Facundo Perezagua
Facundo Perezagua | |
---|---|
![]() | |
Bizitza | |
Jaiotza | Toledo, 1860ko azaroaren 27a |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Bilbo, 1935eko apirilaren 29a (74 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | politikaria eta sindikalista |
Kidetza | Unión General de Trabajadores |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | ![]() ![]() Espainiako Langile Alderdi Komunista |
Facundo Perezagua Suárez (Toledo, 1860ko azaroaren 27a - Bilbo, 1935eko apirilaren 29a) espainiar politikari sozialista eta sindikalista izan zen, Bizkaian PSOE, UGT eta beranduago PCE eratu eta antolatu zituena[1].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Perezagua Toledon jaio zen, Covachuelas auzoko Perala kalean, 1860an, familia langile batean. Metalurgikoa zen lanbidez, eta hamabi urterekin Toledoko Arma Fabrikan sartu zen ikastun gisa, bigarren karlistaldian, eta gerraren amaieran kanporatu egin zuten.[2] Beranduago Madrilera joan eta han Pablo Iglesias ezagutu eta gerora PSOE izango zenaren lehendabiziko kideetako bat izan zen. 1883an burdinazko langileen eta gainerako metalen El Porvenir elkartearen ordezkarietako bat zen, eta Segismundo Moret Gobernazio ministroak sustatutako Erreforma Sozialen Batzordean langileen ordezkarietako bat bezala parte hartu zuen. Bertan, langile klaseak jasaten zituen esplotazio baldintzak salatu zituen eta ideologia eta helburu sozialisten propaganda egin zuen. Handik gutxira, Platerías Meneseseko lanetik kaleratu zuten, eta, ondoren, Gas Fabrikatik ere. Horren aurrean, 1885ean Bizkaira joan zen, han Bizkaiko langileen artean sozialismoa hedatzearen arduraduna izango baitzen, [3] hasieran, Somorrostroko meatzarien eta, gero, Ezkerraldeko langileen artean[4].
Bilbora bizitzera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Perezagua 1885eko apirilaren 20an iritsi zen Bilbora, San Frantzisko auzoko Martzana kalean bizitzen jarri zen eta Francisco Agirre Sarasuaren galdategian hasi zen lanean. Beste militante sozialista batzuen laguntzaz, Perezagua Bizkaiko lehen elkarte sozialisten sorreraren arduraduna izan zen. 1886ko uztailaren 11n Bilboko Elkarte Sozialista eratu zen, hogei bat militanterekin[5] eta San Frantzisko auzoko Aintzira kalean egoitza txiki bat alokatuz. Hurrengo urteko abenduan Ortuellakoa sortuko zen, Meatzaldean bertan. Lan sindikal handia egin zuen metalurgiako langileak sindikatzen saiatuz, baina hori lortu gabe (Bizkaiko Metalgintzako Sindikatua ez zen 1914ra arte sortu).[6]
1890eko greba orokorra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hasieran, elkarte ahulak baziren ere, zailtasunak zailtasun, Perezaguak gidatu zuen Bizkaiko lehen greba orokorra, 1890eko maiatzekoa, eta 30.000 langile baino gehiago grebara eraman zituen, langile-mugimendua Gipuzkoara ere zabalduko zuena. Maiatzaren Lehenaren lehen ospakizunaren ondoren, eta inolako gatazkarik izan ez arren, Zugaztietako Elkarte Sozialistako bost kide atxilotu zituzten, eta horrek berehalako erreakzioa eragin zuen. Kartzelatik, Perezaguak eta gainerako atxilotuek dokumentu bat idatzi zuten langileen aldarrikapenekin. Bertan, kaleratuak berriz hartzea, 10 orduko lanaldia eta destajuko lana, barrakoiak eta derrigorrezko kantinak kentzea jaso ziren. Langileen lehen greba orokor modernoa izan zen, eta Unamunok Bizkaiko "greben garaia" deitu zuena inauguratu zuen.[7]
Perezagua Bilboko zinegotzia 1895-1921
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Perezaguak aliantza edo garaikidetasun politikoen aurretik jarri zuen beti borroka sindikala, eta, batez ere, hauteskunde-eremuan, udal-hauteskundeetan zentratu zen, nahiz eta 1891. urtean Gorteetarako hautagaia ere izan zen Balmasedako barrutian (Meatzaldea, Barakaldo eta Sestao barne), eta Pablo Iglesias, berriz, Bilbon. 1891ko udal hauteskundeetan, gizonezkoen sufragio unibertsalaren bidez egindako lehenengoetan, Perezagua zinegotzi hautatu zuten Bilbon, Luciano Carretero, Dionisio Ibañez eta Manuel Orterekin batera; Zugaztietan (Trapagaran), berriz, Facundo Alonso izan zen hautatua. Bost horiek izan ziren Espainiako Estatuaren historiako lehen ordezkari hautetsi sozialistak (Pablo Iglesias 1910era arte ez zen Gorteetara iritsiko, Konjuntzio Errepublikar Sozialistaren boto errepublikarren laguntzaz), baina ez Perezaguak, ez Bilboko ordezkarietako beste bik, ezin izan zuten kargua hartu, jabe (zerga ordaintzaile) ez zirelako, bai aldiz Ortek, baldintza hori betetzen zuelako, ikaztegi txiki baten jabe baitzen.
