José Miguel Etxeberria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
José Miguel Etxeberria
Datu pertsonalak
Izen osoa José Miguel Etxeberria Álvarez
Ezizena Naparra, Bakunin
Jaio 1958ko apirilaren 14a
Iruñea (Nafarroa Garaia)
Hil 1980ko ekaina (22 urte)
Ipar Euskal Herria ()

José Miguel Etxeberria Álvarez, Naparra ezizenaz ezaguna (Iruñea, 1958ko apirilaren 14a - Ipar Euskal Herria, 1980ko ekaina) ETA eta Komando Autonomoak erakunde armatuetako kidea izan zen.

Francoren heriotzaren ondoren, LKI-ETA seigarrenean sartu zen Naparra. Eztabaida ideologiko handiak izan zituen LKI-ETA seigarreneko kideekin, eta ETA politiko-militarrera egin zuen jauzi;[1] 1977. urtea aldean, berriz, hasi omen zen ETA militarrean.[2] Alabaina, ETAren egitura hierarkikoarekiko desadostasuna gero eta ageriago azaltzen zuen, eta horrela pasatu zen Komando Autonomo Antikapitalistetara.

1978. urteko ondarrean erbesteratu zen Ipar Euskal Herrira. 1980ko ekainaren 11n etxetik irten zen Ziburura, norbaitekin zuen topaketa batera. Orduan desagertu zen;[2] Ziburun ikusi zuten azkeneko aldiz, eta geroztik ez da gehiago jakin hari buruz. Batallon Vasco Español (BVE) erakundeak Deia egunkariari eginiko dei baten bidez jakinarazi zuen bahitu eta Donibane Lohitzuneko Xantako inguruan ehortzi zuela.[1]

Senide eta kideek Naparraren bila aritu arren, ez zuten aurkitu. Bitartean, BVE erakundeak ohar gehiago kaleratu zituen lurperatuta zegoen beste toki batzuk adieraziz. Frantziako auzitegiek 1982an utzi zuten bertan behera ikerketa, zantzu berriak agertu artean. 2016an Mont-de-Marsan ondoko udalerri bateko haritzen paraje batean zegoela azaldu zen eta kasu berriro ireki zuten.[3][4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]