I-Ener

Wikipedia, Entziklopedia askea
I-Ener
Datuak
Motanegozioa
Jarduera sektoreaenergia berriztagarriaren industria
HerrialdeaFrantzia
Agintea
Egoitza nagusi
Legezko formaAkziodunen sozietate sinplifikatua
Historia
Sorrera2014
Webgune ofiziala

I-Ener SAS energia ekoizten duen Ipar Euskal Herriko herritar sozietate bat da. 2014ean sortu zen eta Euskal Herrian energia berriztagarriak garatzea du xede[1]. Orotariko akziodunak ditu, norbanakoak zein entrepresa, elkarte eta egitura publikoak (tartean Euskal Hirigune Elkargoa[2]). Egun 300.000€ baino gehiagoko kapitala du[3] eta Donazaharren kokatua da[4].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014an sortu zen 10 pertsonen hausnarketaren ondorioz[1]. Energia berriztagarrien ekoizpena bultzatu nahi zuten, eremu gisa Ipar Euskal Herria hartuz eta ibilmolde parte-hartzailea segituz[1]. Azken bi hamarkadetan argindarraren merkatuaren liberalizazioa eman da frantses estatuan, eta horrek entrepresa pribatuei parada eman die argindarra ekoiztu eta saltzeko, tartean I-Ener herritar sozietateari.

Gaur egungo akziodunen artean 450 herritar, 8 elkarte, 5 entrepresa eta 2 egitura publiko ditu bederen[1][5]. Akzio bakoitza 50€tan saldua da[1]. 2018an Enargia deitu energia hornitzaile kooperatibaren sorrera bultzatu du[6].

Ekoizpena eta ibilmoldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

I-Ener entrepresak eguzki plakak baliatzen ditu energiaren ekoizteko. Herriko Etxeekin elkarlanean, eraikin publikoetako teilatuetan eguzki panoak ezartzea bideragarria denetz ikertzen dute lehenik[7]. Bideragarria bada, herrian bilkura publiko bat antolatzen dute herritarrei proiektuaren berri emateko eta ekonomikoki parte hartzera bultzatzeko[1].

Behin instalazioa egina delarik, sortu argindarra energia hornitzaile bati saltzen diote. Erosle nagusia EDF da, frantses estatuko laguntzak dituen enpresa bakarra baita[1]. Hala ere, Enercoop hornitzaileari ere saltzen diote ekoizpenaren zati bat[1], eta etorkizunean Enargiari ere elektrizitatea saltzeko proiektua du I-Enerrek[3].

Antolaketari dagokionez, Biltzar Nagusian akziodun orok du bozka eskubidea, pertsona bakoitzak bozka bat ukanik: hots, bakoitzaren bozka ez da dituen akzio kopuruen menpekoa[4]. Zuzendaritzako talde batzorde batek eta lehendakari batek gobernatzen dute sozietatea. Sozietatearen kide asoziatuak dira biak[4].

GoiEner Hegoaldeko entrepresarekin harreman estua mantentzen du[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h astekaria, Herria. (2018-06-18). «I-Ener herritar sozietatea, energia berriztagarrietan indartsu eta kementsu» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  2. (Frantsesez) Olhagaray, Anaiz Aguirre. (2019-02-25). «Climat : l’Agglomération entre au capital d’I-Ener» www.mediabask.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  3. a b Enbata. «Le Pays Basque vers sa souveraineté énergétique» Enbata (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  4. a b c «ENPRESA» I-ENER (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  5. a b Interview. «La souveraineté énergétique est aussi une solution en termes d’emplois locaux» Enbata (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  6. «Proiektua eta baloreak» www.enargia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).
  7. «GURE PROIEKTUAK» I-ENER (Noiz kontsultatua: 2020-01-05).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]