Edukira joan

Mikel (goiaingerua)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mikel (goiaingerua)

Bizitza
Jaiotzabaliorik ez, baliorik ez
Jarduerak
Santutegia
Azaroaren 8a, Irailaren 29a, Irailaren 6a eta Azaroaren 21a
Graduakomandante buru
Ideologia eta sinesmenak
Erlijioajudaismoa
kristautasuna
islama
Bahá'í fedea
Uharte Arakiletik gorantz Done Mikel Aralarkoaren santutegira doan bidean, santutegira hurbilduz goazela agertzen den harria. Idazkun hau du: «Mikel gurea zaindu Euskal Herria».
Done Mikel Aralarkoaren irudia.

Mikel goiaingerua, Done Mikel, Jaun Done Mikel edo San Mikel (hebreeraz: מיכאל‎ —ahoskera: ˌmixäˈʔel; esanahia: «Nor Jainkoa adina?»—; arabieraz: ميخائيل‎ Mīkhā'īl; grezieraz: Μιχαήλ Mikhaḗl; latinez: Michael), Jainkoaren armaden buru da (Princeps militiate angelorum) judaismoan, islamean eta kristautasunean (eliza katolikoa, ortodoxoa, koptoa eta Anglikanoa).

Done Mikel Aralarkoa Euskal Herriko santu zaindaria da. Euskal Herrian jaiera handia izan du, eta sinesmen paganoetan oinarritu zela proposatu da:

« Mendia zen [...] sineste zaharretako katedral eta santutegia. Ez halere edozein mendi. Zerutik gertu zegoen mendi aukeratuak, Amaren sabelera doan bide antzera, kobazulo edo lezeren bat behar zuen goiko aita indarrak lurraren ama sabela ernaltzeko. Horrela sortu zen mundu guztiko mendi santuen mitoa. Bizia ematen duen sugaar edo suge harra. Herensugea alegia, udaberrian ikusten da garra dariola kanpora ateratzen, eta udazkenean itzultzen da berriro lurpean dagoen neguko gelara. Herensugea, berez, biziaren aita da, baina, gero, bere umeen irensle bihurtzen da, ekaitz, tximista, lurrikara, uholde, lehorte eta ezbehar guztien figuran, eta gizonak hil egiten du. Bide berean egurasten da Mari, lurraren emankortasunaren irudia.

Mendi horien inguruan egiten ziren erlijio paganoen ospakizun nagusiak, eta Eliza indartzen joan zen eran mendietako kultua kristautzen ahalegindu zen. Aralarko elizaren oinarrian erromaniko eta arabiar kutsuko aztarnak baino lehenagokoak aurkitu dira. [...]

Europan zehar, emankortasunaren ildoko mendi santu horiek, done Mikelen izenean bataiatu zituen Elizak, hala nola Farfa Frantzian, Gargano Italian, edota Aralarkoa Nafarroan. Horregatik sartu zituen liturgian Mikel goiaingeruaren bi festa: udaberrikoa maiatzaren 8an eta udazkenekoa irailaren 29an, aurrekoen festaburu zaharretan.

»
Jose Maria Satrustegi[1]

1909ko urriaren 10ean, Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ-k) bere zaindari izendatu zuen, Aralarko santutegian bertan. Zaindari moduan izendatzeko adierazpena, solemnitate handiz irakurri zuen Evaristo Bustintza Lasuen (Kirikiño) idazleak. Adierazpen horrek horrela zioen:

« Deun Mikel Gongotzona, donokitarr gudarijen Buru betugia! Jaun Goikua eta Lege-Zarra ikurrin bian Euskadi’n gudan dabillan Eusko Alderdi Jeltzaliak be euki gura zau bere buru ta zuzendaritzat, eta gaur artzen zau bere Zaindari donokitartzat… Deun Mikel zaindu egixu Eusko Alderdi Jeltzalia. Deun Mikel, gaizka egixu Euskadi! »
Kirikiño

Ordutik, EAJ-k urtero ospatzen du Aralarko Mikel Deunaren eguna, irailaren 29an. Gainera, lehenengo Alderdi Eguna, 1977ko irailaren 25ean, Aralarko Mikel Deunaren larretan egin zen.

Halaber, etxeetako ate askotan Aralarko Mikel Deunaren irudia jartzea ohitura bihurtu zen, «Mikel gurea zaizu Euskalerria» irakur zitekeela oinean. Egin-eginean ere, EAJren zaindari ez ezik, Euskadirena ere bada.[2]

Mikel Deunaren leku sakratuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goiaingeruari eskainitako lekuak, iristeko zailak izaten diren lekuetan egon ohi dira askotan, hala nola mendi altuak (Aralarko San Migel) eta irlak. Haren omenez egindako erakin ezaguna, Irlandan dagoen Sceilig Mhichíl monasterioa da, VI. mendean izen bereko irlan eraikia eta 1996. urtean Gizateriaren Ondare izendatua. Kornuallesen St. Michael’s Mount marea arteko irla da, Mont Saint-Michel abadiaren antzekoa. Piamonten ere, Turinetik ez oso urrun, Sacra di San Michele dago, mendi baten puntan eraikia. Baxuago, baina hala ere tontor batean dago ere, Apuliako San Michele Arcangelo santutegia (batzuetan Monte Gargano). Kasu horretan, balizko San Migelen kobazuloaren gainean eraiki zen tenplua. Azken hori ere, Gizarteriaren ondarea.[3]

Mikel goiaingerua, Orreagako kolegiatan.

