William Shakespeare

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
William Shakespeare
William Shakespeare
Chandos portrait izeneko azala, National Portrait Gallery, Londres.
Datu pertsonalak
Izen osoa William Shakespeare
Jaio 1564ko apirilaren 26an bataiatua (jaiotegun ezezaguna)
Ingalaterra Stratford-upon-Avon, Warwickshire (Ingalaterra)
Hil 1616ko apirilaren 23a
(52 urte)
Ingalaterra Stratford-upon-Avon, Warwickshire (Ingalaterra)
Bikotekidea(k) Anne Hathaway (1582–1616)
Webgunea http://www.opensourceshakespeare.org/
Sinadura William Shakespeare Signature.svg

William Shakespeare (Stratford-upon-Avon, Warwickshire, 1564ko apirilaren 26a [bataio eguna] - Stratford-upon-Avon, 1616ko apirilaren 23) ingeles antzerkigile, olerkari eta aktorea izan zen. Europako literaturaren ikur handienetakoa, ingelesezko inoizko idazlerik hoberena eta historiako dramagile handiena da, aditu askoren arabera. Egile oparoa izan zen, antzerkigintzan, narratiban eta poesian.

Stratford-upon-Avongo merkatari aberats baten semea zen eta jaioterrian egin zituen ikasketak. 1582an Anne Hathaway, bera baino zortzi urte zaharragoa zen emakumearekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituzten. Emaztearekiko harremanak txarrera egin zuen eta ondorengo urteetan, 1584tik aurrera, Londresa joan zen eta aktore eta antzerkigile gisa lan egin zuen. Lord Chamberlain-en antzerki konpainian lan egin zuen eta 1588an hasi zen haren ospea zabaltzen. 1610. urtea arte Londresen bizi izan zen eta handik aurrera sorterrira erretiratu zen.

Haren idazlanik ospetsuenak Hamlet (1601?), A Midsummer Night's Dream (1595?), The Merchant of Venice (1595?), Romeo and Juliet (1597), The Merry Wives of Windsor (1602?), Othello (1603) eta Macbeth (1606) dira.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Mundu osoa agertoki bat da, eta gizon eta emakume guztiak antzezle soilak: euren irteera eta sarrerak dituzte; eta gizon bakoitzak, bere antzezpen denboran zehar, ekitaldi asko...  »
As You Like It, II. ekitaldia, 7. eszena. 139-142.

Warwickshire konderriko Stratford-upon-Avon herrian jaioa, eskularrugile eta herriko bailea zuen aita, John Shakespeare, eta burges-leinu zaharrekoa ama, Mary Arden. Ez da ezagutzen zehatz-mehatz zein egunetan jaio zen, baina 1564ko apirilaren 26an bataiatu zuten Stratfordeko Hirutasun Santuaren elizan; adituek San Jurgi egunean, apirilaren 23an, jaio zela uste dute, 1616an hil zen egun berean hain zuzen ere. Gauza segurua da Stratfordeko Grammar Schoolera joan zela ikastera, eta han, Oxforden ikasitako maisuen bidez, latina ikasi eta letra klasikoei buruzko ohiko ikasketak egin zituela. Gaztetatik maitemindurik, 1582an berak baino zortzi urte gehiago zituen Ann Hathawayrekin ezkondu, eta hiru seme-alaba izan zituzten: Suzanne, Judith eta Hamnet.

John Shakespearen etxea, ustez Williamen jaiotetxea, Stratford-upon-Avonen.

Jakiteko dago oraindik Shakespearek zer egin ote zuen hurrengo urteetan; beharbada herri txiki bateko maisu izan zen, eskolari buruzko gai asko baitaude Shakespeareren lanetan eta horietan, ikasleena baino gehiago, irakasleen ikuspegia agertzen delako. Badirudi, ordea, 1587an Londresera joan eta antzerki giroetan sartu zela, hasieran ikusle nobleen zaldiak zaintzen nonbait, baina hortik aurrera aktore lanetan lehenik eta egile anonimo gisa gero. Hemen eszena-astintzailetzat (Shake-scenes) salatu zuen Robert Greene egile ezagunak.

