Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Hizkuntzen Erabileraren Euskal Herriko Kale-Neurketa bost urterik behin egiten den ikerketa da. Hiztunen kale-erabilera du aztergai, hau da, Euskal Herriko kaleetan entzuten den hizkuntza-erabilera behatzen du ikerketak. Zenbat hitz egiten da euskaraz Euskal Herriko kaleetan? Galdera horri erantzuten dio ikerketak.

Datu-bilketa behaketa bidez egiten da, neurtzaileek kalean dabiltzan hiztunei ezertxo ere galdetu gabe eta entzuten dutena jasoz alegia. Modu honetan, hiztunak ez du jakiten behatua izaten ari denik, eta neurtzaileek hiztunaren berezko joera jasotzen dute. Hala inkesten bidezko datu-jasotzearen subjektibotasuna saihesten da eta emaitza fidagarriagoak lortzen dira. Hain zuzen, metodologia horixe da ikerketa honen berezitasuna.

Estreinakoz 1989an egin zen neurketa hori Euskararen Kultur Batzarraren (EKBren) aterkipean, eta geroztik, lau-bost urtean behin errepikatu da SEI elkartearen eta Soziolinguistika Klusterraren eskutik: 1993an, 1997an, 2001ean, 2006an, 2011n eta azkena 2016an. 2016ko VII. neurketan, Euskal Herri osoko 144 udalerri neurtu ziren, eta 187.635 elkarrizketaren nahiz 515.260 solaskideren informazioa bildu zen.

Aurrekariak eta oinarri teorikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzen Erabileraren Euskal Herriko Kale-Neurketa ibilbide luzeko ikerketa-lana da. Erabilera neurtzeko metodoaren sortzailea Siadeco Ikerketa Taldea izan zen; izan ere, 1981eko EAEko zentsuak estreinakoz jasotako hizkuntza-gaitasunari buruzko datuak euskararen egoera soziolinguistikoa deskribatzeko nahikoa ez zirela nabarmendu zen garai hartan. Hala, kezka horri aurre eginez, 1983. urtean Kale Erabileraren Neurketa metodologia sortu eta Gipuzkoako udalerri guztietan neurketak egin zituzten.

Aitzindaritza lan horien ostean, proiektu hau sortzeko ahalegin eta ekarpen handiak egin zituzten Siadecok berak metodologiari dagokionean (Iñaki Larrañagaren gidaritzapean), unibertsitateko zenbait irakaslek erabilerari buruzko teorizazioan (Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” eta Xabier Isasi), eta EKBk proiektuari maila orotako babes eta laguntza logistikoa eskainiz.

Hala, 1989. urtean EKBk Euskal Herriko udalerri handienetan (10.000 biztanletik gorako udalerrietan) erabileraren neurketa burutzea erabaki zuen, Euskal Herriko Lehenengo Kale-Neurketa bideratzea ahalbidetuz. Geroztik Euskal Herri mailan beste sei aldiz errepikatu du Soziolinguistika Klusterrak (aurrez SEI elkarteak), azken urteetan zentsu eta errolda urtearekin bat eginez (aurrerantzean ere hala egingo da): 1993, 1997, 2001, 2006, 2011 eta 2016. Ondorioz, dagoeneko ia hogeita hamar urteko esperientzia metatuta, metodologia aski frogatua eta kontrastatua dugu.

Hamarkada hauetan, euskararen egoeraren azterketarako erreferentziazko tresna bezala finkatu da eta nazioartean son handiko ikerketa da bere metodologia aitzindariagatik. Euskararen egoera diagnostikatzeko hain baliagarria zaigun tresna ahozko erabilera kuantifikatu nahi duten ikerlarientzat eta bereziki hizkuntza gutxiagotua duten komunitateei zein hizkuntza-aniztasuneko egoerak aztertzeko erabat baliagarria da.

