Txillardegi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Txillardegi
Txillardegi.jpg
Bizitza
Izen osoa José Luis Álvarez Enparantza, José Luis Álvarez Emparanza
Jaiotza Donostia1929ko irailaren 27a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntza gaztelania
Heriotza Donostia2012ko urtarrilaren 14a (82 urte)
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzak euskara
gaztelania
Lanbidea
Lanbidea hizkuntzalaria, idazlea, politikaria, Soziolinguistika eta irakaslea
Lantokia(k) Donostia
Enplegatzailea(k) Euskal Herriko Unibertsitatea
Izengoitia(k) Txillardegi
Sinesmenak
Alderdi politikoa Euskal Sozialista Biltzarrea
Txillardegiren hitzak Euskal Herrian Euskarazen 30. urteurreneko dokumentalean.

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi goitizenaz ezagunagoa (Antigua, Donostia, Gipuzkoa, 1929ko irailaren 27a - 2012ko urtarrilaren 14a[1]), donostiar hizkuntzalari, idazle eta politikaria izan zen. Txillardegi izengoitiaz ezaguna zen arren, Igara, Usako, Harrizkibieta eta Larresoro ezizenak ere erabili izan zituen idazlanetan.[2] Euskera, Euzko-gogoa, Egan, Zutik, Jakin, Tierra Vasca-Eusko Lurra, Herria eta beste aldizkari askotan kolaboratzaile izan zen. Branka aldizkariaren sortzailea. Bat soziolinguistika aldizkariko zuzendaria izan zen, 1992tik 2002ra.

Euskal hizkuntzalaritzaren arloan lan egin zuen batez ere, eta irakasle izan zen Euskal Herriko Unibertsitatean. XX. mendearen bigarren erdian Euskal Herrian eragin handienetakoa izan zuen. Haren eragina hainbat arlotan nabari da:

  • Hizkuntzalaritzan, euskara batua sortzearen bultzatzaile nagusietako bat izan zen, eta euskal azentuari buruzko aditu handienetako bat zen (gai horretaz egin zuen doktorego tesia).
  • Literaturan berrikuntza nabaria ekarri zuen Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin, euskal nobelagintza modernoaren sorreratzat hartzen baita.[3] Haren bidez iritsi zitzaien euskal letrei artean modan zegoen existentzialismoa.
  • Ekin eta gero ETAren sorreran pisu ideologiko handiaz parte hartu zuen, bai eta Herri Batasunarenean ere.

Euskal Herrian Euskaraz taldearen sortzaileetarikoa izan zen eta Udako Euskal Unibertsitateko kide, hasieratik bertatik. Euskaltzaindian, hiru aldiz proposatu zuten euskaltzain oso izateko baina inoiz ez zuen izendatzea lortu: 1980. urtean Patxi Altuna aukeratu zuten, 1987. urtean Juan Mari Lekuona, eta 1988. urtean Ibon Sarasola. Euskaltzain urgazle izan zen 1957tik.[4] Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeko kide zen, 1993an batzorde hori sortu zenez geroztik.

« Profil poliedrikoa dauka, gutxik bezala herri honetan, Txillardegik. Politika, hizkuntza, soziolinguistika eta literatura. Azken hamarkadetako erreferentzia nagusietakoa. Alor horietan guztietan lehen mailako eragilea izan zen, baina soziolinguistikarenean aitzindaria.  »

Martxelo Otamendi, 2012-01-15[5]

« Bizi osoa eman du Euskal Herriaren aldeko ahaleginean eta haren jarduna garbia eta gardena izan da. Ez da sekula isildu eta kikildu, ez da sekula lausengu eta zurikerietan aritu. Nonbait ere horregatik itxi zizkioten Euskaltzaindian sartzeko ateak, eta nonbait ere horregatik baztertu dute beste zenbait erakundetan.  »

Koldo Zuazo, 2012-01-17[6]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Luis Alvarez Enparantza 1929ko irailaren 27an jaio zen, Donostiako Antigua auzoko Amilibia kaleko (gaur egun, Zumalakarregi kalea) 579. zenbakian, Gutenfelder etxean, burges familia batean. Aitak fabrika txiki bat zuen, litografiak egiten zituena.[7] Gurasoek euskaraz jakin arren, ez zioten irakatsi: etxean entzun ez eta bere kabuz hasi zen 1948an ikasten. Frankismoa gazte-gaztetatik bizi izan zuelarik, Euskal Herriaren egoera latzaren kontzientzia hartuz joan zen, eta handik aurrera haren bizitzako ardatz izango ziren euskara eta Euskal Herria. 1954an Txillardegi ezizena erabiltzen hasi zen, bere jaiotetxearen aldameneko etxearen izena.

