Euskal pezeta

Wikipedia, Entziklopedia askea
25 pezetako eliodoroa, Nikolas Maetinez Ortiz de Zarateren ilustrazioarekin.

Artikulu hau Euskadiko dibisari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Pezeta».

Euskal pezeta Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gerra Zibila martxan zela sortutako dirua izan zen.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EAJko eta Frente Popularreko ordezkariek osatutako gobernuak halabeharrez eskuratu zuen Espainiako Bigarren Errepublikak aurrez ukatutako autogobernu maila. Autonomia estatutua 1936ko urrian bertan onartzea lortu zuen; gerra hasita, gobernu zentral errepublikanoak euskal lurraldeen babesa bermatu nahi zuen. Gipuzkoatik Asturiasera bitartean, kostaldeko lerroa errepublikarren esku zegoen oraindik, baina beraien eremu nagusitik erabat isolatuta. Eta 1937ko martxoa arte, frankistek erasoari berrekin arte, frontea egonkortuta egon zen. Esku-dirua jaulkitzeaz gain, pasaporteak banatu zituen, justizia sistema berrantolatu zuen, atzerrian ordezkaritzak jarri zituen abian, 40.000 soldaduko armada antolatu zuen besteak beste[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko urrian, Bilbon, Jose Antonio Agirre lehendakari izendatu eta bi astera, Eliodoro de la Torre buru zuen Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailak dekretu bat onartu zuen, abuztuan Bizkaiko Defentsa Batzordeak onartutako bera: billete-txeketegiak jaulkitzeko agindua eman zuten, Espainiako Bankuan zituzten funtsen babesean. Diruaren zirkulazioa bermatu nahi zuten, gerra eremuetan dirua altxortzeko joera baitzegoen.[1]

Honela zioen dekretuaren zati batek: “Beraz, altxortzea ezinbestean zuzendu behar da konponbide heroikoen bidez, batetik, egoismo nabarmen eta zentzugabeenaren ezkutalekuetan kapitala metatu dadin saihesteko eta, bestetik, gure herriko altxor emankorrak lurraldeko mugetatik ihes egin ez dezan, beste eskualde batzuk gure lurraren zuku finantzarioaren bizkar elikatzeko”.[1]

Bederatzi banketxe eta kutxak jaulkitako hasierako txeketegi-billeteak kalitate eskasekoak ziren eta 1937ko apirileko dekretu batek aginduta, billete berriak egin ziren, atzealdean euskal eszenak zituztenak, Nikolas Martinez Ortiz de Zarate margolariaren lanak. 5, 10, 25, 50 eta 100 pezetako billete hauei eliodoroak esan izan zitzaien, Ogasun sailburuaren izenagatik[2].

Era berean kalitate handiko nikelezko bat eta bi pezetako txanponak ere egin ziren.[1] Frigiar txanoa zuen emakumezko aurpegi bat zuten alde batean, Gobierno de Euzkadi izenarekin, eta beste aldean pezeta bat edo biren balio zifrarekin, eta 1937ko datarekin. Pezeta batekoak 22 milimetroko diametroa eta 4 gramoko pisua zuen, eta 2 pezetakoak 26 mm eta 8 gramo. Pezeta batekoak 6 milioi ale atera ziren, eta bikoak 2 milioi[3].

Bilbo ekainean erori zen, eta hiriarekin batera, euskal pezetaren zirkulazioa bertan behera gelditu zen.[1]

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pezeta bateko Euzkadiko txanpona.
Bi pezetako Euzkadiko txanpona.
Bost pezetako billetea. Bost pezetako billetea.
Bost pezetako billetea.
Hamar pezetako billetea. Hamar pezetako billetea.
Hamar pezetako billetea.
25 pezetako billetea. 25 pezetako billetea.
25 pezetako billetea.
50 pezetako billetea. 50 pezetako billetea.
50 pezetako billetea.
Ehun pezetako billetea. Ehun pezetako billetea.
Ehun pezetako billetea.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Irazustabarrena, Nagore. (2016ko urriak 30). «Euskal pezeta isolatuak» Argia CC-BY-SA lizentzia.
  2. (Gaztelaniaz) Los billetes de Nicolás Martínez Ortiz de Zárate. Noiz kontsultatua: 2021-01-08.
  3. (Gaztelaniaz) noviembre, Publicado por Adolfo Ruiz Calleja el 23; externos, 2012 en Enlaces; Historia. (2012-11-23). «Las Monedas de Euzkadi de 1937» Blog Numismatico Noiz kontsultatua: 2021-01-08.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]