Nilo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nilo
النيل (ar),
Cairo, Nile, a view from Tahrir Bridge towards North, Egypt, Oct 2004.jpg
Nilo Kairo zeharkatzean
Kokapena Kongoko Errepublika Demokratikoa,
Burundi, Ruanda, Uganda,
Kenia, Tanzania, Eritrea,
Etiopia, Sudan eta Egipto
Luzera 6.650 km
Arroa 3.254.555 km²
Emaria 2.830 m³/s
Iturburua Kagera ibaia (edo Victoria lakua)
Ibai ahoa Mediterraneoa
Nile watershed topo.png

Nilo[1] (arabieraz: النيل) Afrikako eta munduko ibairik luzeena da (6.650 km[2]). Brasilgo Gobernuaren geografia erakundeak eginiko neurketek (2007 eta 2008koak) Amazonas luzeagoa dela diote;[3][4] hala ere, munduko geografoen artean oraindik onartzeke daude neurketa horiek, ibaiaren sorburua eta itsasoratze lekua non dauden zehaztea zaila baita.[5]

Afrikako ipar-ekialdean kokatua dago eta bi adar ditu Nilo Zuria eta Nilo Urdina. Nilo Zuria (Nahr-el-Abiad) Victoria lakuan (Uganda, Kenia, Tanzania) jaiotzen da eta Nilo Urdina (Nahr-el-Azrak) Tana lakuan (Etiopia). Bi adarrak Khartumen (Sudan) elkartzen dira. Nilo Egipton itsasoratzen da, Mediterraneoan, delta sortuz. Bi adarrak kontuan harturik Ruanda, Uganda, Tanzania, Etiopia, Sudan eta Egipto zeharkatzen ditu eta bere arroak Kongoko Errepublika Demokratikoa, Kenia eta Eritreako lurrak ere hartzen ditu.

Hegoaldetik iparraldera doan munduko ibai handi bakarra da.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hapy idazkera hieroglifikoan.

Nilo izena arabierazko 'nīl hitzetik dator, eta hau grezierazko Neilos (Νειλος) hitzetik, euskaraz «Ibaiko harana» esan nahi duena. Antzinako Egipton ibaiari Hapy (Ḥˁpī) edo Iteru (itrw) esaten zioten, hau da «Ibai handia». Koptikoz, piaro (sahidikoaz) edo phiaro (bohairikoaz) hitzek «Ibaia» esan nahi dute (hitzez hitz «Ubide handia»).



Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iteru idazkera hieroglifikoan.

Nilo ibaia (orduan Iteru) Antzinako Egiptoko gizartearen ardatz nagusia zen. Hiri gehienak bai bere bazterretan bai bere deltan zeuden, Asuandik iparraldera. Egiptoko kulturan Nilo ibaia funtsezkoa izan zen Harri Arotik aurrera. K.a. 8000 urte inguruan, klima aldaketaren eraginez, Saharako basamortua sortu zelarik eskualdeko biztanleek migratu behar izan zuten eta Niloren bazterrean kokatu ziren. Han nekazal ekonomia sedentarioa eta gizarte zentralizatua garatu zuten.

Niloren iturrien bilatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Grezia eta Erromaren garaietatik, Niloren iturriak bilatu egin dira.

Nilo Urdinaren iturrietara iritsi zen lehenbiziko europarra Pedro Páez jesuslagun espainiarra izan zen, 1618an. XVIII. mendean James Brucek berriz aurkitu zituen.

Victoria lakua 1858an ikusi zuten europarrek aurrenekoz, John Hanning Speke britainiar esploratzailea hegoaldeko ertzera iritsi zenean. Spekek, Niloren iturria zelakoan, orduko britainiar erreginaren izena eman zion lakuari. Hegoalderago (Tanganyika lakuaren bazterrean), eritasun batetik suspertzen gelditua zen Richard Francis Burton espedizioburuak ez zuen frogatutzat eman lakua Niloren iturria zela. Izan ere Spekek ezin izan zion argitu lakuko ura nondik isurtzen zen. Hori dela eta eztabaida handia sortu zen garaiko komunitate zientifikoan eta esploratzaile asko saiatu ziren Spekeren aurkikuntza baieztatzen edo gezurtatzen. David Livingstone eskoziar esploratzaile eta misiolariak huts egin zuen, mendebalderantz desbideratu eta Kongo ibaiaren arroan sartu zelako. New York Herald egunkariak bidalirik, Henry Morton Stanley galestarra Livingstonen bila joan zen eta, Ujiji herrian, kausitu zuelarik arras ezaguna egin den esaldi batekin agurtu omen zuen: "Livingstone doktorea, ezta?. 1875ean Stanleyk berak Victoria lakuaren inguruan nabigatu eta iparraldean uraren irteera handia aurkitu zuen, Spekeren aurkikuntza baieztatuz. [6][7]

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nilo ibaia satelite irudian
Nilo (gorriz), Nilo Zuria (zuriz) eta Nilo Urdina (urdinez).

Niloren arroak 3.254.555 km² du, Afrikako azaleraren %10 inguru. Bi adar nagusi ditu, Khartumen elkartzen direnak: Ekialdeko Afrikatik datorren Nilo Zuria eta Etiopiatik datorren Nilo Urdina. Elkargune honetatik behera ibaiadar aipagarri bakarra, Atbara ibaia da; Etiopiatik datorren ibai honek eurite garaian (ekainetik urrira arte) baino ez du urik ekartzen. Atbara Khartumetik 300 km iparraldera isurtzen da Nilora.

