Mami
- Artikulu hau esnearekin egindako elikagaiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Mami (argipena)».
Mami | |
---|---|
Osagaiak | ardi esnea |
Historia | |
Jatorria | Nafarroa Garaia eta Euskal Herria |
Mamia[1] edo gatzatua[2] gatzatutako esnez egindako azkenburua da, Euskal Herrian ardi esnearekin egin ohi dena. Eskualde batzuetan gaztanbera[3] ere esaten zaio, baina ez da nahastu behar orokorragoa den gaztanberarekin.
Prestakuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esnea gatzatzeko, esnea epeltzen da, eta edoskitzen dabilen animalia baten sabeletik hartutako hartzigarri laktikoa edo kardu mota bat eransten zaio. Horrek esnearen gazta-aldea gazuretik banatzen du. Behin prestatuta, mamia hutsik edota gozagarriren bat gehituta (eztia, azukrea...) jan ohi da.
Euskal Herrian, ardi esnea zurezko kaiku bat jarrita, sutan berotutako harria sartzen zitzaion, berotzeko. Horrela, mamiak erre usaina (kiskal urrina) eta erre zaporea hartzen zuen. Gaur egun, ardi esnea 200 cm3 inguruko buztinezko potoetan gatzatu eta zerbitzatzea da ohikoena.
Mamiaren sasoia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian mamia egiteko ardi esnea erabili ohi da. Beraz, esne hori dagoen garaian egiten zen, ardiek arkumeak izaten dituztenean, neguan eta udaberrian. Urte sasoi horretan ardiak ukuiluan edo beheko larreetan izaten ziren (udan eta udazkenean, berriz, mendi gainetako larreetan).[4] Gaur egun, hozteko tekniken garapenari esker urte osoan eros daiteke ardi-esnea, eta gatzagi edo legar kimikoa ere bai.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Mami». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2023-1-7.)
- ↑ «Gatzatu». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2023-1-7.)
- ↑ «Gaztanbera». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2023-1-7.)
- ↑ Leizaola, Fermin. (2000-12-22). «Artzaintza Euskal Herrian» Euskonews & Media 104 (Noiz kontsultatua: 2018-08-30).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Prestatzeko errezeta, Leioako Ostalaritza Eskolan.
- Mamiaren nutrizio informazioa, Leioako Ostalaritza Eskolan.
- Prestatzeko errezeta, Sukaldean.com.
- «Gatzatu naturala egiteko behar den legez kanpoko materiala», Sustatu, 2009-04-15.