Egiptoko Inperio Ertaina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Inperio Ertaina» orritik birbideratua)
Antzinako Egipto
Dinastiak eta faraoiak
Aro aurredinastikoa
Aro protodinastikoa
Aro Goiztiarra

I.a - II.a

Inperio Zaharra

III.a IV.a V.a VI.a

Tarteko Lehen Aroa

VII.a VIII.a IX.a X.a XI.a

Inperio Ertaina

XI.a XII.a

Tarteko Bigarren Aroa

XIII.a XIV.a XV.a XVI.a XVII.a

Inperio Berria

XVIII.a XIX.a XX.a

Tarteko Hirugarren Aroa

XXI.a XXII.a XXIII.a XXIV.a XXV.a

Aro Berantiarra

XXVI.a XXVII.a XXVIII.a XXIX.a XXX.a XXXI.a

Aro Helenistikoa

Mazedoniarra . Ptolomeotarra

Erromatar Aroa

Egiptoko Inperio Ertaina edo Erdiko Inperioa (K.a. 2050-K.a. 1750), Antzinako Egiptoren historia dinastikoaren bostgarren zatia da. Aro honetan XI. eta XII. leinuek gobernatu zuten.

Mentuhotep II.ak Egiptoko Tarteko Lehen Aroa boterea berreskuratu eta aroari hasiera eman zion, nomarkak garaituz. Hiriburua Tebasen zuten eta Osiris jainko nagusi bilakatu zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 2150 aldera Egiptoko Inperio Zaharra erori ondorenean, politika anarkiak eta miseria gorriak ezaugarritutako aro ilun batean sartu zen Egipto, zeinari Lehen Bitarteko Aroa deitu baitzaio. Inork ez daki zehazki krisia zerk eragin zuen, baina azkenaldiko ikerlanen arabera badirudi klima aldaketa handiak gertatu zirela garai hartan Afrika Iparraldean eta Ekialde Hurbilean, Neolitoko aldi hezea K.a. 2300 aldera amaitu baitzen, hain zuzen ere. Klima aldaketak eragin zuzena izan zuen Niloren gainezkaldietan eta basamortuak eremu zabalak bereganatu zituen. Ekonomia Nilo ibaiaren gainezkaldietan oinarrituta zegoenez gero, eta jainkozko erregea izaki politikaren euskarria izadiaren ordena bermatzen zuena, biak ala biak hankaz gora joan ziren krisialdiarekin batera. Faraoiaren aginpide zentralizatua desegin zen eta erreinu txiki askotan zatitu zen Egipto.Arteari dagokionez, kalitatezko lanak egin ziren tokian tokiko agintarientzat, eta XI. dinastiarekin berriro batasun politikoa lortu zenean indar berriz berpiztu zen arte langintza. Dinastia harekin hasi zen Erdiko Inperioa.

Artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdiko Inperioko faraoiak (XI. eta XII. dinastiak), beren aginpidearen hauskortasuna ongi ezagutzen zutenez, itxura gizatiarragoa eta ez hain jainkozkoa ematen saiatu ziren. Horrek, jakina, eragina izan zuen artean, eta hala, Inperio Zaharreko ereduak imitatzen baziren ere, estilo berezi bat landu zuten, zeina, geroago, eredu klasiko bihurtuko baitzen Inperio Berriko artistentzat.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdiko Inperioko eraikin gehienak edo erabat desagerturik edo oso hondatuak daude gaur egun. Erdiko Inperioko arkitektura ere jainkoentzat eta hildakoentzat egina zen, baina Inperio Zaharrean baino eskala gizatiarragoan. Egiptoarrak ohartu ziren piramide gotorrenak ere profanatu zitezkeela, eta eraikuntza metodoak arrazionaltzeko joera hartu zuten, eta hala, sormenari ateak irekitzearekin batera, askoz lehenago amaitu ahal izan zituzten eraikinak.

Tenpluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapera Zuria berreraikia (Karnak)

Geroago sortutako faraoiek ez zuten lotsarik izan Erdiko Inperioko tenpluak desegin eta haietatik ateratako gaiez beren eraikinak egiteko. Horixe gertatu zitzaion Sesostris I.ak eraikitako Kapera Zuriari, zeina Amenhotep III.ak eraitsi baitzuen handik ateratako harriak Karnakeko tenpluaren hirugarren pilonoaren zimentarritzat erabiltzeko. Testuz josita zegoen hieroglifo bati eskerrak berreraiki ahal izan da, harririk harri, puzzle bat bezalaxe. Lauki formako kiosko moduko bat da, eta aurkako aldeetatik abiatzen diren bi aldapetatik heltzen da bertara. Pilare guztiak hieroglifoez eta erliebeez estalita daude.

Sesostris I.ak Heliopolisen altxatako tenplutik ez da 20 metro garaiko obelisko bat eta zimentarrien hondakin batzuk besterik geratzen, baina argi ikusten da horietan eraikinak bere garaian izan bide zuen garrantzia.

