Joseon Infernua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Joseon Infernua kontzeptua irudikatzen duen irudia, Koreako penintsula sutan.

Joseon Infernua, Txoson Infernua edo Korea Infernua (Hangul: 헬조선; ingelesez: Hell Joseon, Hell Chosun edo Hell Korea) Hego Koreako termino satiriko bat da, 2015ean ezagun egin zena. Kontzeptu hau Hego Koreako egoera sozioekonomikoa kritikatzeko erabiltzen da. Terminoaren erabilera korear gazteen artean zabaldu zen, langabeziaren eta Hego Koreako gizarte modernoaren lan-baldintzen inguruko kezken eta atsekabeen ondorioz[1][2][3].

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esamoldea "Infernua" eta "Joseon" hitzen arteko nahasketa da, eta adierazi nahi du "(Hego) Korea infernu gisako gizartea dela, itxaropenik gabea". Nahiz eta kontzeptuaren erabilera norbanakoek hasi zuten internet bidez, beranduago publiko orokorrak bereganatu zuen[4].

Kontzeptua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esaldia erabili izan da gobernuaren politiken aurkako jarrera adierazteko. Politika horiek gazteen langabeziari, desberdintasun ekonomikoari, gehiegizko lan-denborari edo lan gogorra egin arren pobreziatik ihes egiteko ezintasunari laguntzen diete[5]. Termino horren erabilera handitu egin zen Twitter edo Facebook bezalako sare sozialen eraginez, eta bereziki zabaldu zen gazteenen artean 2015ean[6].

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Korean bizi den desberdintasun sozialaren gaineko diskurtsoa eta kontzientzia hartzea gero eta zabalduago dago eta, honen ondorioz, "Joseon Infernua" esamoldeak ere hedapen azkarra izan du.

Soldadutza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Koreak gizonezkoentzako derrigorrezko zerbitzu militarra du eta 18 eta 21 hilabete artean irauten du. Soldadutza egiten dutenek, beraz, denbora asko ematen dute gizartetik deskonektatuta. Gizartean dagoen desberdintasun ekonomikoa nahitaezko zerbitzu militarra betetzerakoan ere nabaritu daiteke; zerbitzua saihesteko baliabideak edo loturak dituztenek salbuespenak lortzeko aukera gehiago izaten dute eta ez dute oztopo edo gehiegikeriarik jasan behar izaten[7][8]. Zenbait kasutan, mediku profesionalak erosi dituzte diagnostiko faltsuak egin eta salbuespenak lortzeko[9].

Eskakizun akademikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Korean, gazte asko joaten dira unibertsitatera uste dutelako zaila izango dutela lana aurkitzea unibertsitateko ikasketarik gabe[10]. Gizartean oso errotuta dagoen zerbait da, lan elkarrizketetan ohikoa izaten da eliteko unibertsitateetakoak ez direnek diskriminazioa jasatea kontratazio prozesuetan eta sorlekuak ere eragina du[11]. Horrek desberdintasuna eta atsekabea eragiten ditu jendearen artean. Enpresa barruan, ikastetxe bereko edo eskualde bereko jendea elkartzen da taldea osatzeko[12]. Unibertsitate ikasketak dituen herritarren portzentaia oso altua da eta lan desiragarrietarako lehia gogorra dagoenez, arrakasta lortzeko presioa izugarria da. Koreako ikasle asko eskolaz kanpoko hezkuntzara joaten dira, ingeleseko eskola partikularretara, esaterako[3].

Populazio-dentsitate handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Korearen populazio-dentsitatea 513 bizt/km² da. Seul oso dentsoa da, 16.000 bizt/km² ingurukoa. Populazio-maila horrek pobrezia eragiten du askorentzat, eta enplegu desiragarriak (hala nola, lan-segurtasuna edo gizarte-pertzepzio hobea dutenak) eta bizitza-espazioak lortzeko lehiari laguntzen dio[13]. Egoera honen ondorioz, batzuek alde batera utzi dituzte ezkondu edo seme-alabak izateko itxaropen edo asmoak (N-po belaunaldia bezala ezagutzen direnak), ez dutelako familia bat mantentzeko baliabiderik edo gizarteko presioari iskin egin bizitza pertsonalean zentratu nahi dutelako.[14][3]

Eragin kulturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015eko irailaren 3an, DC Inside-k (interneteko foro bat) Joseon Infernua Galeria inauguratu zuen[15]. 2015eko irailaz geroztik, esaldiaren zabalpena asko handitu zen sarean. Gainera, DC Inside erabiltzaileek joko moduko bat ere sortu zuten honen inguruan[16]. Hainbat filmek ere Hego Koreako desberdintasun soziala ere aipatu dute, denen artean ezagunena 2019ko Parasite delarik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Fifield, Anna. (2016-01-31). «Young South Koreans call their country ‘hell’ and look for ways out» Washington Post ISSN 0190-8286. (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  2. (Ingelesez) Hermes. (2018-01-07). «South Korea's young lament inequality in their society | The Straits Times» www.straitstimes.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  3. a b c Hell Joseon: The Price Of Happiness In South Korea | Deciphering South Korea - Ep 3 | Documentary. (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  4. 나라 탓하는 '헬조선'…부모 탓하는 '흙수저'. .
  5. (Koreeraz) 김다솔. (2015-07-30). «'헬조선' '망한민국'…희망 잃은 젊은이들 자학적 신조어» 연합뉴스 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  6. (Koreeraz) «청년의 상실감이 만들어낸 온라인 유행어 ‘헬조선’» KBS 뉴스 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  7. (Ingelesez) «South Korea: Rich young men 'more likely to avoid service'» BBC News 2013-07-15 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  8. (Koreeraz) «“고위층·고소득자 병역기피 특별관리”» KBS 뉴스 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  9. Expansion of investigation into military service corruption… Rapper Ravi booked. (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  10. (Koreeraz) «[청년 리포트 ⑦ 대학 대신 내 길 갔지만…“고졸로 살기 쉽지 않아요”»] KBS 뉴스 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  11. «학연, 지연, 인맥이라는 그들만의 리그» ㅍㅍㅅㅅ 2017-02-04 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  12. 벤처스퀘어. (2011-08-31). «기업 10곳 중 7곳, 학연 지연에 따른 라인(파벌) 존재해» 벤처스퀘어 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  13. (Koreeraz) 기자, 정원식 기자 ·박송이·백철. (2011-06-07). «[표지이야기연애도 결혼도 출산도 포기한 ‘삼포세대’»] weekly.khan.co.kr (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  14. (Ingelesez) N-Po Generation: 5 Reasons Why Young People Believe Giving Up on Everything Is the Ultimate Solution - Kworld Now. 2022-04-25 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  15. (Koreeraz) «자국비하 게시판 왜 만들지…헬조선갤 개설 어리둥절» 국민일보 2015-09-04 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).
  16. (Koreeraz) «“현실반영 어마무시” Korea 부루마블 ‘씁쓸’ [20대뉴스»] 국민일보 2015-11-12 (Noiz kontsultatua: 2023-04-03).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]