Vasili Kandinski

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Vasili Kandinski

Vasili Kandinski, errusieraz Василий Васильевич Кандинский, (Mosku, 1866ko abenduaren 4a - Neuilly-sur-Seine, Ile-de-France, 1944ko abenduaren 13a) margolari eta pinturaren teoriko errusiarra izan zen. Berau XX. mendeko artistarik ospetsuenetako bat izan zen; izan ere, pinturan abstrakzioaren aitzindari izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1871. urtean, 5 urte zituenean, Vasili eta bere familia Odesara joan ziren bizitzera.

Odesan haurtzaroa igaro ostean, Zuzenbidea eta Ekonomia goi mailako ikasketak egin zituen Moskuko Unibertsitatean. Geroan bere zeregin profesionaletan arrakastatsu izan zen, Zuzenbide Erromatarreko katedra eskaini baitzioten Dorpat Unibertsitatean.

1896an Munichera aldatu zen eta, hogeita hamar urterekin, hango Arte Ederretako Akademian pintura ikasketei ekin zien.

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1901ean, Phalanx izeneko taldea sortu zuen eta klaseak eman zituen bertan, Frantziako abanguardiak Municheko giro zurrunean txertatzeko xedean. Kandinskiren lehenengo obrak espatulaz eginiko paisaiak dira, hasiera batean ilunak eta gero kolore bizia hartzen dutenak. Erdi Aroko tradizio alemaniar eta errusiarretan oinarritutako fantasiazko irudiak landu zituen. Denboraldi honetan, esperimentazio teknikoa nabarmena da, batez ere, tenplea erabiltzen duenean paper ilunaren gainean, atzetik argiztatutako gardentasun itxura eman nahian. Argi-ilunaren indarrak garrantzi handia hartzen du eta irudiak eta atzealdeak nahasten dira, ia konposizio abstrakto batera iritsiz.

1902an egin zuen lehen erakusketa eta lehenengo xilografiak ere egin zituen. 1903 eta 1904an Italia, Herbehereak, Afrika edo Errusian bidaiatzen ibili zen. 1904an, Parisen egin zuen erakusketa, Udazkeneko Aretoan.

1909an, Municheko Artisten Elkarte Berriaren (NKVM) presidente hautatu zuten. Urte berean taldearen lehenengo erakusketa izan zen Municheko Thannhauser galerian. Hamarkadaren amaiera aldera, Kandinskyren pinturetan osotasunerako grina ikusten da, kolorearen nagusitasuna, edozein sakonera gogoratuko lukeen ilusioa alboratuz. Zaldunen borrokaldien koadroak 1909an hasi ziren eta, hauetan ere, zeruertza, beste espazio erreferentziak bezala, desagertzen doa.

Heldutasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1910ean bere lehenengo akuarela abstraktua egin zuen. Bertan, orbanean, bi kolore daude nagusi, gorria eta urdina, nolabaiteko uztarketa duten koloreak ziurrenik, beti batera agertzen baitira Kandinskyren obretan. Gorria beroa da eta zabaltzeko joera du; urdina, berriz, hotza da eta biltzen ahalegintzen da. Kontrasteen legearen egiaztapena dirudi, bi kolore batuz, kenduz... Ikur linealak ere badaude, mugimenduren baten seinale, orban horien norabidea edo erritmoa adierazi nahiko balute bezala. Akuarela osoa jartzen da horrela mugimenduan.

1911n, IV. konposizioa egin zuen. Marrazkiak sinpleak dira, koloreak arbitrarioak eta espazioa ez dago batere garbi; zaila gertatzen da koadroaren gaia jakitea aurreko koadroaen erreferentziarik izan gabe. Ikuslearentzako, lerroaren erabilera, elementu independentea bailitz edo kolorearen muga denean, harrigarria suertatzen da. Urte hartan, Kandinsky eta Franz Marc NKVM-etik atera eta Der Blaue Reiterren oinarriak zehaztu zituzten, 1912an almanaka bat sortu zutelarik. Lehenengo erakusketa abenduan izan zen, Municheko Thannhauser galerian.

