Gavina Viana Viana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gavina Viana Viana
Bizitza
JaiotzaDonostia1891ko otsailaren 19a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaXX. mendea ( urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
katalana
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria

Gavina Dolores Viana Viana (Donostia, 1891ko otsailaren 19a - ? ) Kataluniara bizitzera joandako euskal jatorriko emakume errepublikanoa izan zen. Fronte Popularreko emakumezkoen milizia antifaxistak antolatu eta zuzendu zituen Gerra Zibilaren hasieran, eta Nazioarteko Sorospen Gorriko idazkaria izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostian jaioa, Manuel Viana Álvarez de Castañeda eta Estefania Viana Fernández senar-emazteen hirugarren alaba iizan zen, biak Lagranekoak (Araba). Elizako artxiboen arabera, Gavinaz gain, Adelaida (garaiz aurretik hilda), Juana eta Luis Francisco (jaio eta hilabete gutxira hila) izan zituzten. Ama ere hil zen eta aita berriro ezkondu zen.

Vianatarrak oso sustraituta zeuden euskal kulturan. Ez dakigu zergatik joan zen Gavina Viana Bartzelonara bizitzera, baina berehala integratu zen, eta 1933an Bartzelonako La Rambla astekariari egindako elkarrizketa batean adierazi zuen katalana zuzen ikasi eta hitz egin nahi zuela.

Sozialismoari lotua, prentsak askotan bere iritzien berri eman zuen.[1] 1933ko hauteskunde-kanpainan, Katalunia osoan eta Balear Uharteetan parte hartu zuen. Hizlari bikaina eta sinesgarria izan zen, klase-borrokari laguntzen zion, jauntxokeria eta klerikalismoa salatzen zituen, eta, batez ere, emakumeen eskubideak defendatzen zituen, lehen aldiz botoa ematen baitzuten.

1936ko otsailean, berriz ere hauteskunde-kanpainan, Gavina Vianak Kataluniako Batasun Sozialistaren izenean hitz egin zuen, Fronte Ezkertiarraren Koalizioaren barruan, oraingoan hauteskundeak irabaziz.[2]

1936ko uztailaren 17tik 20ra bitartean, Franco jeneralaren altxamendu militarra gertatu zen, eta Espainiako lurraldea bi talde bateraezinetan banatu zen. Bartzelonara, ordena publikoko indarrek, Fronte Popularreko erakundeetako kideekin eta CNT sindikatuarekin batera, estatu-kolpea eten eta Errepublikari leial eutsi zioten. Gerra zibila hasi zen eta, aldi berean, gizarte-iraultza.

Uztailaren 21ean, armada profesionalik gabe, Milizia Antifaxistetako Batzordea sortu zen, borroka-fronterik ez zuten borrokalariak militarki antolatzeko. Uztailaren 30ean emakumeen miliziak eratu ziren, Propaganda Sindikala, Politika eta Prentsa eta Gizarte Laguntza atalez arduratzen zirenak. Gavina Viana, PSUCn afiliatua zegoena Gerra Atala zuzentzeaz arduratu zen.

Emakumeen batailoi bat eratzea ezohiko gertaera izan zen, eta Kataluniako historia irauli zuen. Izena eman ahal izateko, hogeita bi urte baino gehiago eduki behar ziren, sindikatu antifaxistaren bateko kide izan eta kaudimendun abala aurkeztu behar zen. Onartuta zeuden emakumeak Botako Camp-eko kuartelera edo Lenin Kuartelera (Lepantoko Kuartela) bidaltzen zituzten, armak eta lehergailuak erabiltzen ikastera.[3][4] Armak erabiltzeko jarraibide hartatik, Robert Cappak eta Gerda Tarok egindako argazkietan dago lekukoa.[5] Horretarako gaitasunik agertzen ez zutenak zerbitzu osagarrietara esleitzen zituzten.[6]

Mallorcako lehorreratzean[7] -han hil zen Amalia Lobato Rosique, borrokan eroritako lehen emakumetzat hartua- eta Aragoiko frontean borrokatu ziren, harik eta Errepublikako Herri Armadaren sorrerak lehen borroka-lerroa uztera eta atzera itzultzera behartu zituen arte.[8] Orduan, emakumeen miliziak, Gavina Viana buru zutela, Nazioarteko Sorospen Gorrian sartu ziren, eta lan sozial eta humanitarioak egin zituzten gerra amaitu arte. Viana erbestera joan zen 1939an. Baina abuztuan Espainian izan behar zuen; izan ere, hilabete hartan, Blanca Lydia Trejo idazle mexikarrak, Vianak sortutako salbamendu-brigadetan parte hartu zuenak, Espainiako Errepublikanoei Laguntzeko Batzorde Teknikoari (CTARE) laguntza eskatu zion Gavina (sic) Viana lagunari, artean Espainian zegoenari.[9][10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Viana, Gavina. (30 octubre 1933). «El procés de la societat camina cap al socialisme» Setmanari La Rambla: 11-14..
  2. «Gavina Viana» Diari l'Acció de Terrassa 1936-2-7.
  3. Centelles 1936, Agustí. (2015-02-05). Voluntaris del POUM a la Caserna Lenin. .
  4. «Entrevista a Gavina Viana» Diario Crónica (Madrid) 16 agost 1936.
  5. Casielles, Laura. (2021-04-12). El corto verano de las mujeres armadas. Público.
  6. Santacana, Carles. (2021-03-27). Crítica | Les dones van al front. Quadern - El País.cat.
  7. Marimon, Sílvia. (2019-02-04). Les milicianes afusellades a Mallorca recuperen la identitat. .
  8. Marimon, Sílvia. (2018-09-16). Milicianes al front: ni prostitutes amorals ni dèbils i incapaces. .
  9. «Blanca Lydia Trejo: una mexicana en la guerra civil española» Diaspore (12): 320-337.  doi:10.30687/978-88-6969-396-0/026..
  10. Adámez Castro, Guadalupe. (2016). «Un pasaporte hacia la libertad. Súplicas y solicitudes de los exiliados españoles al Comité Técnico de Ayuda a los Republicanos Españoles (CTARE)» Vínculos de Historia (5): 290-308..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]