1594an, The Lord Chamberlain's Men konpainiako egile eta -beste kide batzuekin batera- enpresaburu zen Shakespeare. Urte batzuk geroago, noble haren babesean jardundako aktoreak King's Men (euskaraz: Erregeren Gizonak) bilakatu ziren, hurrengo lau hamarraldietan Ingalaterrako antzerki-konpainia garrantzitsuena izango zena. Beraz, ia-ia antzerkigile lanean hasi zenetik, garai hartako konpainia onenarekin, eta orduko aktore nagusia zen Richard Burbagerekin, loturik egon zen Shakespeare. Lan horretan aberastu egin zen.

Shakespearek oso maite zuen poesia; garai hartan hain gogokoa zen gai klasikoa ukituz zenbait poema narratibo egin zituen, hala nola, Venus and Adonis (1593an, izurria zela eta antzokiak itxita zeudenean) eta The Rape of Lucrece (1594, «Lukreziaren bortxaketa»). Kontu handiz argitaratu ziren biak eta Southamptongo kondeari, Henry Wriothesleyri, eskaini zizkion. Garai hartan bertan, Shakespeareren soneto eztiak zabaltzen hasiak ziren eskuizkribu bidez haren adiskide minen artean. Sonnets haiek, egileak Londresko giro fin eta hiritarrari eginiko erantzunaren adierazpenak izango ziren agian, baina gaur egun ezinezkoa da egiazko egoerak egoera alegiazko eta konbentzionaletatik bereiztea, edo lehen sonetoetako mutil lirain hura edo azkenetako dama beltzarana nor ziren jakitea.

Nolanahi ere, Shakespeare antzerkigizona izan zen burutik oinetaraino. 1590 eta 1591 urteen artean, Shakespearek Henrike VI.a-ren bigarren eta hirugarren zatiak, eta jarraian lehen zatia, eta Richard III[1] idatzi zituen. Lau drama hauek 1422 eta 1485 urteen arteko Ingalaterrako historiaren tetralogia osatzen dute, eta Richard III-ak Shakespeareren ordu arteko karakterizazio kementsuena eskaintzen du: Richard Crookhack konkordunarena. Lan historiko hauek osatzen dute lehen aldi honetako multzorik handiena, garai hartan hauek baitziren herrikoienak eta baita egiteko errazenak ere.

The Globe antzokia. Shakespearek antzerki konpainia bat sortu zuen han, eta bere antzezlanak taularatu zituen. Gaur egun ere, haren antzezlanak taularatu ohi dira han bertan.

1593-1595 bitartean komedia hauek idatzi zituen: The Two Gentlemen of Verona («Veronako bi zaldunak»), Love's Lahour's Lost («Amodio-nekegalduak») eta The Taming of the Shrew («Piztiaren heziketa»). Bigarrena idazle gazte baten lana da: zorrotza, hizkera-aberastasun handikoa, eta garai hartako nahiz literaturari buruzko aipamen ugari dituena. Heldutasun handiagoko komediak dira A Midsummer Night's Dream («Udako gau bateko ametsa»), The Merchant of Venice («Veneziako Merkataria») eta Much Ado About Nothing («Ezerez eta festa»), 1595-1599 bitartean idatziak. Shakespeareren komedien ardatza amodioa izan ohi da beti, eta emakume heroien bizkortasuna dute ezaugarri. Twelfth Night («Hamabigarren gaua») eta As You Like It («Zeuk nahi bezala») dira, biak 1600 aldera idatziak, Shakespeareren maisu-lanak genero honetan.

Patua eta familien arteko liskarrak direla eta, elkarrengandik bereizi eta gazterik hil beharra duten maitale gazteen istorio lirikoa da Shakespeareren lehen tragedia handia: Romeo and Juliet («Romeo eta Julieta»); horren estiloa, ordea, literario eta artifizial samarra da batzuetan. Richard II tragediagintzan egindako beste saio bat da, Julius Caesar drama -Antzinako Erromako gaiekin zerikusia duen lehena-, ahalegin horretan emandako beste pauso bat da (1599), eta Henry IV lanaren bi zatiak Shakespeareren lorpen handienak dira drama historikoaren arloan. Bigarren tetralogia horrek lehen tetralogiaren aurreko gertaera historikoak ukitzen ditu, eta Richard II-tik Richard III-ra bitarteko dramek modu dramatikoan azaltzen dute historiari buruzko Tudortarren bertsio ofiziala.