1895ean berriro zinegotzi hautatua izan zen, maiatzan eta, oraingoan bai, hartu ahal izan zuen kargua, Bailen kalean taberna bat irekiz eta erregistroan merkatari gisa izena eman zuenean. Etxabea 41. zenbakian zegoen eta taberna gisa erregistratua izan arren, senide batzuekin bizi zen han. 1906ko instantzia batean, bere emazte Dolores Alipienso Mateosen izenean jartzea eskatu zuena.
1895ko hauteskundeetan, Gorteak eta San Frantzisko barrutietan bakarka eta, Bilbo Zaharrekoan Cenon Ruiz de Erenchu y Arbulorekin, osatu zuen hautagaitza sozialista. Emaitzokin:
GORTEAK F.Perezagua, sozialista: 298 boz. Castet y Patron, integroa: 273 boz. Barandiaran, txabarrista: 221 boz. Cayo Luisa, karlista: 168 boz. Uriarte, errepublikarra: 85 boz.
SAN FRANTZISKO M.Lopez, errepublikarra: 389 boz. F.Perezagua, sozialista: 209 boz. Orueta, integroa: 200 boz. Olea, txabarrista: 186 boz. Azkarreta, karlista: 182 boz.
Ogasun Batzordean sartu zen, aurretik bere burkide Manuel Orte ordezkatuz. Hiltegi Munizipalean udalaren ordezkari ere izendatu zuten, aurkari politikoengan errezeloak piztuz. Horren jakitun, "moralitatearen eta justiziaren zigilua" aldarrikatu zuen jardun publikoan. Aurrekontu, herrilan eta kontratazio jardunbideekin oso kritiko agertu zen, oposaketa bidezkoagoen alde eginez (antzinatasuna eta lortutako eskubideak soilik kontuan hartu ordez).
[8]1895 eta 1898 artean zinegotzi izan zen, baina urte horretan prozesatu eta erbestera joan zen. Frantziatik itzuli zenean zinegotzi kargua hartu zuen berriro, eta hainbat aldiz alkateorde ere izendatu zuten.[9] 1914ko irailean Bilboko behin-behineko alkate kargua hartu zuen, Benito Marco Gardoki alkateak kargua utzi ondoren.[10]
Lidergoaren bukaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendearen hasieran Indalecio Prieto agertu eta tirabira politikoak izan ziren haien artean.[11] Perezagua gainerako indar errepublikanoekin aliantza politikoak ezartzearen aurka zegoen, erreakzionariotzat jotzen baitzituen.[12] Perezaguaren lidergoa 1910ean zuzendu zuen azken greba arrakastatsura arte mantendu zen. Hurrengo urtean beste greba baten porrotak eta bere alderdiaren hauteskunde-interesek haren amaiera agindu zuten.[13] 1915ean alderditik bota zuten eta 1919an berriro onartua izan zen.[14] Urriko Iraultzaren ondorioz, III. Internazionalaren alde azaldu zen, eta 500 afiliatuekin batera alderdi sozialista utzi zuen 1921. urtean.[1] Ramón Lamoneda, Antonio García Quejido, Oscar Perez Solis eta Daniel Angianorekin batera, gerora Espainiako Alderdi Komunista izango zen Espainiako Langile Alderdi Komunista sortu zuten. Primo de Riveraren diktadura eta gero politika utzi zuen. 1933ko azaroaren hauteskundeetan saiakera egin zuen baina ez zuen kargua lortu.[12]