Jaiera handiko santua izaki, euskaran hainbat forma hartu ditu haren izenak. Euskaltzaindiak emandako arauei jarraituz, Done Mikel, Jaun Done Mikel, San Mikel edo Mikel goiaingerua da euskara batuan.[4][5] Beste forma batzuk: Jaun Done Mikel euskara batukoaren aldaera dialektalak (Jaundone Mikel, Jandone Mikel, Jondone Mikel, Jondoni Mikel); San Migel (Samiel aldaera herrikoiarekin); Sabin Aranak asmatutako deun darabiltenak (Deun Mikel, Mikel Deuna, Migel Deuna).[6]

Itun Zaharrean eta Berrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Migel goiaingerua Itun Zaharreko Danielen Liburuan aipatzen da Biblian, eta bertan, Israelgo herriaren babesle dela esaten da. Itun Berrian ere funtsezko papera betetzen du, Satanen eta gaizkiaren indarren aurkako batailarekin lotuta baitago. San Migelen historiarik ospetsuena Satan eta bere aingeru erorien aurka zeruan izan zuen borroka da. Kristau tradizioaren arabera, Satan eta bere aingeruak Jainkoaren aurka matxinatu ziren, eta horrek gerra zerutiarra eragin zuen. San Migelek Jainkoaren aingeru leialak gidatu zituen gudu horretan, eta Satan garaitu zuen, zerutik kanporatuz.[7]

« Ondoren, gudua izan zen zeruan: Mikel eta beronen aingeruak herensugearen aurka. Herensugea eta beronen aingeruak gogor borrokatu ziren, 8 baina ezin izan zuten garaitu, eta aurrerantzean zeruan ez zen tokirik izan haientzat. 9 Bota egin zuten, beraz, herensuge handia, antzinako sugea, deabru eta Satanas deritzana, mundu guztia engainatzen duena; lurrera bota zuten bere aingeruekin batera. 10 Orduan, ahots handia entzun nuen zeruan esaten: »
Apokalipsia 12; 7,8 eta 9.

Ondoren, gudua izan zen zeruan: Mikel eta beronen aingeruak herensugearen aurka. Herensugea eta beronen aingeruak gogor borrokatu ziren, 8 baina ezin izan zuten garaitu, eta aurrerantzean zeruan ez zen tokirik izan haientzat. 9 Bota egin zuten, beraz, herensuge handia, antzinako sugea, deabru eta Satanas deritzana, mundu guztia engainatzen duena; lurrera bota zuten bere aingeruekin batera.

San Migel babeslea eta gidaria da batez ere. Eliza katolikoaren babesletzat jotzen da, eta bidaiariak, soldaduak ere babesten ditu eta hildako arima gidatzen. Sarritan irudikatzen da kondenatuen arimak pisatzen Azken Judizioaren egunean. Leku santuen zaindari gisa ere gurtzen dute, hala nola Frantziako Saint-Michel mendia.[8]

Eliza katolikoan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliza katolikoaren defendatzaile berezia da (Custos Ecclesiae romanae). Horri dagokionez, gogoratu behar da Erreforma katolikoaren garai betean haren kultuak bultzada berri bat hartzen duela, baita izaera berri bat ere, Kontrarreformaren eraginez. Luzifer eta jesulagunentzako aingeru errebeldeen aurka garaile ateratzen den milizia jainkotiarraren buruak Eliza katolikoak heresia protestantearen herensugearen aurka lortutako garaipena esan nahi du: horregatik jarri ziren bere izenpean eliza bikainak, Munich eta Vienakoak kasu.[9]

Antiphonale Cisterciense eskuiskribu argiztatutako miniatura: Mikel goiaingeru (XV. mendea) arimak pisatzen ablantza abtean, Rein abadiako liburutegian, Estiria, Austria

Santu psikoponpoa da ere bai, hildakoen arimak gidatzen dituena, eta pisatuko dituena. Ingelesez, “The Lord of Souls” (Arimen jauna) esaten zaio.[9]

Mikel goianingerua Satan garaitzen du, (1630–1635 artean), Guido Reni barrokoko italiar margolariarena.

