Euskal Idazkaritza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Euskal Idazkaritza euskara batuaren sorrera bultzatzeko elkarturiko euskaltzale talde baten izena da. 1963an sortu zen Baionan[1], Txillardegiren gidaritzapean.

Lurralde guztietako euskaltzaleak zeuden bertan, eta garaiko erakunde nagusien babesa eskuratzen saiatu ziren. Euskara batuaren lehen araudiak osatu, jendaurrean aurkeztu eta eztabaidatzea zen helburua, eta mementu horietan Euskaltzaindiak batasunaren auzian erakusten zuen geldotasuna gainditzea.

Kideak eta babesak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ideia aurrera aterako bazen, beharrezkoa zen taldeari zilegitasuna ematea. Horretarako, lurralde guztietako kideak elkartu ziren taldean, eta Euskal Herriko erakunde nagusien babesa bilatu zuten[2].

Txillardegi beraz gain, honako kideak zituen: Jesus Maria Bilbao, Jean-Louis Davant, Roger Idiart, Pierre Andiazabal, Jean Hiriart-Urruti, Eneko Irigarai, Telesforo Monzon eta Jesus Solaun.

Euskara batuaren beharra agerian egon arren, hizkuntza estandarraren oinarria eta formak liskar ugari pizten zuen euskaltzaleen hartean. Horregatik, eta aipatu bezala zilegitasuna lortzeaz gain eztabaida antzuak saihestu nahi zirenez, euskal gizarteko erakunde nagusien babesa lortu zen: EAJ, Enbata, ETA eta Eliza Katolikoa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1963an agertu zen Euskal Idazkaritza eta berehala, haren barnean sorturiko Hizkuntza Sailak hizkera estandar baten oinarriak izan zitezkeenak biltzeari ekin zuen. Kideak astero elkartzen ziren Baionan, eta zortzi hilabetez luzatu zen lan hau.

1964ko abuztuaren 29 eta 30ean, Euskal Idazkaritzak Baionako Biltzarra antolatu zuen Piarres Lafitteren eskutik. Batzar ireki moduko deialdia egin zien Euskal Herriko idazle eta irakasleei gutunak bidaliz eta egunkarietan iragarkiak ipiniz, haien iritziak entzuteko. 40 bat lagun elkartu ziren, eta bi eguneko eztabaiden ondoren, euskara batuaren oinarritzat jo litekeen testua onartu zuten bigarren egunean. Urtebete geroago, txosten bat plazaratu zen hartutako erabakiekin.

Txostenak hiru atal zituen: ortografia, deklinabidea eta aditza. Gainera, dokumentuak amaieran h letraz idatzi beharreko hitzen zerrenda luzea zekarren, gehienbat Hegoaldeko euskaldunen lagungarri.

Txostena aztertzeko lau lagun izendatu zituen Euskaltzaindiak: Luis Villasante, Fernando Mendizabal, Koldo Mitxelena eta Santi Onaindia[3]. Gehienak proposamenen alde agertu eta txostena ontzat jo zuten. Txosten hura izan zen Arantzazuko Batzarrak 1968an eman zuen txostenaren —euskara batuaren sorrera agiritzat hartzen den txostenaren— aurrekari nagusia[4].

Baionako Biltzarraren erabakiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txostenak, esan bezala, hiru arlotako proposamenak bildu zituen:

  • Ortografian J, X, TX eta bustidurak nola idatzi zehaztu zen, Y, CH, TCH eta tileta baztertuz. H letrari buruzko zenbait arau ere eman ziren eta bukaeran Hdun hitzen zerrenda bat gehitu zen. Azkenik,aditzaren aitzineko ba- eta ez- loturik edo bereiz idaztea aukeran utzi zen (badugu / ba dugu, eztugu / ez dugu), baina bait- aditzari loturik idazteko araua proposatu zen (baikara, baitugu).
  • Deklinabide forma gehienentzat arauak proposatu ziren, bizidun zein bizigabe, arrunt zein berezi eta kontsonantez zein bokalez bukaturikoentzat.
  • Aditzean, aditz laguntzailearen oinarrizko formak zehaztu ziren, NOR eta NOR-NORK sailekoen indikatibozkoena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Euskal Idazkaritza, . Noiz kontsultatua: 2019-09-08.
  2. Zuazo, Koldo (2005) Euskara batua: ezina ekinez egina elkar ISBN 8497833163.
  3. Euskararen batasuna: Baionako Euskal Idazkaritza (1964) eta Arantzazuko Biltzarra (1968), . Noiz kontsultatua: 2019-09-08.
  4. Baionako Biltzarra, 1964: batasuna, oroz gainetik, . Noiz kontsultatua: 2019-09-08.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]