Euskalerriaren Adiskideen Elkartea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
Goiburua: Hirurak Bat
Hirurak Bat.gif
Irurac bat leloaren irudia da elkartearen ikurretako bat. 1765ean diseinatu zuen Manuel Salvador Carmonak.
Insausti jauregia Azkoitia 2006-12-29.JPG
Insausti jauregia, Elkartearen egoitza.
Sorrera 1764
Egoitza nagusia Insausti jauregia
Koordenatuak: 43°10′37″N 2°18′23″W / 43.17694°N 2.30639°W / 43.17694; -2.30639
Herria  Azkoitia (EH-GI)
Herrialdea  Euskal Herria
Zuzendaria Joxe Mari Urkia Etxabe
Webgune ofiziala

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (gaztelaniaz Real Sociedad Bascongada de Amigos del País) Ilustrazio garaian sortu zen erakundea da, arlo zientifiko eta kulturalekoa. Izan ere, hasiera hartatik elkartearen helburuak "hainbat gai, arte, diziplina, zientzia, jarduera literario, sozial eta giza jarduera lantzea eta sustatzea" izan dira. Xabier Munibe Peñafloridako kondeak eta Azkoitiko Zalduntxoek sortu zuten elkartea.

Gaur egun, diziplina guztiak espezializatu egin dira eta jakintza orokorraren helburua ezinezko bihurtu da, baina Elkartea azken urteetan garai berriei egokitzeari ekin dio eta urtero argitalpen interesgarriak kaleratzen ditu. Egoitza nagusia Azkoitiko Insausti jauregian dute.

Organizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzordeek osatzen dute, azken urteotan sortutako Mexikoko Ordezkaritzarekin batera.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1765. urtean Gipuzkoan sortu eta Euskal Herri osora zabaldu zen Argien Mendeko elkartea. Elkartea jaio zen unean krisi larrian zegoen Euskal Herriko ekonomia egitura, Indietako merkataritzak jo zuen beheraldiarengatik eta mendebaleko Europa guztira zabalduak ziren jadanik iraultza burgesa gauzatuko zuten ideia berriak.

Euskalerriaren Adiskideak elkartea Frantzisko Xabier Munibe Idiakez Peñafloridako kondeak Gipuzkoako Batzar Nagusietan 1763-1764 urteetan aurkeztu zituen proiektuen arabera egituratu zen eta, hasieran, Gipuzkoako aitonen seme eta burges batzuek bultzatu zuten (Peñafloridako kondeak, Joaquin Maria Egia Narrosko markesak eta Manuel Ignacio Altunak bereziki). 1766. urtean onartu ziren elkartearen estatutuak, Karlos III.a Espainiakoaren onespenaz, eta zeregin hauek jarri ziren helburu nagusi gisa, garai hartako ideologia ilustratuari jarraiki: Euskal herrialdeetan arteak, zientziak eta arte ederrak zabaltzea; ezjakintasuna, nagikeria eta alferkeria ezabatu eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrialdeen arteko batasuna eta elkarkidetza sustatzea (elkarte horrek plazaratu zuen lehenengoz Irurak-Bat ikurra eta sinboloa). Ekonomia krisiarentzat irtenbide azkar modernoak bideratu nahi izan zituen hasieratik Euskalerriaren Adiskideak elkarteak, eta ezinbesteko iritzi zion horretarako maila guztietako ekoizpen teknikak berritzeari.

Euskal Herrian ordura arte bazter xamar egona zen teknologiari zegokionez ikerketa saio berezia eskatzen zuen modernotasun hark eta, horrenbestean, Europari begira jarri ziren elkarteko kideak irtenbide bila. Nekazaritza eraberritzeko asmoek finantza (finantza mailan ez zen proiektu bateratu sendorik bideratu; oro har, nork bere ahalen arabera finantzatu ziren proiektuak) eta egitura (nekazaritza sail txikien tradizioa hautsi ezina) mailako oztopo larriekin egin zuten topo eta industriari begira jardun zuten bereziki elkarteko arduradunek (burdinolak eraberritzea, ikatzarria erabiltzea, burdina lantzeko teknika berriak asmatzea).

Europako jakintza-leku nagusietara jo zuten Euskalerriaren adiskideek kimika, mineralogia eta burdingintza prozesuak aztertu eta ikastera, eta arlo horietan lortu zituzten ilustratu euskaldunek zientzia emaitza nagusiak (Ehuyar anaiek wolframioa aurkitu zuten, Ignacio Zabalok altzairua lantzeko metodoak hobetu zituen, bertako laborategietan urtu zen lehenbizikoz platinoa eta hobekuntza nabariak abiarazi ziren burdinoletan (hauspo mota berriak). Ekonomia mailan ez zuten eragin zuzenik izan aurrerakuntza guzti horiek. Bai, ordea, hezkuntza mailan.

Espainiako estatuko mugimendu ilustratu garrantzitsuena gorpuztu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta Bergarako Erregeren Mintegira bildu ziren garai hartako zientzietako eta jakintzako aditu asko. Euskalerriaren Adiskideen eragina txikiagoa izan zen, oro har, hizkuntza eta literatura arloetan, eta geografia zabalkundeari dagokionez, eragin handia izan zuen bere garaian Nafarroan (Tuterako Sociedad Económica Tudelana de Amigos del País 1778) eta, apalagoa, Ipar Euskal Herrian. Konbentzioko Gerrak (1794) neurri handi batean indargabetu zuen Euskalerriaren Adiskideak elkartea eta, egun, euskal kulturako alor askotan ari den kultura elkartea da Euskalerriaren Adisikideen Elkartea edo Real Sociedad Bascongada de Amigos del País.

Kide ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argitalpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]