Oinarri metodologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerketa honen berezitasuna metodologian dago. Izan ere, behaketa bidezko datu-bilketa da; alegia, orain artean erabilerari buruzko datuak inkesta bidez jaso badira ere (eta hala egiten da Euskal Herrian administrazioak burutzen dituen datu-bilketa guztietan, zentsuan zein Inkesta Soziolinguistikoetan), ikerketa honetan zuzeneko behaketa erabiltzen da. Beste modu batera esanda, inkesta bidez, norberak bere buruari aitortzen dion erabilera maila jasotzen da; hau da, erabilera aitortua edo subjektiboa deitu ohi dena. Kale-Neurketan, berriz, inkestetan ez bezala, mintzatzen ari denari ez zaio ezer galdetzen, entzun eta hizkuntza jasotzen da modu objektiboan.

Euskal Herri osoko ikuspegia lortzeko, lurralde, ingurune soziolinguistiko eta biztanle kopuru desberdina duten herri anitzak neurtzen dira. Herri horietan, elkarrizketak behatzeko ibilbide batzuk definitzen dira. Herriaren bizitza sozialaren adierazgarri diren kaleek osatzen dituzte ibilbideok. Bi neurtzailek ibilbide hauetan zehar paseatzen dute zenbait orduz. Astearen une desberdinetan eta diskrezio osoz, neurtzaileek koaderno batean bere inguruan entzuten dituzten elkarrizketen datuak jasotzen dituzte. Metodologia honi buruzko informazio zehatzagoa “Hizkuntza-erabilera behaketa bidez neurtzeko gida metodologikoa (2013)” argitalpenean jasotzen da.

Neurketa guztiek oinarri metodologiko bera badute ere, ikerketa osatu eta lortzen diren emaitzak hobetze aldera, neurketa batetik besterako egokitzapenak gauzatu dira. Aipaturiko zazpi edizioen garapenean, moldaketa nagusienak laginketa ereduetan eta neurtutako aldagaietan egin izan dira. Hala eta guztiz ere, datuak konparagarriak izan daitezen, neurketa guztietan datu-bilketa modu berean errepikatu da eta beharrezko analisi estatistikoak burutu dira hobekuntza edo aldaketa horien eragina ebaluatzeko.

Era berean, kalea ez den beste eremu batzuetan metodologia inplementatzeko egokitzapenak ere egin dira:

  • Gune mugatuetako neurketak: leku “itxietan” egiten diren neurketak. Adibidez, lantokietan eta ikastetxeetan.
  • Eskolaz kanpoko kirol jardueretan neurketak: gaztetxoenen aisialdiko eremuko hizkuntza-erabilerak gertuagotik aztertzea ahalbidetzen digu.
  • Herri txikietan neurketak euskara gaitasuna aldagai moduan txertatuta: euskaldunen arteko hizkuntza-erabilerak zer nolakoak diren jakiteko aukera eskaintzen digu.
  • Hitanoaren kale-erabilera behatzeko neurketak: herriko hizkuntza-erabilera neurtzearekin batera burutzen diren neurketak dira. Garapen bidean dagoen metodologia da honakoa. 2016. urtean bi esperientzia pilotu egin badira ere, oraindik ere metodologiak gehiago fintzea eskatzen du.

Erabilera neurtzeko metodoaren garapenari buruzko informazio gehiago hemen.

Lehenengo edizioa (1989)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpen metodologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

10.000 biztanletik gorako udalerrietan egin zen neurketa, eta erabilera indizeak adin-taldeka neurtu diren.

Ondorio nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BAT Soziolinguistika Aldizkariko 03-04 zenbakiko artikuluan jasotzen dira. Hemen irakurgai: 03-04 zenb.: Euskararen erabilpenaren neurketa (1991ko maiatza).

1993.urteko neurketa: II. edizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpen metodologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

5.000 biztanletik gorako udalerrietan eta 5.000tik beherako udalerri kopuruaren %10a behatu zen. Udalerri txikiago horien %10a aukeratzeko euskararen ezagutzaren araberako eta herri tamainaren araberako tipologiak kontuan hartu ziren. Ipar Euskal Herrian euskaldunen portzentajerik ezagutzen ez denez, ez zen metodo hori aplikatu.

