Euskararen erabilera

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Euskarak egiten gaitu euskaldun, Txillardegik euskararen erabileran jarri zuen fokoa.

Euskararen erabilera euskarak kalean zein etxean edo beste eremu batzuetan duen erabilera da. Hori neurtzen duten bi azterlan egiten dira periodikoki, bata inkesta soziolinguistikoaren baitan herritarrei galdetuta osatzen dena,[1] eta bestea kaleko erabilera erreala behatuta osatzen dena.[2]

Euskarak atzerako joera izan du historian zehar gutxienez XI. mendetik. Atzerakada hori nabarmena izan da mugako eremu geografikoetan. XIX. mendean, baina, gaztelania eta frantsesa Euskal Herriko muinera sartzen hasi ziren, euskaldunen ohiko lurraldera, eta euskaldunak elebidun bilakatzen joan ziren, baita askok ama hizkuntza galdu ere zirkunstantzia politiko hertsagarrien erdian, hala nola, euskararen debekua 1936ko estatu-kolpearen ondoren eta Francoren diktaduraren pean.

XIX. mende erdialdera, Luis Lucien Bonapartek euskararen ezagutzari buruzko lehen inkesta sistematikoa egin zuen (1863) eta, gerora, gehiago egin ziren. Horiek, baina, ez zuten benetako kale-erabilera neurtzen. Euskaldunak elebidun bihurtzearekin batera, hizkuntzaren benetako erabilerari buruzko kezka handitu zen. 1970eko hamarkadan eta batez ere 1980koan euskara suspertzeko mugimendua handitu ahala, gibeleratze hori euskaldun berriek eta ikastolako umeek eten zuten neurri handi batean.

Bestalde, inkesta bidezko eta behaketa bidezko datuez gain, batzuetan euskararen erabileraren estimazioak egiteko formula batzuk ere erabiltzen dira. Udalerri edo komunitate bateko elkarrizketa bat euskarazkoa izateko ere probabilitatea duen estimatzeko .

Inkesta bidezko datuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak erroldarekin jaso ohi dira, eta publikoak dira, gutxienez, euskara-gaitasuna, eta lehen hizkuntzako datuak.[3][4]

2016ko inkesta soziolinguistikoak zioenez, 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 25,7k euskara erabiltzen zuen neurri batean ala bestean:

  • % 16,5ek euskararen erabilera trinkoa egiten zuen, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen zuen eguneroko jardunean.
  • % 9,2k euskara erabiltzen zuen, baina erdara baino gutxiago.

Gainerako % 74,3k erdara erabiltzen zuten beti edo ia beti. Kontuan hartu behar da, hala ere, azken hauen artean bazela multzo txiki bat ( % 5,2) oso gutxitan bada ere euskara ere erabiltzen zuena.

Erabileraren ehunekoak, ezagutzaren kasuan bezala, desberdinak ziren lurraldez lurralde. Euskararen erabilera trinkoa egiten zutenak % 20,1 ziren EAEn, % 6,6 Nafarroan eta % 8,1 Ipar Euskal Herrian.

Euskararen erabilera VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera (2016)
Hizkuntza Ehunekoa
Euskararen erabilera trinkoa
16,5
Euskara erdara baino gutxiago
9,2
Euskara pixka bat
5,2
Erdara
69,1


Kaleko erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989z geroztik (Euskal Kulturaren Batzarrak zuzendua), euskararen benetako kale-erabilera neurtzeko metodoa jarri zen martxan, eta horrelako azterketa gehiago egin dira 2016 arte. Azterketa horiek 1989tik euskararen kale-erabilera, oro har, handitu egin zela utzi zuten agerian 2006 arte; 2016ko azterketak (7. edizioa), berriz, besterik adierazten zuen.[5]

Euskal Herri osoan 2016an egindako azterketan, 187.635 elkarrizketa behatu ziren 250 profesionalek baino gehiagok eginda; bada, bertan azaleratu zenez, kaleko berriketak % 12,6tan egiten dira euskaraz batez beste, % 76,4tan gaztelaniaz, % 8,3tan frantsesez eta % 2,7tan gainerako hizkuntzetan. 27 urtean, % 1,8 igo da euskararen kale-erabilera herrialde osoan, baina 2006an gailurra jo ondoren, behera egin du: % 1,1. Gipuzkoa da lurralde euskaldunena, kaleko elkarrizketen % 31,1 egiten baitira euskaraz; erdaldunena erabilera aldetik, berriz, Araba da: % 4,6. Euskal Herriko hiriburu nagusiei dagokienez, Donostian hitz egiten da gehien, elkarrizketen % 15,2tan; kalean euskara gutxien erabiltzen duena, berriz, Baiona da, % 1,9tan.[5]

Euskararen kaleko erabilera (2016)
Hizkuntza Ehunekoa
Euskara
12,6
Gaztelania
76,4
Frantsesa
8,3
Beste hizkuntza bat
2,7


Euskal Herriko emaitzak urteka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.
Herrialdea 1989 1993 1997 2001 2006 2011 2016 2021
Euskal Herria[2] 10,8 11,8 13,0 13,3 13,7 13,3 12,6 12,6


Lurraldea[2] 1989 1993 1997 2001 2006 2011 2016 2021
Gipuzkoa 23,3 23,9 27,9 29,5 32,1 32,6 31,1 30,6
Bizkaia 8,1 9,6 10,5 10,7 10,6 9,4 8,8 9,4
Araba 3,9 4,2 4,0 4,2 4,7 4,0 4,6 4,8
Nafarroa 6,5 7,5 6,8 6,0 5,9 5,7 6,7 5,9
Iparraldea 6,5 8,3 7,6 6,0 6,2 5,3 4,9


Eskualdea 1989 1993 1997 2001 2006 2011 2016
Sakana[6] 20,7 21,8 22,8 24,6
Gorbeialdeko Kuadrilla[7] 13,8
Urola Kosta[8] 71,5
Bidasoa Beherea[9] 12,8
Gernika-Bermeo[10] 42,6
Donostialdea[11] 20,6
Durangaldea[12] 19,9

Kaleko erabilera herrialdez herrialde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedia honek zazpi euskal herrietako euskararen kale erabileraren mapa linguistikoak ditu, azpiko iruditegietan ipini direnak. Datuak 2011koak dira.[13]
Legenda jarraian:

     > % 50     > % 30     > % 20      > % 10     > % 5     > % 0


Gainean ipini ditugun lau herrialde horietan entzun daiteke euskara gehien, hizkuntza (gutxieneko kopuru batean) mintzatzen den eremua herrialdearen eremuaren erdia edo handiagoa delako. Gipuzkoa eta Zuberoako kasuak aipagarriak dira, bi herrialde hauetako herri guztietan euskararen erabilera % 5a baino altuagoa delako, hortaz, euskara herri guztietan presente dagoela esan dezakegu, leku batzuetan apalago bada ere. Gorriz margotutako herrietan euskara nagusi da, kalean gehien entzuten den hizkuntza delako, gutxienez %50ak erabiltzen du. Gipuzkoan eta Bizkaian aurki ditzakegu halako herri gehien, baina azken herrialde honetan, Nafarroa Beherean bezala, euskarak ez du herrialde osoan zehar hedatzea lortu.

Gaineko beste hiru herrialdeetan aldiz, euskarak ez du hedapen zabalik. Nafarroa Garaiaren iparraldean euskarak zenbait arnasgune ditu, Arabak Aramaio du arnasgune bakar eta Lapurdik ez du bat ere ez. Bereziki aipagarria da Lapurdiren kasua, bertan hiru herrietan baino ez baita euskara entzuten kopuru neurgarri batean.

Euskararen kale erabileraren neurketak egiteko metodologia sortzeko lehen ahaleginetan ekarpen handia egin zuen Xabier Isasik erabilerari buruzko teorizazioan Jose Luis Alvarez Enparantzarekin batera, Siadeco-ko Iñaki Larrañagak metodologiari dagokionean, eta EKBk proiektuari maila orotako babes eta laguntza logistikoa eskainiz.[14]

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 47 herritako euskararen kale-erabileraren 2016ko datuak publikoak dira EASen webgunean (Euskararen Adierazle Sistema).[15] Adibidez, hauek: Altsasu 13.9, Andoain 21.6, Antzuola 65.5, Aramaio 63.4, Arbizu 76.8, Astigarraga 38.7, Azkoitia 68.9, Bermeo 33.6, Donostia 16.1. Eibar 15.1, Elgoibar 35.9, Elorrio 34.2, Errenteria 14.7, Eskoriatza 37.5, Gasteiz 3.7, Hernani 29.7, Hondarribia 24.6, Iruñea 2.9, Irurtzun 8.5, Iturmendi 27.7, Lakuntza 30.9, Lezo 36.5, Oiartzun 58.8, Olazti 3.7, Oñati 65.8, Ordizia 43.7, Pasaia 12.9, Soraluze 31.2, Urdiain 44.4. Urkabustaiz 17.8, Usurbil 54, Zaldibar 27.6, Zestoa 77.5, Zigoitia 16.7, Zuia 5.8 eta Zumaia 57.8.

