Edukira joan

Feliciana Etxabe Artola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Feliciana Etxabe Artola
Bizitza
Jarduerak

Feliciana Etxabe Artola (Zeberio, Bizkaia, 1897ko urtarrilaren 13a - Bilbo, 1938ko abuztuaren 26a) etxekoandrea zen. Espainiako 1936ko Gerra garaian, salaketa baten ondorioz atxilotu, espetxeratu eta heriotz zigorra ezarri zioten. Francisco Francok 1938ko uztailaren 9an eman zuen jakitera ezarritako heriotz zigorra, eta abuztuaren 26an goizaldean Derion fusilatu eta Bilboko udal hilerrian lurperatu zuten.[1][2]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Feliciana Etxabe Artola 1897ko urtarrilaren 13an jaio zen Zeberion, Bizkaian. Ignacio Echave eta María Juana Artolaren alaba zen. Antolin Artiñano Garabietarekin ezkonduta zegoen eta gutxienez alaba bat zuen, Carmen Artiñano Etxabe. Etxekoandre lan egiten zuen, eta Bilboko Olabeaga auzoan bizi zen, zehazki, Troca kaleko 3-2. zenbakian.

Frankistek Bilbo konkistatu baino lehentxeago, Feliciana Etxabek Santanderrerantz ihes egin zuen, eta hura okupatu zutenean, Gijonera abiatu zen. Asturiasko hiriburua okupatu ondoren, Valladolidera joan zen bizitzera, eta han lisatzaile lan egin zuen.

Atxiloketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Valladoliden atxilotu zuten, 1937ko abenduaren amaieran, Santiago Alonso Sanchezekin batera. Abenduaren 28an Bilbon jarritako salaketa baten ondorioz atxilotu ere. Salatzaileak Asaltoko Guardiaren aurrean adierazi zuenez, "1937ko ekainaren 16an miliziano-talde bat agertu zen haren etxera, Feliciana Artola eta beste emakume batekin batera. Horiek aipatutako txaleta miatzeari ekin zioten, bertatik tiro egin zutela argudiatuz. Aipatutako Felicianaren salaketaz, bertan zeuden gizon guztiak atxilotuz. Gizon horiek gela batean giltzapetu zituzten, eta haietako lau hil egin zituzten, eta bat larri zauritu ". Gainera, adierazi zuenez, "salatzaileak ikusi zuen Felicianak guardiei salaketa bat sinatzen ziela, eta haiek salaketa hori aurkeztu zuten gertakariak legeztatzeko".

Atxilotu ondoren, berehala eraman zituzten Bilboko Segurtasun eta Zaintza Kidegoaren bulegoetara. Atxilotuaren etxea 1937ko abenduaren 31n erregistratu zuen poliziak, senarra, ahizpa Bonifazia eta alaba Carmen aurrean zirela. Agenteek etxean egindako aktaren arabera, 1937ko ekainean milizianoek erasotako txaletean bizi zen emakumearen hainbat jantzi aurkitu zituzten.

Egun horretan bertan, agenteek galdeketa egin zioten Felicianari, honek adierazi zuen aurkitutako arropak bere jabetzakoak zirela. Bestalde, Santiago Alonso Sanchezek ukatu egin zuen Felicianarekin inolako harremanik izan zuenik, haren etxean ostatu hartu baino zuela egin eta Valladolidera "beldurragatik" joan zirela, "atxilotu egingo zituztelakoan".

Salaketarik larrienak Felizianaren ahizpa Bonifaziak eta senar Antolinenek egin zituzten. Lehenengoak esan zuenez, "zoritxarrez badakit pertsona txarra dela, Santiago Alonso bikotekide du, senarra abandonatuta utzi du. Milizianoz jantzitako bikote honek hainbat gauza konfiskatzen jardun dute, (...) Gogoratzen duela auzotarrei entzun izana Feliciana gertakarien erruduna dela esaten ". Senarrak jakinarazi zuen, halaber, "Santiago Alonsorekin bizi zela, lapurretan aritu zirela, eta hainbat aldiz falta izan zela etxetik hilabete batzuetan, eta bazekiela denbora horretan Santiagorekin zela". Etxeko zenbait altzarien bere jabetzakoa ez zirela ere adierazi zuen, "nork eraman zuen ikusi gabe sartu zela, bere emazteak eta aipatutako Santiago Alonsok bidali zutela suposatuz".

Espetxeratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orue txaleteko emakumeen kartzela

1938ko urtarrilaren 1ean Orue Txaleteko Emakumeen kartzelan sartu zuten, Begoña auzoan.

Heriotz zigorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1938ko otsailaren 18an, fiskalak heriotza-zigorra eskatu zuen Feliciana Etxaberentzat, miliziano asturiarrei Mieg jaunaren txaletetik tiro egiten ari zirela jakinarazteagatik, "txalet horretara joan zitezen eta haiek hil zitzaten bultzatzeagatik, ondoren etxea arpilatuz eta zilarra eta zenbait arropen eramanez". Santiago Alonsorentzat eskatutako zigorra betiko giltzapetzea izan zen, "aurreko auzipetuarekin ezkondu gisa bizitzeagatik, esku hartzen zuen arpilatzeetara laguntzeagatik eta miliziano boluntario gisa egoteagatik".

Epaitegi militarrak 1938ko martxoaren 9an erabaki zuen Feliciana hiltzera zigortzea eta Santiago 20 urteko espetxera kondenatzea. Uztailaren 9an, estatuburuak heriotza-zigorraren berri izan zuen, eta ez zen kommutatu.

1938ko abuztuaren 26ko goizeko 06:00etan fusilatu zuten Feliciana Etxabe Artola Derioko hilerrian. Santiago Alonsok baldintzapeko askatasuna berreskuratu zuen 1941eko irailaren 18an eta Astorgako Espetxe Zentraletik irten ondoren Bilbora joan zen bizitzera.

Aitzatespenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2022ko azaroaren 25ean Frankismo garaian hiriko kartzeletan errepresaliatutako emakumeak omendu zituen Bilbok, lore eskaintza batekin eta Santutxuko Orue txaleta oroitzeko plaka baten inaugurazioarekin. Feliciana Etxabe omenduen zerrendan azaltzen zen.[3][4]
  • 2023ko azaroaren 25ean Baskale, Akelarre, PCE-EPK, Eusko Lurra Fundazioa, CNT eta Santutxuko Familia Elkarteak omenaldia egin zieten Orueko txaleteko Emakumeen kartzelan, frankismoak emakumeen aurka aplikatu zuen indarkeria sistematikoagatik preso egon ziren emakumeei, haien artean Feliciana Etxaberi.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Feliciana Echave Artola» 15Mpedia (Noiz kontsultatua: 2024-06-26).
  2. «Navío Anárquico» www.navioanarquico.org (Noiz kontsultatua: 2024-06-26).
  3. «Bilbok omenaldia egiten die frankismoak errepresaliatuei» Electomanía 2022-11-26 (Noiz kontsultatua: 2024-07-06).
  4. Press, Europa. (2022-11-26). «Bilbao homenajea a las represaliadas por el franquismo con una placa dedicada a las encarceladas en el chalet de Orue» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2024-07-06).
  5. Confederal, Secretaría de Comunicación Comité. (2023-11-23). «25N: acto de memoria por las mujeres represaliadas en Bilbao» Confederación Nacional del Trabajo (Noiz kontsultatua: 2024-07-06).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]