Edukira joan

Francesca Albanese

Wikipedia, Entziklopedia askea
Francesca Albanese

(2025)
United Nations Special Rapporteur on the occupied Palestinian territories (en) Itzuli

2022ko maiatza -
Michael Lynk
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFrancesca Paola Albanese
JaiotzaAriano Irpino1977ko martxoaren 30a (48 urte)
Herrialdea Italia
BizilekuaTunis
Familia
Ezkontidea(k)Massimiliano Calì
Hezkuntza
HeziketaPisako Unibertsitatea
School of Oriental and African Studies, University of London (en) Itzuli
Hizkuntzakitaliera
ingelesa
Jarduerak
Jardueraknazioarteko zuzenbidean aditua
Lan nabarmenak

IMDB: nm15387259 Facebook: franci.albanese Twitter: FranceskAlbs Instagram: francesca.albanese.unsr.opt Edit the value on Wikidata

Francesca Albanese (Ariano Irpino, Campania, Italia, 1977ko martxoaren 30a) jurista eta Giza Eskubideen aldeko ekintzailea da. 2022ko maiatzaren 1ean, Nazio Batuen Erakundearen kontalari berezi izendatu zuten, Israelek okupatuta dituen palestinar lurraldeetan giza eskubideen urraketaren ikuskaritza egiteko, hiru urterako; gero, beste hiru urterako berritu zioten.[1] Kargu hori bete duen lehen emakumea da. [2]

Israelek Palestinan egindako giza eskubideen urraketa sistematikoak salatu ditu, eta NBEko kide diren estatuek «Israelen okupazio kolonialari eta apartheid erregimenari amaiera emateko plan bat» garatzea gomendatu zuen bere lehen txostenean. 2023an Israelek Gazako zerrenda inbaditu ondoren, Albanesek berehalako su-etena eskatu zuen, eta Israelek Gazako palestinarren «garbiketa etniko masiboa» egiteko arriskua zegoela ohartarazi zuen. 2024ko martxoaren 26an, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluari jakinarazi zion Israelek Gazan egindako ekintzak genozidio baten parekoak zirela.

Albanese 1977an jaio zen, Campania eskualdeko Ariano Irpino herrian (Italia). Pisako Unibertsitatean, Zuzenbideko lizentziako ikasketak egin zituen; eta Londresko SOAS Unibertsitatean, Giza Eskubideetako masterra.[3] Errefuxiatuen Nazioarteko Zuzenbideko doktoretza osatu zuen Amsterdamgo Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean.[4] Bekadun afiliatua da Georgetowneko Unibertsitateko Nazioarteko Migrazioa Aztertzeko Institutuan; aholkulari nagusia, migrazioari eta lekualdatze behartuari buruz Demokraziarako eta Garapenerako Arabiar Pizkundea (ARDD) irabazi-asmorik gabeko erakundean; eta ikertzailea, Rotterdamgo Erasmus Unibertsitateko Gizarte Ikasketen Nazioarteko Institutuan.[4]

Lan ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamarkada batez Giza Eskubideetan aditu gisa lan egin zuen Nazio Batuentzat (NBE), Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoa eta Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Lan eta Sorospen Agentzia barne.[5] Aldi horretan, NBEri, gobernuei eta Ekialde Hurbileko, Ipar Afrikako eta Asia Pazifikoko eskualdeetako gizarte zibilari giza eskubideei eta haien aplikazioari eta arauei buruzko aholkuak eman zizkien, batez ere talde kalteberentzat, hala nola errefuxiatuentzat eta migratzaileentzat. Nazioarteko zuzenbideari eta lekualdatze behartuari buruzko hitzaldiak ematen ditu Europako eta Arabiako unibertsitateetan, bai eta palestinarren eta israeldarren arteko gatazkari buruzko hitzaldi eta ekitaldi publikoak ere.[6]

Palestinar Lurralde Okupatuetarako Nazio Batuen kontalari berezia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palestinar Lurralde Okupatuei buruzko NBEko kontalari berezia izendatu zuten. Kargu horretan bigarren italiarra da (Giorgio Giacomelliren ondoren), eta lehen emakumea. Izendatze horrek polemika sortu zuen.[7] Izan ere, 2014ko Gazako gerran AEBk eta Europar Batasunak izandako jokabidea kritikatu zituen. Albanesek esan zuen Ameriketako Estatu Batuak «lobby juduaren mende» zeudela, eta Europar Batasuna «Holokaustoaren erruduntasun sentsazioaren mende»; eta, horregatik, Mendebaldeko bi potentzia nagusiek «zapalduak, hau da, palestinarrak» kondenatzen dituztela gatazkan.[8][9] Israelgo Kanpo Arazoetako Ministerioak, Ameriketako Estatu Batuetako judutarren Difamazioaren aurkako Ligako Susan Heller Pintok,[10] eta Michele Tayak Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluko estatubatuar enbaxadoreak iradoki zuten adierazpen antisemitak zirela.[11] Albanesek esan zuen ez zela antisemita, eta Israeli egiten dizkion kritikak Palestinar Lurralde Okupatuetan Israelek egindako giza eskubideen urraketei lotuta daudela.[12]

2022ko abenduan, antisemitismoaren, Holokaustoaren eta juduen ikerketen hirurogeita bost adituk zera adierazi zuten: «Argi dago [Albanese]ren aurkako kanpaina ez dela gaur egungo antisemitismoari aurre egitea. Funtsean, Israelek giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea urratzen dituela jakinarazten duen NBEko goi-funtzionario baten agintaldia isilarazteko eta ahultzeko ahaleginak dira».[9]

2022ko urriaren 18an, Albanesek, bere lehen txostenean, NBEko estatu kideek «israeldar kolonoen okupazio kolonialari eta apartheid erregimenari amaiera emateko plan bat» garatzea gomendatu zuen. Txostenak zioen: «Txosten honetan deskribatutako bortxaketek Israelen okupazioaren izaera azaltzen dute, palestinar herriaren autodeterminazio eskubidea gauzatzea eragozteko diseinatutako erregimen intentzionalki erosle, segregazionista eta errepresibo batena».[13]

2023ko urtarrilean, 116 taldek (giza eskubideen eta gizarte zibilaren erakundeak, erakunde akademikoak eta bestelako taldeak) adierazpen batek goraipatu egin zituen «Albanesek Palestinar Lurralde Okupatuetan giza eskubideak babesteko eta palestinar eskubideen eguneroko urraketa larrien gaineko kontzientzia sortzeko egindako ahalegin nekaezinak».[14]

2023ko otsailean, Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuko hamazortzi kideko talde bipartidista batek kargutik kentzeko eskatu zuen, «bere antisemitismoa, israeldarren aurkako aurreiritziak» eta «inpartzialtasun falta» zirela eta.[15] Ondoren, munduko hainbat herrialdetako zortziehun eta berrogeita hamar akademikok, Israel barne, Academia for Equality erakundeko kideek, komunikatu batean, Albaneseri barkamena eskatzeko eskatu zioten Estatu Batuetako Gobernuari, antisemitismoa leporatzeagatik «eta haren misioa arriskuan jartzeagatik». Gainera, horrelako difamazioak «Israelen kontrako edozein kritika eta palestinarren eskubideen defentsa azpiratzeko arma gisa erabiltzen dira maiz», azpimarratu zuten.[16]

Bere kargutik, batez ere Israeldik eta bere aliatu nagusi Estatu Batuetatik, kentzeko etengabeko ahaleginen erdian, apirilaren 26an, Amnistia Internazionalak Italiako giza eskubideen aldeko dozenaka talde, parlamentari, legelari eta akademikok sinatutako babes gutuna argitaratu zuen. Apirilaren 27an, karguaren hiru titular ohik publikoki eskatu zioten NBEri Albanese defendatzeko, eta esan zuten «kalumniatsuak» eta «pertsonalak» izan ziren erasoen jomuga izan zela. Maiatzaren 3an, txiokatu zuen «[palestinarren] heriotza asko ere ikusi ditut, arbitrariotasun gehiegi, zero kontu emate» eta akusazioei aurre egin zien, gehiegikeria horiei heltzeko egindako lanarengatik.[17]

2023ko uztailean, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluaren ohiko 53. bilkura-aldiko 30. bileran zehar, txosten bat aurkeztu zuen, salatzeko Israelek Zisjordania aire zabaleko kartzela bihurtu izana. Txostenak zioen 1967. urtetik 800.000 palestinar baino gehiago, hamabi urteko umeak barne, atxilotu dituztela Israelgo agintariek. Kazetariei informazioa ematean hauxe esan zuen: «Ez dago beste modurik Israelek palestinarrei ezarri dien erregimena definitzeko: apartheid bat da, aire zabaleko espetxea baino areago». Israel ez zen aurkezpenean egon, baina ondorioak baztertu egin zituen.[18][19][20]