Erabilera indizeak adin-taldeka neurtu ziren. Era berean, talde tamaina ere neurtu zen J.L. Alvarez Enparantza “Txillardegi”-ren eredu matematikoa aztertzeko. Hau da, hitz egiten ari direnak bikoteka, hirukoteka, laukoteka, boskoteka edo talde handiagoan doazen behatu zen.

Ondorio nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BAT Soziolinguistika Aldizkariko 13-14 zenbakiko artikuluan jasotzen dira. Hemen irakurgai: 13-14 zenb.: Euskararen ezagutza eta erabilpena… (1994ko azaroa).

1997. urteko neurketa: III. edizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpen metodologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Euskal Herrian 1993ko eredu bera errepikatu zen lagina osatzeko. Baina Ipar Euskal Herrian neurtu beharreko herriak aukeratzerakoan, 1.000 biztanletik gorako udalerriak behatu ziren. Sexua eta haurren presentzia aldagaiak gehitu zitzaizkion datu-bilketari.

Ondorio nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BAT Soziolinguistika Aldizkariko 28 zenbakiko artikuluan jasotzen dira. Hemen irakurgai: 28 zenb.: Euskararen kale erabilpena Euskal Herrian (1998ko urria).

2001. urteko neurketa: IV. edizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpen metodologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1997ko edizioko laginketa eredu bera erabili zen 2001. urtean ere, eta aldagai berberak izan ziren aztertuak.

Ondorio nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BAT Soziolinguistika Aldizkariko 43 zenbakiko artikuluan jasotzen dira. Hemen irakurgai: 43 zenb.: Kale erabileraren IV. Neurketa, 2001… (2002ko ekaina).

2006. urteko neurketa: V. edizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpen metodologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001eko edizioko lagin hori oinarri hartuta optimizatu egin zen edizio honetan, eta behatutako aldagaiak adina, sexua eta haurren presentzia izan ziren.

