Jehovaren Lekukoak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Jehovaren Lekukoak famatuak dira etxez etxe joateko ohitura dutela eta.

Jehovaren Lekukoak elkarte erlijioso kristaua da. Kristau kongregazio milenarista, Charles Taze Russellek (1852-1916) 1875an Pittsburghen sortua. Joseph Franklin Rutherfordek (18691942), bigarren presidentea izango zenak, 1931. urtean Jehovaren Lekuko izena jarri zion. Izena ez ezik, honek Russellen doktrina guztia errotik eraldatu zuen.

Gure artean bereziki ezagunak dira atez ate beren sinesmenak zabaltzen dituztelako, Jesukristo itzuli dela eta horren ondorioz Armagedoia eta Mundu Ordena Berri baten atarian gaudela aldarrikatzen dute, batik bat. Ez dute politikan parte hartzen, odol transfusioak ez dituzte onartzen, ez eta erlijio kutsua eduki dezakeen edozein jai ere (eguberriak, inauteriak, urtemugak, e.a.) Beste erlijio edo sinesmen guztiak satanikotzat jotzen dituzte.

Jehovaren Lekukoen erlijioa 1915ean sartu zen Espainian, oso aktiboki aritu ziren 1939ko otsailaren 2an Francok legez kanpo utzi zituen arte (katolizismoa izan ezik beste erlijio guztiak ere legez kanpo utzi zituen). Europan, milaka Lekukok Hitleren jazarpen bortitza jasan zuten eta horietako asko kontzentrazio esparrutan erailak izan ziren. Halere, Frankismoaren garaian, Lekukoek klandestinitatean beren sinesmenak zabaltzen jarraitu zuten, haien zenbait partaide-buru urte luzez kartzelan izan ziren eta fededun bat, Tenerifeko Antonio Gargallo Mejia, fusilatua izan zen.

Ebanjelioa aldarrikatu asmoz, 1957an Lekukoen zenbait aitzindari Bilbora eta Donostiara joan ziren bizitzera; haien inguruan osatuko ziren lehen kongregazioak. 2010eko hasieran 61 kongregazio zituzten EAEn (36 Bizkaian, 21 Gipuzkoan eta 4 Araban), guztira 4.670 fededun. Erlijio horretako fededunen profila askotarikoa da, bai egoera sozioekonomikoaren alorrean bai heziketa eta formakuntzarenean. Hizkuntzari dagokionez, Hego Euskal Herrian bilera gehienak gaztelaniaz izaten dira; halere, azken urteotan, gero eta etorkin gehiago ari direnez erlijio horretara hurbiltzen, zenbait bilera Ingelesez, Txineraz eta beste hizkuntzetan ere izaten dituzte, fededunen beharren arabera. 2012an lehen aldiz bilerak euskaraz egiten hasi dira.

Egoera legalari dagokionez, Jehovaren Lekuko Kristauak Espainiako Justizia Ministerioko Erakunde Erlijiosoen Erregistroan inskribatu ziren 1970an (1970/07/10eko 024-SG/A zenbakia). 2006an «Errotze nabarmena» estatusa lortu zuten.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jehovaren Lekukoak Aldatu lotura Wikidatan