Iruñeko Bibliak
| Iruñeko Bibliak | |
|---|---|
| Jatorria | |
| Sortzailea(k) | Ferrando Perez Funeskoa |
| Sorrera-urtea | 1197 |
| Argitaratze-data | XII. mendea |
| Ezaugarriak | |
| Materiala(k) | Pergaminoa |
| Dimentsioak | 240 ( |
| Hizkuntza | latina |
| Deskribapena | |
| Honen parte da | Euskal Herriko historia 100 objektutan |
| Kokapena | |
| Lekua | Amiens |
| Bilduma | Amiens, Bibliothèque municipale (en) |
Iruñeko Bibliak Nafarroako Erresuman XII. mende amaieran argitaratutako latinezko bi Biblia ilustratu dira, eta Antso VII.a erregeak agindu zituen. Horiei XIV. mendeko beste kopia bat ere gehitu behar zaie, Biblia gotikoa deitu izan dena. Haien berezitasun handiena da Bibliako kontakizunek ilustrazioak dituztela, ordu arte inoiz ez bezala, ia inork latinez edo/eta irakurtzen ez zekien une batean. Lehen Biblia Antso erregeak Ferrando Peritz Funeskoa kantzilerrari agindu zion egiteko[1], eta hark 1197an amaitu zuen Iruñeko Errege Jauregian. Irudiek latinezko irudi oinak zituzten, egungo komikien modura. Petri Funeskoak marraztu zuen Tomas Urzainkiren arabera, eta zehazki 871 ilustrazio ondu zituen;[2] François Bucher New Yorkeko artearen historiako irakasleak, berriz, lau artista zenbatzen ditu irudikatze lanetan.[3]
Antso miretsita geratu zen Petri Funeskoaren lanarekin, baita hark hala egin ere, baina beste 40 irudi desberdin gehituz. Bibliotako irudiak iturri oso aberasgarriak dira XII. mendeko Nafarroaren berri izateko. Bertan agertzen dira, halaber, Nafarroako santu nazionalak: Jondone Saturdi, Done Mikel, San Nikolas, San Zoilo, Santa Nulia eta Santa Alodia, etab. François Bucher irakaslearen arabera, bi jatorrizko Bibliak eta XIV. mendeko kopia berri bat Erdi Aroko Biblia osoenak eta garrantzitsuenak dira. Juan Ainaudek adierazi duenez, artistikoki oso lan baliotsuak dira.[2] Lehen Bibliari "Amiensko Biblia" ere deitu zaio, bertan gorde delako; bigarrenari, berriz (1200), "Harburgeko Biblia", arrazoi berarengatik. Hirugarrenari (XIV. mendeko kopia), azkenik, "New Yorkeko Biblia".[1]
Testuinguru historiko-artistikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nafarroako Erdi Aroko miniaturari buruzko azterketa orokorrik eta konparaturik egin ez den arren[4], beste espazio batzuetan ez bezala, Soledad Silva y Verástegui ikerlariak 1988an esan zuenez, «orain arte F. Bucherrek Iruñeko Bibliei eta William D. Wixlek Karlos Noblearen Orduen Liburuari eskainitako lan monografikoak baino arreta gehiago ez du jaso. Hala ere, Nafarroarekin zerikusia duten eskuizkribu ilustratuen kopurua, jatorriagatik edo bertan eskatu zirelako, XI. mendetik XV. mendera bitartekoa da eta hainbat ikerketa, katalogo eta inbentariotan egiaztatu ahal izan dugunez, hogeita hamar baino gehiago dira».[5]
Testuinguru erlijiosoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kristautasunak eztabaida sutsuak izan zituen Ikonoklasiaren Auzian irudien erabilera zela eta[6]. Hala ere, ohikoa izan da katolizismoan zein beste denominazio batzuetan kontzeptu erlijiosoak eta irudiak bateratzea. Eliza gehienak irudiz hornituta zeuden, izan beirateen bidez, barruko freskoen bidez, aldareko eskulturen bidez edo elizako atarikoen bidez. Bibliak ilustratzea ohikoa izan zen monasterioetako jardueren artean. Erdi Aroan irudiak eta testuak maiz batera pentsatzen ziren, baina ohikoena zen Biblian irudi batzuk sartzea. Iruñeko Bibliak, bere garaiko beste gutxi batzuek bezala, kontrako bidea hartu zuten: irudiz osatutako Biblia bat egitea, irudiz hornitutakoa izan beharrean[7]. Biblia liburu oso bezala ulertzen zen, istorio ugariz osatua, eta laikoek ere zati horiek interpretatu ohi zituzten, maiz irudi bakar batetik abiatuta. Horregatik, liburu batean ez ziren biltzen pasarte guztiak, eta maiz irudi bakar batetik abiatzen zen erlijiosoak egiten zuen kontakizuna[7].
