Isuntza Goikoa baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Isuntza Goikoa
Isuntza Goikoa
Baserriaren fatxada nagusia
Kokalekua
Lurraldea  Bizkaia
Udalerria Berriz
Orientazioa hego-mendebala
Isuntza Goikoa baserria is located in Bizkaia
Isuntza Goikoa baserria
Isuntza Goikoa baserria
Isuntza Goikoa baserria (Bizkaia)
Ezaugarriak
Garaia XVII. mendea
Estiloa barroko
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 2008ko urtarrilaren 14a

Isuntza Goikoa Berrizen dagoen baserria da.

2008ko urtarrilaren 14an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinplano ia karratuko baserria da, 21 x 21 metrokoa; fatxada nagusiak hego-mendebaldera ematen du, eta XVII. mendearen azken herenean eraiki zen, 1678. urtean. Zeharkako bost horma-arte eta luzetarako lau horma-arte ditu, eta pieza bakarreko hamabi zutoin, itxitura osatzen duten perimetroko hormetan bermatuta. Harresiak hareharrizkoak dira, ertzetan harlandua dutela. Behe solairua, lehen solairua eta teilatupeko solairua ditu.

Estalkia hodi-teiladuna da eta bi isuriko zurezko egitura dauka; miru-buztan formako faldoi batek errematatzen du ipar-ekialdera ematen duen fatxada.

Fatxada nagusian, hego-mendebaldean, ataripea dago, fatxadaren ardatz nagusiarekiko ezkerraldera desplazatua. Ataripea egurrezko ateburua da, ertzak itxiturako harresietan bermatuta daude, eta, erdialdea, zutabe toskanar dotore batean. Ataripeko zola harrizko lauzaz egina dago, zabalera eta luzera desberdineko zerrendez osatua.

Ataripearen alde banatan, fatxadak bi bao ditu eta leiho horiek harlanduz inguratuta daude. Eskuinaldean, leiho-barren molduratu bat ere badago, baserriaren eraikuntza-data -1678- ipintzen duen epigrafea ere bai leihoburuan, baita erliebe bat ere, bola-zirkunferentzia baten barruan burua elkarri lotuta duten bi giltza irudikatzen dituena. Eskuinaldeko alde horretan bertan, lurraren malda aprobetxatuta, harlanduz inguratuta dagoen ate dinteldu bat irekitzen da, erdi-sotoko solairurako sarbidea da eta soto gisa erabiltzen da.

Lehenengo solairuan eta teilatupeko solairuan, fatxadaren egitura egurrezkoa da, zutabe edo zutoinez, frontalez eta besoz osatua, eta horiek era berean, horma-atalak osatzen dituzte, zatituak eta etzanak. Horiek guztiak diagonalean jarrita dauden beso luzeen bidez mihiztatuta daude, adreilu trinkoz estaliak eta egurrei lotuak, alde biko iltzeen bidez. Fatxadako zazpi zutabeek edo zutoinek estalkiaren petralei eusten diete, fatxadaren gaineko hegala osatzen dutenak; besoak zazpi zutabe horietako bakoitzaren gainean daude muntatuta, hegalari zurruntasuna emateko. Egitura horren gainean, lehen solairuan, bost bao erregular irekitzen dira, egurrez inguratuta, egituraren frontalen artean pieza bertikalak muntatuta. Ataripeko zatiari dagokion gainerako fatxadan, baoak irekitzen dira bilbaduraren egituran; angeluzuzenak eta trapezoidalak dira -fatxadaren horma pikoan daudenak-, bi horiek landu gabe ageri dira. Hegalaren azpian, usategientzako zenbait bao-lerro daude, triangeluarrak.

Ipar-mendebaldeko fatxadak, erdialdean, bi eranskin ditu atxikita altuera desberdinetan. Goiko aldekoa estalki nagusiaren luzapen-zatiaz estaltzen da. Hiru bao ditu: beheko solairuko harresian bat, harlanduz inguratua; eta beste bi lehen solairuan, itxituraren bilbaduran, egurrez inguratuta.

Ipar-ekialdeko fatxadak bi eranskin ditu, ia erabat estaltzen dutenak; horietako eranskin bat, ekialderago dagoena, oilategia da. Bien artean, ogia egiteko labe bat dago. Fatxada horretan bi bao irekitzen dira: bata, mendebaldeko ertzean, ukuilura sartzeko atea da, eta ertzak eta ateburua harrizkoak dira; eta, bestea, leihoa, harriz inguratua.

Hego-ekialdeko fatxada garaiagoa da, eraikinaren alde horretan malda baitago; altuera-alde horri esker, soto bat jarri ahal izan zen luzetaraka. Sotoak leiho bakarra du, harriz inguratua. Hurrengo solairuan –behekoan-, fatxadak bost leiho eta ate bat ditu; atetik barrena pasatzeko harrizko eskailerak, fatxadari berari atxikita daudenak, igo behar dira, bi maila-zati. Bost leihoak harriz inguratuta daude, eta lauk leiho-barren molduratuak dituzte. Lehen solairuaren parean, egurrezko frontal batean, bost leiho gehiago daude, bata bestearen ondoan ongi lerrokatuta; egurrezko markoa dute eta fatxadako itxiturako zutabez, frontalez eta beso luzeez osatutako bilbaduraren barruan ageri dira.

Barne-egitura lurraren gainean dauden zapata edo jarlekuetan bermatuta dago; pieza bakarreko hamabi zutoinek osatzen dute, eta horiek habeen eta besoen bidez muntatuta daude, aho-zirika eta agerian daudenean, agerikoa miru-buztan mihiztadurez. Lehen aipatutako zutoin horiek estalkiaren petralei eusten diete, eta horiek, aldi berean, teilak jarrita dauden egurrezko oholen gapirioei eta itxierari edo itxitura-multzoari.

Isuntza Goikoa eraikin monumentala da, baserri handi barrokoen adierazgarri, bilbaduran eraikia eta sarbide-ataripea du; gainera, bolumen orekatua izateaz gain, arkitektura-elementuen kalitateagatik eta horiek ongi antolatzeagatik nabarmentzen da; besteak bete: hareharrizko harlangaitzezko itxitura eta zutabeen egitura bereizita ageri dira; fabrikan kontuan hartu dira leiho-barrenak eta harlanduak; toskanar ordenako zutabea duen ataripea; eta egurrezko egitura duen itxitura, besoen bidez mihiztatuta eta adreilu trinkoz josiak daudenak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa