SIADECO

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

SIADECO (gaztelaniaz Sociedad de Investigación Aplicada para el Desarrollo Comunitario) 1967. urtean sortutako kooperatiba mugatua da. Egoitza hasiera-hasieratik Donostian (Gipuzkoa) ukan du.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SIADECOren hazia Donostian, Gizarte Laguntzaileen eskolan, garapen komunitarioaz egindako jardunaldi batzuetan ernatu zen. Bertan izan zen Marco Marchioni italiar soziologoa eta grapen komunitarioa delakoa desarrolismoaren alternatiba gisa aurkeztu zuen. Jardunaldien azken saioa lagun talde batek Euskal Herrian zerbait egitea erabaki zuen.

Frankismoaren garaiak ziren 1967 inguruan eta Euskal Herrian ez zegoen inolako aurrekaririk, ezta girorik ere, Garapen Komunitarioaren eremuan; gizarte-arlo guztietan desarrolismoa beste konturik ez baitzegoen. Oinarrizko industriak garatzen ari ziren, lan astunak ziren, esku-lan merkea baliatzen zen eta nonahi eraiki ziren etxebizitzak. Horren guztiaren ondorioz lurraren espekulazio izugarria egon zen.

Ordukoa da halaber immigrazioa, kanpokoak uholdeka etorri baitziren Euskal Herrira. Ahal zuten moduan eta ahal zuten lekuan kokatzen ziren. Ondorioz, bertako kultura eta hizkuntza desagertzeko zorian zeudela sentitzen hasiak ziren gizarteko hainbat lagun.

SIADECOren sortzaileek sozio-ekonomia arlora eta hirigintzarekin lotuta zeuden kontuetara jo zuten. Egoeraren diagnostikoa egitetik abiatu ziren; argi baitzeukaten haien egitekoa irtenbideak proposatzea zela. Hori zen SIADECOk hasieratik asumitu zuen eginbehar edo funtzioa.

Lehenbiziko lanak hirigintza arlokoak izan ziren, eta gero herri eta eskualdeetako azterketa sozio-ekonomiko eta estruktural orokorrak egiten hasi ziren. Haien asmoa Euskal Herriko egoera berriari irtenbide batzuk aurkitzea izan zen, hala ekonomian nola industrian zein hirigintzan eta gizarte zerbitzuetan. Hor agertzen ziren baita ere euskararen egoerari buruzko azterketak.

Ikerketa-taldean, hasiera-hasieratik, herri edo eskualdekako azterketak egiten zituztenean beti izaten zuten kontuan euskarari buruzko informazioa jasotzea. Hori eginez, artean izenik eman gabe, nola-halako soziolinguistika aplikatua gauzatzen ari ziren. Artean, baina, gutxi landutako tresneki zebiltzan.

"Soziolinguistika" izena aipatuz egin zuten lehen ikerketa 1975-1978 bitartekoa izan zen. Lan horien emaitzak "Euskararen liburu zuria" (1978) eta "Hizkuntz borroka Euskal Herrian" (1979) liburuetan daude.

Geroztik, berrogei urte luzetan, arlo desberdinetara zabaldu dituzte ikerketa soziologiko, plangintza eta aholkularitza lanak: gizarte hirigintza, gizarte ekonomia, soziolinguistika, formazioa, kultura, gizarte ongizatea, gazteria, genero berdintasuna, hala nola, komunikazioa eta marketinga, garapen iraunkorra, gizarte iritzia eta merkatu ikerketak.

Bezero nagusiak udalak, aldundiak, Eusko Jaurlaritza eta beste erakunde sozial batzuk izan ditu.

Kooperatiban aritu dira, besteak beste, Xabier Agirre, Ramon Iruretagoiena, Iñaki Larrañaga eta Andoni Lekuona soziologoak; Juan Jose Gabiña eta Juan Jose Rodriguez ingeniari industrialak; Jabier Unzurrunzaga arkitektoa; Ramon Gorostidi ekonomista; Maria Pilar Unzueta gizarte laguntzailea; Rosi Aranburu administraria, hala nola Kike Amonarriz eta Jose Maria Sanchez Carrion filologoak.

1988. urtean taldearen zati bat banandu eta Prospektiker sozietate anonimoa sortu zuen.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Arrasate eta bere etorkizuna. Gipuzkoako industri herri baten azterketa sozio-urbanistikoa eta etorkizuna (1972).
  • Goiherri Bailara industrigintza bidean (1974).
  • Oria Hibaiarroaren aurreazterketa sozioekonomiko eta teknikoa (1975).
  • Euskararen Liburu Zuria (1977).
  • Hizkuntz borroka Euskal Herrian (1978).
  • Euskara gizarte bizitzan (1984).
  • Euskara Donostian (1986).
  • E.I.F.E. Euskararen Irakaskuntza: Faktoreen Eragina. (1986).
  • Euskara Bergaran (1988).
  • Enquête sociolinguistique sur l'état de la langue basque dans les provinces de Soule, Basse-Navarre et Labourd Intérieur (1989).
  • Soziolinguistikazko mapa. 1986. Urteko erroldaren araberako Euskal Autonomi Elkarteko Azterketa Demolinguistikoa (1989).
  • Euskararen egoera Bortzirietan (1990).
  • Euskara Beasainen (1991).
  • Euskara Bilbon (1992).
  • Euskara Errenterian (1992).
  • Euskal Autonomi Elkarteko zerbitzu turistikoetako sarbideei buruzko gidaliburua (1993).
  • Euskara Lezon (1994).
  • Empleo con apoyos en la C.A.P.V. (1994).
  • Euskarak badu etorkizunik. Getxoko azterketa soziolinguistikoaren laburpena (1995).
  • Donostiako Euskaldunon Gida 1995 (1995).
  • EAEko lan merkatuan emakumeek duten partehartzeari buruzko diagnostikoa eta jarduera-proposamenak (1997).
  • EAE-ko kontsumoko plan estrategikoa: proposamenak (1997).
  • Errenteriako gazteak eta euskara (1997).
  • Gipuzkoako gazteentzako ekipamendu plangintzarako jarraibideak (1997).
  • Euskararen erabilera erreala Andoainen (1999).
  • Gipuzkoako gazteriari buruzko ikerketa (2000).
  • Tolosako Abastos Merkatuaren Diagnostikoa eta Jarduera Proposamenak (2001).
  • 2001eko Ekobarometro Soziala (2001).
  • Euskarak badu etorkizunik. Getxoko azterketa soziolinguistikoaren laburpena (2001).
  • Galdakaon komertzioa ikusgai (2002).
  • Hiri komertziala-Tolosa-Villa comercial (2002).
  • Sagardun Partzuergoari zuzendutako eskuliburua (2003).
  • Zumaiak du hitza - Gurasoentzako gida (2003).
  • Lasarte-Oria. Merkataritza Indartzeko Plan Berezia (MIPB): Etorkizuneko proiektua (2004).
  • Ordiziako Plan Estrategikoaren laburpena (2004).
  • 2004ko Ekobarometro Soziala (2004).
  • 2004ko Eskualde eta Udal Ekobarometroak (2004).
  • Tolosaldeko turismoko plan estrategikoaren laburpena (2005).
  • Euskal gazte lankideen bizi-ibilbideak (2005).
  • Hernani: Indar Komertziala (2005).
  • Blagan nere erara goazimizia (2005).
  • Ulerbide - Enpresen hizkuntza normalkuntzarako aholkularitza (2006).
  • "Irun= 2 + 1. Combíen de langues dakizkizu? Muchas. Gracias" (2006).
  • Mungia: hiri komertziala (2007).
  • 2007ko industria-ekobarometroa. Euskal enpresen ingurumen-jarrera eta -konpromiso (2008).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • J.A. (1969-08-17): "SIADEKO: Euskalerriaren alde lanean", Zeruko Argia, 337, 14.[1]
  • EGIN (1979): "SIADECO: euskararen hedapenaren plangintzarako oinarriak", Euskera, 24, 1, 391-393.[2]
  • IZENGABE (1982-04-25): "SIADEKOkoekin elkar-hizketa", Argia, 931, 20-24.[3]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]