Urte berean, Kandinskyk Espiritualtasuna Artean argitaratu zuen.

1912an, Kandinskyren eta Marcen obren almanaka argitaratu zen eta Blaue Reiterren bigarren erakusketa izan zen Hans Goltz galerian. Urte berean, Kandinskyren bakarkako lehen erakusketa izan zen Berlineko Der Sturm galerian. Garai honetan, Kandinskyren gairik gustukoenak bortitzak eta apokaliptikoak dira eta Alemaniako eta Errusiako pintura erlijioso herrikoietatik datoz.

1913ko lanetan, Lerro beltzen garaian, ezin dugu gai batetik abiatutako abstrakzioaz hitz egin. Koloreak eta lerroak izugarrizko espresioa hartu dute eta ez dute aurrez ezarritako eredua jarraitzen. Hauek dira benetan abstraktoak diren lehen obrak.

Urte berean obra berri bat aurkeztu zuen Armory Shown, New Yorken.

Lehen mundu gerra hastean, Errusiara itzuli zen eta bertan geratu zen 1921. urtera arte.

Vasili Kandinskiren sinadura

Arte Abstraktua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kandinskyren abstrakzioranzko garapenaren justifikazio teorikoa Wilhelm Worriengerrek 1908an argitaratu zuen Abstrakzioa eta enpatia delakoan bilatu behar dugu. Worringerren ustez, Pizkundeko legeak ez dira nahikoak, jada, eta artista askok, errealitatetik abiatzen badira ere, bulkada abstrakto baten eragina dute; horregatik, artearen azken tendentziak materialismo gutxiago duten gizarteetan sortu dira.

Vasili, Piet Mondrian bezala, teosofian oso interesatuta zegoen eta, haien ustean, horixe zen munduko erlijio guztien dotrina eta erritoen azpian zegoen egia; itxurak ezkutatzen zuen esentzia eta horrek izateko arrazoi bat eskaintzen zion arte abstraktoari.

Artean dagoen espiritualtasuna lanean espiritualtasun handiko garai berri batez eta pinturak eskaini diezaiokeenaz ari da. Arte berria kolorearen hizkuntzan oinarritu behar du eta Kandinskik tonu bakoitzaren propietate emozionalak ematen dizkigu. Aurrez izandako kolorearen teoriak baztertuz, bera ez da espektroan oinarritzen, arimaren erantzunean baizik.

1913an, bere lan bat aurkeztu zuten New Yorkeko Armory Show delakoan.

Vasili Kandinskiren sinadura

Lehen Mundu Gerra garaian, Moskura itzuli zen 1921 arte. 1917ko Urriko iraultzatik aurrera, Kandinsky lan administratiboa egiten aritu zen CPE-rentzat (Herriaren Heziketarako Elkartea) eta, besteak beste, arte eskolen hezkuntza sistemarako erreforma izango da aztertuko duten proiektuetako bat.

1920an, INJUK (Kultura Artistikoarentzako Institutua) sortu zutenetako bat izan zen eta garai honetan piztu ziren Kandinski, Malevitx eta beste hainbat margolari idealisten eta konstruktibisten (Vladímir Tatlin eta Aleksandr Ródchenko) arteko ika-mikak. Azken talde honek laguntza handia izan zuen Iraultzaren aginte politikoak martxan jarritako Monumentuak Propagagandarako planean. Tentsio giro horrek, Kandinski Errusiatik alde egitea bultzatu zuen.

1922an, Weimarrera joan zen (Alemania) eta klase teorikoak ematen aritu zen Bauhaus eskolarako.

1926an, Puntua eta lerroa plano gainean. Elementu piktorikoen analisiarako kontribuzioa argitaratu zuen, aurreko lanaren jarraipena. Bauhausen geratu zen 1933ra arte, Hirugarren Reichak erakundea itxi zuen arte.

1933an, Parisera joan zen eta bertan jarraitu zuen bere lanean, 1944an Neuilly-sur-Seinen (Frantzia) hil zen arte, 78 urte zituenean.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Vasili Kandinski Aldatu lotura Wikidatan