Militantzia politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txillardegi, unibertsitatean eta militantzia politikoan nola hasi zen azaltzen.
Txillardegi, Ekinen eta ETAren sorrerari buruz, Euskal Herriko Ahotsak ekimenerako eginiko elkarrizketan.
« Hari eta haren ingurukoei zor diegu euskara ezartzea herrigintzaren oinarrian. Ordu arteko egitasmoan arraza zen ardatza, eta hizkuntza baztertuta eta alde batera utzita zegoen. Etena, beraz, garbia zen, eta etena, gainera, ez zen hitz hutsezkoa izan: Txillardegik berak, esate baterako, gurasoek erakutsi ez zioten euskara ikasi eta hizkuntza horretan egin zuen bere ondorengo ibilia.  »

Koldo Zuazo, 2012-01-17[6]

Bilbora joan zen Ingeniaritza ikastera eta bertan ikaskide batzuekin batera Ekin taldea sortu zuen, gerora ETA izango zenaren aurrekaria. Talde haren helburua euskal arazoetan (euskara, historia, politika...) kontzientzia eta formazioa lortzea zen; abertzaletasun klasikoarekin kritikoak ziren eta frankismo itogarriaren aurrean EAJk agertzen zuen jarrera pasiboa salatzen zuten. EGIrekin elkarlanean aritu eta gero, EAJtik erabat banandu eta Ekinekoek beste erakunde bat sortzea erabaki zuten: Euskadi Ta Askatasuna. Hain zuzen ere, ETA sigla Txillardegik berak asmatu zuen.[4] Txillardegi ETAko zuzendaritzako parte izan zen, kultura adarrean. ETAren izaera irekia aldarrikatzen zuen, fronte abertzale edo herritar gisa, eta horregatik ez zuen uste marxismo-leninismoa ideologiatzat hartu behar zenik.[2]

1958tik 1960ra bitartean, Gipuzkoako Diputazioan euskal literatura eskolak eman zituen. 1961n erbesteko bidea hartu zuen, lehenik Frantziara eta gero Suitzara. Atzerrian izan arren, ETAn segitu zuen (zuzendaritza utzi zuen arren), bai eta kulturgintzan murgilduta ere. Beste zeregin askoren artean, Baionan Euskal Idazkaritza sortu zuen beste euskaltzale batzuekin batera. Elkarlan horretatik, ortografian eta morfologian oinarrizko arau batzuk adostu ziren euskara baturako, eta 1965ean agiri batean argitaratu. Lantalde horrek aurkeztutako proposamen gehienak, geroago Euskaltzaindiak onartu zituen Arantzazuko Batzarraren ondoren, eta hortaz Txillardegi aurrerabide haren eragile nagusietakoa izan zen. 1967an ETA utzi zuen V. Biltzarraren ondoren, ildo politikoarekin bat ez zetorrelako. 1977an, behin Hegoaldera itzulita, politikagintzan murgildu eta ESB alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, Iñaki Aldekoa Azarlozarekin batera. Herri Batasunaren sorreran ere parte hartu zuen eta koalizioaren izenean senatari hautatu zuten.

1989an Unibertsitateko irakasle zela Jose Luis Pinillosen honoris causa izendatzea boikotatu zuen. Garai hartan HBren senatari zen.[8]

Bide armatua agortuta zegoela iritzita, Aralar alderdiaren sorreran parte hartu zuen. 2007ko maiatzean, ordea, alderdia uztea erabaki zuen, Aralarrek parte hartu zuelako ETAren biktimen alde Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldi batean, eta Aralar maiatz hartako udal-hauteskundeetara Ezker Batuarekin batera koalizioan joango zelako.[9] 2008ko urtarrilean, EAE-ANV alderdiko kideekin batera agertu zen hedabideen aurrean, Espainiako hauteskundeetarako hautagai-zerrenda erregistroan aurkeztera joan zirenean.

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberrigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Txomin Agirreren nobelak irakurri ondoren Leturiaren egunkari ezkutua irakurtzea amildegi batera jauzia egitea bezala izan zen guretzat  »

—Joxean Agirre, 2012-01-15[10]

Bere militantzia politikoaz gain literaturagatik oso ezaguna da Txillardegi. Hein batean, euskarazko eleberrigintza modernoa abiarazten parte hartu zuen; hala ere, askotan berak literaturagintzako lan hori «bigarren mailako» jarduera zuela adierazi izan zuen.

