Inés París

Wikipedia, Entziklopedia askea
Inés París
Bizitza
JaiotzaMadril, 1963 (60/61 urte)
Herrialdea Espainia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakgidoilaria eta film-zuzendaria

IMDB: nm0664194 Allocine: 82689 Allmovie: p305818 Edit the value on Wikidata

Inés Paris Bouza (Madril, Madril Erkideagoa, 1963) madrildar zinema-zuzendaria, zinemako eta telebistako gidoilaria eta telesailen sortzailea da. Emakume zinemagileen eta ikus-entzunezko baliabideen elkarteko (CIMA) presidentea izan da. SGAE Fundazioaren presidentzia betetzen duen lehen emakumea da, 2013ra arte 'Fundación Autor' izenekoa, sortu eta bi hamarkadara.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inés Paris Filosofian lizentziaduna da, Estetikan eta Artearen Teorian espezializatua. Arte dramatikoa ikasi zuen (interpretazioa eta zuzendaritza).[2] Zinema-zuzendaria eta gidoilaria da, eta esperientzia handia du bai telebistan bai zineman.[3] Aita Karlos Paris filosofoa izan zen (1925 - 2014). Ikastaroak eta hitzaldiak eman ditu Espainiako eta atzerriko unibertsitateetan, besteak beste Sorbonako Unibertsitatean (Paris, Frantzia) eta Harvardeko Unibertsitatean (Cambridge, Estatu Batuak).

CIMA (Emakume Zinemagileen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Elkartea) sortzaileetako bazkide bat da, eta, 2006an sortu zenetik 2012ra arte, presidente izan zen Isabel Ocampo, eta Paris, batzordekide jarraitu zuelarik. Zinemaren industrian emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna aldarrikatzen duen aktibista da.[4][5] Garatze-bidean dauden herrialdeetako zinemari eta zinemagileei laguntzeko proiektuetan ere parte hartzen du, eta Afrikan emakumeekin lan egiten duen fundazio batekin lankidetzan aritzen da.[4][5][6]

2017. urteko maiatzean, sortu eta 20 urtez urtera, SGAE Fundazioaren presidentzia hartu zuen lehen emakumea izan zen.[5][7][8][9]

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisen lan hasiera TVEn izan zen. Bertan Daniela Fejerman ezagutu zuen eta elkarrekin aritu ziren hainbat gidoitan.[10] Hala, lehen bi filmak Fejermanekin batera zuzendu zituen, A mi que me manda meterme en esto (1999) eta Vamos a dejarlo (2000), gidoia ere bien artean osatu zutelarik. Bestalde, 2000. urtean Paris eta Fejerman Sé quién eres filmaren gidoilarikideak izan ziren. Filma hori Patricia Ferreirak zuzendu zuen, eta 2001eko Goya sarietan hiru hautagaitza eta sari bat lortu zituen.[11]

Gero, beste bi filmetan izan zuen Fejerman zuzendarikide eta gidoilari; A mi madre le gustan las mujeres (2002) eta Semen, una historia de amor (2005). Aipatutako A mi madre le gustan las mujeres filma egiteko Fernando Colomoren laguntza izan zuten produktore gisa, 1.900.000 euroko (310 milioi pezeta) aurrekontuarekin, eta, ondorioz, filma zuzentzeko benetako aukera.[10] Komedia barregarri horrek, besteak beste, Donibane Lohizuneko (Frantzia) zuzendari gazteen jaialdiak ematen dituen bost sarietatik lau lortu zituen; Turingo (Italia) Gai Homosexualen Nazioarteko Zinemaldia irabazi zuen; eta Publikoaren Saria Miamiko Zinema Latinoko VI. Zinemaldian (Florida, Ameriketako Estatu Batuak).[10][12][13][14]

Bi zuzendariek zuzendari berri onenaren izendapena jaso zuten 2003ko Goya Sarietan. A mi madre le gustan las mujeres filmak bi hautagaitza gehiago lortu zituen: Leonor Watling protagonista onena eta Juan Bardem Aguado musika original onena.[15]

Bakarkako zuzendari gisa egin zuen lehen filma (gidoilaria ere bera zela) Miguel y William izenburukoa izan zen eta 2007an egin zuen. Miguel de Cervantes eta William Shakespeare asmatutako aurrez aurreko bati buruz da. 2008an Fernando Colomok zuzendutako Rivales filmaren gidoilaria izan zen.

Hurrengo urteetan CIMAren presidentzian buru-belarri eman zituen (zazpi urtez, 2006tik 2012ra). Gainera, Rosalía de Castro poetari buruz idatzi zuen gidoi batean oinarritutako filma egiteko proiektua aurrera ateratzen saiatu zen, baina Espainian ez zuen laguntzarik aurkitu. Gero, tradizioz gizonezko lanetan ari ziren emakumeei buruzko serie dokumental bat egiteko agindu zioten, Iguales (Berdinak) izenekoa, Televisión Españolarentzat (TVE). 2013. urtean, Espainiako emakume afrikarren egoerari buruzko film dokumentala zuzendu zuen, Manzanas, pollos y quimeras izenekoa, berriz ere, 2014. urteko XXVIII. edizioan, Goya Sarietan parte hartzea lortu zuen dokumentalarekin. Ordukoan, Parisek bi hautagaitza izan zituen, film onenaren eta film dokumental onenaren atalean.[6][16]