Tolosaldeko udalerrien datuak ere eskuratu daitezke, Galtzaundi elkarteren webgunean daude. Euskarazko Wikipedian udalerri horien infotaulan ematen den kaleko erabilera 2017koa da.

2021ko martxoan kaleko erabileraren datu horiek eskaintzen dira udalerri horietako artikuluan (infotaulan) Euskarazko Wikipedian.

Etxeko erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2021eko apiriletik etxeko erabileraren datuak ere azaltzen dira udalerrika, Araba, Bizkaian, eta Gipuzkoan. Datuak EASen webgunetik jaso ziren, eta apur bat sinplifikatuta eskaintzen dira.[16] Etxeko erabilerari buruzko hainbat daturen artetik, EASen lau datu lortu daitezke herri bakoitzeko ("Euskara", "Gaztelera", "Biak" eta "Besteak"). Etxeko portzentajea ateratzeko herri bakoitzean gehitu dira bi zenbakiak ("Euskara" eta "Biak") eta zatitu gero "Guztira"ko zenbakiarekin. Adibidez, Usurbilen: "Euskaraz"  etxean  2510 pertsona, "Bietan" etxean 891 pertsona, guztira 5794 pertsona. Beraz Usurbilen 2016ko datuekin erabilera % 58.7 da. Hau da: (2510 +891 ) / 5794.

Euskararen erabilera zein den estimatzeko formulak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inkesta bidezko eta behaketa bidezko datuez gain, batzuetan euskararen erabileraren estimazioak egiteko formula batzuk erabiltzen dira, udalerri edo komunitate bateko elkarrizketetan zenbatetan espero daiteke euskaraz izatea. Berez portzentaje hori ez da izango euskaldunon portzentajea bera, askoz txikiagoa baizik, talde bateko lagun guztiak euskaldunak ez badira euskara ez baita erabiltzen.

Txillardegik eta Xabier Isasik definitu zuten formula horiek nola kalkulatu behar ziren, eta UEMAk herri guztietarako kalkulatu zituen 2011n.[17]

Formula horiekin lortzen diren portzentajeak ez dira erabilera errealeko neurria, alde horretatik ez dira oso praktikoak. Baina erabil daiteke konparazioak egiteko erreferentzia moduan oinarri-lerro moduan. Herri bateko kaleko erabilera formula hauen bidez estimatua baino handiagoa bada nolabait ondorioztatu daiteke herri horretako euskaldunek euskarari atxikimendu handia dutela.[18]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Eusko Jaurlaritza (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza), Nafarroako Gobernua (Euskarabidea), Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basque. VI. Inkesta Soziolinguistikoa, Euskararen eremu osoa. (Noiz kontsultatua: 2019-01-04).
  2. a b c Hizkuntza Erabileraren Kale-Neurketa. Euskal Herria, 2016. Soziolinguistika klusterra (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  3. «EAS: Euskararen Adierazle Sistema. Euskara-gaitasuna» www.euskadi.eus (Eustat- <eusko Jaurlaritza) (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
  4. Eustat. «Euskal AEko biztanleria, lurralde-eremuaren, ama-hizkuntzaren eta etxean hitz egiten den hizkuntzaren arabera.» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  5. a b «Eta zuk?» Berria (Berria Taldea) 2017-09-05 (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  6. Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Sakana hizkuntza-erabileraren neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
  7. Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Gorbeialdeko Kuadrilako hizkuntza-erabileraren neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
  8. Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Zumaiako hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
  9. Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Hondarribiako hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
  10. Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Bermeoko hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
  11. Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Oiartzungo hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
  12. Klusterra, Soziolinguistika. (2017). «Zaldibarko hizkuntzen erabileraren kale-neurketa 2016. Laburpen txostena.» Soziolinguistika Klusterra.
  13. «UEMA Atlasa» UEMA (Noiz kontsultatua: 2019-08-03).
  14. Isasi Balanzategi, Xabier; Alvarez Enparantza, Jose Luis. (1993). Euskararen kale-erabilpenaren azterketa matematikoa. Metodologia berriak.... (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
  15. «EAS: Euskararen Adierazle Sistema. Euskararen kale-erablera» www.euskadi.eus (EUSTAT, Eusko Jaurlaritza) (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
  16. Eustat. «Euskal AEko biztanleria, lurralde-eremuaren, ama-hizkuntzaren eta etxean hitz egiten den hizkuntzaren arabera.» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-28).
  17. «UEMA-Atlasa» 46.226.108.156 (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
  18. Isasi Balanzategi, Xabier; Alvarez Enparantza, Jose Luis. (1994). Soziolinguistika matematikoa. UEU arg (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]