Iqbal Masih

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Iqbal Masih
Ehsan Ullah Khan meets a shy and afraid Iqbal Masih.png
Bizitza
Jaiotza Muridke Itzuli1982
Herrialdea  Pakistan
Heriotza Muridke Itzuli1995eko apirilaren  16a (12/13 urte)
Heriotza modua gizahilketa
Jarduerak
Jarduerak giza eskubideen aldeko ekintzailea
Jasotako sariak
IMDb nm6277786

Iqbal Masih (Muridke, 1982Lahore, 1995eko apirilak 16) ume langile, sindikalista eta aktibista pakistandarra, Pakistango tapiz lantegietako haur esklaboen askatasunaren ikur bihurtu zena.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iqbal Masih 1982an jaio zen. Lau urte zituela, aitak hamabi dolarren truke saldu ondoren (familiak arrebaren ezkontzako zorrak kitatzeko behar zuen diru hori), oso egoera txarreko lanean hasi zen.

Iqbal egunero ia hamabi orduz ehungailu batera kateaturik lan egitera behartu zuten. Egunean rupia bateko soldata zuen, egungo euroko hiru zentimo, alegia. Askotan saiatu zen zuzendariarengandik ihes egiten, eta harrapatzen zutenean berak “hilobia” deitzen zuen putzu beltz batera jaurtitzen zuten zigortzeko.

1992ko egun batean, fabrika-espetxetik ihes egitea erabaki zuen eta Ume Langileen Askatasunerako Frontearen manifestazio batean parte hartu zuen beste ume batzuekin batera. Askatasunaren Eguna ospatzeko antolatutako manifestazio horretan, Iqbal bere kabuz hasi zen bere istorioa eta alfonbra fabrikako beste umeek jasaten zuten sufrimendua kontatzen.

Sindikatuko abokatuek haurren esplotaziotik askatzen lagundu zioten, eta Eshan Ullah Khan-ek, BLLFko idazkariak (Iqbal lurpeko zulo batean sartuta aurkitu eta fabrikako zuzendaria atxilotzea lortu ondoren) ikastera eta haurren eskubideen alde lan egitera bultzatu zuen.

Haurren eskubideen aldeko lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993tik aurrera, Iqbal bere herrialdeko haurrek jasaten zuten eskubide faltari buruzko mintzaldiak ematen hasi zen hainbat herrialdetan: alde batetik, iritzi publikoa sentsibilizatzeko, eta bestetik, munduko esklabotzari eta haurren nazioarteko eskubideei buruzko eztabaida irekitzeko. 1994ko abenduan, Reebok zapata markak 15.000 dolarreko saria eman zion, eta diru horrekin berak bere herrialdean eskola bat finantzatu nahi izan zuen.

Stockholmeko mintzaldi batean zera baieztatu zuen: “Haur batek ez luke inoiz lan tresnarik hartu beharko. Haur batek erabili beharko lituzkeen lan tresna bakarrak bolalumak eta arkatzak dira”.

Estatu Batuetako ipar-ekialdeko Waltham-eko Brandeis Unibertsitateko diru laguntza jaso zuen, baina uko egin zion: Pakistanen geratzea erabaki zuen, hango haurrak laguntzen segitzeko eta bere esperientziatik zerbait baliagarria ateratzeko. Beraz, alfonbragileen mehatxuak jasotzen segitu zuen, haientzat arriskutsua zelako.

1995eko urtarrilean, Lahoren, haurren esklabotzaren aurkako hitzaldi batean parte hartu zuen. Hari esker, ia hiru mila esklabo infernu hartatik atera ziren: nazioarteko presioari esker, Pakistango gobernuak hainbat alfonbra-fabrika itxi zituen.

Lan gogorra eta elikadura faltarengatik, Iqbal ez zen modu egokian hazi: hamar urterekin zahar aurpegia eta eskuak hondatuta zituen, txikitatiko etengabeko lanarengatik, eta sei urteko ume baten pisua eta luzera zituen.

Hilketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1995eko apirilaren 16an, Pazkoko egun batean, amonaren etxetik gertuko hondartza batean kometarekin jolasten ari zenean hil zuten, Chapa Kana aldean (Lahoretik gertu), hamabi urte zituela. Hiltzaileen kontrako epaiketak ez zituen hilketaren xehetasunak guztiz argitu, baina garbi geratu zen bertako “alfonbra mafia”ko sikario batek hil zuela.

Pakistango poliziak, segur aski mafiarekin elkar hartuta, zera idatzi zuen bere txostenean: “nekazari baten eta Iqbalen arteko liskarraren ondorioa izan da hilketa”.

Oinordetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iqbalek hasi zuen lana ez da galdu bere heriotzarekin; izan ere, Craig Kielburgerek, bere anaia Marc Kielburgeren laguntzarekin, bere bizitza lan horri eskaintzea erabaki zuen eta, horrela, 1995ean Free the Children izeneko elkartea sortu zuen.

Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iqbalen heriotzak mundu osoan izan zuen oihartzun handia. Italian, 1998an, Cinzia Torrini zine zuzendariak Iqbal izeneko pelikula egin zuen, Marokon eta Sri Lankan filmatua.


Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francesco D'Adamok, 2002an, Iqbalen bizitzan oinarritutako eleberri bat idatzi zuen: Storia di Iqbal. Liburua Lurdes Auzmendik itzuli eta Aizkorri argitaletxeak argitaratu zuen euskaraz 2001ean.


Kanpoko loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]