Espektro zabaleko antibiotiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Espektro zabaleko antibiotikoa» orritik birbideratua)
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Espektro zabaleko antibiotikoak espezie askotako bakterioen aurka eraginkorrak diren antibiotikoak dira. Bakterio Gram positibo zein Gram negatiboak sentikorrak dira antibiotiko hauekiko [1].

Antibiotiko hauen erabilera gomendatzen da infekzioa sortu duen bakterioa ezezaguna denean (kultiboaren emaitzak medikuak oraindik eskura ez dituelako, esaterako), edo infekzioaren atzean bakterio ugari egon daitezkeelako susmoak egoten direnean.

Antibiotiko mota hauek tentuz erabili behar dira, bakterioen erresistentziak erraztu ditzaketelako.

Espektro zabaleko antibiotikoak ez dira hautakorrak: bakterio ugari suntsitzen dituztenez, beren erabilerak arrisku batzuk eta albo-ondorio gaiztoak dakartza sarritan. Izan ere, antibiotiko hauek bakterio patogenoak ez ezik, gure gorputzeko bakterio onuragarriak ere kaltetzen dituzte (gure heste-flora, adibidez), eta horrek ondorio txarrak eragiten ditu gure organismoan.

Orokorrean, espektro mugatutako antibiotikoak baino gehiago erabiltzen dira espektro zabalekoak medikuntzan [2]. Hala ere, infekzioaren bakterio eragilea ezaguna denean (eta antibiotiko batekiko sentikorra denean) espektro mugatutako antibiotikoak dira aukera terapeutikorik onena: esaterako, eskarlatinaren aurka penizilina erabili ohi da, bakterio eragilea -Streptococcus pyogenes- sentikorra delako antibiotiko horrekiko.

Gorputzeko mikrobiota ere kaltetzen dutenez, espektro zabaleko antibiotikoak infekzio sekundarioak sor ditzakete. Jakina denez, heste-florak, esaterako, infekzio gastrointestinalak ekiditen ditu, hainbat bakterio patogenoren hazkuntza inhibitzen duelako. Heste-flora hori desagertzen baldin bada, patogeno batzuek abagune hori aprobetxatuko dute hesteak kolonizatzeko eta bertan infekzio bat sortzeko. Patogeno horiek eskuarki erresistenteak dira antibiotikoen aurrean: onddo batzuk (Candida albicans, adibidez) eta Clostridium difficile bezalako bakterioak, kolitis pseudomenbranosoaren eragilea.

Espektro zabaleko antibiotiko batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek aipa daitezke, besteak beste:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ory, Edwin M. (1963-07-27). "The Use and Abuse of the Broad Spectrum Antibiotics". JAMA: The Journal of the American Medical Association. 185 (4): 273.
  2. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:759 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]