Aldi berean, hezkuntza hedatzen ari zen Erdi Aroaren amaieran. Lectio eta disputatio modukoetan Biblia iturri gisa erabiltzea ohikoa zen, eta lehen unibertsitateetan eztabaidetarako iturri nabarmena zen. Horregatik, nobleziako kideak ere eurentzako kopiak enkargatzen hasi ziren[7]. XIII. mendeko Luis IX.a Frantziakoak frantsesera itzulitako Biblia bat enkargatu zuen, bere familiarekin irakurtzeko[8]. Eztabaidan dago zein mailaraino Biblia latinez irakurtzea ulergarria zen, ez soilik masentzat, baizik eta latina jada ulertzen ez zuen nobleziarentzat ere. Irudiek lingua franca moduko bat sortzen zuten, bertako hizkuntzan egin ohi zen sermoiarekin lot zitekeena[7].
Bibliak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen Biblia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bucherrek egindako azterlanean jasotako oharren arabera, Antso Erregearen Bibliaren jatorrizko koadernaketa galdu egin da, eta koadernotxoen gaur egungo antolaketa «oker» egin zuen Paul Leprincek XIX. mendearen hasieran, eta «zekor-larruz eta kartoiz koadernatu zituen, orri eta meandro estanpatu eta urrez grabatuen diseinuarekin, bai azalean bai kontrazalean. Koadernaketak 257 x 170 x 80 mm neurtzen du. eta atzealdean sinatua dago "Paul Leprince Amateur". Izenburuak honela dio: "Figura Bibliorum 1197 M. 108". Eskuizkribuak 2.200 gramo pisatzen ditu.»[9]
Amiensen gordetako eskuizkribuak 257 orri pergamino ditu, horietatik 254 XII. mendekoak eta beste 3ak XVII. mendean gehituak. Rucquoi ikertzailearen arabera, hasiera batean 274 orri izango zituen kodizearen mutilazioaren aztarnak daude. Erromatar zenbakia duen orrialde hori XVI. edo XVII. mendean gehitu zela dirudi[10].
Neurriak, batez beste, 240 mm x 165 mm dira, altuera 240-244 mm bitartekoa eta zabalera 162-170 mm bitartekoa. Zenbait ebidentziaren arabera, orriak hiru aldeetatik moztu zituzten, ziur aski XVII. mendean, eta jatorrizko neurriak 260 x 175 mm-koak izan ziren, gutxi gorabehera[9]. Jasotako 871 eszenetatik, oro har, orri bakoitzeko ilustratutako bi eszenatan banatzen dira[10].
Amienseko testuaren amaieran egilearen inguruko testu bat dago:
| « | Hemen bukatzen da liburu hau, Jainkoari esker, Antso Nafarroakoak, nafarren erregerik nobleena zen Antsoren semeak, Ferrando Peritz Funeskoari eginarazi ziona. Eta Fernando Peritzek liburu hau egin zuen errege jaunaren loriarako ahal zuen ondoen, batez ere Jainko ahalguztidunaren maitasuna irabazteko eta Antso Erregearen beraren faborea aurkitzeko. Horrela, liburu hau 1235 Aroan amaitu zen, 1197ko Jaunaren Gizakundearen urtean. | » |
Bigarren Biblia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bigarren Biblia, Harburgeko Biblia izena ere duena[11], gutxi geroago amaitu zena, 235 mm × 160 mm-ko dimentsioak dituen pergaminozko 271 folioz osatuta dago. Ilustratutako 976 eszena ditu, eta, lehenengoarekin alderatuta, eszenen %40 inguru aldatzen ditu, 91 gehitzeaz gain. Kodize hau ere, lehenengoarekin gertatu zen bezala, moztuta izan zen eta jatorrian 288 folio izan zitzakeen. Ez dago argi norentzat zen bigarren Biblia hau, baina espekulatu da Antso VII.a Nafarroakoak bere arrebaren baten (Teresa, Berengela edo Zuria) ezkontzarako opari izan zitekeela[12]. Edonola ere, eroslea ezezaguna da.[1]
Bigarren Biblia 1809an saldu zen Valladoliden, Iberiar Penintsulako Gerraren testuinguruan, eta Parisera iritsi zen. 1814an berriro ere saldu zuten Parisen, eta Oettingen-Wallerstein etxearen bildumara iritsi zen. 1980tik aurrera Augsburgeko Unibertsitateko Liburutegian dago gordeta (Augsburg, Universitätsbibliothek, I.2.4° 15)[13].
