Espresionismo abstraktu
Espresionismo abstraktua Bigarren Mundu Gerraren ondoren, abstrakzioaren alorrean garatutako mugimendu piktorikoa da. 1940ko hamarkadan sortu zen Estatu Batuetan eta hamarkada gutxiren buruan mundu osora zabaldu zen.
Definizioa eta lehen artistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Amerikar kritikariek laster harrapatu zuten estilo berri honen sorrera. Horien artean nabarmendu zen Clement Greenberg, The Nation eta Partisan review aldizkarietan idatzi zuena, baita Harold Rosenberg eta Thomas B. Hess. Espresionismo abstraktu termino zehatza zor zaio Robert Coates kritikariari. Hala ere, mugimendu horretako artista zenbaitek baztertu egin zuten terminoa, adieraziz beren lana ez zela zehazki abstraktua, eta ez zutela gainera harremanik alemaniar espresionismoarekin .
Mugimendu horren barruan dago Action Painting ("pintura ekintza" edo "pintura keinuzkoa" ere esan izan dena), Harold Rosenberg kritikariak 1952an asmatu zuen deskribapena, Jackson Pollock, Franz Kline eta Willem de Kooning deskribatzeko.
Espresionismo abstraktuaren lehen belaunaldia New Yorken lan egin zuten hamabost bat margolarik osatzen dute 1942 eta 1957 artean, besteak beste: Willem de Kooning, Arshile Gorky (nolabatit estiloaren aitzindari edo aurrekaria ), William Baziotes, Adolph Gottlieb, Philip Guston, Franz Kline, Robert Motherwell, Ad Reinhardt, Mark Rothko, Lee Krasner eta Clyfford Still.
Arte estatubatuarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Arte abstraktuaren baitan, benetan eta jatorriz estatubatuarra den lehen mugimendutzat jotzen da. Arte plastikoen arloan herrialde honek lidergoa har zezakeen seinale ere kontsideratu zen, baina terminoaren jatorrian bi korronte europar igartzen dira: Alemaniako Espresionismoaren emozio-intentsitatea eta Europako abstrakzioaren estetika formala[1].
Gerra Hotzaren garaian, Estatu Batuek gero eta botere handiagoa zuen eta horrek bertan hazten ari zen artegintzan konfiantza sustatzea ekarri zuen. Bada arte aditurik esaten duenik CIAk aktiboki sustatutako artea eta artista taldea izan zela hau, kontraste egiteko garaiko Sobietar Batasuneko errealismo sozialistarekin, eta erakusteko AEBak zirela askatasunaren eta berritasunaren lurra, ez herrialde komunistak[2]. Beste kritikari batzuek ikuspegi hau faltsua dela diote, ordea.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ «Espresionismo Abstraktua | Guggenheim Bilbao Museoa» Guggenheim Bilbao (Noiz kontsultatua: 2019-10-01).
- ↑ (Ingelesez) «Modern art was CIA 'weapon'» The Independent 1995-10-22 (Noiz kontsultatua: 2019-10-01).