Iofon

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iofon
Bizitza
JaiotzaAtenas, K.a. V. mendea
HerrialdeaAntzinako Atenas
Heriotzaezezaguna ( urte)
Familia
AitaSofokles
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakantzinako greziera
Jarduerak
Jarduerakpoeta eta tragedy writer (en) Itzuli

Iofon (grekeraz Ἰοφῶν, K. a. 460. urtearen inguruan[1]- K. a. 402. urtearen ondoren) antzinako Greziako tragedia idazlea izan zen. Tragedia idazle ospetsua izan Sofoklesen semea izan zen[2], eta aita hil ostean haren azken antzezlana, Edipo Kolonon, taularatu zuen bere iloba Sofoklesekin batera[3].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sofokles eta haren emazte Nikostrateren semea izan zen, eta aita artean bizirik zela tragediak taularatu zituen, eta lehiaketaren batean irabaztea ere lortu omen zuen (ἐνίκησε λαμπρῶς), zeinetan izan zen ez badakigu ere[4]. K. a. 435. urtean lortu zuen lehenengo garaipena Hiriko Dionisiarretan[1]. K. a. 428. urtean, Euripides tragiko handiak irabazi zuen urteak, Iofonek bigarren saria lortu omen zuen, Euripidesen Hipolito antzezlanaren antzinako argudioetako batek dioenez[5]:

« ἐδιδάχθη ἐπὶ Ἐπαμείνονος ἄρχοντος Ὀλυμπιάδι πζ' ἔτει δ' πρῶτος Εὐριπίδης, δεύτερος Ἰοφῶν, τρίτος Ἴων.

Αntzeztu zuten, Epaminon arkonte zela, 87. Olinpiadako 4. urtean [K. a. 428. urtean], lehenengo postuan Euripidesek, bigarrenean Iofonek, hirugarrenean Ionek.

»

—Euripidesen Hipolitori argumentua.

Sofoklesen bizitza obra anonimoak dioenez, aitak maiteago zituen Iofonen anaia Ariston eta bere loba Sofokles, eta hori dela eta Iofonek aita salatu zuen dementziagatik Sofoklesen zahartzaroan, aitaren ondasunak bere egin nahita[6]. Sofoklesek, ordea, erraz arbuiatu zuen akusazio hura, idazten ari zen bere azken lana, Edipo Kolonon, irakurrita[7]:

« Sophocles ad summam senectutem tragoedias fecit; quod propter studium cum rem neglegere familiarem videretur, filiis in iudicium vocatus est, ut, quem ad modum nostro more male rem gerentibus patribus bonis interdici solet, sic ilium quasi desipientem a re familiari removerent iudices. tum senex dicitur eam fabulam quam in manibus habebat et proxime scripserat, Oedipum Coloneum, recitasse iudicibus quaesisseque num illud carmen desipientis videretur.

Sofoklesek zahartzaro aurreratura arte idatzi zituen tragediak. Alta, haiek idaztean familiaren ondasunak baztertzen zituela iritzirik, semeek salatu egin zuten, gurean ondasunak gaizki kudeatzen dituztenei familiako ondasunak kentzen zaizkien legez, epaileek familiako ondasunen kudeaketa ken ziezaioten, dementziak jota egongo balitz bezala. Esaten da orduan agureak idatzi berri zuen eta eskuetan zeukan lana, Edipo Kolonon, irakurri zuela, eta epaileei galdetu ziela ea bertso horiek demente batenak ote ziren.

»

—Zizeron, De senectute, 22.

Badirudi Iofonen karrera oraindik ere bete-betean zegoela K. a. 405. urtean, Aristofanes komedia idazleak haren aipamena egiten baitu Igelak antzezlanean, haren aita Sofokles hil ostean bizirik geratzen den tragedia idazle on bakarra dela esanez[8]. Antzezlan horretan, Dioniso jainkoa Hadesera jaisten da tragedia idazle on baten bila, ez delako bat ere bizirik geratzen Euripides eta Sofokles hil ostean. Iofonen aipamena egiten duen Dioniso pertsonaiak, ordea, zalantzan jartzen du aitaren heriotzaren ostean semeak arrakasta berbera izango ote duen, Iofonek arrakasta hein batean aitaren laguntzari zor ziola nolabait iradokiz[8]:

« Διόνυσος: δέομαι ποιητοῦ δεξιοῦ. / οἱ μὲν γὰρ οὐκέτ᾽ εἰσίν, οἱ δ᾽ ὄντες κακοί.