2025eko ekainean argitaratutako txostenean, Francesca Albanesek ikertu zuen zer enpresa ari ziren diru irabaziak bereganatzen «legez kanpoko okupazioan, apartheidean eta genozidioan» oinarritutako Israelgo ekonomiatik. Enpresa horien artean, Euskal Herriko CAF aipatzen du, legez kanpoko israeldar kolonizazioan laguntzen duen enpresatzat. Izan ere, israeldar inbaditzaileentzat lurralde okupatuetan CAF eraikitzen eta hornitzen ari den trenbidea, beste enpresa batzuek Israelgo Gobernuarentzat egindako azpiegiturak bezala, «funtsezkoa da koloniak ezarri eta zabaltzeko, eta kolonia horiek Israelekin lotzeko, palestinarrak baztertuta eta segregatuta».[21]

Palestinaren auzian inplikatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Albanesek aholkulari gisa lan egin du Arab Renaissance for Democracy and Development (ARDD) think tankean, eta Palestinako Gaiari Buruzko Sare Globalaren (ingelesez: Global Network on the Question of Palestine) sortzaileetako bat da. Sare hori palestinarren eskubideen alde lan egiteko sortu zen. Besteak beste, palestinar errefuxiatuek, 1948an ihes egin zutenek eta haien ondorengoek, orain Israelen esku dauden lurretara itzultzeko eskubidea dutela aldarrikatzen du. [22] Albanesek errefuxiatu palestinarren kanporatzea (Nakba) Holokaustoarekin alderatu izan du.[23]

Hamasek zuzenduta palestinar erresistentziak 2023ko urrian Israeli egindako erasoaren unean, berehalako su-etena eskatu zuen, Palestinako herriak garbiketa etnikoa jasateko arrisku handia zuela esanez.

2024ko martxoan, Albanesek argitaratutako txostenean, Israel Gazan genozidioa egiten ari dela jakinarazi zuen. Israelek Gazako zerrendako zibil guztiak eraso egiteko helburutzat hartzen dituela adierazi du, Israelek palestinarren aurkako garbiketa etnikoa egiteko plan orokor bat duela, eta Israeli arma-boikota ezarri behar zaiola. Txostenak arabiar herrialdeen babes zabala jaso du; Israelek, aldiz, «errealitatearen desitxuratze lizun» gisa definitu du, eta AEBk esan dute Albanesek Israelen aurkako joera duela. [24]

Europar Batasuna da, Ameriketako Estatu Batuen ondoren, genozidio hori gehien babestu eta ahalbidetu duena;[25] horiek horrela, 2025eko maiatzean, Francesca Albanesek adierazi zuen Europar Batasuneko buru Ursula von der Leyen ikertu beharko luketela, Israelen gerra krimenetan konplize izateagatik.[26]

Bizitza pertsonala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi seme-alaba ditu.[27] Massimiliano Calì Munduko Bankuko funtzionarioarekin ezkonduta dago, 2012tik, eta Nazio Batuen Garapenerako Programan lan egin zuen laburki 2011n, Palestinako Ekonomia Ministerioari laguntzeko.[28][29]

Sariak eta aintzatespenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 2023ko apirilean, Stefano Chiarini Nazioarteko Saria jaso zuen, Palestinan eta Ekialde Hurbilean egiten duen kazetaritza lana aitortzeko.[30][31]
  • NBEren 2024ko Urteko Pertsona izendatu zuen Passblue agerkari digital independenteak. Nazio Batuen jarduerak gainbegiratzen eta haiei buruzko informazioa ematen duen aldizkari horrek esan zuenez, Albanesek eta beste izendatuek «lidergo sendoa erakutsi zuten 2024an Nazio Batuen Gutuna defendatzeko, giza eskubide unibertsalak defendatzeko, nazioarteko zuzenbide humanitarioa bermatzeko, eta mundu osoan bakea eta indarkeriarik eza sustatzeko».[32]
  • 2025eko otsailaren 12an, The Rights Forumek ematen duen Dries van Agt Saria jaso zuen, Palestinan Giza Eskubideekin eta nazioarteko zuzenbidearekin konpromiso handia duten pertsona eta erakundeak ohoratzen dituena.[33]
  • Palestinian Refugees in International Law, Alex Takkenberg-ekin, Oxford University Press, 2020, ISBN 978-0198784050
  • J'accuse. Gli attacchi del 7 ottobre, Hamas, il terrorismo, Israele, l'apartheid in Palestina e la guerra, Christian Elia-rekin, Fuoriscena, 2023, ISBN 979-1222500027
  • Quando il mondo dorme. Storie, parole e ferite della Palestina, Rizzoli, 2025, ISBN 978-8817195324
  • Dall'economia dell'occupazione all'economia del genocidio, Paper First, 2025, ISBN 977-8142249458