Txillardegiren lehenengo eleberriek haustura eragin zuten ordu arte nagusi zen narratiba tradizionalean, eta militantzia politikoari lotuta zegoen, nolabaiteko literatura konprometitua. Haren lehen eleberri Leturiaren egunkari ezkutuak 1957an Euskaltzaindiak argitaratua) existentzialismoaren eraginpeko garaiari hasiera eman zion.

Peru Leartzako (Itxaropena, 1960) bigarren eleberriak, aurrekoak ez bezala, ez zuen fama eta kritika onik jaso. Hirugarren eleberrian, Elsa Scheelen (Lur, 1969), narratzaile orojakilea da berrikuntza nagusia. Eleberria orduko garaiaren isla da: marxismoa aipatzen da, Martin Luther King aipatzen da, Vietnamgo gerra, eta sekularizazioa batez ere, Elsa ezagutzean Maunierrengan hazten diren zalantzetan islatua.

Handik hamar urtera, Haizeaz bestaldetik (autoedizioa, 1979) argitaratu zuen. Egilearen hitzetan, "kirtenkeria handi bat" da eta bere eleberririk "sakon eta sinbolistena".

Exkixu (Elkar, 1988) izan zen hurrengo eleberria. Lan hori errealismo sozialista ortodoxoenetik hurbil koka daiteke. ETAko kide baten historia aipatzen du eta haren eztabaidak. Hurrengo eleberria Putzu izan zen (Elkarlanean, 1999), Bigarren Karlistaldia eta XIX. mendearen amaiera bitartean kokatua. Idatzi zuen azkena, berriz, Labartzari agur. Ipuin-liburu bat ere argitaratu zuen: Kosmodromo (Haranburu, 1984).[2]

Saiakera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txillardegi ezinbesteko bilakatzen da saiakeraren generoa berritzerakoan. Txillardegik Huntaz eta hartaz argitaratu zuen lehenik eta behin (Goiztiri, 1965). Askotariko gaiak hartu zituen: existentzialak, erlijiozkoak eta moralak, eta politiko eta ideologikoak. Gainera, Teilhard de Chardin, Kierkegaard, Buda eta Gandhirenganako jitea antzeman daiteke. Jean-Paul Sartre eta Bertrand Russell pentsalarien eragina jaso zuen batez ere.[10] Hizkuntza eta pentsakera lanean (Mensajero,1972) hizkuntzaren, logikaren eta munduari buruzko pentsamendu edo ikuspegiaren arteko harremana jorratzen du. Euskal Herritik erdal herrietara (Autoedizioa, 1978) liburuan aldez aurretik argitaratutako artikuluak bateratu zituen; horrez gain, Euskal kulturaren zapalketa liburua ere argitaratu zuen (Elkar, 1984). Memoria eta saiakera artean kokatzen den liburu bat ere argitaratu zuen, Euskal Herria helburu (Txalaparta, 1994) izenburupean.[2]

Hizkuntzalaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Txillardegiren kezka nagusia zen herriak hizkuntza beharrezkoa duela eta Euskal Herriak euskara ezinbesteko ezaugarria duela aldarrikatzea.  »

Patxi Zabaleta, 2012-01-15[11]

Txillardegik Parisen Hizkuntzalaritzako lizentzia eskuratu zuen, eta euskal azentuari buruzko doktoregoa egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean, Kaliforniako M.T.T. unibertsitatean egonaldia egin ostean. Lan andana idatzi du: Euskara batua zertan den ("Jakin" aldizkaria, 1974), Oinarri bila (1977), Euskal gramatika (Ediciones Vascas, 1978), Euskal Fonologia (Ediciones Vascas, 1980), Euskal Dialektologia (Autoedizioa, 1983) eta Euskal azentuaz (Elkar, 1984).[2]

Euskara batuaren gurasoetako bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txillardegi urte askoan sendo aritu zen, goi mailako erabileretarako euskal hizkuntza bateratu bat sortzeko beharra agertzen. 1957tik euskaltzain urgazlea zen (sekula ez zen euskaltzain oso izatera iritsiko, euskalari gisa aski eta sobera merezimendu bazuen arren). 1964an, Baionan euskaltzale talde batek Euskal Idazkaritza sortu zuen,[12] Hizkuntza Sail batekin. Bertan, Jesus Maria Bilbao, Jean-Louis Davant, Roger Iriart, Eneko Irigarai, Telesforo Monzon, Jesus Solaun eta Txillardegi elkartzen ziren. Txillardegi bera izan zen taldearen bultzatzailea eta joera eta herrialde guztietako euskaltzaleak elkartzen saiatu zen. Gainera, gizarte taldeen babesa bilatu zuen: EAJ, ETA, Enbata eta Euskal Herriko Erromatar Eliza Katolikoa.

