatze arloan sortutako iraultza ordenagailu pertsonalak ekarri zuen, bereziki Apple etxearen Macintosh agertu zenean, 1980ko hamarkadaren hasieran. Autoedizioa demokratizatu egin zen, ordura arte konputagailu nagusietara eta miniordenagailuetara.[oh 6] Ordenagailu pertsonalei esker, inprimatze lanetan zerikusia zuten zeregin guztiak lanpostu bakar batetik egin ahal ziren: irudi digitalak sortu edo editatu, irudi bektorialak eratu, testua idatzi eta abar software espezifiko batzuen bidez egin zitekeen, testua eta irudiak konbinatzeko aukera ematen zuena. Ordurako, eragiketa horiek guztiak egin zitezkeen sistema dedikatu handietan, baina kostu askoz ere handiagoz. Macintoshek, bereziki, inpresioaren lanbidea mundu guztiaren eskura jartzen lagundu zuen.[26]
Konposizioaren bilakaerarekin batera, arte grafikoetako zeregin guztietan aldaketa sakonak gertatzen hasi ziren. Hala, konposizioaren, argazki tratamenduaren eta orriaren diseinuaren zeregin tradizionalei zenbait gailu gehitu zitzaizkion, hala nola filmagailuak edo CTFak («Computer To Film»), ordenagailutik zuzenean inprimatu ahal izateko film bat eta kolore bakoitzeko klixea bana sortzeko (lau, kuatrikomiaren kasuan), gero horien bitartez transferentzia optikoko plakak ekoizteko. Hobekuntza horrek orriak eskuz diseinatzeko eta muntatzeko beharra ezabatu zuen. Hala ere, transferentzia optikoak definizioa galtzen zuen, eta zaila zen alboratzea hauts aleak edo bestelako zikinak itsastea plakan.[27]
Hurrengo bilakaera CTP («Computer To Plate») edo xafla grabagailua izan zen. Prozesuan ez da tarteko filmik behar, inprimaketa xafla zuzenean sortzen da, oro har, aluminiozkoa, eta, batzuetan, poliesterrezkoa. Plantxa sortu ondoren, operadoreak zuzenean prentsa makinan jar dezake.[28]
Offset makina konbentzionalaren azken bilakaera izan da CTP prentsan txertatzea, «Direct Imaging» deitzen den prozeduran. Jada ez da bitarteko eragiketarik orrien konposizioaren eta prentsaren artean, grabatua prentsaren offset xaflen zilindroaren gainean egiten da zuzenean. Abantaila da denbora aurreztea eta ekoizpen gastuak merkatzea.[29]
Fotokopiagailuen teknologian oinarrituta, jarduera sektore berri bat agertu da, inprimatze digitala. Ohiko sistema guztien ordez, irudiak transferitzeko sistemak erabiltzen dira, tirada berehalakoak eta jatorrizko dokumentuarekiko leialtasunik batere galdu gabe. Kostua sistemena tradizionaletan baino dezente handiagoa da, eta, horren ondorioz, oraingoz, halako sistemak tirada laburrak egiteko erabiltzen dira, hala nola autoediziorako, doktore tesietarako edo eskaripeko liburuak inprimatzeko. Datu baseekin lotuta, inprimaketa digitaleko sistemek aukera ematen dute testua eta irudiak denboran zehar aldagarriak dituzten dokumentuak ekoizteko. Horren adibide dira urtekari estatistikoak, ordutegiak eta tarifak, katalogoak, eta abar.[30]
Inprimatze teknikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Matrizearen irudiaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erliebeko inprimatzea: inprimatu beharreko irudia erliebean grabatzen da matrizean, erliebeari ematen zaio tinta eta paperarekin kontaktuan jartzen da kopia egiteko. Adibideak dira xilografia, tipografia edo flexografia.
- Hutsean inprimatzea: inprimatu beharreko irudia matrizearen gainean grabatzen da, tinta jasoko duten zatiak hustuz, horrela kopia sortzeko. Adibideak dira kedarrezko grabatua (mezzotint), kalkografia (akuaforte, akuatinta) edo errotograbatua.
- Inprimaketa laua: matrizea ez da grabatzen, tintaztatuko diren zatiak zenbait teknikaren arabera zehaztuko dira, hala nola:
- Uraren eta gantzen arteko aldarapenagatik: litografia eta offset konbentzionala.
- Txantiloi bidez: serigrafia.
- Beste teknika batzuk: tintazko inprimagailua, laser inprimagailua edo inprimagailu termikoa.
Matrizearen materialaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Material ugari erabiltzen da: zura (xilografia), metalak (kalkografia), harria (litografia), zetazko, plastikozko edo nylonezko pantailak (serigrafia), linoleoa, kartoia, azetatoa, polibiniloa eta abar.
Matrizearen grabatuaren arabera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Inprimaketa zuzena: matrizearen grabaketa tresna batzuen bidez egiten da, hala nola, gubila edo ganibetak, gainazaletik materialaren zati bat kenduta. Adibide dira xilografia eta punta lehorra.