Shakespeare bere tragediarik bikainenak idazten ari zen garaian, Jakue I.a izendatu zuten Ingalaterrako errege, eta bere babespean hartu zituen Chamberlain's Men taldekoak; aurrerantzean, izena aldatu eta King's Men («Erregeren Gizonak») izango ziren. Garai honetakoak (1600-1605) dira Shakespeareren lorpen artistikorik handienak: Hamlet, Othello, King Lear («Lear erregea») eta Macbeth; azken honen Eskoziari buruzko gaia, erregeren arreta erakartzeko izango zen agian. Tragedia hauetan agertzen dira bai Shakespeareren protagonista sonatuenak, baita haren poesia dramatikorik goi-mailakoena ere. Hamlet eta Othello-ren artean sailkatzen zailak diren hiru komedia daude, kutsu maltzurra eta tristea dutelako komedia arazodunak edo komedia ilunak izenez elkartzen direnak: Troilus and Cressida, Measure for Measure («Neurriari neurriaz») eta All's Well that Ends Well («Ondo dago ondo amaitzen dena»). Timon of Athens («Atenasko Timon») obrak, aldiz, ez du inoiz arrakasta handirik izan.

Shakespeareren hilobia.

1608an King's Men konpainiak beste areto bat erosi zuen, Blackfriars delakoa, eta neguan kriseiluen argitan antzezten zuten han, Globe Antzokian estalperik gabe biltzen zirenak baino ikusle finagoen aurrean. Beaumont eta Fletcher komediagileek bazekiten ikusle haiei nahi zutena ematen, eta haien eraginpean idatziko zituen agian Shakespearek Pericles eta Cymbeline tragikomediak, genero honetako bere bi maisulanen aitzindari gisa: The Winters Tale («Negu-ipuina») eta The Tempest («Ekaitza»), hain zuzen ere.

1611an Shakespeare erretiraturik bizi zen Stratforden, baina John Fletcher-ekin batera historia kutsuko bi drama idatzi zituen, Henry VIII eta The Two Noble Kinsmen («Bi Senitarteko Aitoren Semeak»), eta galdutako beste hirugarren bat ere bai, Cardenio.

1616an hil zen, emazteari «nire bigarren oherik onena» utzi ondoren (ez dago argi zer adierazi nahi zuen; ezkon oheaz ari zen, beharbada). Ordurako, Shakespeareren 18 obra inguru zeuden argitaratuak, gehienak in quarto erako argitalpen piratetan, bistan denez bere lanak argitaratzeaz arduratu ez zelako. 1623an, Shakespeareren lagun eta lankide izan ziren John Heminge eta Henry Condell aktoreek haren antzezlan gehienak argitaratu zituzten. First Folio esan ohi zaion bilduma honetan, argitalpen piratetan baino testu hobeez gain, ordu arte argitaratu gabeko beste 18 obra ere agertzen dira; honela gorde ahal izan ziren etorkizunerako, bestela betirako galduko ziren obrak.

Shakespeare denboran zehar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII. mendean, Ingalaterrako antzerkigileen artean bigarren lekuan jartzen zuten Shakespeare, Ben Jonsonen ondoren, eta baziren Francis Beaumonten eta John Fletcheren atzetik hirugarren jartzen zutenak ere; baina XVIII. mendearen hasieran lehen mailara jaso zuen kritikak, eta geroztik ez da handik jaitsi. Iruzkingile batzuek ez dute onartu nahi Shakespeareren obrak Ingalaterra barneko probintzia batean lehen mailako eskola batera joandako gizon batenak izan daitezkeenik, eta drama hauek aristokrataren batek edo, gutxienez, Oxforden edo Cambridgen lizentziaturiko batek idatziak direla frogatzen saiatu izan dira. Hala, Oxfordko kondea, Christopher Marlowe, Francis Bacon, Elisabet I.a Ingalaterrakoaren garaiko moja bati edota Jesusen Konpainiari berari egotzi izan zaie obra horien egile izatea.

1623ko First Folio idazlanaren azala. Martin Droeshoutek egindako Shakespareren grabatua.

XIX. mendean, Shakespeare Ingalaterrako Koblari Handia bilakatu zenean, bidezkoa zatekeen jakituriaren orakulu modukotzat eta sentikortasunaren eredutzat hartzea. Gaur egun, ordea, pentsa daiteke Shakespeare ez zela neutrala bere irudien erabileran soilik, irudi horien bidez adierazten zituen balio guztietatik ere aldendurik zegoela. Egia da antzerki-egituraren artetik poesia kutsu handia dariola noizean behin, baina ez gizabanakoaren sentimendu pertsonal gisa, edonork senti zezakeenaren adierazpide bezala baizik. Poetaren inpertsonaltasuna argitzeko, John Keats olerkariak dio poeta bera dela, paradoxaren paradoxaz, poetikotasun gutxieneko izakia.