Faraoien hilobiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro guztiko hileta eraikinen multzo aipagarriena XI. dinastiako Mentuhotep II.a (K.a. 2064-2013) faraoiarena izan zen, zeina Deir el Bahari izeneko Tebasko amildegian eraiki baitzen, Nilo ibaiaren mendebaldeko ertzean, Karnakeko tenpluaren aurrez aurre.

Harkaitzean zulatuta zegoen hilobia, handikienak egon ohi ziren bezala. Sarreraren aurrean, patio zabal bat zegoen, eta haren atzean bi terraza angelu-zuzen altxatzen ziren, zentrokideak, tumulu edo piramide formako egitura batean amaitzen zirenak, pilare oktogonalezko zutabedi bikoitza zutela inguruan.

Egun erabat hondatua dago monumentua.

XII. dinastiako faraoiak, ordea, Nilo ibaiaren haraneko toki hautatuetan (Dashur, Lislnt eta Lahun) eraikitako piramideetan ehortzi zituzten. Erdiko Inperioko piramideak, dena den, ez ziren Inperio Zaharreko harrizko eraikin trinko haiek. Sesostris I.aren (K.a. 1964-1919) piramideak 61 metroko garaiera zuen, eta barruko egitura erditik kanpoaldera zabaltzen diren harrizko murruz egina dago, berorien sendogarritzat harresi txiki perpendikular batzuk dituztela. Harresi arteko hutsuneak harri pusketez, lurrez eta hareaz bete ziren. Piramidea, kanpotik, kareharriz forratua zegoen, gaur egun haien arrastorik ez bada ere. Piramide hauek, itxuraz, erabat harriz egindakoak bezalakoxeak ziren, baina askoz lehenago amaitu ez ezik, ondotxoz merkeago ere ateratzen ziren. XII. dinastiaren azken aldera, are xumeagoa bilakatu zen piramideen eraikuntza, barrualde guztia pezo hutsez egiten baitzitzaien.

Gainerako hilobiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inperio Zaharreko handikien mastabak faraoien piramideen inguruan eraikitzen ziren bezala, Erdiko Inperioko aitoren semeek erregeenetik aparteko nekropolietan harkaitzean zulatutako hipogeoak erabili zituzten. Nahiz eta berez eraikinak ez ziren, soberan zegoena kentzea baitzen egiten zen lana, hilobiaren barrualdean arkitekturako elementuak imitatzen ziren, pilareak, esate baterako. Aro berekoak izanagatik, hilobi desberdinak egin ziren eskualdeen arabera: XII. dinastiako Beni Hasango hilobietan sala handiak daude, zutabe poligonalez eta horma irudi ugariz apainduak ; Asuangoek, aldiz, ez dute pintura apaingarririk, baina sakonagoak dira ; Qau el kebir-en (Egipto erdialdean), berriz, hipogeoaren aurreko aldean patioa eta ataria zituzten erakinak altxa zituzten.

Gotorlekuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdiko Inperioko faraoiek hegoaldera zabaldu zuten beren aginpidea, eta Nubia Garaia mendean hartu zuten. Tribu alderraien erasoetatik muga berriak defenditzearren gotorleku kate bat eraiki zen Sesostris III.aren (K.a. 1872-1854) garaian.

Buhenen, Nilo ibaiaren bigarren ur-jauziaren parean, zeuden gotorleku horietako baten hondakinak, baina Nasser urtegiko urak estali zituen. 2,5 hektarea zabaleko gotorleku karratu bat zen, inguruan pezozko murru bikoitza eta haren kanpotik lubaki bat zuela. Barruko murrua 10 metro garai zen eta 5 zabal, eta dorre karratuak zituen tarteka.

Kanpoko murrua ez zen hain garaia eta zirkuluerdi formako bastioiak zituen, erasotzaileei aldamenetik geziak jaurtitzeko.

Eskultura, erliebea, pintura eta bitxigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Bitarteko Aroaren ondoren gorakada handia izan zuen estatuagintzak eta hilobietako hormetako irudigintzak. Hasieran, XI. dinastiaren garaian, garbi antzematen da artistek galdua zutela Inperio Zaharreko lantegietako trebetasun hura. Baina XII. dinastiaren hasieratik aurrera, aurreko aroko ertilanen formalismoa gainditu zuten, eta kalitate handiko lanak egin zituzten.

Faraoien estatuagintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrez aipatu den Mentuhotep I.aren hileta monumentuaren patioan faraoi horren estatua eseri bat aurkitu zen. 1,83 m. altuko hareharrizko irudi polikromo bat da. Oinak eta zangoak trakets samarrak ditu. Aurpegiak ez du ezer adierazten : begirada hila du. Faraoiaren larru beltza da estatua honetan deigarriena; izan ere, beltza zen orobat Nilo ibaiaren lohi emankorra eta baita berpizkundearen ikurra ere. Estatua horrek, beraz, hil ondorengo eta pizkunde aurreko faraoia irudikatzen du.