- Zeharkako inprimaketa: matrizearen grabatua metalezko xafla bat (zink, kobre eta abar), azido batek (normalean nitrikoak) gainazalean duen eragin korrosiboaren bidez egiten da; ukitu gabe egon behar duten zatiak bernizekin, azukrearekin, erretxinekin eta abarrekin babesten dira. Teknika horren adibide dira akuafortea eta akuatinta.
Inprimatzearen hastapenak Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arnaut Gilen Brocario[31] izan zen, XV, mendearen amaieran, lehen inprimatzeko makina bat ezarri zuena Euskal Herrian, Iruñean. Bertan argitaratu zituen, 1489-1501 bitarte, hogeita bederatzi liburu, gehienak gai erlijiosoak, nahiz liburu batzuen alerik ez den gorde.[32] agaramontarren eta beaumontarren arteko gerra hasi zenean, 1503an, Logroñora joan zen eta geroago, 1510 inguruan, Alcalá de Henaresera, bertan jarraitu zuen inprimatze lanetan.[32]
Miguel Egia Brocarioren suhiak jarraitu zuen langintza, bere jaioterri Lizarran ezarri baitzuen inprimatzeko lantegi bat 1546an.[33] Liburu asko argitaratu ez bazuen ere, lan zaindu eta dotoreak egiten zituen, bai letra moldeei dagokienez, bai ilustrazioei dagokienez, bai paperaren kalitateari dagokionez.[34] Haren lantegiari jarraitu zion Adrian Anbereskoak, 1567ra arte. Nafarroako Erresumako inprimatzaile ofizial izatera iritsi zen.[35]
Matias Mares izan zen Bizkaiko lehen inprimatzeko makina ezarri zuena, Bilbon, 1578an.[36]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Giristinoen gomendioak ontsa hiltzeko.
- ↑ Pobreen Biblia.
- ↑ Harribitxien leunketan aditua zen.[15]
- ↑ 1997an, Life aldizkariak Gutenbergen asmakizuna aukeratu zuen, bigarren milurtekoko asmakizunik garrantzitsuena bezala. 1999an, A&Eren Sareak «Milurteko Gizona» izendatu zuen Johannes Gutenberg.[19]
- ↑ Linea edo lerroa, hortik izena
- ↑ «Mini» aurrizkiak bestela iradoki dezakeen arren, gaur egungo zerbitzariak dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. «Bilaketa > inprimatu» Euskaltzaindiaren Hiztegia (www.euskaltzaindia.eus) (Noiz kontsultatua: 2025-03-15).
- ↑ (Frantsesez) Petit, Jean-Luc. (2013). Auto-édition, autopublication : faire soi-meme, être auteur-éditeur. Jean-Luc Petit Éditeur OCLC .1506832704.
- ↑ Suarez & Woudhuysen 2013, 574-576. orr. .
- ↑ (Ingelesez) McDermott, Joseph P.. (2006-04-01). A Social History of the Chinese Book: Books and Literati Culture in Late Imperial China. Hong Kong: Hong Kong University Press ISBN 978-9622097810. OCLC .667292729 (Noiz kontsultatua: 2025-03-15).
- ↑ (Ingelesez) Roper, Geoffrey. (2008-05-20). «Muslim Printing Before Gutenberg» Muslim Heritage (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).
- ↑ (Ingelesez) Bulliet, Richard W.. (1987-07). «Medieval Arabic Ṭarsh: A Forgotten Chapter in the History of Printing» Journal of the American Oriental Society 107 (3): 427. doi: . (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).
- ↑ (Ingelesez) Hind, Arthur Mayger. (1963). An introduction to a history of woodcut with a detailed survey of work done in the fifteenth century. New York: Dover OCLC .1331995448.
- ↑ (Gaztelaniaz) EE.AA.. (2003). Diccionario de arte. Barcelona: RBA: Larousse, 37. or. ISBN 978-8483323908. OCLC .804180719.
- ↑ «Golden Bible "Biblia Pauperum"» British Library (London: web.archive.org) 2008-11-15 (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).
- ↑ (Ingelesez) Shestack, Alan. (1967). Master E.S.: Five Hundredth Anniversary Exhibition. Philadelphia: Philadelphia Museum of Art OCLC .1976512.
- ↑ (Ingelesez) Stewart, A. A. (1919). «Typesetting - A primer of information about working at the case, justifying, spacing, correcting, making-up, and other operations employed in setting type by hand» The Project Gutenberg (www.gutenberg.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).
- ↑ (Ingelesez) Gunaratne, Shelton A.. (2001-12-01). «Paper, Printing and the Printing Press: A Horizontally Integrative Macrohistory Analysis» Gazette (Leiden, Netherlands) 63 (6): 459–479. doi: . ISSN 0016-5492. (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).
- ↑ (Ingelesez) Whipps, Heather. (2008-05-26). «How Gutenberg Changed the World» Live Science (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).