Ondorio nagusiak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Euskara gero eta gehiago erabiltzen zen Euskal Herrian. 2006an Euskal Herriko elkarrizketen % 14,2 euskaraz izan ziren.
  • Gehiago erabiltzen zen, baina hala ere gutxiengoan zegoen euskal gizartearen alde gehienetan. Ahaleginak egiten eta neurriak hartzen jarraitzeko beharra aipatu zen, beraz, Euskal Herrian euskara gaztelaniaren edo frantsesaren parera iritsi zedin.
  • Gainera, erabileraren hazkundea nahi eta espero baino motelagoa izaten ari zen; izan ere, hamazazpi urtetan 3,4 puntu besterik ez zen igo.
  • Elebidun eta elebakarren proportzioak kontuan hartuta, espero zena baino gehiago hitz egiten zen, baina euskararen erabilera indarra galtzen ari omen zen. Hau da, erabilera ez zen ezagutzaren erritmo berean hazi, eta gainera, ezagutzaren hazkundearen erritmoa erabilerarena baino bizkorragoa zen; beraz, bien arteko aldea, geroz eta handiagoa zen.
  • Herrialdeen arabera alde handiak zeuden:
    • Gipuzkoak euskararen erabileraren etengabeko hobekuntzarekin jarraitu zuen, eta erabilera % 33ra heldu zen.
    • Araba, Bizkaia eta Nafarroan ere euskararen kale erabilerak goranzko joera adierazten zuen aztergai ziren 17 urteko tartean; nahiz eta, hiru herrialde horietan, erabileraren igoera trabatuagoa egon eta Gipuzkoakoa baino apalagoa izan.
    • Iparraldean euskararen erabileraren galerak ez zuen etenik.
  • Adinaren araberako datuei erreparatuz gero, hizkuntza normalizazio-prozesu batean egon daitekeen hurrenkerarik onena lortuta zegoen; beraz, zenbat eta gazteago izan orduan eta euskararen erabilera handiagoa zegoen. (Hurrenkera: haur, gazte, heldu eta adineko). Aurreko neurketatik haurren artean handitu zen gehien erabilera (% 20,8), helduek ere puntu batean hobetu zuten (% 12,3), eta zaharrek etengabeko jaitsieran jarraitzen zuten (% 10,6). Gazteen artean, berriz, ez zen hobekuntza nabarmenik gertatu, aurreko neurketetako antzeko proportzioa jaso baitzen (% 13,8).
  • Haurren presentziak nabarmen eragiten zuen euskararen erabileran, hau da, elkarrizketetan haurrak tarteko zirenean euskara gehiago erabiltzen zen haurrik ez zegoenean baino. Dena dela, hiriburuetan, eragin hori ahulagoa izan zen 2006an 2001ean baino.
  • Sexuaren araberako emaitzei zegokienez, Hego Euskal Herriko hiriburuetan (gainontzeko eremuetarako ez zegoen lagin nahikorik) emakumezkoek gizonezkoek baino erabilera-maila hobea azaldu zuten.
  • Oro har, alde linguistiko guztietan erabilerak gora egin zuen, batez ere alde euskaldunenean, hau da, euskara zekitenak % 75-100 bitarte ziren aldean.
  • 10.000 eta 25.000 biztanle arteko herrietan egiten zen euskara gehien (% 26,9) eta ondoren herri txikietan (5.000 biztanletik gorakoetan).
  • Euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen erabilera % 2,3koa zen.
  • Laburbilduz, argazki estatikoari erreparatuta, euskararen egoera eskasa zen oraindik. Aldiz, dinamikoki begiratuta joera itxaropentsua ikusten zen, egoera duin batera iristeko asko falta zen arren.

Informazio gehiago hemen.

2011. urteko neurketa: VI. edizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpen metodologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laginari dagokionez, aurreko ediziokoa optimizatu zen eta behatutako aldagaiak ere berdinak izan ziren. Berrikuntza alde teknikotik etorri zen, ordea, edizio honetan:

  • Alde batetik, datu-bilketarako fitxa berriak osatu ziren. Honi esker behatutako elkarrizketen kopurua jakin ahal izan zen.
  • Datu horri esker, datuen adierazgarritasuna baloratu ahal izan zen. Izan ere, lagin-akatsa kalkulatzeko eredu matematiko bat sortu zen non neurketan behatutako elkarrizketen kopurua eta herriko ezagutza-datuak gurutzatuz, datuak zenbatean diren adierazgarriak jakin ahal izan zen.
  • Bestetik, datuak biltzeko modu berria sortu zen: mugikorrean datuak jasotzeko aplikazioa sortu zen. Datu-bilketak mugikor bidez egiteak, berriz, behaketa burutu bitarteko diskrezioa hobeto lortzea ahalbidetzen digu. Herri txikietako neurketak bideratzeko zinez erabilgarria da.