2016. urtean, La noche que mi madre mató a mi padre fikziozko bere laugarren film luzearen gidoi eta zuzendaritzaz arduratu zen. Zuzendariak adierazi zuen filma Belén Rueda protagonista izango zela pentsatuz idatzi zuela, eta María Pujalte eta Fernando Colomo bezalaxe egon zela proiektuan inplikatuta. Valentzian filmatu zen filma, umorez, Ruedaren ohiko drama ardatz duten erregistroak zabaltzeko asmoz. Talde teknikoan profesional ezagunak agertu ziren, hala nola Nestor Calvo argazki-zuzendaria edo Ángel Hernández Zoido muntatzailea. Beatriz de la Gandarak ekoitzi zuen Sangam Films, Post Eng Producciones eta Rodajefilmsentzat, eta TVE, CANAL + eta ONO izan zituen laguntzaile. Malagako Zinemaldian aurkeztu zen.[6][17][18]

18 hautagai lortu zituen 2017ko Goya sarietan. Besteak beste, izendapen horien artean film onena, zuzendaritza onena, jatorrizko gidoi onena, jatorrizko musika onena izan ziren. Filmean egindako lanarengatik nominatuak izan ziren Belén Rueda, Eduard Fernández, María Pujalte, Diego Peretti, Fele Martínez eta Patricia Montero.[19]

2017an, Daniel Écijarekin batera, proiektu berria sortu zuen: El accidente izenburuko telebista-serie espainiarra.

Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • La Valla (2020 seriea), koprodukzioa, gidoiaren koordinatzailea, gidoilaria.
  • El accidente/ Istripua, sortzailea (2017-2018).
  • La noche que mi madre mató a mi padre/ Amak aita hil zuen gaua, zuzendaria eta gidoilaria (2016).
  • Manzanas, pollos y quimeras/ Sagarrak, oilaskoak eta kimerak (2013). Goya sarietarako bi hautagaitza.
  • Rivales, gidoilaria (2008).
  • Miguel y William, zuzendaria eta gidoilaria (2007).
  • Semen, una historia de amor/ Semen, maitasun-istorioa, zuzendaria eta gidoilaria, Daniela Fejermanekin batera (2005).
  • A mi madre le gustan las mujeres/ Amari emakumeak gustatzen zaizkio, zuzendaria eta gidoilaria, Daniela Fejermanekin batera (2002).
  • Sé quién eres/ Badakit nor zaren, gidoilaria (2000).
  • Vamos a dejarlo/ Utzi dezagun, zuzendari eta gidoilari, Daniela Fejermanekin batera (1999).
  • A mi quién me manda meterme en esto/ Nork esan dit honetan sartzeko? Daniela Fejermanekin batera (1997), zuzendaria eta gidoilaria.

Sariak eta aintzatespenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Daniela Fejermanekin batera zuzendari berri onenak A mi madre filmarengatik izendatu zuen. Filmak 3 hautagai lortu zituen guztira.
  • Film onenaren eta film dokumental onenaren Goyarako izendatu zuten Manzanas, pollos y quimeras filmagatik. Filmak bi hautagaitza lortu zituen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Inés París, nueva presidenta de la Fundación SGAE. SGAE.
  2. «elmundo.es | Encuentro digital con Inés París y Daniela Fejerman en 2005» www.elmundo.es.
  3. «Inés París» IMDb.
  4. a b Málaga, La Opinión de. «Inés Paris: ´Los nombres de las mujeres están menos presentes´ - La Opinión de Málaga» www.laopiniondemalaga.es.
  5. a b c La moda de las series feministas no acaba con la desigualdad: solo un 16% de las directoras en España son mujeres. .
  6. a b c Inés París: 'En el cine se puede llegar muy lejos para poder transgredir, hay que ser un poco gamberros'. .
  7. Inés París, nueva directora de la SGAE. .
  8. Inés París, nueva presidenta de la Fundación SGAE. .
  9. El anuario de la SGAE revela que la cultura española sale del hoyo poco a poco. .
  10. a b c «elmundo.es | Premios Goya 2003. Inés París y Daniela Fejerman» www.elmundo.es.
  11. «Sé quién eres » Premios Goya 2018» www.premiosgoya.com.
  12. «elmundo.es | Premios Goya 2003. A mi madre le gustan las mujeres» www.elmundo.es.
  13. «La comedia española 'A mi madre le gustan las mujeres' gana el Festival de Turín» www.elmundo.es 6 de mayo de 2002.
  14. ««A mi madre le gustan las mujeres», premiada en el Festival de Cine Latino de Miami» www.elmundo.es 1 de abril de 2002.
  15. «A mi madre le gustan las mujeres » Premios Goya 2018» www.premiosgoya.com.
  16. «Manzanas, pollos y quimeras » Premios Goya 2018» www.premiosgoya.com.
  17. Inés París: "Escribí 'La noche que mi madre mató a mi padre' para Belén Rueda". .
  18. Inés París vuelve al largometraje con una comedia hecha para Belén Rueda. .
  19. «La noche que mi madre mató a mi padre » Premios Goya 2018» www.premiosgoya.com.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]