Ἡρακλῆς: τί δ᾽; οὐκ Ἰοφῶν ζῇ;

Διόνυσος: τοῦτο γάρ τοι καὶ μόνον / ἔτ᾽ ἐστὶ λοιπὸν ἀγαθόν, εἰ καὶ τοῦτ᾽ ἄρα: /οὐ γὰρ σάφ᾽ οἶδ᾽ οὐδ᾽ αὐτὸ τοῦθ᾽ ὅπως ἔχει.

Ἡρακλῆς: εἶτ᾽ οὐχὶ Σοφοκλέα πρότερον Εὐριπίδου /μέλλεις ἀναγαγεῖν, εἴπερ ἐκεῖθεν δεῖ σ᾽ ἄγειν;

Διόνυσος: οὐ πρίν γ᾽ ἂν Ἰοφῶντ᾽, ἀπολαβὼν αὐτὸν μόνον, / ἄνευ Σοφοκλέους ὅ τι ποιεῖ κωδωνίσω.

Dioniso: Antzerkigile on bat behar dut! / On zirenak jada ez dira, direnak txarrak dira.

Herakles: Nola, ba? Ez al dago Iofon bizirik?

Dioniso: Tira, hori da geratzen den / gauza on bakarra, ona baldin bada, / horretaz ere ez bainago oso ziur.

Herakles: Haraino joan behar baduzu, ez zenuke Sofokles / ekarri beharko, Euripides baino lehen?

Dioniso: Ez, Iofonek Sofoklesik gabe zer / egiten duen frogatzen ez dudan arte.

»

—Aristofanes, Igelak, 73-78.

Hau da Iofoni aipamena egiten dion azken iturria, ez baitakigu noiz hil zen edo arrakasta gehiagorik izan zuen. Badirudi aitarekin izan zituen gorabeherak konpondu zituela lehenengoaren bizitzako azken urteetan, Valerio Maximo idazleak Sofoklesen hilobi gainean ezarri zen epitafioa konposatu zuela esaten baitu[3], Edipo Kolonon antzezlanari garrantzi berezia emanez. Hori egia balitz, Iofon artean bizirik legoke K. a. 402. urtearen bueltan, orduko hartan taularatu baitzuen bere anaia Aristonen seme Sofoklesek (aitonaren izen eta lanbide berekoa hura) aitona zenduaren azken obra. Iofonek ere Sofokles izeneko semea zuen, baina, Aristonen semeak ez bezala, badirudi honek ez zuela antzerkigile karrerarik eduki.

Antzezlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iofonek 50 antzezlanetik gora idatzi zituela esaten bada ere, horietako zazpiren izenburua bakar heldu zaigu gaurdaino, Suda entziklopedia bizantziarrean hari eskainitako sarreran[9]:

  • Akiles (Ἀχιλλεύς).
  • Telefo (Τήλεφος).
  • Akteon (Ἀκταίων).
  • Ilionen arpilaketa (Ἰλίου πέρσις).
  • Jasotzen duena (Δεξαμενός).
  • Bakanteak (Βάκχαι).
  • Penteo (Πενθεύς).

Hauetaz gain, baliteke Iofon izatea Aulos jotzaileak (Αὐλῳδυί) izeneko drama satirikoaren egilea[4]. Lan horietatik, bakanteak antzezlanaren atal bat baino ez da gorde, K. o. V. mendeko Estobeo konpilatzaileak bere lanean bildua[10]. Honela dio:

« ἐπίσταµαι δὲ καὶ τάδ’, οὖσά περ γυνή, / ὡς µᾶλλον ὅστις εἰδέναι τὰ τῶν θεῶν / ζητεῖ, τοσούτῳ µᾶλλον ἧσσον εἴσεται

Baina hau badakit, emakumea izanagatik: / zenbat eta gehiago uste batek dakiela jainkoen / gauzei buruz, hainbat eta gutxiago daki.

»

—Iofon, Bakanteak


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Cropp. (2019). Minor Greek Tragedians; Fragments from the Tragedies with Selected Testimonia. Vol. 1: The Fifth Century. , 120 or..
  2. Sophoclis Tragici Poetae vita. , 13 or..
  3. a b Valerio Maximo. Facta et dicta memorabilia. , 8. 7., ext. 12. or..
  4. a b Smith, William. (1873). A Dictionary of Greek and Roman biography and mythology. 237 or..
  5. Fowler, Robert Louis. (2000). Early Greek Mythography. , 261 or..
  6. Plutarco. Moralia. , 785b or..
  7. Zizeron. (De senectute)., 22 or..
  8. a b Aristofanes. Igelak. , 73-78 or..
  9. Suda. , iota.451 or..
  10. Cropp. (2019). Minor Greek Tragedians; Fragments from the Tragedies with Selected Testimonia. Vol. 1: The Fifth Century. , 123 or..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]