Fernando Lugo
Fernando Armindo Lugo Méndez (San Solano, Paraguai, 1951ko maiatzaren 30-) paraguaiar apezpiku katoliko ohia eta politikaria da. 2008-2012 bitartean Paraguaiko presidentea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1977an apaiztu eta ondoren Ekuadorrera misiolari joan zen. Bere ibilbidean Askapenaren teologiaren planteamenduetatik gertu kokaturik egon zen. Erromako Pontificia Universitas Gregorianan soziologia ikasi zuen. 1987an Paraguaira itzuli zen. 1994an apezpiku izendatu eta San Pedroko elizbarrutira bidali zuten. Bertan, lurrik gabeko nekazariei laguntzen saiatu zen. Apezpikutza uzteko baimena eskatu zuen eta 2005eko urtarrilaren 11n Joan Paulo II.a aita santuak oniritzia eman zion haren ukoari[1].
2008ko apirilaren 20ko Paraguaiko hauteskunde presidentzialetan APC Aldaketarako Batasun Abertzalea ezkerreko eta zentro-ezkerreko koalizioaren hautagaia izan zen eta hauteskundeen irabazle atera zen[2]. 2008ko abuztuaren 15ean presidente kargua hartu zuen.
2012ko maiatzean nekazari talde batek Curuguaty herriko Campos Morombi lur jabego handia okupatu zuen. Horren ondoren izandako liskarretan 11 nekazari eta 6 poliziakide hil ziren. Ekainaren 22an Paraguaiko Senatuak Lugo heriotza horien erantzule jo eta presidente kargutik kendu zuen, bere eginbeharrak ongi egin ez zituela iritzita[3][4].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Elkarrizketa. Fernando Lugo (Paraguaiko presidente hautatua) Berria.info
- ↑ Paraguai, zailtasunen eta itxaropenaren artean[Betiko hautsitako esteka] Gara.naiz.info
- ↑ Francisco PEREGIL: Al menos 16 muertos en el desalojo de una hacienda en el noreste de Paraguay Elpais.com
- ↑ Federico Franco da Paraguaiko presidente berria, Fernando Lugoren partez Berria.info
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Fernando Lugo ![]() |