Ondorio nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Duela hamar urtetik hona euskararen kale-erabilera bere horretan dagoela esan daiteke, trabatuta.
  • Bosturteko honetan euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren hizkuntzen erabilerak modu esanguratsuan egin du gora: % 2,6tik % 3,7ra.
  • Gipuzkoan jaso dugu erabilera-mailarik altuena, % 32,7; Bizkaian % 9,4; hirugarren multzoan Iparraldea eta Nafarroa ditugu, hurrenez hurren % 6,2 eta % 5,7; Azkenik, gutxien erabiltzen den lurraldea Araba da, % 4,0.
    • Lurralderik euskaldunena da Gipuzkoa, eta hogeita bi urtean goranzko joera nabarmendu da. Joera hori etengabea da, nahiz eta apaldu egin den azken bosturtekoan.
    • Bizkaiko eta Arabako erabilera-indizean ez da aldaketarik antzeman 1993az gero. Ez atzera ez aurrera dago euskararen erabilera. Azken bost urtean behera egin du zertxobait, arretaz jarraitu beharreko bilakaera da aurrera begira.
    • Nafarroan behera egin zuen euskarak 90eko hamarkadan, baina 2001etik geldirik dago, aldaketa esanguratsurik gabe.
    • 1997tik 2006ra jaitsi egin zen euskararen erabilera Iparraldean, baina joera hori aldatu egin da azken bosturtekoan, eta 2011ko datuak orain bost urtekoen berdinak dira.
  • Ezagutzaren araberako zonaldeak:
    • Euskal Herriko biztanle gehienak zonalde erdaldunenean bizi dira, hau da, ezagutza % 25 baino txikiagoa den eremuan. Biztanleria osoaren % 70 inguru bizi da bertan, eta azken neurketan erabilera %3 ingurukoa da. 1993an ere erabilera-maila bera jaso genuen. 2006an, ordea, erabilera % 4koa izan zen.
    • Euskaraz dakiten biztanleen portzentajea % 25 eta % 50 bitartekoa den zonaldean erabilera % 14-15 ingurukoa da. Ia lau puntuko igoera gertatu da hamazortzi urtean.
    • Ezagutza % 50 eta % 75eko tartean dagoen zonaldeetan, erabilera % 40 ingurukoa da. 1993tik hona igoera nabarmena gertatu da zonalde honetan, ia zortzi puntukoa, hain zuzen.
    • Azkenik, biztanle gehienek (% 75 eta % 100 artean) euskaraz dakiten zonaldeetan, entzundako hiztunen % 66 inguru euskaraz ari ziren. Hiru puntuko igoera izan du erabilerak 1993tik hona.
  • Gehien hitz egiten dutenetik gutxien hitz egiten dutenera ordenatzen baditugu adin-taldeak, haurrak daude lehen tokian (% 19,2), gero gazteak (% 13,4), helduak (% 11,8) eta, azkenik, adinekoak (% 9,7). Horren arabera, zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara.
    • Hurrenkera hori lurralde gehienetan betetzen bada ere, Bizkaian bada aldaketa bat: Bizkaiko adinekoek gehiago egiten dute euskaraz helduek baino.
  • Hogeita bi urteko bilakaera aztertuz gero, oro har, haurretan, gazteetan eta helduetan erabilerak gora egin du. Ez, ordea, adinekoetan. Joera orokor horretan badaude salbuespenak, hala ere
    • Nafarroan, haurretan behera egin du, gazteetan eta helduetan egonkor mantendu da.
    • Araban, helduetan erabilera egonkor dago
    • eta, Iparraldean, helduetan behera egin du.
  • Emakumezkoek gehiago egiten dute euskaraz gizonezkoek baino adin-talde guztietan, adinekoetan izan ezik. Portaera hori ia lurralde guztietan gertatzen da, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan izan ezik.
    • Ipar Euskal Herrian, haurren artean nesken erabilera altuagoa bada ere,  gainontzeko adin-taldeetan mutilen erabilera aurretik dago.
    • Nafarroan parez pare dago emakumezkoen eta gizonezkoen erabilera haur, gazte eta helduetan.
  • Haurren presentzia eragin handiko aldagaia da euskararen kale-erabileran. Ondorio nagusia argia da: haurrak eta nagusiak (gazteak, helduak eta adinekoak) elkarrekin daudenean jasotzen dira erabilera-datu altuenak. Haurrak nagusien presentziarik gabe ari direla, edo nagusiak haurren presentziarik gabe, erabilera baxuagoa da nabarmenki.
    • Salbuespena Gipuzkoa dugu. Haurrak eta nagusiak elkarrekin aritu, edo haurrak bakarrik aritu, erabilera antzekoa da baina nagusiak bakarrik ari direnean % 23,7koa da erabilera.

Informazio gehiago hemen.

