Edukira joan

Gwangjuko Sarraskia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gwangjuko Sarraskia
Irudia
Map
Jatorrizko izena(ko) 5·18 광주 민주화 운동
(ko) 광주 민중 항쟁
(ko) 광주 민중 봉기
(ko) 광주 사태
(ko) 광주 학살
(ko) 광주 소요 사태
(ko) 5·18 민주화 운동
(ko) 광주 항쟁
(ko) 5·18
Motagizarte mugimendu
gatazka
Denbora-tarte1980ko maiatzaren 18a - 1980ko maiatzaren 27a
KokalekuGwangju
HerrialdeaHego Korea
Parte-hartzaileak
Pertsona hilak606
Pertsona zaurituak3.139
Pertsona desagertuak76
65
Osatuta

Gwangjuko Sarraskia edo Gwangjuko Demokraziaren Aldeko Mugimendua (Hangul광주 민주화 운동; Hanja光州民主化運動; RRGwangju Minjuhwa Undong) herri jazarraldia izan zen, Chun Doo-hwanen diktaduraren aurkakoa, 1980ko maiatzaren 18 eta 27 bitartean Hego Koreako Gwangju hirian gertatu zena. Hego Koreako armada manifestariei oldartu zitzaien, triskantza handia eraginez. Datu ofizialen arabera, 200 lagun hil ziren borroketan; baina atzerriko prentsak jaso zuenez, militarrek 1.000-2.000 pertsona hil zituzten.[1]

1979ko urriaren 26an, Hego Koreako diktadore Park Chung-hee bere segurtasun buruak erail zuen. Horren ostean, gobernu eredu demokratikoago baten aldeko protestak zabaldu ziren herrialdean. Chun Doo-hwan armada jeneralaren erantzuna, ordea, gerra legea ezartzea izan zen, horrek protestariak etxera bidaliko zituelakoan. Kontrakoa izan zen emaitza. Gizarte klase eta adin guztietako jendeak hartu zituen kaleak, aginte totalitario gehiagorik ez zutela onartuko argi erakutsiz. Gobernuak mehatxu moduan hartu zuen protestarien jarrera.[2]

1980ko maiatzaren 18an, Gwangjuko kaleetan protestan zebiltzan ikasle eta gainerako zibilei oldartu zitzaien armada, baita tartean ziren umeei ere. Militarren ekintzek amorrua zabaldu zuten herritarren artean, eta ehunka lagunek kalera jo zuten protestariei elkartasuna adierazteko. Gobernuak indar bereziak bidaltzea erabaki zuen orduan, baina, egoera baretu beharrean, soldaduak, neurrigabeko indarkeria erakutsiz, protestariei tiro egiten hasi zitzaizkien. Astebeteko jazarpen odoltsuaren ostean, maiatzaren 27an protesta gehiagorik ez zen. Gobernuaren arabera, 200 lagun hil ziren armadaren eta protestarien arteko borrokan. Atzerriko prentsak, ordea, militarrek 1.000-2.000 pertsona inguru hil zituztela jaso zuen, eta ehunka lagun tortura latzak jasaten ari zirela komisarietan. Desagertuak ere izan ziren.[2]

Kopuruak kopuru, gobernuak bereari eutsi zion. Gwangjuko altxamendua komunistek, hots, erregimenaren etsaiek antolatu zutela eta, gogor gaitzetsi zituen protestarien ekintzak. Ipar Korearen esku hartzea ere iradoki zuen egoeraren “seriotasuna” azpimarratzeko. Kim Dae-jung eta haren jarraitzaileak jo zituzten matxinadaren akuilatzaile. Kim epaitu eta heriotza zigorrera kondenatu zuten; baina, nazioarteko protestak zirela-eta, heriotza zigorra kommutatu zioten.[3][4]

Gwangjun gertatutako sarraskiak, baina, ez zuen apaldu herritarren gogoa. Aitzitik, antzeko mugimenduak inspiratu zituen ondoko urteetan, harik eta 1987an Hego Koreak presidentea izendatu zuen arte —1960tik lehena—, herritarren parte hartze zuzenaren bidez. Gwangjuko gertaerak gogoan, Kim Young-samek, Hego Koreako zazpigarren presidente eta herrialdeak inoiz hautatutako lehen buruzagi zibilak, 1993an esan zuen hamahiru urte lehenago “isuritako odola herrialdeko demokraziaren oinarria zela”.[2] 1998an, berriz, Kim Dae-jung hautatu zuten presidente.

Gwangjuko Sarraskia korear kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Ch'oe Yunek Lore-osto bat isilki erortzen da hor eleberria argitaratu zuen 1988an. Bertan gogoeta egiten du estatu indarkeriaren gainean, amaren hilketagatik traumatizatuta dagoen neskato baten bidez.[2]
  • Hwang Sok-yongek Antzinako lorategia eleberria karrikaratu zuen 2000an. Sarraskiaren ondoko urteak ditu hizpide, torturak eragindako trauma.[2]
  • Han Kangek Mutila badator eleberria argitaratu zuen 2015ean. Hiru ikuspuntu erabilita —hildako lagunaren gorpuaren bila dabilen nerabea, kontzientziak abandonatutako gorpua, bere ahotsaren bila dabilen herrialdea—, zehaztasun handiz deskribatzen ditu biktimek eta haien senideek pairatzen dituzten zentsura eta ukapena.[2]
  • Yun Hyong-Keun margolariaren lanean ere ikus daiteke sarraskiaren eragina. Bere obraren baitan presentzia nabarmena dute kolore iluneko zutabeek; lan gehienetan zutik agertzen diren zutabe hauek okertuta eta elkarren gaineran erortzen margotu zituen sarraski honek eragindako haserrean erakusgarri moduan[5][6].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Flashback: The Kwangju massacre. BBC News, news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2018-4-7).
  2. a b c d e f Ezkerra, Estibalitz. Gwangjuko sarraskia 36 urte geroago. Berria egunkaria, berria.eus, CC BY-SA 4.0 lizentzia (Noiz kontsultatua: 2018-4-7).
  3. The Gwangju Massacre, 1980. thoughtco.com (Noiz kontsultatua: 2018-4-7).
  4. Branford, Becky. Lingering legacy of Korean massacre. BBC News, news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2018-4-7).
  5. ARTIST DOCUMENTARY | Yun Hyong Keun | 윤형근 | 작가 다큐멘터리. (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).
  6. (Koreeraz) 에디터, 이윤정 올댓아트. (2018-09-10). «[문화내시경‘침묵의 화가’ 윤형근 회고전»] weekly.khan.co.kr (Noiz kontsultatua: 2022-12-09).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]