Hirugarren Biblia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIV. mendean Bibliaren hirugarren kopia bat egin zen, ziurrenik Frantzian, estilo guztiz desberdin batean. Margoak, jantziak eta testuak oso bestelakoak ziren, garaiko moda gotikora moldatuta. Uste da Joana II.a Nafarroakoaren jabetzakoa izan zela[7], eta John Percevalen liburutegiaren bidez, 1929an Spencer Katalogoan sartu zen, Spencer 22 izenarekin. Gaur egun New Yorkeko Liburutegi Publikoan dago ikusgai[14]. Egiletza data ez dago argi ere, katalogoek diote 1300 ingurukoa dela, eta Bucherren katalogoak esaten da 1317-1326 artekoa zela[15]. Iturri berberak dio Troyesen edo Parisen egin zela.
Finchen arabera, Iruñeko Hirugarren Biblia Joana II.ak edo bere aldeko batek enkargatu zuen Nafarroako tronurako zuen legitimitatea indartzeko, Kapetoen leinu zuzenaren desagerpenaren arazoari aurre egiten ari zen garaian[7]. Joana II.aren aitaren inguruko eztabaida egon zen, Nesle dorreko gertaeraren ostean ama adulterioagatik salatu zutenean. Antso III.aren Bibliaren kopia edo bertsio bat eginez, bere arbasoaren anaia zena, Nafarroako tronurako eskubidea zuela aldarrikatu nahi zuen berak edo bere babesle zen Otonek[7]. Azken finean, Antso III.a izan zen baskoien leinuko azkena, eta bere ondoren Tibalt I.a Nafarroakoa etorri zen, Xanpaina leinukoa. Antsorekin zuzeneko lotura sortuz, leinuarekin ordezkaritza iradoki nahi zutela iradoki du Finchek[7]. Era berean, Kapetar leinuarekin zuen harremana indartzeko, Orduen Liburu famatu bat ere enkargatu zuen[16]. Litekeena da Frantzian egindako liburua izatea, eta dagoeneko Amienseko Biblia ere bertan egotea, baina kontrakoa ere egia izan liteke: Frantziako artistak Iruñera mugitzea jatorrizkoa ikusi eta kopiatzeko[7].
Hirugarren Bibliak 834 miniatura ditu, Itun Zahar zein Berrikoa, eta santuen bizitzei buruzko irudiak, aurrekoek bezala. Badakigu orrialdeak falta dituela, batez ere amaieran, baina beste liburuetan oinarrituta, San Dominiko, Santa Eugenia eta Jesusen Bigarren Iritsiera dira falta diren atalak[7]. Orrialde ia guztietan bi zutabeko maketazioa jarraitu zuten, barnekoan hiru irudi eta eskuman irudi horiei zegokien latinezko eta frantsesezko testua, irudiak egin aurretik jada idatzi zena, ziurrenik lanaren arduradunak irudiak zeintzuk ziren ondo zekielako[7].
-
Zeruen eta Lurraren sorrera, New Yorken gordetzen den Iruñeko Hirugarren Biblian.
-
Adam eta Ebaren kontakizuna.
-
Hirugarren Bibliaren ohiko maketazioa, hiru irudirekin. Faraoiaren armada Moises jarraitzen du hirugarrenean.