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Tress, Luke. (3 de abril de 2025). UN set to reappoint rapporteur with history of antisemitism, anti-Israel vitriol. .
  2. «Norsk fagbevegelsen bør være en del av antiapartheid-bevegelsen» Fagforbundet 2023-02-08.
  3. (Gaztelaniaz) «Francesca Albanese, Relatora Especial sobre la situación de los derechos humanos en el territorio palestino ocupado desde 1967» Oficina de Derechos Humanos de las Naciones Unidas (kontsulta data: 2024-04-22).
  4. a b «News & Events - University of Galway» www.universityofgalway.ie 2022-11-06.
  5. https://www.ohchr.org/sites/default/files/2021-12/ALBANESE_Francesca_form.pdf
  6. «News & Events - University of Galway» www.universityofgalway.ie 2022-11-06.
  7. Selini, Anna Maria. (2022-06-09). «Francesca Albanese: il mio impegno per i diritti in Palestina» Altreconomia.
  8. Luke Tress. (2022-12-14). «UN Palestinian rights official’s social media history reveals antisemitic comments» The Times of Israel.
  9. a b Scholars of anti-Semitism defend UN Special Rapporteur on Palestine against pro-Israel onslaught. 2022-12-22.
  10. «UN Palestinian rights official's social media history reveals antisemitic comments» The Times of Israel 2022-12-14.
  11. «Onu, la Special Rapporteur Francesca Albanese accusata di antisemitismo» la Repubblica 2022-12-15.
  12. «Francesca Albanese: "Mai stata antisemita. Le mie critiche riguardano solo l'occupazione israeliana"» la Repubblica 2022-12-20.
  13. Staff, The New Arab. (2022-10-19). «UN report urges plan to 'end Israeli colonialism, apartheid'» The New Arab.
  14. More than 100 rights groups condemn Israel's smear campaign against UN Special Rapporteur Albanese. WAFA.
  15. «US Congress members call on UN leadership to remove antisemitic official» The Times of Israel 2023-02-27.
  16. Rodríguez, Olga. (2024-04-07). «Cuando la crítica a Israel es tachada de antisemitismo» elDiario.es.
  17. «The campaign against the UN's human rights official on Palestine» Al Jazeera 2023-05-03.
  18. Israel occupation makes Palestinian territories 'open-air prison', UN expert says. 2023-07-11.
  19. «UN told Israel turns Palestinian territory into outdoor prison» www.aljazeera.com.
  20. Summary of the UN Special Rapporteur's Report on the Widespread and Systematic Deprivation of Liberty in the Occupied Palestinian Territory. 2023-07-14.
  21. (Ingelesez) «From economy of occupation to economy of genocide - (A/HRC/59/23) Report of the Special Rapporteur on the situation of human rights in the Palestinian territories occupied since 1967 (Advance unedited version)» Question of Palestine (kontsulta data: 2025-09-12).
  22. «Global Network on the Question of Palestine List of Members» ARDD 2023-07-12.
  23. «UN’s Palestinian human rights expert likened Israel’s actions to the Holocaust» The Telegraph 2023-10-21.
  24. «Countries at UN rally behind expert who accused Israel of 'genocide'» France24 2024-03-26.
  25. (Ingelesez) Today, Politics. (2024-03-26). «The European Union's Policy on the Genocide in Gaza: Josep Borrell vs. Ursula von der Leyen» Politics Today (kontsulta data: 2025-05-22).
  26. (Ingelesez) Neslen, Arthur. (2025-05-03). «EU President Should Be Investigated for Complicity in Israel’s War Crimes, Says Top U.N. Expert on Palestine» The Intercept (kontsulta data: 2025-05-22).
  27. «News & Events - University of Galway» www.universityofgalway.ie 2022-11-06.
  28. «x.com» X (formerly Twitter) (kontsulta data: 2025-07-15).
  29. Txantiloi:Cita tuit
  30. OnuItalia. (2023-04-14). «Territori palestinesi: a Francesca Albanese (relatrice speciale ONU) il Premio Stefano Chiarini» Onu Italia.
  31. «Premio Chiarini a Francesca Albanese, Relatrice Onu sui diritti umani nei Territori Palestinesi» il manifesto 2023-04-12.
  32. «Vanessa Frazier is runner up in UN top diplomats award» Times of Malta 2024-12-24.
  33. Editor, Content. (2025-02-12). «Francesca Albanese wint Dries van Agt-prijs 2025» The Rights Forum.

Ikus, halaber

[aldatu | aldatu iturburu kodea]