2016. urteko neurketa: VII. edizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azalpen metodologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laginketari dagokionez, 2016ko azken edizioan, ahalik eta eskualde gehienen datu adierazgarriak lortu ahal izateko laginketa eredua osatu da. Emaitzak ez dira fidagarriak udalerrika. Horretarako, interesa duten udalerriek berariazko eskaera luzatu behar diote Soziolinguistika Klusterrari. Behin eskaera eginda, herriko errealitatea kontuan hartuz diseinatzen da bertako neurketa. Ikus “Herrietako kale-neurketak”.

Hiru aldagai nagusi horien datu-bilketa mantendu da, eta aurreko edizioko fitxa berriei esker elkarrizketa kopuruaren datua eskuratu ahal izan da.

Aipagarria da 2016ko neurketan gaztelania eta frantsesa hizkuntzak bereizi direla. Orain arte hizkuntzak hiru multzotan bereizten ziren: euskara, gaztelania/frantsesa, eta beste hizkuntzak. VII. edizioan, berriz, lau multzo behatu dira: euskara, gaztelania, frantsesa eta beste hizkuntzak.

Ondorio nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Euskararen kale-erabilera apaldu egin da Euskal Herrian azken hamar urteetan.
  • Beste hizkuntzen kale-erabilerak azken bost urteetan behera egin du.
  • Argi-itzalak daude lurraldeka, euskararen kale-erabileraren bilakaerari dagokionez:
    • Bizkaia: azken hamar urteetan behera.
    • Gipuzkoa: azken bosturtekoan atzera.
    • Araban, eta batez ere Nafarroan, gora azken bost urtean.
    • Ipar Euskal Herrian inoizko erabilera-indizerik baxuena jaso dugu.
  • Euskararen ezagutzaren araberako eremuetako euskararen kale-erabileraren bilakaerari dagokionez:
    • Hego Euskal Herrian: azken bost urtean, ezagutza gutxiagoko eremuetan mantendu, ezagutza gehiagokoetan atzera.
    • Ipar Euskal Herrian: azken bost urtean, ezagutza gutxiagoko eremuetan jaitsi, ezagutza altueneko eremuan (Nafarroa Beherean eta Zuberoan) gora.
  • Hiriburuetako euskararen kale-erabileraren bilakaerek beren lurraldeetako joera bera izan dute, Iruñean izan ezik:
    • Iruñea: bere horretan dago 1997tik.
    • Gasteiz: igoerarik nabarmenena izan du azken bost urtean.
    • Donostia: azken hamar urteotan atzera egiten ari da.
    • Bilbo: azken hamabost urteotan behera egin du.
    • Baiona: apaldu egin da 2011tik, eta gaur egun, gaztelaniaren erabileraren bezainbestekoa da euskararena.
  • Euskal Herrian, zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara.
    • Hogeita zazpi  urteko bilakaeran (1989-2016), haurren, gazteen eta helduen erabilerak gora egin du. Adinekoen erabilerak, berriz, etengabeko beherakada izan du.
    • Baina azken hamar urteotan adin-talde guztietan atzerakada gertatu da.
  • Emakumezko haur, gazte eta helduek euskara gehiago erabiltzen dute.
    • Portaera errepikatua da azken hiru edizioetan.
    • Portaera orokorra da lurralde guztietan.
  • Haurren presentzia eragin handiko aldagaia da euskararen kale-erabileran.
    • Joera orokorra:
      • Erabilera daturik altuenak haurrak eta nagusiak elkarrekin daudenean jasotzen dira.
      • Erabilera daturik baxuenak nagusiak haurren presentziarik gabe ari direla.
    • Euskal Herrian, azken hamar urtean, haurren arteko euskararen erabilerak jaitsiera izan du. Nabarmentzekoa da Ipar Euskal Herriko haurren arteko euskararen erabilera 2,5 puntuan igo izana azken hamar urteetan.

Informazio gehiago hemen.

Ikus, gainera:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]