-
Egiptoko plagetako batzuen irudia.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Explicit hic liber Deo gratias, quem lustrissimus Sancius rex Navarrae, filius Sancii nobilissimi regis Navarrorum, fecit fieri a Ferrando Petri de Funes, et Ferrandus Petri composuit hunc librum ad honorem domini regis et ad preces ipsius prout melius potuit, precipue ut omnipotensis Dei amores adquirat, et eiusdem regis Sancii possit gratiam invenire. Fuit autem consumatus hunc librum Era M.CC.XXX.V Anno ab incarnatione domini. M.C.LXXXX.VII.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Iruñeko Bibliak | 31 eskutik. (kontsulta data: 2020-05-31).
- ↑ a b Urzainqui, T. Olaizola, J. 1998, 178-189. or.
- ↑ (Ingelesez) Sonne, Niels H.. (1971-04-11). «The Pamplona Bibles» The New York Times ISSN 0362-4331. (kontsulta data: 2020-05-31).
- ↑ Yarza Luaces, Joaquín. (2007). La miniatura medieval en la Península Ibérica. Nausícaä ISBN 978-84-96114-88-3. (kontsulta data: 2025-04-27).
- ↑ Silva y Verástegui, Soledad de. (1988). La miniatura medieval en Navarra. Gobierno de Navarra ISBN 978-84-235-0850-1. (kontsulta data: 2025-04-27).
- ↑ (Ingelesez) Kessler, Herbert L.. (2019-04-15). Rudolph, Conrad ed. «Gregory the Great and Image Theory in Northern Europe During the Twelfth and Thirteenth Centuries» A Companion to Medieval Art (Wiley): 221–244. doi:. ISBN 978-1-119-07772-5. (kontsulta data: 2025-05-04).
- ↑ a b c d e f g h i j k (Ingelesez) A., Finch, Julia. (2012-01-31). «Bibles en images: Visual Narrative and Translation in New York Public Library Spencer ms. 22 and Related Manuscripts» d-scholarship.pitt.edu (kontsulta data: 2025-05-04).
- ↑ (Ingelesez) Sneddon, Clive R.. (2002-01). «On the creation of the Old French Bible» Nottingham Medieval Studies 46: 25–44. doi:. ISSN 0078-2122. (kontsulta data: 2025-05-04).
- ↑ a b The Pamplona Bibles; a facsimile compiled from two picture Bibles with martyrologies commissioned by King Sancho el Fuerte of Navarra (1194-1234): Amiens manuscript Latin 108 and Harburg MS. 1, 2, Lat. 4°, 15. New Haven, Yale University Press 1971 (kontsulta data: 2025-04-27).
- ↑ a b Rucquoi, Adeline. (2018). «Quelques remarques sur la Bible de Sanche le Fort (Ms. Amiens B.P. 108)» Bulletin de la Société nationale des antiquaires de France: 261–278. (kontsulta data: 2025-04-27).
- ↑ «Digiviewer V 0.6.5» digital.bib-bvb.de (kontsulta data: 2025-04-27).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Gaztelaniaz) Pamplona, Soledad de Silva y Verástegui. (2021-07-19). «Los libros ilustrados que vienen de Sancho el Fuerte» diariodenavarra.es (kontsulta data: 2025-04-27).
- ↑ Silva y Verástegui, Soledad de. (2012). «La Biblia del rey Sancho el Fuerte de Navarra (Amiens, Bibliothèque Municipale, MS. 108), de 1197» Príncipe de Viana 73 (256): 427–469. ISSN 0032-8472. (kontsulta data: 2025-04-28).
- ↑ (Ingelesez) «Item Details | Research Catalog | NYPL» Item Details | Research Catalog | NYPL (kontsulta data: 2025-05-04).
- ↑ (Alemanez) «RI OPAC» opac.regesta-imperii.de (kontsulta data: 2025-05-04).
- ↑ (Ingelesez) Keane, Marguerite. (2004-03). «Louis IX, Louis X, Louis of Navarre: Family Ties and Political Ideology in the Hours of Jeanne of Navarre» Visual Resources 20 (2-3): 237–252. doi:. ISSN 0197-3762. (kontsulta data: 2025-05-04).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Urzainqui, Tomas; Olaizola, Juan M. (1998). La Navarra marítima. Pamplona: Pamiela ISBN 84-7861-284-1..