Niloren iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan Victoria lakua Niloren hasieratzat hartzen bada ere, kontuan hartu behar da laku honetara ibai asko (batzuk luzeak eta emari handikoak) isurtzen direla. Niloren iturri nagusia, Mediterraneotik urrutien sortzen den adarra, Kagera ibaia da. Ibai honek lakuaren mendebaldeko bazterrean du ahoa, Tanzaniako Bukoba hiritik hurbil. Kagera ibaiak bi iturburu ditu: Rukarara ibaia (Ruanda) eta Luvyironza ibaia (Burundi), eta lehenbizikoa luzeagoa da bigarrena baino. Nilo-Nilo Zuria-Victoria lakua-Kagera-Alkagera-Nyabarongo-Mwogo-Rukarara sitemak 6.756 km-ko luzera du.

Nilo Zuria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: Nilo Zuria

Nilo ibaia Ripon ur-jauzietatik behera ateratzen da Victoria lakutik, Ugandako Jinjatik gertu. Kioga lakua 500 kilometroz zeharkatu ondoren Albert lakura iristen da. Hemendik aurrera, Sudanen sarturik, Bahr Jabal Al ("Mendiko ibaia" edo "Nilo garaia") izena hartzen du. No aintziran 716 km-ko luzera duen Bahr al-Ghazal ibaia Bahr Jabal Al ibaiarekin elkartzen da. Handik aitzina Bahr al Abyad ("Nilo Zuria") esaten zaio, urak suspentsioan daraman buztin zuriarengatik. No aintziratik ibaia Khartumera doa.

Nilo Urdina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nilo Urdineko ur-jauziak (Etiopia)

Artikulu nagusia: Nilo Urdina

Nilo Urdina (Ge'ezez ጥቁር ዓባይ Ṭiqūr ʿĀbbāy (Abai Beltza) Etiopian; Bahr al Azraq Sudanen) Tana lakuan jaiotzen da, Etiopiako mendialdean. 1.400 km inguruko luzera du Khartumeraino. Hemen Nilo Zuriarekin elkartzen da. Nilok garraiatzen duen uraren %90 eta sedimentuen %96 Etiopiatik dator[8], uraren %59 Nilo Urdinetik eta gainerakoa Tekezé, Atbara, Sobat eta beste ibai txikiago batzuetatik.

Erdialdeko Nilo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdialdeko Niloko sei ur-jauziak

Erdialdeko Nilo Khartumetik Asuanera doa, basamortua zeharkatuz, eta Atbara da ibaiadar bakarra. 1.800 km-ko tarte honetan sei ur-jauzitan amiltzen da. Behetik gora lehenbizikoa Assuanen dago, bigarrena Wadi Halfan, hirugarrena Kerman, laugarrena Abu Hamed eta Dongola artean, bosgarrena Berberetik 45 kmra eta seigarrena Khartumetik 80 kmra.

Nilo beherea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: Niloren delta

Asuanetik Mediterraneoan itsasoratzean eratzen duen deltarainoko tartea da. Munduko delta handienetako bat da: Alejandriatik (mendebaldean) Port Saideraino (ekialdean) 230 km itsasbazter hartzen ditu. Hegoalderantz Kairoraino zabaltzen da. Eskualde emankorra da, arras egokia nekazaritzarako eta oso jendeztatua. Antzinako Egipton lurralde honi Behe Egipto esaten zitzaion.

Hidrologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nilo ibaiaren emaria Dongolan (Sudan), itsasoratu baino 1.688 km lehenago, 72 urtez (1912-1984) neurtua izan da[9].Ikertutako arroa 2.694.000 km²-koa da. Urteko batez besteko emaria 2.622 segundokoa da. Emari handiena irailan du (7.866,5 m³/s) eta txikiena maiatzan (828,7 m³/s)

Nilo ibaiaren batez besteko emariak (/s) Dongolan (Sudan) neurtuak
Datuak: 1912 eta 1984 artean

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nilo Kairon

Urtero, udan (Etiopiar mendiguneko eurite garaian) Nilo ibaiak gainezka egiten zuen eta ekarritako sedimentuei esker bazterretako zelaiak emankortzen zituen. Asuango presa eraiki zenetik uholde zikloa amaitu zen eta orain uraren maila urte osoan zehar egonkorra da.

Garraioan ere garrantzi handia du ibaiak: iparraldeko haizeak baliatuz belaontziak ibaian gora joan daitezke eta urak ekartzen ditu ibaian behera. Baino, ur-jauziak direla eta, tarte batzuk ez dira nabigagarriak. Sudango Sudd padura ere nabigaziorako oztopo itzela da eta kanalizatzeko saiakerak izan dira (Jonglei ubidea).

Niloren ertzean daude Khartum (Sudango hiriburua), Asuan, Luxor (antzinako Tebas) eta Giza-Kairo konurbazioa. Lehenbiziko ur-jauzia, behetik gora joanez, Asuanen dago, Asuango urtegiaren iparraldean. Ibaiaren zati hau ohiko ibilbide turistikoa da, gurtzeruz edo felukaz (egurrezko belaontzi tradizionalak) egiten dena. Gurtzeru batzuek Luxor eta Asuanen arteko ibilbidea egiten dute, Edfun eta Kom Ombon geldialdiak eginez.

1970an Asuango presaren eraikuntza amaitu zen. Onurak ekarri zituen (lehorte eta uholdeetatik babestea, nekazal produkzioa eta enplegua handitzea, argindarra ekoiztea eta nabigazioa hobetzea) baino ingurumenaren eta gizartearen gaineko eragin handia izan du[10].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nilo Aldatu lotura Wikidatan