Gipuzkoako Argazkilari Elkartea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gipuzkoako Argazkilari Elkartea
Datuak
Izen ofiziala
Gipuzkoako Argazkilari Elkartea eta Sociedad Fotográfica de Gipuzkoa
Motakultur elkartea eta elkartea
HerrialdeaEspainia
Agintea
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera1948
webgune ofiziala
Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen egoitza.

Gipuzkoako Argazkilari Elkartea edota SFG Donostia hiriburuko argazkigintza elkarte bat da. Egoitza Urgull mendiaren pean eta Urumea ibaia itsasoratzen den lekutik hurbil du, San Juan kaleko 27. zenbakian, Salamanka pasealekua, Zuloaga plaza eta Pasealeku Berriaren elkargunean, eta San Telmo Museotik hurbil.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945ean, Donostiako argazkizale batzuk argazki elkarte bat sortzeko asmoarekin bilerak egiten hasi ziren. Handik urte batzuetara, 1948an Sociedad Fotográfica de Guipúzcoa izeneko elkartea legeztatua izan zen.

Lehenengo urteetako bilerak Willy Kochen argazki dendan egin ziren, gerora C.A.T. delakoaren turismo bulegoan egon zen elkartearen egoitza, Victoria Eugenia Antzokiaren beheko solairuan, Argentinar Errepublikaren pasealekuan. Ondoren, epe labur batean Andia kalean zegoen Ateneora joan ziren eta 1949-1950 urteetan Kursaal kasinoaren sotoan egon zen elkartearen egoitza. Kursaaletik Peñaflorida Institutura, Urdaneta kalean, gaur egun Koldo Mitxelena Kulturunearen egoitza den eraikinaren sotoan egon ziren. Bertan hamar urteko epea egin zuten (1951-1961). 1962tik aurrera San Telmo Museoko areto batzuetan egon ziren, eta azkenik, 1973an Pasealeku Berriko Bainuetxe izandako eraikinean kokatu zen egoitza[1].

Bazkide sortzaileak hogeita hamar inguru izan ziren, besteak beste, Diego Quiroga Losada, Bernardo Aurrecoechea Alcain, Carlos Fagoaga Michelena, Toribio Noain Arzac, Pascual Marin argazkilaria eta Sigfrido eta Willy Koch Bengoetxea argazkilari anaiak. Bazkide beteranoen zerrenda oso luzea da baina nabarmendu zirenen artean, Maritxu Urreta, Juana Mari Gallastegi eta Trinidad Grases daude, 1979ko abenduan erakusketa bat egin zuten Kataluniako Argazkilarien Elkartean.

Elkartearen helburua argazkigintzaren sustapena da eta horretako ikastaroak, lehiaketak, erakusketak eta proiekzioak antolatzen dira. Erakusketa aipagarrien artean, besteak beste, 1973an Pasealeku Berriko egoitzaren inaugurazioan egin ziren Jose Ortiz Etxague eta Diego Quiroga Losada, Santa María del Villar markesarenak ditugu.

Gaur egun (2016) SFGk 900 bazkidetik gora ditu, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide kolektiboa da eta Euskal Herriko Argazkilaritza Elkarteen Federazioko kidea. Zuzendaritza batzordeko presidentea Julio Tejadas da, aurretik presidente izan dira[2]:

  • Bernardo Aurrecoechea Alcain, 1947?-1961
  • Ignacio Maria Urrecha Arriola, Rocaverdeko markesa 1961-1962
  • Alberto Fernandez-Ibarburu Lecuona, 1962-1964
  • Ignacio Imaz Bastida 1964-1968
  • Alberto Fernandez-Ibarburu Lecuona, 1968-1971
  • Jose Luis Iturburu Olazabal, 1971-1975
  • Juan Angel Arrieta Guzman, 1975-1984
  • Alfonso Muñoz-Baroja Zalacain, 1984-1990
  • Angel Maria Egaña Sarciada, 1990-1998
  • Jesus Mª Barasarte Garmendia, 1998-2004[3]
  • Julio Tejadas, 2004-2012
  • L.M. Daniel Iturri Sesma, 2012-2013[4]
  • Julio Tejadas, 2013-[5]

Elkarteak badu boletin bat bazkideen artean banatzen dena, 1969tik argitaratzen da hilabeteroko maiztasunarekin, baina azken urteetan bihilabetekari bihurtu da.[6]

Edukiari dagokionez, aldizkariaren gehiengoa gaztelaniaz idatzita dago, 1976tik aurrera Maritxu Urreta bazkideak editorialak euskaratuko ditu[7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Agustin Sánchez Martín: Gipuzkoako Argazkilari Elkartea = Sociedad Fotográfica de Gipuzkoa 1948-1995, 48. orld.
  2. Agustin Sánchez Martín: Gipuzkoako Argazkilari Elkartea = Sociedad Fotográfica de Gipuzkoa 1948-1995, 49 orld.
  3. Boletín informativo de la Sociedad Fotográfica de Guipúzcoa = Gipuzkoako Argazkilari Elkartea berri emaile illerokoa, 1998ko otsaila
  4. Boletín informativo de la Sociedad Fotográfica de Guipúzcoa = Gipuzkoako Argazkilari Elkartea berri emaile illerokoa, 2012ko martxoa
  5. Boletín informativo de la Sociedad Fotográfica de Guipúzcoa = Gipuzkoako Argazkilari Elkartea berri emaile illerokoa, 2014ko azaroa-abendua
  6. Boletín informativo de la Sociedad Fotográfica de Guipúzcoa = Gipuzkoako Argazkilari Elkartea berri-emaile illerokoa
  7. Nerea Azurmendi: Maritxu Urreta (1915). Bidegileak bilduma. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzua Nagusia, 2005. 16. orld.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Gaztelaniaz)Agustín Sánchez Martín: Gipuzkoako Argazkilari Elkartea = Sociedad Fotográfica de Gipuzkoa 1948-1995. Donostia-San Sebastián: Gipuzkoa Donostia Kutxa, 1996
  • (Gaztelaniaz)Boletín informativo de la Sociedad Fotográfica de Guipúzcoa = Gipuzkoako Argazkilari Elkartea berri-emaile illerokoa. San Sebastián: Sociedad Fotográfica de Guipúzcoa, 1969-

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]