1964ko urrian, Euskal Idazkaritzak batzar ireki baterako deialdia egin zien Euskal Herriko idazle eta irakasleei, haien iritziak entzuteko. Urtebete geroago, txosten bat plazaratu zen hartutako erabakiekin. Txostenak hiru atal zituen: ortografia, deklinabidea eta aditza. Gainera, dokumentuak amaieran h letraz idatzi beharreko hitzen zerrenda luzea zekarren, gehienbat Hegoaldeko euskaldunen lagungarri. Txosten hura izan zen Arantzazuko Batzarrak 1968an eman zuen txostenaren —euskara batuaren sorrera agiritzat hartzen den txostenaren— aurrekari nagusia.

Irakasle lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1976. urtean, unibertsitatean hasi zen lanean, hizkuntzalaritzan espezialista gisa. Hala bada, Bordeleko Unibertsitatean, EUTG eta Deustuko Unibertsitatean, irakasle izen zen, 1976tik 1983 arte. 1983-84 ikasturtetik aurrera, Zorroagako Fakultatean soziolinguistikako irakasle izan zen. 70 urte bete zituenean, katedratiko emeritu izendatu zuen EHUk.

Pentsamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Txillardegik inkarnatzen du ongien Euskal Herri berria, gerra ondokoa esan ohi den aroa [...] Mugarri handia, izan, gerra izan da. Baina harrigarria da nola gero [...] euskalgintzan, literaturan, gure borroka ideologiko edo mundu ikuskeran, politikan, berrogeita hamar urte luze mila gatazka ilunetan okupatuko gaituzten motiboak, denak batera kolpe batetik eta garbi, koherentzia osoarekin ageri diren harengan, etorkizunaren intuizio berri jenial batean bezala.  »

Joxe Azurmendi, 1999[13]

Txillardegi da askorentzat gerra ondoko Euskal Herrian izan zen belaunaldien arteko etenaren protagonista nagusietakoa. Giro horretan, eta tradizioaren aurka, ernetu zen pentsamendu berriak politika, kultura, filosofia zein erlijioa zituen berezko arlotzat[14].

Euskal Herriaren ideia berri bat ekarri zuen. Euskal Herriak, izatekotan, nazio-ezaugarri bakarra dauka: euskara. Ideia hori, ordea, ondo ulertzekotan, Txillardegiren existentzialismoa kontuan hartu behar da. Existentzialismo horren iturriak Kierkegaard eta Unamuno dira. Euskarari dagokionez,Txillardegik Unamunoren pentsakera berbera erakusten du, baina Unamunoren aurka: euskara biziko da eta, euskararekin batera, Euskal Herria.

Gaztarotik dakarren existentzialismoak, baita aurrerago erabiliko duen estrukturalismoak ere, dogmatismo, esentzialismo eta sistema itxi (marxismo ortodoxo) guztietatik urrun mantendu zuten Txillardegiren gogoa. Existentzialismoaz blaitutako askatasunaren filosofia garatu zuen Txillardegik, askatasuna eta proiekua uztartzen zituena eta oinarrian nahikundea edo desira zuena. Pentsamolde horrekin garai hartako jeltzale, liberal eta karlisten ikuspegiaren aurka jo zuen: Euskal Herria ez da esentziak gordez berreskuratu behar den zerbait, etengabe sortu behar dena baizik.

Haren pentsamenduaren oinarrian gizatasunaren ikuspegi jakin bat aurkitzen da, guztiz finkatua ez dena. Esan daiteke gizakia animalia bat dela. Animalia hori denborazkotasuna lege den munduaren eta denbora gabeko bigarren munduaren artean dabil. Txillardegiren ustetan, mendebaleko zibilizazioan nagusitu den errealismoak bigarren mundu hau ahaztua dauka eta hortik datorkio gainbehera. Ikuspegi horrek, existentzialismoarekin koherentzian, razionalitate ezberdinen beharra adierazten du.

