Hasdrubal Boetarka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hasdrubal Beotarka» orritik birbideratua)
Hasdrubal Boetarka
Bizitza
Jarduerak

Hasdrubal Boetarka (punikoeraz[1]: 𐤏𐤆𐤓𐤁𐤏𐤋, latinizatua: ʿAzrubaʿal, Baalen Laguntza), Hirugarren Gerra Punikoaren kartagoar jenerala izan zen. Masinisa I.aren aurkako gerran aipatua da, Erromaren kontrakoa hasi aurretik (K.a. 150). Apianok 'boetarca' (Βοήθαρχος) izaera ezezaguna duen karguarekin aipatzen du. Masinisaren bi semeak, Gulusa eta Mizipsa, enbaxadore gisa bidali ondoren, Kartagon iraindu eta erasotuak izan ziren. Horren ondorioz, Masinisaren gerra hasi zen eta Hasdrubalek Horoskopioko setioan parte hartu zuen 25.000 oinezko, 400 zaldun eta beste 6.000 zaldun numidiarrekin. Zaldun numidiarrek Masinisaren armadara desertatu zuten; setioa altxatzen saiatu zen eta numidiar erregeari aurre egin zion. Halaber, egun osoan borrokatu ondoren eta irabazlerik ez izatean, elkarrizketak hasi zituzten, baina hauek huts egin zuten.

Hasdrubalen emaztea bere seme-alabekin batera bere burua sutara botatuz.

Masinisak pixkanaka-pixkanaka hornidurak jaso ezin zituen tokian kokatu zuen Hasdrubal eta honek, azkenean, janari faltagatik kapitulatu behar izan zuen. Akordioaren arabera, kartagotarrek armak eta tresneriak utzi behar zituzten. Honela egin zuten, baina punikoak erretiratzean, numidiarrek eraso egin zieten, ituna urratuz eta kartagotar armada suntsituz.

Hasdrubalek eta beste batzuek Kartagora ihes egin ahal izan zuten. Senatuak, Erromaren aurrean aurpegia salbatzeko, erbestera kondenatu zituen Masinisari gerra egitearen alde zeuden guztiak. Hasdrubal numidiar lurraldean errefuxiatu eta mila gizoneko armada bildu zuen.

Kartagotarren senatuak egindako kontzesioak gorabehera, ezin zituen erromatarrek Kartago suntsitzeko asmoak ekidin, eta azken enfrentamendurako prestaketak hasi zirenean, Hasdrubal deitu zuten eta agintea eman zioten (K.a. 149). Hiriko agintea beste Hasdrubal batekin (Masinisaren biloba) izan zuen. Bere armadak zelai irekian kontrola izatean, hiriko hornidurak ziurtatu zizkion, erromatarrek itsasotik hornidurak jasotzen zituzten bitartean. Hasdrubalen zalditeriak erromatarrak erasotu zituen balizko setio bat eta erromatar mugimendu guztiak ekiditeko. Manli kontsulak erabaki zuen Hasdrubalen kuartela zegoen Neferis barneko hiriaren kontrako espedizioa egitea, baina galera handiak izan zituenez, atzera egin behar izan zuen; Manliren bigarren erasoa ere porrotean amaitu zen. Hasdrubalek orduan, aginte osoa eskuratu zuen Masinisaren biloba baztertzean. Publio Kornelio Eszipion (K.a. 147) iritsi zenean, Hasdrubal hiriko harresien ertzera aurreratu zen, eta bere kanpalekua erromatar jeneralen gertu ezarri zuen, baina ez zuen eragotzi gau batean erromatarrek ustekabean Megara auzoa erasotzea. Errebantxan, Hasdrubalek erromatar preso guztiak hil zituen, modurik beldurgarrienean mutilatu ondoren, eta gorpuak harresietan erakutsi zituen erromatar soldaduek ikus ditzaten. Hau ez zen kartagotarrentzat onuragarria izan, senatuak bere kexak igorri zituelako eta erromatarrek, hori ikusita, hil arte borrokatu behar izan zuten. Hala ere, Hasdrubalek barneko agintea izatean bai eta kontrapartidarik gabeko boterea ere, aurka zeuden senatari asko exekutatu zituen eta errege edo tirano gisa jokatu zuen botere absolutuarekin. Eszipionek setioaren eraginez eta gosea hirian agertu zenean, Hasdrubalek, pixkanaka iristen ari ziren hornidurak gorde zituen, bere soldadu eta leialentzat. Gulusaren bidez, Eszipionekin hitz egin zuen, baina honek segurtasuna harentzat, haren familiarentzat eta zenbait lagunentzat soilik bermatzean, Hasdubalek hiria errenditzeari uko egin zion, jada itxaropenik ez zegoen arren. K.a. 146an, portua eta beste auzo batzuk hustu behar izan zituen, eta defentsa Birsa gotorlekuan egin zen, non Eszipionek erasoak kontzentratu baitzituen. Erromatarrek, metroz metro egin zuten aurrera, banan-banan aurkitzen zituzten etxeak eraitsiz; biztanleak, goseak jota, Eszipioni amore ematen zioten atxiloturik izateko; erromatar desertore batzuek eta kartagotar buruzagi nagusiek baino ez zioten aurre egin Asklepioren tenpluan.

Polibioren arabera, Hasdrubalek emaztea eta bi seme zituen, euren armadaren porrota ikusi zutenean sutan zegoen tenplu baten sugarretan beren buruaz beste egin zutenak. Hasdrubalek erromatarren aurrean amore eman zuen bere familia hil aurretik, baliteke horrek haien suizidioa eragitea. Hasdrubal Erromara eraman eta Eszipionen garaipenean erakutsi zuten, baina geroago Italian bakean bizitzeko baimena eman zitzaion[2]. Baliteke Hasdrubal Masinisa numidiar erregeak Tunes (gaur egun Tunis) hiritik gertu garaitu zuen jeneral bera izatea, gerra deklaratu eta berehala (K.a. 149).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • HUSS, Werner (1985): Geschichte der Karthager, Munich: C.H. Beck, ISBN 9783406306549. (alemanez)
  • HAVELL, H.L. (2009): Republican Rome..., BiblioBazaar, 321 or., {{ISBN|978-1-115-39574-8}}.
  • MOMMSEN, Theodor (1870): The History of Rome, William Purdie Dickson (ed.), 3. liburukia, New York: C. Scribner & Co, pp. 42–54.
  • Book XXXVIII of Polybius's Histories, English trans., 7-8,20
  • SMITH, William, ed. (1849): Dictionary of Greek and Roman Biography and Mythology, II. liburukia, C.C. Little & J. Brown, 359–360 or.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hasdrubal Boetarka Aldatu lotura Wikidatan