XII. dinastiako eskultoreek harri mota guztietako faraoi irudiak egin zituzten, zurezkoak ere barne zirela. Tenpluetan jartzen ziren faraoiaren estatuek bitartekaritza zerbitzua egiten zuten jainkoen aurrean, herritarrak ezin baitziren inolaz ere tenpluetan sartu. Zentzu horretan esan liteke berriro gorpuztutako faraoia zela estatua, eta, heraz, aginpidea eta irmotasuna erakustea zen bere egiteko nagusia, zegokion faraoiarekin identifikatuko zuen berezitasunen bat egiten bazitzaion ere. Hilobietako estatuek, aldiz, ez zuten seriotasun horren premiarik eta faraoiaren irudi gizatiarragoa eskaini ohi zuten, eskultura horiek ez baitzuten, tenpluetakoek bezala, jendaurreko funtziorik betetzen. Sesostris I.aren hileta eraikin multzokoak dira azken mota honetako 10 estatua eseri. Horietan ez da nabaritzen Mentuhotep II.aren irudiko harako trakestasun hura. Estatua guztiak ia guztiz berdinak dira eta sailean egin zituztela dirudi. Sesostris I.ren beste bi hileta estatuatxo ere badira, zurezkoak, beheko Egiptoko koroa duela bata, eta bestea, goiko Egiptoko koroa jantzita. Kasu honetan, aurpegiko espresioa oso bestelakoa dute.

Erdiko Inperioko eskultoreek Inperio Zaharreko lanak erabiltzen zituzten inspirazio itzuritzat, Kefren faraoiarena, esate baterako. Begien bistakoa da Sesostris II.aren estatuen eta Kefrenen arteko antza. Sesostris III.a faraoiagandik aurrera, geroz eta gehiago islatzen dira faraoi bakoitzaren ezaugarri fisikoak hilobietako estatuetan. Horrela, goibeltasun adierazpena ere agertzen da faraoien aurpegian, alde batera uzten baita faraoi/jainko biziaren irudi ideala. Faraoiaren irudikapen bitxienetako bat Amenemhat III.arena da (K.a. 1853-1809), errege horren aurpegia eta lehoi gorputza uztarturik esfinge forma eman baitzitzaion, 2,36 metro luze eta 1,50 m altu zen granitozko bloke batean.

Pertsona partikularren eskulturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdiko Inperioko erlijio sinesmenak ez ziren Inperio Zaharrekoak bezalakoak. Faraoia ez zen jada heriotzaren ondoren jainkoen ondoan egoteko pribilejioa zuen bakarra. Edonor egon zitekeen bere jainkoagandik hurbil, estatua bat edo bere izena zeraman hilarri bat tenpluko gune sakratuan utziz gero. Orduan ugaldu ziren kubo formako estatuatxo eseri batzuk -irudia ia pikotxean egon ohi zen-, hilarriaren hutsune batean ahokatzen zirenak. Ohikoa izan zen, orobat, hileta hornien artean zurezko maketatxo batzuk sartzea, eguneroko pasarteak xehetasun handiz irudikatzen zituztenak, hala nola Mesehtiren hilobietan aurkitutakoak, bi soldadu talderen desfilea antzezten dutenak; eta Meketrerenean aurkituak, arrantza, ganadu zenbaketa eta garagardogintza irudikatzen dutenak.

Erliebea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdiko Inperioko eraikin gutxi gorde direnez, ez dira asko garai hartako erliebeak ere. Adibide aipagarriena, beharbada, Karnakeko Kapera Zurian zizelaturiko erliebea da. Obra horretan eskultoreek, eguzkiarekiko kokaeraren arabera, sakonera desberdina eman zieten erliebeei, argi-itzal jokoa areagotzeko. Bestalde, kareharriaren biguntasuna baliatuz, zeinu hieroglifikoen xehetasun ñimiñoenak ere islatu zituzten. Irudi0

Pintura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beni Hasan: 15. hilobiko borrokalari irudiak.

Pertsona partikularrek pintura erabili zuten euren hilobiak apaintzeko, erliebeak, denbora gehiago eramaten zutenez, askoz garestiago ateratzen baitzuen. Beni Hassango hilobietan aurkitzen dira pintura aipagarrienak. Kolore bizikoak eta tamainaz txikiak dira. Eguneroko bizitzako pasarteak irudikatzen dituzte xehetasun handiz.

Bitxigintza eta urregintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XII. dinastiako faraoien piramideen inguruan, errege familiako zenbait andrezkoren hilobietako hormazuloetan, urre eta elektrozko lepoko, bularreko eta diadema zoragarriak aurkitu ziren, eta esan liteke Antzinako Egiptoko bitxigintzaren adibide hoberenak direla.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]



Aurrekoa
Egiptoko Tarteko Lehen Aroa
Egiptoko Inperio Ertaina
Ondorengoa
Egiptoko Tarteko Bigarren Aroa