Era berean, Sartreren bidez jastotako existentzialismoak gizakiari denborazkotasun berezia atxikitzen dio, Sartrek berak Kojèvengandik jaso zuena. Denbora gizatiar horrek etorkizuna du abiapuntu, eta, iraganetik igarota, orainaldian amaitzen da: proiektuaren denborazkotasuna izango litzateke.

1962-64 ingurutik aurrera, Txillardegiren pentsamenduak nolabaiteko bilakaera izan zuen. Horren ondorioz, gorago aipatu den oinarrizko pentsamenduaren antolaketa politikoa indartu zen. Ideia nagusietakoa "intelektual konprometitu"arena izan zen. Bilakaera horretako erreferentzia nagusiak Jean-Paul Sartre eta Bertrand Russell izan ziren.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txillardegiren omenez egindako kale sorkuntza Donostiako Antiguo auzoan.

Txillardegiren lan osoa eskura dago Jakin aldizkariak 2017an sortu zuen webgunean. Bertan 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde bildu zituzten. Horietatik 1.634 idazlan dira Txillardegik berak 55 urtez idatzi eta argitaratutakoak, eta gainerako 350 argitalpen digitalizatuak Txillardegiri egindako elkarrizketak, edota bere obraren inguruko azterlanak, erreseinak eta bestelako idazlanak dira.[15]

Narrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nobela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saiakera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzalaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autobiografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bestalde, zerrenda honen osagarri gisa, Inguma datu-basean Txillardegiren 122 produktu kontsulta daitezke. Baita ere 2000. urtean Euskaltzaindiak egin zuen Txillardegiren bibliografia 1956-1999, lan horretan 954 sarrera bibliografiko bildu zituen Pruden Gartziak.[16]. Azkue liburutegiko datu-basean Txillardegi bilatuta 1100 erreferentzia baino gehiago azaltzen dira.

2015eko urtarrilaren 14an, Txillardegiren lan argitaratuak bildu eta digitalizatzeko hitzarmena sinatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Jakin Fundazioak[17]. 2017ko maiatzaren 23an plazaratu zuten webgunea 1.984 idazlanekin.[18]

Sariak eta omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999ko uztailaren 19ko ekitaldian UEUk oparitutako euskaldun makila eskuan (Argazkia: UEU)
Txillardegi 2011n Euskal Herrian Euskaraz taldeak eginiko omenaldian
  • 1968an Domingo Agirre Saria, Elsa Scheelen eleberriarekin.
  • 1980an, Zilarrezko Lauburu, Euskal Gramatika liburuagatik.
  • 1999an, Udako Euskal Unibertsitateak UEUko ohorezko kide izendatu zuen.
  • 1999an, Jakin aldizkariak ale berezia egin zuen Txillardegiri buruz.
  • 2000n, UEUk omendu zuen [19] . Txillardegi lagun giroan liburua idatzi zuten haren lagunek.
  • 2000n, Euskaltzaindiak “Txillardegiren bibliografia 1956-1999” lana argitaratu zuen. 954 sarrera bibliografiko ditu lanak.
  • 2002an, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen.
  • 2002an, Mendebalde Kultur Elkarteak omendu zuen, “Administrazinoa eta euskalkiak” jardunaldien barruan.
  • 2002an, Soziolinguistikako SEI elkarteak ohorezko lehendakari izendatu zuen.
  • 2004an, Elkar argitaletxeak omenezko jardunaldiak burutu zituen.
  • 2004an, Koldo Mitxelena Kulturuneak omenezko jardunaldiak egin zituen.
  • 2005ean, Euskaltzaindiak Nerekin yaio nun: Txillardegiri omenaldia liburua aurkeztu zuen. Hizkuntza, literatura eta historiari buruz 31 lagunek idatziriko lanek osatua da liburua.[20]
  • 2007an Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeak hitzaldi-sorta prestatu zuen, Leturiaren egunkari ezkutua eleberria 50 urte argitaratu zela eta.
  • 2008an, Euskaltzandiak omendu nahi izan zuen berriro, oraingoan Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren ekarpena XX. Mendeko euskal narratibaren testuinguruan izeneko liburua aurkeztuta.
  • 2011ko otsailean, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak egin zion omenaldia Donostian
  • 2014an, Txillardegiren obra osoa digitalizatzea erabaki zuen Jakin fundazioak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jakin aldizkaria, 114. zenbakia, 1999ko iraila eta urria. Txillardegiri buruzko monografikoa.
  1.   «Txillardegi hil da», Berria, 2012-01-14, http://berria.info/albisteak/59554/txillardegi_hil_da.htm. Noiz kontsultatua: 2012-01-14 .
  2. a b c d e   Estornes Lasa, Bernardo, «José Luis Álvarez Emparanza», Auñamendi Entziklopedia, http://www.euskomedia.org/aunamendi/9273?q=txillardegi&partialfields=fondo%3Aau%25F1amendi&numreg=1&start=0. Noiz kontsultatua: 2012-01-14 .
  3. «Leturiaren egunkari ezkutua. Txillardegi», Euskal Literaturaren Hiztegia.
  4. a b Fermin MUNARRIZ: «Jose Luis Alvarez, Txillardegi: "Euskarak eraman ninduen abertzaletasunera"», Gara, 2010-11-14.
  5.   «Asko zor dizugu, Txillardegi», Berria, 2012-01-15, http://paperekoa.berria.info/harian/2012-01-15/502/001/euskal_herria_helburu.htm#despiezea1. Noiz kontsultatua: 2012-01-15 .
  6. a b   Zuazo, Koldo (2012-01-17), «Nori berea delako zuzenbidea», Berria, http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-01-17/006/001/nori_berea_delako_zuzenbidea.htm. Noiz kontsultatua: 2012-01-18 .
  7. Irune LASA: «Txillardegi eta Ondarretako hondartza (Donostia): "Kartzela dinamitarekin nola eraisten zuten ikustera etortzen ginen lagunak"», Berria, 2008-05-24.
  8.   Laura, Mintegi (2012-01-15), «Chapeau, Txillar», Gara, http://www.gara.net/paperezkoa/20120115/315636/es/Chapeau-Txillar. Noiz kontsultatua: 2012-01-15 .
  9. * «Txillardegik Aralar utzi du, desadostasunengatik», Berria, 2007-05-21.
  10. a b   Agirre, Joxean (2012-01-15), «Arrastoa utzi duen gizona», Gara, http://www.gara.net/paperezkoa/20120115/315640/es/Arrastoa-utzi-duen-gizona-. Noiz kontsultatua: 2012-01-15 .
  11.   Zabaleta, Patxi (2012-01-15), «Txillardegi, aitzindaria», Gara, http://www.gara.net/paperezkoa/20120115/315645/eu/Txillardegi-aitzindaria. Noiz kontsultatua: 2012-01-15 .
  12. Koldo Zuazo, 2005, Euskara Batua: Ezina ekinez egina. Donostia: Elkar 154.or.
  13.   Azurmendi, Joxe (1999), «Txillardegiren saioa: hastapenen bila», Jakin, 114, http://www.jakingunea.com/show/33fe4d3cebe104844a97437aad93f38925b2022e .
  14. Atal hau Joxe Azurmendi (1999), Alaitz Aizpuru (2012b) eta Markos Zapiain (2000) erreferentziekin osatua dago batez ere. Azurmendik iturri existentzialistak landu ditu, Aizpuruk estrukturalismoa du aztergai eta Zapiainek Kojève-n denborazkotasuna azaldu du
  15. (Euskaraz)  Txillardegi: Digitalizazioaz eta obraz - Jakin.eus, http://www.jakin.eus/txillardegi/digitalizazioaz#edukia. Noiz kontsultatua: 2017-05-25 .
  16. Txillardegiren bibliografia, Azkue Bibliotekak paratua : 1956-1999 : Donostia, 2000-VII-13. Euskera aldizkaria. -- 45. libk. (2000, 3) ; 1263-1267 or. -- ISSN. 0210-1564
  17. Igor Susaeta, «Txillardegiren lan argitaratuak bildu eta digitalizatuko dituzte», Berria, 2015-01-14
  18. (Euskaraz)  Sarasola, Ainhoa, «Txillardegi guztiak, batera», Berria, http://www.berria.eus/paperekoa/1848/030/001/2017-05-24/txillardegi_guztiak_batera.htm. Noiz kontsultatua: 2017-05-25 .
  19. UEUren Ingumak Laborategian bloga: Txillardegi, gizon jakintsua bezain hurbila eta apala.
  20. www.euskaltzaindia.net: Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” hizkuntzalari, idazle eta euskaltzain urgazlea hil da.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Txillardegi
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Txillardegi

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]