Félix Leturia Ibarrondok honela sailkatzen ditu San Migelen ikonografia (Mendebaldeko kristau arteari eta siemensei aplika dakiekeena): 1) Gurutzea altxatzen. (ez da oso ohikoa) 2) lantza jaurtitzen dragoiaren aurka 3) Psicostasia: Balantza eskuan du arimak pisatzeko 3) Munstro itxurako deabru bat garaitzen 4) Deabru antropomorfoa garaitzen eta 5) Erreformaren deabrua garaitzen.[10]

San Migelek irudi andana izan ditu Goi Erdi Arotik gaur egunera arte. Ugaritasun hori hainbat kausaren ondorio da: batetik kofradia militarrak, bestetik, santuak psikostasian (arimak pisatzea Zerura edo Inpernura joan behar duten erabakitzeko)[11] duen funtzioagatik, eta, azken batean, Elizak memento desberdinetan eta konnotazio desberdinekin sustatutako gurtza dela eta.[9][12]

Esan bezala, Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian ikertu denez, santuaren irudikapenak bereziki ugariak dira, eta hari eskainitako parrokia asko daude. Berezitasun handikoa da, Nafarroan, San Migel in excelsis – Aralar- santutegiarekin lotutako ikonografia guztia, gurutzea daraman aingeru gisa. Haren adibiderik goiztiarrenetako bat Nafarroako Museoan gordetzen da, eta Villatuertako goiaingeruaren ermita txikitik dator, XI. mendean sailkatu diren erliebe zakarretan.[9][13]

San Migel eta Apolo jainko grekoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
XII. mendeko lehen erdiko miniatura.

1916. urtean George Francis Hill numismatikari eta British Museum-eko zuzendariak Mikel goiaingeruaren irudia eta sinbologia eta Apolorenaren artean dauden antzekotasunak nabarmendu zituen "Apollo and St. Michael: Some Analogies" artikuluan. Adibidez, Apolok Piton sugea akabatu zuen, San Migelek dragoia/Luzifer bezala. Esan beharra dago, greziar mitologiako Zeus eta Heraklesek ere suge erraldoi baten aurka berrukatu zutela. Bian beste ezaugarri batzuk ere badaude. Apolo ordenaren eta argiaren jainkoa zen eta San Migel Jainkoaren legearen, ordenaren defendatzaile eta argia eramaten duena. Italiako Apuliako Gargano mendiaren gainean eraikitako San Migelen santutegia aurretik Apolori eskainitako tenplu baten leku berean eraiki zen. Kontuan izan behar da, gainera, Apoloren lotura leku garaiekin eta kobazuloekin (Delfosen bezala) [14]. Aipatu, bestalde, Italia hegoaldea, greziarrek kolonizatu zutela eta beraz, bertan helenismoak aztarna sakona utzi zuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Satrustegi, Jose Maria. (2002). «Udaberriko ohituren sustraiak» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 34 (77): 301-306. ISSN 0590-1871..
  2. ↑ (Gaztelaniaz) Idiakez, F. Javier Arrieta. (2023-09-29). «Lan mundua Euskadin: herensugea eta Aralarko Mikel Deuna» Noticias de Gipuzkoa (kontsulta data: 2026-10-09).
  3. ↑ (Gaztelaniaz) Redazione. (2022-06-06). «Los santuarios de San Miguel Arcángel: destinos de peregrinación» Holyart.es Blog (kontsulta data: 2026-10-09).
  4. ↑ Euskaltzaindia, 66. araua: «Santutegiko izen ohikoenak».
  5. ↑ Euskaltzaindia, 125. araua: «San, santu, done eta besteren erabilera».
  6. ↑ Salaberri Zaratiegi, Patxi. (1992). «Santu, San, Done eta ingurukoak» Euskera 44 (1999-2): 1169-1175..
  7. ↑ «Ap 12 - BIBLIJA.net - Biblia interneten» www.biblija.net (kontsulta data: 2026-10-09).
  8. ↑ (Gaztelaniaz) Lourdes, La Tienda Religiosa de. «Historia de San Miguel Arcángel, Ángel de la Protección contra el Mal» La tienda de lourdes (kontsulta data: 2026-10-09).
  9. 1 2 3 4 (Gaztelaniaz) «La imagen de San Miguel en el arte» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (kontsulta data: 2026-10-09).
  10. ↑ Leturia Ibarrondo, Félix. (2012). «El rumor de las alas de San Miguel: dinámica ritual de las representaciones culturales» Kobie. Antropología cultural (Bizkaiako Foru Aldundia) (16): 35–62. ISSN 0214-7939. (kontsulta data: 2026-10-09).
  11. ↑ (Gaztelaniaz) «Arcángel San Miguel (2) Psicopompo» Palios 2018-11-26 (kontsulta data: 2026-10-09).
  12. ↑ (Gaztelaniaz) «Arcángel San Miguel (1) La lucha del Bien contra el Mal» Palios 2018-11-15 (kontsulta data: 2026-10-09).
  13. ↑ Asunción, Julio. «Arte, Historia y curiosidades: Los relieves medievales de la ermita de San Miguel Arcángel - Villatuerta» Arte, Historia y curiosidades (kontsulta data: 2026-10-09).
  14. ↑ Hill, George Francis. (1916). «Apollo and St. Michael: Some Analogies» The Journal of Hellenic Studies 36: 134-162..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]