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1935eko apirilaren 29an hil zen, San Frantzisko auzoko Gimnasio kaleko bere etxean, 4. zenbakian; Gorte kalean taberna bat zuen garai hartan. Heriotzaren berri maiatzak 1ean zabaldu zen. Azken agur ekitaldiak maiatzaren bian ospatu ziren, milaka pertsona bilduz.[13]Manifestazio ikaragarriaren ibilbidea Gorte, Bergarako Hitzarmena, San Frantzisko, San Anton zubia, Goienkale, Zamudioko atea eta, orduko Auxiliarren plaza, egungo Unamuno plaza zeharkatu zituen, antolakuntza handiarekin, baina segurtasun-indarrek etengabe zainduta.[15]


Omenaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hil eta urtebetera, Bilboko Udalak, bere omenez, Gimnasio kale zaharra Facundo Perezagua kalea izendatu zuen. Kalea 1936ko maiatzaren lehenean inauguratu zuen ofizialki Ernesto Erkoreka alkateak. Gorteak eta Gimnasio kale kantoian Perezaguaren irudi bat ere bistaratu zen, Facundo Perezagua kale izen berriarekin.[16]. 1937an frankistek "19 de junio" izena jarri zioten arren, gutxira berreskuratu zuen Gimnasio izena.[17]
- Espainiako gerra zibilean eratutako Eusko Gudarostearen 10. batailoiak —E.P.K.rena— bere omenez zeraman haren izena.[18]
- Bilbo Zaharreko Memoria Taldeak Facundo Perezaguaren omenezko ekitaldia antolatu zuen, hil eta 90 urtera, 1936ko Udal demokratikoak Gimnasio kalea ofizialki Facundo Perezagua izendatu zuen toki berean.[19]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Auñamendi Eusko Entziklopedia. Facundo Perezagua Suárez. .
- ↑ Ibañez eta Perez 2006, 7 orr. .
- ↑ Ibañez eta Perez 2006, 18-26 orr. .
- ↑ de la Granja, José Luis; de Pablo, Santiago. (2002). Historia del País Vasco y Navarra. ISBN 84-9742-077-2..
- ↑ «Gaurko egunez: Euskal Herriko lehen elkarte sozialista sortu zuten Bilbon» Argia (kontsulta data: 2024-07-11).
- ↑ Ibañez eta Perez 2006, 27-32 orr. .
- ↑ Ibañez eta Perez 2006, 53-61 orr. .
- ↑ Ibañez eta Perez 2006, 93-106 orr. .
- ↑ Ibañez eta Perez 2006, 129-132 orr. .
- ↑ Ibañez eta Perez 2006, 157-158 orr. .
- ↑ Zugazagoitia, Julián. El asalto. ISBN 9788495086853..[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Biografia de Facundo Perezagua» www.biografiasyvidas.com (kontsulta data: 2025-04-24).
- ↑ a b Hilario Perez de San Roman, Alvaro. «Facundo Perezagua: Maiatzaren lehena ekarri zigun sozialista» Nabarra (Iruñea-Bilbo) 80 ISSN 1695-0127..
- ↑ Ibañez eta Perez 2006, 157-161 orr. .
- ↑ El Liberal 1935.
- ↑ El Liberal 1936.
- ↑ «Bilboko Udal Artxiboa, Bilbokale, Facundo Perezagua Kalea, 1936-1937» www.bilbao.eus (kontsulta data: 2025-05-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Vargas Alonso, Francisco Manuel. (Leioa, 2015). Milicianos. Las bases sociales del Frente Popular en Euskadi y la defensa de la República.. Doktorego-tesi.
- ↑ Kalea, Gimnasio. (2025-04-30). «COMPAÑERO FACUNDO PEREZAGUA» Bilbo Zaharreko Agenda (kontsulta data: 2025-05-02).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) José Antonio Pérez Pérez, Norberto Ibáñez Ortega. (2004). Facundo Perezagua : el primer líder obrero de Bizkaia (1860-1935). Bilbao Bizkaia Kutxa ISBN 84-8056-219-6..
- El Liberal. (Bilbo) 1935-05-03.
- El Liberal. (Bilbo) 1936-05-03.