Gure mendean, berriz, Antonio Machadok super-poetatzat ikusi zuen Shakespeare, eta pertsonaiak sortzen dituenez, poeta-sortzailetzat ere bai, haren pertsonaia bakoitzak bere poemak sortzen baititu.

Iritzi kritikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shakespeareren hizkuntza izugarri aberatsa da. Hamabost mila hitz inguru erabiltzen ditu, eremu linguistiko guztietatik hartuak: prosa latinotik, herri hizkeratik, herri eta probintzietako dialektoetatik, hainbat lanbide-hizkeretatik, etab.

Pertsonaia bakoitzak, bere mailaren arabera, hizkuntza errealista edo estilizatua erabiltzen du, ahozko hizkuntzaren tonua gordez. Hitza bera ere, garrantzia handitzen dion beste bigarren esanahi batez aberasten da askotan. Hizkuntzalariek esango luketen bezala, adiera ugari hartzen ditu adierazleak. Hitz joko inplizituak edo ironikoak dira, esanahi bikoitza dutenak, lizunak sarritan, eta tragedia handienetan ere agertu ohi direnak. Hor dago unibertsoaren poetizazioa ere.

Badirudi Shakespearek ezin duela hitz egin irudirik gabe. Agian irudien erabilerak adierazten du ondoen idazle honen garapena. Hasierako irudiak arranditsuak dira, klixeak sarritan, distira poetikoaren fama hartzeko baino gehiago objektuak irudikatzeko aukeratuak.

Antzeko bilakaera sumatzen da erretorikan, sintaxian, bertsoetan eta antzerkian bertan ere. 1590 urtearen inguruan Londresko antzokiak astintzen zituzten antzezlanak gizon gazte batenak eta antzerkigintza gazte batenak ziren: obra kartsuak, baina aldakorrak. Agerraldi bakar batean erretorika ederra eta zentzurik gabeko hizkera jasoa aurki daitezke, estilo dramatiko bikaina eta zoritxarreko sormen zatiak. Garai batean esaten zen lan hauek lankidetzan eginak zirela, eta gaizki zeuden zatiak Shakespeareren lankideek egindakoak zirela orobat; eta batzuetan hala izango zen agian.

Baina artista guztiek bezala, Shakespearek ere ikasi beharra zuen, bere ahalmenak probatu beharra, eta antzerkia erabili zuen horretarako. Honela, Titus Andronicus antzezlana nahaspila odoltsua bada ere, nahaspilari hori beharrezkoa izan zen gero Macbeth eta King Lear obretako izu kontrolatua lortu ahal izateko. Eta Henry VI-ko alegiazko istorioek eta gehiegikeriek, berriz, Richard III antzezlan bikaineko zital makiavelikoaren une gorenera eramaten gaitu zuzen-zuzenean.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komedia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • The Tempest
  • The Two Gentlemen of Verona
  • The Merry Wives of Windsor
  • Measure for Measure
  • Troilus and Cressida
  • The Comedy of Errors
  • Much Ado About Nothing
  • Love's Labour's Lost
  • A Midsummer Night's Dream
  • The Merchant of Venice
  • As You Like It
  • Taming of the Shrew
  • All's Well That Ends Well
  • Twelfth Night or What You Will
  • The Winter's Tale
  • Pericles, Prince of Tyre
  • The Two Noble Kinsmen
  • Cymbeline

Tragedia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Romeo eta Julieta
  • Coriolanus
  • Titus Andronicus
  • Timon of Athens
  • Julius Caesar
  • Macbeth
  • Hamlet
  • King Lear
  • Othello
  • Antony and Cleopatra

Historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • King John
  • Richard II
  • Henry IV
  • Henry V
  • Henry VI
  • Richard III
  • Henry VIII

Olerkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Shakespeare's Sonnets
  • Venus and Adonis
  • The Rape of Lucrece
  • The Passionate Pilgrim
  • The Phoenix and the Turtle
  • A Lover's Complaint

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. William SHAKESPEARE: Richard III Itzultzaileak: Jose Antonio Sarasola eta Joanes Urkijo. Antzerti.armiarma.eus

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: William Shakespeare Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
William Shakespeare