Errodopsina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Behiaren errodopsinaren egitura tridimentsionala

Errodopsina (grezieratik: ῥόδον, rhódon, arrosa, eta ὄψις, ópsis, ikusmena) gorri koloreko pigmentu biologikoa da, erretinaren makiletan dagoena, ikusmena ahalbidetzen duena argi gutxi dagoenean.

Errodopsina proteina bat da, talde proteikoa duena (opsina izenekoa) eta talde prostetikoa (11-cis-erretinol). Heteroproteina da, beraz. Talde prostetikoa A bitaminaren eratorria da (A bitaminaren aldehidoa), horregatik bitamina horren gabeziak gaueko itsutasun izeneko gaitza eragiten du [1].

Errodopsinak argia xurgatzen du makiletan. Zelula hauetako proteina nagusia da. Pigmentua oso sentikorra da argiarekiko, hortaz ikusmena ahalbidetzen du iluntasunean edo oso argi gutxi dagoenean [2].

Argiak errodopsina jotzen duenean, proteina horren bi taldeak (opsina eta erretinola) banatzen dira. Banaketa horren ondorioz errodopsinak kolore gorria galtzen du eta bulkada elektrikoa sortzen du, nerbio optikoaren bidez garuneraino iristen dena.

Lehenengo fase batean argiak errodopsinaren talde prostetikoan aldaketak eragiten ditu. Erretinola isomeratzen da (cis-erretinola trans-erretinol bihurtzen da), eta horrek errodopsinaren banaketa errazten du (opsina eta talde prostetikoarena). Isomerizazioak erretinolaren afinitatea opsinarekiko nabarmen gutxitzen du.

Errodopsina iluntasunean birsortzen da: trans-erretinola, alkohol deshidrogenasa entzimaren bidez eta NADen aurrean A bitamina bihurtzen da, eta gero cis-erretinola. Azken hau, iluntasunean, opsinari lotzen zaio, errodopsina birsortuz. George Wald ikerlariak (Medikuntzako Nobel Saria 1967an) aldaketa hauek guztiak agerian jarri zituen [3]

Errodopsina ornodun lurtar guztietan dago. Beste animalietan antzeko pigmentuak daude, eta baita hainbat prokariototan ere (bakteriorrodopsinak).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Planas Mestres, J.: Elementos de Biología, Ed. Sever-Cuesta (1975) 318-319 orr
  2. Litmann BJ, Mitchell DC (1996). "Rhodopsin structure and function". En Lee AG. Rhodopsin and G-Protein Linked Receptors, Part A (Vol 2, 1996) (2 Vol Set). Greenwich, Conn: JAI Press. pp. 1–32
  3. Castejón, F; Fraile, A.; Ponz, F.: Fundamentos de Fisiología Animal, Ed. Eunsa, Iruñea (1979), 89-91 orr.