- ↑ (Ingelesez) «Printing press | Invention, Definition, History, Gutenberg, & Facts» Encyclopaedia Britannica (www.britannica.com) 2025-02-20 (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).
- ↑ (Ingelesez) Vinne, Theodore Low De. (1877). The Invention of Printing: A Collection of Facts and Opinions Descriptive of Early Prints and Playing Cards, the Block-books of the Fifteenth Century, the Legend of Lourens Janszoon Coster of Haarlem, and the Work of John Gutenberg and His Associates. Illustrated with Facsims. of Early Types and Woodcuts. F. Hart & Company (Noiz kontsultatua: 2025-03-18).
- ↑ a b Meggs, Heller & Purvis 2007, 58-69. orr. .
- ↑ (Ingelesez) Bringhurst, Robert. (2002). The elements of typographic style. Vancouver: Hartley & Marks (archive.org) ISBN 978-0881791327. OCLC .633525826.
- ↑ (Ingelesez) MacDonald, Katie. (2012). «American Printing» Cambridge Historical Society (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).
- ↑ (Ingelesez) Hooper Gottlieb, Agnes; Gottlieb, Henry; Bowers, Barbara; Bowers, Brent. (1998). «1,000 Years, 1,000 People: Ranking The Men and Women Who Shaped The Millennium» Ranking the Men and Women Who Shaped the Millennium (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).
- ↑ (Frantsesez) Pallier, Denis. (1995). «L'officine plantinienne et la Normandie au XVIe siècle» Annales de Normandie 45 (3): 245-264. or. doi: . ISSN 2261-4427. (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).
- ↑ Meggs, Heller & Purvis 2007, 130-133. orr. .
- ↑ Rieck 2015, 79-89. orr. .
- ↑ Meggs, Heller & Purvis 2007, 147. orr. .
- ↑ (Ingelesez) «End Of Story For Linotype» The Deseret News (Google News Archive Search) (Noiz kontsultatua: 2025-03-16).
- ↑ (Ingelesez) Williams, Edgar M. (1984). The physics and technology of xerographic processes. New York: Wiley (archive.org) ISBN 978-0471880806. OCLC .10299304.
- ↑ Levy 2000, 220-222. orr. .
- ↑ (Ingelesez) «CTF» Proofing.de (web.archive.org) 2024-11-05 (Noiz kontsultatua: 2025-03-17).
- ↑ (Ingelesez) Johansson, Kaj. (2003). A guide to graphic print production. Hoboken, N.J.: Wiley (archive.org) ISBN 978-0471273479. OCLC .51870734 (Noiz kontsultatua: 2025-03-17).
- ↑ (Ingelesez) «Understanding DI Digital Presses and Printing» Digital Presses and DI Technologies (web.archive.org) 2023-06-03 (Noiz kontsultatua: 2025-03-17).
- ↑ (Ingelesez) Kasdorf, William E. (editor). (2003). The Columbia guide to digital publishing. New York: Columbia University Press ISBN 978-0231124980. OCLC .51223526.
- ↑ (Gaztelaniaz) Huarte, José María de. (1927). «El primer impresor de Navarra» Boletín de la Comisión de Monumentos Históricos y Artísticos de Navarra (Iruñea): 531-555..
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Rodríguez Pelaz, Celia. (1998). «La ilustración en los impresos de Guillén de Brocar» Ondare. Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales (Donostia: Eusko Ikaskuntza (web.archive.org)) 17: 437-445. ISSN 1137-4403..
- ↑ (Gaztelaniaz) Real Academia de la Historia. «Biografia - Miguel de Eguía» Historia Hispánica (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Eguía, Miguel de» Gran Enciclopedia de Navarra (web.archive.org) 2024-07-21 (Noiz kontsultatua: 2025-03-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) Jimeno Jurío, José María. (1990). «Avecindamiento de Adrián de Amberes en Estella» BiNaDi - Biblioteca Navarra Digital (Noiz kontsultatua: 2025-03-18).
- ↑ (Gaztelaniaz) Odriozola, Antonio. (1934). «Nota bibliográfica sobre los libros impresos en Bilbao por Matías Mares» Riev, International Journal on Basque Studies (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2025-03-18).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Levy, Steven. (2000). Insanely great: the life and times of Macintosh, the computer that changed everything. New York: Penguin Books ISBN 978-0140291773. OCLC .44778944.
- (Ingelesez) Meggs, Philip B; Heller, Steven; Purvis, Alston W. (2007). Meggs' history of graphic design. Hoboken: John Wiley, 58-69. or. ISBN 978-0470042656. OCLC .1159753162.
- (Alemanez) Rieck, Eckhard. (2015). Friedrich Koenig und die Erfindung der Schnellpresse: Wege eines Pioniers der modernen Unternehmensgeschichte. München: Akademische Verlagsgemeinschaft München ISBN 978-3960910497. OCLC .1002019211.
- (Ingelesez) Suarez, Michael F; Woudhuysen, H. R. (2013). The book: a global history. Oxford: Oxford University Press ISBN 978-0191668746. OCLC .868068228.